Alain DROGA
Itzultzailea: Jocelyne VERRET
Original en français
Euskaldunak, Quebeceko euskaldunen elkarteak Outaouais ibaiaren ertzera eramango zaituzte aste honetan, Kanadako hiriburua den Ottawara. Euskaldunak ez dira guztiz ezezagunak bazter hauetan; izan ere, Ottawatik hurbil badago Musée canadien des civilisations, Kanadako zibilizazioen Museoa, urtero milaka ikaslek bisitatzen dutena. Bertan, hastapenetatik gaur egun arteko Kanadaren historiari buruzko erakusketa iraunkorra ikusgai dago. Euskaldunen parte hartzea ere aipatzen da: 1530ean hasita eta 1600 arte euskal baleontziak Kanadako kostaldera menturatzen zirela eta herri autoktonoekin salerosketak burutzen zituztela. Euskal aztarnaren lekuko, hor daude hainbat objekturen kopiak: ontzi bat, arpoiak, buztin-ontziak, teilak, e.a.
![]() |
|
Ana Iriondo. |
Donostian jaio eta koskortu zen Ana. Lau urte bete arte, euskaraz egiten zuen; eskolara joaten hasi zenean, ordea, gaztelania nagusitu zitzaion. Hemeretzi urte zituela, Euskal Herria utzi eta Londresera joan zen. Ingelesa ikasi ondoren, hurrengo urtean Madrilera joan zen. Kanadako enbaxadan lana aurkitu zuen, bai eta bere senarra izango zena ere, John Bryson Kanadar diplomazialaria. Harrezkeroztik, diplomaziak Bogotara, Bruselara, Vienara eta hainbat lekutara eraman zuen Ana, harik eta duela hamar bat urte Ottawara behin betiko bizitzera etorri zen.
Betidanik izan du margotzeko grina handia eta zaletasun hori sustatzeko eta hobetzeko baliatzen ditu bidaiak. “Familiaren ondoren, margolaritzak betetzen du nire bizitza. Ahal dudan guztietan, margotu egiten dut. […]. Bestalde, Kontxako1 badiaren koadro batez apaindu dut Ottawako gure jangela.” Anaren margolanek azkeneko hiru hamarkadetako ibilerak islatzen dituzte2. Eragin dioten lekuak, paisaiak eta lagunak topatzen ditugu, esate baterako, Yon Oñatibiaren erretratua. Euskal kulturaren hedatzaile handienetakoa izan zen Estatu Batuetan. Letrazale eta musikagile, Oiartzun bere jaioterritik ihes egin behar izan zuen Espainiako gerra zibila piztearekin batera. Hamar bat urtez, erbesteratutako euskal gobernuko ordezkaria izan zen New Yorken. “Yon Oñatibia lagun eta auzokide nuen. Gaitasun askotariko gizona zen. […]. Oiartzunera ezkondu ginenean, lasaitu ederra hartu genuen senarraren eta nire familien arteko itzulpen lanak egin baitzituen. Mezatik ateratzean, sakon hunkitu ninduen aurreskua berak prestatua zuen. Garai hartan, euskal musika eta dantza ez zeuden jendaurrean baimenduta. Aitatxoren eta amatxoren oparia izan zen. Arrazoi horiengatik guztiengatik, eta beste askorengatik margotu nuen bere erretratua, 80ko hamarkadan.”
Anak Euskal Herria gertu sentitzen du lotura hauengatik baina, batez ere, ia hogeita hamar urtez Oiartzunera joaten delako urtero, gehienetan senarra eta seme-alabekin: “Aurrera jarraitzeko indarra aurkitzen dut bertan. Denek ematen didate horretarako bultzada.” Euskal Herriko egoera politiko eta kulturalaren bilakaera ikusi ahal izan du urte ilunenetatik hasita. “70eko hamarkadan zapalkuntza ikaragarria nabaritzen genuen. Oraindik gogoratzen dut nola ezkutuan ibili behar izaten genuen Madrilen meza euskaraz entzuteko, inork jakin ez zezan.” Geroago, euskal kultura suspertzen hasi zen. “1980an, Bruselan bizi nintzen garai hartan, bidaietako batean, Biarritzeko errepidean barna gindoazen, eta Aiako Harria ikusten hasi nintzen. […]. Orduan nire semeek OIARTZUN (eta ez “Oyarzun”) jartzen zuen errepideko seinale bat ikusi zuten eta ortografia aldatu zutela ohartarazi ninduten. […]. 80ko hamarkadan euskara berriro atera zen plazara. Udan, hondartzetan, ama batzuek haurrei euskaraz egiten entzuten hasi nintzen.”
![]() |
|
Yon Oñatibiaren erretratua. |
Ustekabe atseginak ere izan zituen Anak munduan zehar ibili zen urte haietan. Esaterako, 1980an Bruselan diplomazia-afari bat prestatzen ari zela, gonbidatuen artean txikitako lagun batekin egin zuen topo. Horrez gain, 2000. urtean, Ottawan euskal sare bat sortzeko Donostiako HABEren3 egoitzan Euskal Etxeei buruz informatzen ari zela “Kanadan Euskal Etxe ofizial bakarra4 zegoela jakin nuen, Vancouverren hain zuzen, eta bertako lehendakaria Elena Sommer zela, lau urte nituenetik laguna eta eskolan elkarrekin ibilitakoa. Halabeharrak Ottawan eta Montrealen elkartu gintuen 80ko hamarkada hasieran, baina elkarren berririk ez genuen ordudanik.” Esan beharrik ez dago Elenak eta Anak lagun onak izaten jarraitzen dutela urrunetik bada ere, eta sarritan elkartu ohi direla.
Euskal Herritik urrutiratzeak ez du inongo eraginik izan Anaren identitatean. Denboraren poderioz, pixkanaka-pixkanaka bere sustraietatik gertuago sentitzen da Ana: “Barruko ala kanpoko euskalduna, guztiok gara euskaldun, nahiz eta bakoitzak bere erara bizi berau. Guztiz aberasgarria da.” Hala ere ezberdintasun txiki batzuekin egiten dugu topo: “Euskal Herrian daudenak eguneroko errealitatearekin bat bizi dira, […] atzerrian, ordea, idealizatutako oroitzapenekin bizi garela uste dut”. Ez du garrantzirik, atzerrira joandako beste askok bezala, Anak ez badu euskaraz hitz egiten. Euskal historia ezagutzen du eta badaki kultura nola babestu: “Hizkuntzak berebiziko garrantzia du norbaiten jatorria finkatzeko orduan; hala ere, Euskal Herriaren historia ezagutuz gero, badakigu 1936az geroztik bi belaunaldik zapalkuntza handia jasan dutela eta horrekin batera, beren kulturaren deuseztatze isila eta sistematikoa pairatu behar izan dutela. Galdutako hau galduta dago, baina gertatutakoa gaindi dezakegu. Horixe bera ari da gertatzen behinik behin hizkuntzarekin.”
Anak bere euskal jatorriaren oinordekotza ere bere semeei helarazi nahi izan die. Ion Sebastian, Alex, Patrick eta Benjamin dira bere semeen izenak. Gurasoen nahia izan zen semeen izenek ahoskera bera izatea bai ingelesez eta baita euskaraz ere. Lauetatik hiru Oiartzunen bataiatu ziren, eta bihotzean gordetzen dituzte beren amaren jaioterrira egindako bidaien oroitzapen ahaztezinak. Beren ama printzipio finkodun emakumea dugu eta beti nahi izan du bere ustez euskal oinarrizko baloreak direnak semeei irakatsi: prestutasuna, leialtasuna eta errespetua.
![]() |
Ana Iriondo. |
Gaur egungo Anaren nahia zera da: balore horiek Euskal Herrian luzaroan irautea eta ondorengo belaunaldiek oinordekotza kulturala jasotzea. Azken hamarkadetan, telebistak eta informatikak etxeko sutondoak nola hartu dituzten ikusi du Anak; eta bere iritziz, hau arriskutsua izan daiteke euskal gazteek beren kultura bazterreratu baitezakete horren ondorioz. Anak espero du Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuak bizkortasunez eta trebeziaz jokatuko duela eta “elementu berri hauek erabiltzen jakingo duela, euskal gazteria hobeto hezteko”. Komunikabide berriei probetxua atera behar zaiela dio Anak, adibidez, horien bitartez euskal ondareko artista eta pertsonaia historiko garrantzitsuenak jendeari azalduko lizkioke. Belaunaldien arteko lotura, era batera edo bestera, kulturaren motorea dela uste du Anak. “Euskaldun batek bere kultura hamaika erara plazara dezake, hala nola, hizkuntzaz, arteaz, musikaz… Eskura ditugun medio guztiak erabili behar ditugu euskal kultura gazteen artean zabaltzeko. Honela, beren txanda iristean guztia barneratuko dute eta hurrengo belaunaldiei helaraziko diete.”
1 Donostiako badia ospetsua.
2 Ana Iriondoren margolanak ikusgai daude bere web-orrian: http://www.anairiondodebryson.cjb.net.
3 HABE, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea.
4 Beste bat onartu berri dute Euskal Etxeen sare ofizialean: Montrealeko Euskaldunak elkartea.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |