Bilbo Ezkerraldeko langile gatazkak Rio de la Platako euskal aldizkarietan (1890-1917)Escuchar artículo - Artikulua entzun

Urko APAOLAZA, Historian Lizentziatua (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Traducción al español

I. Sarrera

Esan daiteke euskaldunak Amerikan egon direla europarrek kontinentea deskubritu zutenetik. Espainiar inperioaren kolonietan ez zen euskaldunik falta izan: bertako administrazioan, elizgizon gisa edo espainiar gudarosteko militar lanetan. Azken urteetako joera historiografikoak dio kolonia garaiko Amerikarako joerak ez zirela nola halakoak izan, euskaldunek sare handi bat osatu zuten, Madrilen, Sevillan edo Amerikan zeuden senide eta lagunen bidez, euren semeak espainiar inperioaren Amerikako aparatuetan lekua izaten zuten1.

Bestelakoa da XIX. mendeko bigarren herenetik hasitako emigrazioa: homogeneoa eta ez hain elitista, nekazariek osatua. Rio de la Platako herrialdeek benetako euskal uholde bat jaso zuten XIX eta XX. mende artean eta emigrante horiek elkartzeko joera nabarmena erakutsi zuten, ez dira gutxi endogamia kasuak2. Joera horretan dute jatorria gaur egun “euskal etxeak” bezala ezagutzen ditugunak.

La Baskonia, 1910eko abuztuaren 30a
La Baskonia, 1910eko abuztuaren 30a. Mitina Gallartan.

Hain zuzen, euskal etxeetan sortu ziren Rio de la Platako lehen euskal aldizkariak. Buenos Aires eta Montevideoko Laurak Bat izenekoak 1880 hamarkada inguruan jaio ziren. Hortik gutxira, 1893an, kaleratu zuten La Vasconia (gero, La Baskonia) aldizkari ezaguna, Grandmontagnek eta Uriartek. 50 urtetan erreferentzia bat izango da aldizkari hau euskal aldizkarien artean. Argentina eta Uruguayko euskal aldizkariak diaspora horren aniztasunaren erakusgarri dira eta euskal kolektibitatean izandako aldaketa ideologikoak eta prozesuak berdin-berdin jarraituko dituzte. Foruzaletasun soiletik abertzaletasunerako jauzia, esaterako, modu berean nabaritu zen Rio de la Platako euskal diasporan nahiz aldizkarietan. Abertzaletasuna indartsu sartu zen Amerikan XX. mende hasieran, baina horrek liskar asko ekarri zituen euskal etxeetara3.

Dena dela ere, XX. mendeak aurrera egin zuen heinean, abertzaletasuna defendatzen zuten aldizkariak ugaritu egin ziren: Euzkotarra, Egi-zale, Irrintzi, Nacion Vasca, Aitor... Hala ere, baziren euskaltzale izan arren, abertzaletasun sabindarra zertxobait urruti geratu zitzaien aldizkariak, Iparraldeko euskal inmigranteei zuzendutakoak: Euskalduna, Haritza Eskual Herria... Hauek Ipar Amerikan sortutako Escualdun Gazeta eta Californiako Eskual Herriaren lorratzari jarraitu zioten.

II. Langile gatazkak aldizkarien ikuspegitik

Amerikarako euskal emigrazioaren kopuruak bere gailurrean zeudenean, Euskal Herrirako espainiar emigrazioak ere bere gailurra jo zuen. XIX. mende bukaeran milaka pertsona Espainiako leku ezberdinetatik (Gaztela, Andaluzia...) eta baita Nafarroatik ere Bizkaiara emigratu zuten, sortu berri zen bertako industrian lan egiteko asmotan. Ezin esan daiteke zehazki zenbat izan ziren, baina hainbat ikerketek diote mende bukaeran 10.000 meatzari eta beste 22.000 lagun zebiltzala Ezkerraldeko metalurgian lanean.

Eragina nabarmena izan zen eta langile horiek oso egoera kaxkarrean bizi izan ziren hasiera batetan. Ez dira gutxi gai honen inguruan egindako ikerketak4 eta horregatik ez gara hasiko hemen langileek pairatzen zuten egoerari buruz hitz egiten. Soilik esan, langile asko barrakoietan bizi zirela, enpresaren esku zeuden komertzioetan egin zitzaketen erosketak, soldata oso baxuak zituzten eta gainera 10 edo 12 ordutako lan egunak zituzten legez. Hori guztia dela eta mende batetik besterako jauzia langile, enpresari eta estatuaren arteko gatazkaz josita egon zen, batez ere Bilbo Ezkerraldean.

Nola ikusi zituzten Rio de la Platako euskal aldizkariek greba horiek? Zein tratamendu eman zieten sorterrian pasatako gertakizun haiei? Hori jakiteko Rio de la Platako hainbat aldizkari ikuskatu ditugu: La Baskonia, La Euskaria, Laurak Bat, Haritza eta Irrintzi. Borroka mota nagusiena greba izan zen eta urte horietan izandako greba handienak aztertu ditugu hemen.

La Baskonia, 1911ko urriaren 20a
La Baskonia, 1911ko urriaren 20a. Istiluak Bilbon.

Lehenengo greba handia 1890ean gertatu zen. Gogoratu behar da urte bete lehenago II. Internazionala sortu zela Bruselan eta Maiatzaren Lehenerako deialdia estreineko aldiz egin zutela sindikatu eta alderdietako buruzagiek. Inork ez zekien langileek nola erantzungo ote zuten eta “gai soziala” egunkarietara azaleratu zen. Bilbon, istiluak izan ziren Maiatzaren Lehena pasa eta gero, langile batzuk kaleratu zituztelako. 30.000 langile greban jarri ziren eta hildakoak eta zaurituak izan ziren.

Amerikako euskal aldizkarien artean Buenos Airesko Laurak Bat-en iritzia bakarrik jaso dugu, bertan azaltzen da nola protestek kutsu erradikalagoa hartu zuten, baina aldi berean langileen aldarrikapenak ere jasotzen dira eta “begi onez” ikus daitezkeela esaten du. Hala ere, Laurak Bat-ek abisua uzten du guztientzat: “Beraien eskaerei modu horretan amore ematea arriskutsua izan daiteke, batez ere gatazka honek jarraipen baketsu bat izan nahi badu”5.

1903 eta 1906an beste bi greba orokor izan ziren Bizkaian. 1903koan istilu larriak izan ziren, hildakoak berriro ere. Bilbo hirigunea aztoratzea lortu zuten grebalariek beraien aldarrikapen bakarrari kasu egiteko: aste guztiko soldata. Azkenean, Gobernuak eskuartu zuen eta langileen aste guztiko soldata izango zutela agindu zitzaien. 1906ko grebak antza handia izan zuen 1903koarekin, espainiar erregearen presentzia aprobetxatuta egin zuten, 1903ko aldarrikapen berbera zuten eta espainiar erregeak auzi korapilatsu baten erdian ikusi zuen bere burua, bai langileei eta bai enpresariei hitz onak eskaini zizkien soilik.

Greba horiek hobekien jaso zituen euskal-amerikar egunkaria La Baskonia izan zen. Argitalpen honek zioen Bilboko istiluek ez zutela zerikusirik Genoan edo Marseillan urte hartan izandako langileen aldarrikapenekin, Bilbokoa “harrapaketa basatia” besterik ez omen zen bere ustez6. 1906ko greban berriz, langileek egindako kalteak azpimarratzen ditu, batez ere piketeek lanera joan nahi zutenei egindakoak7. La Euskaria aldizkariak aldiz, Alfontso XIIIrekin izandako elkarrizketen berri ematen zuen bakarrik: “Bizkaiko meatzariek erregea bisitatuko duen komisio bat osatu dute. Komisioak langileen kexak azalduko dizkio erregeari eta 1906ko egoera berdinean jarraitzen dutela, patroiek ez dituztelako urte hartan onartutako baldintzak bete”8. Publikazio honetan ez da besterik azaltzen greba honi buruz.

Dudarik gabe, Bilbo eta inguruetan izandako gatazka larrienak 1910-1911ean izan ziren, batez ere 1911koak. 1910eko udan bederatzi orduko lan eguna eskatuz hasi zen greba eta iritzi publikoan ongi ikusi zen, gainera, enpresariek zorrozkeri gehiegirekin jokatu baitzuten. La Baskoniaren erreakzioa baina, bestelakoa da. Grebaren kontra egiten du erabat eta dio greba egitea ez dela egokia enpresariak presionatzeko: “Konbentzimendua dago aztoratzaile profesionalek piztutako greba horiek ez direla bide egokiena langile eta patroien arteko gatazkak konpontzeko”9, dio. Ostera, langileen kontra egiteko ildo “maketistari” eusten dio La Baskoniak: “Deserrotutako jende horiek, arrotz bezala ikusten dute beraien burua eta gorrotoz beteta, beraien kontra dauden guztiei zauritzen saiatzen dira”10, hori da aldizkari honen ustez liskar horien arrazoia.

Euskaldun ez diren langileen kontrako jarrera hori beste egunkarietan azaltzen den joera ere bada, langile euskaldunek sozialistekin eta istilu horiekin zerikusirik ez dutela azaldu nahi da, horrela mintzo da Haritza: “Arima desesperazioz betetzen zaigu entzuten dugunean Perezaguak langile guztiak ordezkatzen dituela. Noiztik eman diogu gure ordezkaritza tabernariari! Noiztik ordezkatzen gaitu gu, euskal langileok, Toledoko burgesak? Ez eta mila aldiz ez; ez dugu nahi fartsa honek jarrai dezan. Ez dugu gure ordezkaritza hartzerik nahi, langileen gehiengo handi batek ez duenean zerikusirik zentro sozialista horiekin, Jainkoaren eta Aberriaren etsaiak, batzuetan Carretero batek eta bestetan Perezagua batek gidatuak. Beharrezkoa da behingoagatik Perezagua langile guztien ordezkaria dela esaten duen kondairarekin amaitzea”11. Jakina den bezala, Perezagua zen orduko Bizkaiko lider sozialista nagusietako bat.

1911ko greban, 1910koan ez bezala, biolentzia handia izan zen eta nola ez La Baskoniak biolentzia horren ondorioak azaltzen ditu: “Greba harrapaketa eta gehiegikeria klase guztietara iritsi da, eta min egiteko nahi horretan ez dute inor eta ezer ere ez errespetatzen”12. La Euskarian, berriz, langile euskaldun eta espainiarren artean izandako polemika baten berri ematen du. Bilboko zinegotzi sozialista batek euskal langileak kritikatu omen zituen eta hori aitzakiatzat hartuta La Euskariak langile horiek goraipatu eta Espainiatik Euskal Herrira etorritakoen kontra jotzen du13.

Aztertu dugun garai horretan azkeneko greba 1917koa da, iraultzaren urtea alegia. Urte horretako abuztuan Espainia eta Euskal Herri osoan greba deialdia egin zen. Dudarik gabe greba honek kutsu politiko handia zuen, baina kasu askotan eskaera sozialak gehitu zitzaizkion grebari eta horregatik arrakasta izan zuen. Greba honen inguruan, Argentinako Irrintzi aldizkariak artikulu luze bat ekarri zuen 1918 urte hasieran14. Artikuluak greba egiteko eskubidea dagoen bezala, ez egitekoa ere badagoela dio eta sozialismoaren kontra egiten du: “Sozialismoak, gaur egun arte ez digu ezer aplikagarria erakutsi herrialde honetan, bere doktrinak atzerritarrak dira, bere ekintza bideak atzerritarrak eta bere helburuak ere atzerritarrak”, erlijioaren gaia ere nahasten da artikuluan: “Sozialismoa praktikan, euskaldunek auzolana deitzen duguna da eta Euzkadin inoiz ez da arazo bat izan katolizismoa horretarako” dio.

Ikusten da berriro ere, gatazka ekonomikoaren atzean gatazka politikoa eta ideologikoa ipintzen dutela Rio de la Platako aldizkariek.

III. Ondorioak

Labur-labur, ikerketa honen ondorioak azalduko dira hemen. Lehenik eta behin esan beharra dago, 1890 eta 1917 artean Euskal Herrian izandako gatazka hauek oso presentzia urria dutela Rio de la Platako euskal aldizkarietan, nahiz eta gertakizun haiek munduari bira eman zioten behin eta berriz. Salbuespen bat jartzekotan, La Baskonia jarriko genuke; aldizkari honek erreportai luzeak eskaintzen baitizkie Bilbo inguruan izandako grebei. Azpiegitura handiena zuen euskal aldizkaria da La Baskonia, horrek eragina behar zuen izan Euskal Herriko notiziak kaleratzeko eta horien jarraipena egiteko garaian.

Aztertu ditugun notizia eta artikulu gehienetan, oso gutxitan jotzen da greba sortu duen erroak bilatzera; aitzitik, honen ondorioak eta kalteak dira modu berezian azpimarratzen direnak: istiluak, zaurituak, piketeen eragina, ekonomia kinkan jartzea... Orokorrean, Rio de la Platako egunkariek albo batera uzten dituzte langileen aldarrikapen ekonomikoak eta garrantzi gehiago ematen diote gatazka ideologikoari edo erlijioari. Kontuan izan behar da euskal diasporaren izaera: gerrate karlistatik ihes egindakoak ziren asko edo nekazal guneetatik emigratutako pertsona oso katolikoak. Ondorioz, esan daiteke diasporaren gehiengoa katolikoa, kontserbadorea eta abertzalea zela, eta horrek eragin handia zuen gatazka horien aurrean diasporak izan zuen jarreran.

Sozialismoaren itzala ikusten da greba horien atzean. Nabari da aldizkari horiek sozialismoaren beldur zirela, abertzaletasunarekin batera gorakada bizian zegoen ideologia baitzen orduan sozialismoa, sistema tradizionalarekin hautsi nahi zuena gainera. Sozialisten ateismoa kritikatzen da orrialde hauetan eta modu berean “euskal langileen” eta “atzerritarren” arteko bereizketa egiten saiatzen dira, lehenak baketsuak eta katolikoak zirela azpimarratuz.

Hitz gutxitan: baieztatu daiteke Rio de la Platako egunkariek 1890 eta 1917 urte arteko greben inguruan ikuspegi ezkorra zabaldu zutela eta gatazkaren eta indarkeria giroaren ardura langileengan jarri zutela, bereziki, sozialismoarekin bat egiten zuten atzerritik Euskal Herrira joandako langileengan.

Bibliografia

-ALVAREZ, Oscar: “Euskal abertzaletasunaren ezarrera Argentinan: Rosarioko ‘Zazpirak Bat’ Euskal Etxearen adibidea”, Mundaiz, 40 zk.
-_____________: “Clero vasco y nacionalismo: del exilio al liderazgo de la emigración (1900-1940)”, Studi Emigrazione, Roma, 133 (1999), 101-118 or.
- ____________: GARCIA ALBI GIL de BIEDNA, Ines (koaut.); MURU RONDA, Fernando (koaut.): Historia de la emigración vasca a Argentina en el siglo XIX, Eusko Jaurlaritza Vitoria-Gasteiz, 1992.
-BUENACASA, Manuel: El movimiento obrero español, 1886-1926, historia y crítica, Júcar, Madril, 1977.
-DOUGLAS, William eta Jon BILBAO: Amerikanuak. Los vascos en el Nuevo Mundo, EHU/UPV, Leioa,1985.
-ESCOBEDO, Ronald; ZABALLA, Ana de; ALVAREZ GILA, Oscar (arg.): Emigración y redes sociales de los vascos en América, EHU, Gasteiz, 1996.
-FUSI, Juan Pablo: Política obrera en el País Vasco, 1880-1923, Ediciones Turner, Madril, 1975
-GOICOETXEA, A.: “Un aspecto de la Antropología social en las Fiestas Euskaras: la emigración a Uruguay y los Montebideoko kantuak”, Antoine d’Abaddie 1897-1997. Nazioarteko Kongresua
-IMIZCOZ, Jose María (zuz.): Redes familiares y patronazgo, EHU/UPV, Bilbo, 2001.
-MARENALES, Martha: La aventura vasca. Destino: Montevideo, Editorial Gamacor Producciones. Montevideo, 1991.
-MEES, Ludger: Nacionalismo vasco, movimiento obrero y cuestion social: 1903-1923, Sabino Arana Fundazioa, Bilbo, 1992.
-PIQUERAS, José Antonio: El movimiento obrero, Anaya, Madril, 1992.
-TAPIZ, Jose María: La actividad política de los emigrantes, el caso vasco (1903-1936, in ALVAREZ, Oscar eta ANGULO, Alberto: La migraciones en perspectiva histórica, EHU/UPV, Bilbo, 2002.
-TUÑON DE LARA, Manuel: El movimiento obrero en España, Sarpe, Madril, 1985.
-URQUIJO, Mikel: “La huelga de Agosto de 1917 en Vizcaya”, Cuadernos de Seccion Historia-Geografia, Eusko Ikaskuntza, 10 zk., 172-192 orr.

Aztertutako Rio de la Platako aldizkariak15:

- La Baskonia
- La Euskaria
- Laurak Bat
- Haritza
- Irrintzi

1 IMIZCOZ, Jose María (zuz.): Redes familiares y patronazgo, EHU/UPV, Bilbo, 2001.

2 MARENALES, Martha: La aventura vasca. Destino: Montevideo, Editorial Gamacor Producciones. Montevideo, 1991. 154-155 or.

3 1910 inguruan erreakzio espainolista sutsu bat izan zen abertzaletasunaren aurrean. Felix Ortiz de San Pelayoren artikuluak irakurtzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Urte haietako abertzaleen eta karlisten arteko jarrera ikusteko: ALVAREZ, Oscar: “Euskal abertzaletasunaren ezarrera Argentinan: Rosarioko ‘Zazpirak Bat’ Euskal Etxearen adibidea”, Mundaiz, 40 zk.

4 Bibliografia osagarria: BUENACASA, Manuel: El movimiento obrero español, 1886-1926, historia y crítica, Júcar, Madril, 1977. MEES, Ludger: Nacionalismo vasco, movimiento obrero y cuestion social: 1903-1923), Sabino Arana Fundazioa, Bilbo, 1992. PIQUERAS, José Antonio: El movimiento obrero, Anaya, Madril, 1992. TUÑON DE LARA, Manuel: El movimiento obrero en España, Sarpe, Madril, 1985. URQUIJO, Mikel: “La huelga de Agosto de 1917 en Vizcaya”, Cuadernos de Seccion Historia-Geografia, Eusko Ikaskuntza, 10 zk., 172-192 orr.

5 Laurak Bat (1890eko uztaila).

6 La Baskonia (1903ko urriaren 20a)

7 Ibidem (1906ko abuztuaren 20a)

8 La Euskaria (1906ko irailaren 7a)

9 La Baskonia (1910ko uztailaren 20a)

10 La Baskonia (1910ko abuztuaren 30a, “La Huelga de Bilbao”)

11 Haritza (1910ko irailaren 9a)

12 La Baskonia (1911ko irailaren 10a)

13 Ikusi 1912ko urtarrilaren 20a eta 1912ko otsailaren 3ko La Euskaria aldizkariak.

14 Irrintzi (“A la vista del Krak”, 1918ko otsailaren 15a).

15 Erabilitako aldizkarien artean Montevideoko Euskal-Erria falta da, dudarik gabe, aldizkari honen azterketak ikerketa hau osatuko du etorkizun batean.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

KOSMOPOLITA
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/10/14-21