Kepa SOJO, Zinemagilea (El síndrome de Svensson-en zuzendaria) eta U.P.V. - E.H.U.-ko irakaslea
Traducción al español
Batzuek euskal zinemarik ez dagoela diote. XX. mendearen 70. hamarkadatik aurrera, Espainiako diktadura desagertu zenean, eztabaida hau leku ezberdinetatik agertu zaigu. Kokapen geografikoa kontuan harturik, zinema leku batean egiten dela esan daiteke.
Euskal Herrian badaude zinema egiten duten zuzendari, ekoizle, teknikari eta antzezleak. Baina ez daukagu zine egiteko garrantzizkoena: industria. Politikari dagokionez, Euskal Herria Espainiaren eta Frantziaren menpean dagoela esan genezake. Gaur egun, Euskal Herria ez da estatu bat, lurralde batzuk erakunde administratibo ezberdinetan banatuta baino. Espainiako zinemari begira, honek arduratzeko moduko itxura du. Industria txikia da Europako beste estatuekin erkatuz. Gainera, Estatu Batuetako konpainien monopolioa oztopoa da espainiarrek ekoizpena aurrera atera ahal izan dezaten.
El sídrome de Svensson pelikularen filmaketa. |
Frantzian, behintzat, badago zinemaren industria. Haiek eginiko filmak oso ondo banatuta daude Europako beste lekuetan zehar. Espainiako pantailetara urtero Balzac-en herrian egindako hamabost film inguru heltzen dira, baina alderantziz hiruzpalau espainiar pelikula bakarrik hara eta Europako beste lurraldeetara iristen dira. Almodóvar eta Amenabarrenak, eta kitto. Panorama suntsigarri hau ikusirik, euskal zinemaren ekoizpenari buruz zer esango genuke? Lehenengo eta behin, jakin behar dugu zer den euskal zinema. Erantzun batzuk bururatzen zaizkigu: Euskal Herrian ekoiztutako zinema, edo euskaldunek zuzendutako filmak. Baina esandakoa kontuan harturik, Alex de la Iglesiaren Perdita Durango euskal zinema da? Jakina, aipatu dugun zinemagilea Galdakaokoa da, baina pelikula Estatu Batuetan filmatuta dago eta ekoizpenari dagokiolarik leku ezberdinetako diruaz egindako filma da. Euskal nortasun kulturalarentzat ez dugu inolako tokirik ikusten lan honetan. Beraz, Euskal Herrian ekoiztutako zinema hemengoa da zuzendaria kanpokoa izan arren? Zer gertatzen da euskal kultura eta nortasunarekin? Euskaraz egindako pelikulekin zer jazotzen da? Galdera asko dauzkagu baina erantzun gutxi. Egia da joan den mendeko 80. hamarkadan Eusko Jaurlaritzak Euskal Herrian egindako zinema bultzatu zuela, euskal gaiekin lotutako pelikulak egiteko tankera bat, euskal nazionalismoaren berpiztearekin batera. Garai hartan, euskal zuzendarien belaunaldi on bat agertu zen Uribe, Armendáriz, Urbizu eta Olearekin, izen batzuk aipatzearren. Baina 90. hamarkadara iritsita, zinemagile hauek maletak hartuta Madrilera joan ziren Espainiako hiriburuan beraien karrerekin jarraitzeko, norabide ezberdinak hartuz.
Hamarkada hartan, beste zuzendari gazteago batzuk azaldu ziren erreleboa hartuz. Medem, Bajo Ulloa eta De la Iglesiari gagozkio. Haiek eginiko zinema oso pertsonala izanik, ez dauka zer ikusirik, kasu batzuk izan ezik, hemengo kultura eta nortasunarekin. Hala eta guztiz ere, pasa den mendeko bukaeran Eusko Jaurlaritzaren laguntzak zinemagintza bultzatzeko, harrobia kontuan harturik, garrantzizkoak izan ziren inolako zalantzarik gabe. Gobernuak euskal film laburren arloaren promozioa Kimuak izeneko programaren bitartez, munduan zehar zabaltzea lortu zuen. Ekimen polita izanik ere, ia urtero polemika izaten da Kimuak programazioaren aukeratzearekin, zeren eta kanpoan geratu baitira Euskal Herrian egindako film labur aipagarri batzuk. Gainera, askotan sartu dira Espainian egindako film laburrak kanpoko zuzendariarekin, baina hemengo produkzio-etxe baten sinadurarekin. Kimuak programara sartutako film batzuk ez dira aukeratuak izan zinemaldietan eta batzuetan sari asko irabazi dute. Horrela gertatu zitzaidan niri hiru film laburrekin.
Nacho Vigalondo, Pepe Sancho eta Marchelo Rubio. |
Hogeita hamalau sari irabazi ondoren, ez nintzen Kimuak programaren barrura sartu. Bizitzaren gorabeherak! Euskalduna naiz eta harro nago. Euskal Herriko Unibertsitatean Zinemaren historiaren eskolak euskaraz ematen ditut. Sariak jaso eta gero produktoraz produktora hasi nintzen gidoi batekin nire lehendabiziko pelikula hemengo enpresa batekin egiteko asmoz. Ezinezkoa. El síndrome de Svensson, nire filmaren izenburua, gidoi batzuekin Madrilera eta Valentziara joan nintzen eta azkenean bi espainiar ekoizle aurkitu nituen pelikularen garapena aurrera eramateko. Euskal Herrira itzulita, azkenik Gasteizko produkzio-etxe baten laguntza lortu nuen. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak eskatu genituen eta bigarrenean lortu ere bai. Bazen garaia! 2000. urtetik aurrera izandako zailtasunak kontuan harturik, azkenik nire pelikularen filmaketa 2005. urteko ekainetik uztailera garatu zen. Nahiz eta Madrilgo eta Valentziako ekoizleekin lan egin eta Cuenca eta Valentzian filmatu arren, eta teknikari eta aktore batzuk euskaldunak ez badira ere, nire pelikula euskal zinemaren barnean koka daiteke? Baietz uste dut, zeren eta nik eta Gasteizko nire ekoizleek zergak hemen ordaintzen baititugu. Baina pelikula valentziarra edo madrildarra ere bada, kokapen geografikoaren etiketak zalantzan geratuz. Aitzitik, orain ez naiz kexatzen pozik nagoelako. Azkenean nire ametsa bete da.
Euskal zinemarekin lotutako sektore guztiek, eta Eusko Jaurlaritza buruan, hemengo zuzendariak joan ez daitezen saiatu behar dute. Eta joan balitez, niri gertatu zitzaidan bezala, beharrezkoa izango litzateke diru-laguntzen bitartez zinemagile hauek Euskal Herrira berrekartzea. Hala ere, ez zait ardura gure zinemaren etorkizuna, film laburren munduan sustraitutako harrobi bikaina dugulako. Momentu honetan, nik egin dudan bezalaxe, saritutako beste film laburren egileak, film luzeko mundura heldu berriak dira. Modu ezberdinetan iritsita bi kasu aipagarri ditugu. Bizkaitar zinemagile Koldo Serra Gipuzkoa eta Nafarroako basoetan El bosque de las sombras (The backwoods) filmatzen ari da. Serraren filmak nazioarteko ekoizpen bikaina dauka. Britainia Handiko eta Frantziako dirua dago (Euskal Herrikoa ere bai), eta ospe aparteko aktoreekin lan egiten du Algortako zuzendariak. Besteak beste aipatzekoak ditugu: Gary Oldman, Virginie Ledoyen, Aitana Sanchez-Gijón … Serrarentzat ikaragarrizko aukera da bere pelikularen banaketa munduko leku guztietan zehar higituko da eta. Oso ezberdina dugu Telmo Esnal eta Asier Altunaren kasua. Haiek benetako euskal pelikula filmatu dute: Aupa Etxebeste!. Ekoizpena, teknikariak, aktoreak… filmeko parte hartzaile guztiak euskaldunak dira. Eta, gainera, euskaraz filmatuta dago. Banaketaren arazoa zailagoa izango da, Serraren filmarekin konparatuz, baina espero dugu Donostiako Zinemaldian publikoaren erantzun polita izango dutela. Merezi dute. Orduan, euskal pelikula bat modu ezberdinetan egitea posible da: nazioarteko koprodukzioarekin (Serra), Estatuko leku ezberdinetako ekoizpenarekin (nire kasua), edota hemengo produkzioarekin soilik (Esnal eta Altuna). Baina ez gara bakarrak, film laburren mundutik film luze bat egiteko aukera itxaroten daude hemengo zuzendari asko: Ane Muñoz Mitxelena, Jose Mari Goenaga, Borja Cobeaga, Oskar Santos, Emilio Pérez, Igor Legarreta, Aitzol Aramaio, Koldo Almandoz, Luiso Berdejo, Borja Crespo, Tinieblas Gonzalez, David Ilundain, Iñaki Elizalde edo Felix Viscarret, filmatzen diharduena, besteak beste.
Kepa Sojo zinemagilea. |
Ez dut ahazten Nacho Vigalondok euskal zinemari egindako bultzada Oscar sarietan izendatua izatean 7:35 de la mañana film laburrarekin, Vigalondo Kantabriakoa izan arren (filmak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza zuen eta produkzio-etxea Bilbokoa zen). Vigalondok egindakoa euskal zinemarentzat ikaragarrizko bulta izan da. Nire aldetik, gainera Nacho Vigalondo aktore gisa pelikulan izan dut, beste euskal aktore batzuekin batera: Martxelo Rubio, Andoni Agirregomezkorta, Txema Blasco, Ivan Villanueva eta Gorka Aginagalde.
Bukatzeko, euskal zinemaren munduan etorkizunik badagoela esan genezake, ikaragarrizko harrobia dugunez gero, beste zinemagile ospetsu bihurtu batzuk kontuan hartuta. Erronka airean dago. Eusko Jaurlaritza eta beste erakunde batzuek bere teilatuetan daukate pilota. Nik El síndrome de Svensson kanpoan filmatu dut baina nire hurrengo pelikula Euskal Herrian egitea laket litzaidake. Svensson-ek arrakasta komertziala lortzen badu euskal zinemaren arrakasta izango da. Hauxe izango litzateke nire ekarpen txikia gure herri kuttuneko zazpigarren artean.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |