Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen apustu nagusiakEscuchar artículo - Artikulua entzun

Iñaki MURUA
Traducción al español

Ondorengo urteetara begira Bertsozale Elkarteak daukan apustuetako bat, bere jarduteko moduari erreparatzea da, bete beharreko helburuekin batera. Izan ere, ahaztu ezin dituen gauzen artean dago, kulturgintzak oro har eta bertsolaritzak kasu honetan, ezin duela lan egin egun hain modan daukagun epe motzerako “etekinen” tranpan erortzeko arriskuan, nahiz eta inguruaren abiadak eta itsukeriak, maiz hala iradoki.

Gure apustua iraupen luzekoa da, ezinezkoa baita gizarte mugimenduetan gauetik goizera aldaketak amestea. Horretarako, belaunaldi berrien dinamismoa eta ilusioa izan behar dute motor eragile, eskarmentuaren altxorra zuzendaritzarako baliatuz, ahantzi gabe, bertsolari eta bertsozaleen arteko kontsentsua oinarri izan behar duela, profesional eta borondatezko lanaren arteko oreka eta lanerako erosotasuna lanabes direlarik.

Zailtasunak zailtasun, itxaropen osoa dugu euskal komunitateari bertsolaritzak egin diezaiokeen ekarpenaz eta, ahalegin horretan, daukaguna eta dezakeguna emateko inongo aitzakiarik gabe jarraitu nahi dugu.

Egindako bidea oinarri

Azken hemezortzi urteotan, EHBE baliozko tresna izan da nola antolaketan hala ekintzak burutzeko orduan egin duen ekarpenaz. Bertsolaritza eta bertsogintza jorratzeko mintegiak antolatu ditu eta agente guztien partaidetza bilatuz, ezer egiteke zegoen terrenoan hauek ibiltzen has daitezen ildoak jarri ditu eta, gutxiena kosta ez dena, eztabaidan gidatu, hezi eta trebatu. Horri esker, esan dezakegu, iraupen luzeko eztabaidak “jasateko” gaitasuna dugula eta emaitza egokiak lortzekoa ere bai, denbora alferrik galtzeko arrisku handiegirik gabe.

Antolaketan berriz, 1986ko Txapelketa Nagusian hasi eta gaur arte, Elkartea bere egitura eraikitzen joan da eta inguruan, jardunak behar zituela zeritzon tresnak sortzen, hala, Xenpelar Dokumentazio Zentroa edo Lanku aipa ditzakegu.

Bertsolaritza lantzen duten agenteen arteko elkarlana ezinbestekoa izan da bide honetan guztian. Bertsolari, epaile, gai jartzaile, gai emaile, bertsozale, aditu… denak batera ari dira bertsolaritzaren iragana aztertzen eta egungo beharrak jorratzen. Elkarlan honi esker, sinergiak baliatu ditugu eta, jardunean alor ezberdinak izan daitezkeenak, denok ezagutu eta nola landu adosteko aukera jorratu.

Bertsogintzako agente nagusiek, bertsolariek, berrikuntza ahalegin handiei esker, emaitzak lortu dituzte. Doinu eta neurri berriak sortzeaz gain, hiztegi berria eta herrikoia nahiz jerga txertatzen ari dira eta beste kulturetan egiten diren bertsogintzako ekarriak ezagutu dituzte, munduko hainbat lurraldetan ospatutako jardunaldi desberdinetan parte aktiboa hartu dutelarik, eurena konpartituz eta handik aire berriak ekarriz, hemengo plazetan esperimentatzeko.

Garai bateko bertsozalearen prototipoa eta bertsolariarena arras desberdinak dira gaurkoarekin parekatzen baditugu. Orain ez da txapelik entzuleen kaskoan, ezta bertsolarienean ere( garailearenean salbu) eta, batzuk, biserak erabiltzen hasi dira. Baina, aldi berean, aspaldiko bertsozalea eta etorri berriena batera doaz saioetara. Eraberritze naturala eman da, hausturarik gabe. Aleak erori ahala landare berriak itsatsi zaizkio landutako lurrari. Lehengo zalea aldaketaz jabetu eta gaurkotu den heinean, zale berriak ere eroso elikatu dira bazka honetan.

Bertsolari berriek, jardun desberdinak asmatzen eta , aldi berean, lehengo eta betiko lanetan trebatzen ari dira, bakoitzak bere ezaugarriak sakonduz jarraitzaile oldeak ditu, gero eta gazteago hasten delarik fenomeno hau garatzen.

Hau guztiagatik, Euskal kulturgintzan toki duin bat izatea lortu du bertsolaritzak eta bertsolarien polibalentzia nabaria da idatzizko eguneroko nahiz aldikako kultur produkzioan ere.

Garai berrietan izateko garatu

Gizarteak bizi dituen aldaketek, hau da, masifikazioak eta globalizazioak, eragin nabarmenak ekarri dizkigu gure jardunean eta bertsogintzan bereziki. Masifikazioak despertsonalizazioa. Identifikazio arazoa bertsogintzan ari garenerako eta nori kantatzen diogun garbi jakin ezina. Bestalde, kultura desberdinen arteko elkarbizitzak dibertsifikazio aberasgarria izan daitekeenarekin batera, diglosia errotzeko joera ere berekin dakar. Bizitzako abiadura gehitzea eta dena irenstea baina hausnarrean egiteko astirik gabe. Horiek ere badira masifikazio honen ezaugarri.

Globalizazioaren itzalak, berriz, oskarbitik ostarteetara garamatza. Ondo erabiliz gero aberasgarri gerta dakigukeen arren, dena tonu bereko eta mozkin iturri izateko bidean da. Lehengo bertsozalea eta bertsolaria iturri ia bakarretik elikatzen bazen, oraingoak ez dira lehengo uretatik (bakarrik) asetzen eta, horrek, konpetentzia areagotzen du, zailtasunak lodituz baina eragilearen interesa akuilatzeko baliatu behar genuke.

Dena da aldaketa, dena ikuspegi komertziala eta marketinga. Horra hor herri kulturen malda gorakoaren zergatia. Bi hilabeteko ikastaroa, ahalik eta gehiena publizitatua, etekinik erraldoienak lortzeko helburuz egina eta arrakasta lepo! Inork ezagutzen ez zituenak aparrez blai eta diru iturri galantak medio ahalguztidunentzat. Operación Triunfoak dira gure galbidearen hasiera; amets sortzaile eta ilusio zapuzle.

Irudia eta erritmoaren garaian, bertsolaritzaren ezaugarri propioak nagusitu nahian ari gara lanean, hau da, hizkuntza aberatsa eta hitza ardatz. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela diotenei, guk hitzekin erantzuten diegu. Doinu, neurri eta errimadun hitzez, irudia adierazteko ere hitzak behar baitira! Hori da egungo gizarteak duen eta gerora areagotuko den gabezia: hitzak erabiltzeko gaitasunik eza. Hitzik eza. Euskararen gizarteak gabezi hori paira ez dezan, jolas eginaz hitzak erabiltzeko modua eta abagunea eskaintzea da Bertsozale Elkarteak duen helburuetako bat.

Egungo jakintza eta medioetaz baliatuz lana egin beharra daukagu kulturgintzan. Bitarteko teknologikoek, euskaraz jardun nahi dugunoi, eskaintzen dizkiguten ate itxiak zabaldu eta leihoak kontrabentanarik gabe jartzen ikasi behar dugu. Hori lortzea ezinbestekoa da, jada ohitzen ari diren belaunaldi berriek bertsogintzan bitarteko hauekin ekin eta jarrai dezaten. Errimategiak, hitz gakoak, hiztegi berezia… ederki sailka dezakegu eta, apustu kitzikagarri bihurtu, ordenagailuak akats gisara hartzen digun hitz oro gainditzea edo ahalik eta akats gehiena eginaraztea edo hizketan ari bagina bezala idaztea edo mezu laburren (sms) klabeekin jolastea, hizketa modu berriak, ahokorapilo eta asmakizun ariketa moduan hartuz.

Etorkizuneko urteak berdiseinatu

Berdiseinatzeko, berria eraikitzeko, aurrez egin duguna aztertzea egokia da. Saioak aldatu al dira? Zaleak zer nahi du? Saio mota berriek zein joeratakoak izan behar dute? Zer diote bertsolariek? Eta adituek? Zer erdal munduak? Nola erakarri?

Amai gabeko galdera sorta honi erantzunak jarri behar dizkiogu eta duela hamar urte jasotakoekin erkatuz, norabidea eta garabidea ikusten hasi, hartuko ditugun neurriak adostuz, bertsozaleekin eta bertsogintzako agenteekin.

Emaitzak eskura eta ibilbidea adostuta daukagunean, epe ertain eta luzeko helburuak finkatzea dagokigu. Gutxienez bost urteko jarduna gauzatzeko lan ildoak eta helburuak argi zehaztuko ditugu.

Hau guztia, Elkartearen egituran belaunaldi gazteei dagokien lekua emanez gauzatzea da zuzena. Elkartea sortu zenetik, hainbat eta hainbat bazkidek ekarpenak egin ditu borondatezko lanaren bidez eta, zereginak bezala, zeinek egiten duen ere aldatuz eta berrituz joan garen arren, gazte andana ari zaigu espazio propioak bilatu eta aurkitu nahian. Betiko bideak berea ematen dio askori baina ez denei, ondorioz, ildo berri bila dabilen belaunaldia elikatzea derrigorrezkoa dugu. Belaunaldi hori indartsua izatea komeni zaigu; egoera irauli nahia dakarrena eta konfliktoak sortzeko gai dena. Guk asmatu beharko dugu gero nola kudeatu kriki kraka horiek baina, belaunaldi arteko konfliktorik ez duen kultur erakundeak gutxi aurreratuko du edo betiko trenbidean doan bagoia izango da inori begiak ernatuko ez dizkiona, aurretik pasatzen ikusita ere.

Bertsozale Elkartearen egitura ukitu dugunez, Elkartea osatzen duten bost hankak ( Arabako Elkartea, Bizkaikoa, Gipuzkoakoa, Nafarroakoa eta Iparraldeko Lapurdi – Behe Nafarroa – Zuberoak osatzen dutena) pauso bateratuan jartzea dugu beste helburuetako bat. Sinergiak baliatuz ekinari ahalik eta etekin aberatsena ateratze aldera eta ez denok bat eta bakar erabat izateagatik. Hanka bakoitzak izan behar du bere ezaugarrien jabe, bere nortasun eta erabaki ahalmenez baliatuz, dagokion lurraldeari eta etorkizunari eman diezaiokeen hoberena eman ahal izateko. Programak eta helburuek batuko gaituzte eta geu izaten lagundu, aldi berean.

Epe ertaineko egitasmoak lan ildo

- Duela urtebete inguru, kultur arteko topaketak burutu genituenean, atzerritik etorritako partaideek, ikusarazi ziguten antolaketa gaitasunez, geu ginela indartsuenetakoak eta, gonbidatu ere gonbidatu gintuzten kultur arteko harreman eta lan proiekzioari hel geniezaion. Orduan aurkeztu genuen ARGO datu bilketako baseak, urrutiko begi eta belarri asko jarri zuen adi eta bertakoon ilusio piztaile ere izan zen, neurri handi batean.

- Horretaz gain, kultura desberdinetako bertsolaritzen Elkartea sortzeko asmoa ere hor daukagu, geure txokoan egiten duguna aberasteko baliabide gisara erabilgarri gerta dakigukeen esperantzan eta ahozko jarduna indartzeko helburuz.

- Helburu berarekin eta bertsolaritza Munduan ezagutarazteko asmoz, Oral Traditions aldizkari ospetsuan gure berri ematea ere apustu eta aukera ezin erakargarriagoa dugu.

- Bertsolaritzaren transmisioa bermatuko duen proiektuan sakontzen jarraitu: hezkuntza arautuan, bertso eskoletan, ekintza osagarriak sortu – antolatu - burutuz, DBHrako ahozkotasuna lantzeko metodoa orraztu eta argitaratu…

- Xenpelar Dokumentazio Zentroaren altxorra sendotzeaz gainera, gizarteratzeko moduan sakontzea eta internetez zerbitzua ahalik eta zabalena eskaini ahal izateko modua egin.

- Elkartearen egoitza berria antolatu. Billabonan eraikitzen berehala hasiko diren egoitzaren erabilera, sailak eta kudeaketa eredua finkatu.

Epe motzerako egitekoak

- Hamalaugarren Bertsolari Txapelketa Nagusia antolatu eta burutu. Aurtengoan gainera, Txapelketaren historian lehenengo aldiz, Gipuzkoatik Bizkaira eramango dugu finala, BECera hain justu. Horren zergatiak bertsolari eta bertsozaleei adierazi behar dizkiegu zehatz eta xume. Dena den, bertsoaren lurraldea zabaldu eta sakondu nahi genuke, betiko bertsozaleei elikagai interesgarriena eskaini; euskaldun berriei baldintza eta subjuntibozko enpatxua arintzeko ariketa aproposak eta aire berria eman; erdal munduari euskaraz produzitzen dugunaren balioa, ondo pasatzeko formula eta gutxi edo batere ezagutzen ez dutena aztertzeko irrika sortu, hedabideen lanari esker sekula baino hedapen zabalagoa emanez.

- 2006an etorkizuneko plan estrategikoaren gaineko gogoeta egin.

- …

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/10/14-21