Zirimiri jasangarriaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Iñaki AZKOAGA
Itzultzailea: Juanmari ZURUTUZA ZAPIRAIN
Versión original en español

D
  Argazkia
uela urte gutxi zirimiria, etengabeko euri xume hori, ia egunero hortxe genuen etxe atarian. Neguan edo uda partean, zirimiriak gure zelai eta hiriak estaltzen zituen; ezer bustitzen ez zuela zirudien baina segituan ikusi genuen babesa bilatzen azkenean konturatu gabe barne-muinetaraino bustita bukatzen baikenuen, “blai eginda” alegia. Gaur egun zirimiria gure bizitzetatik desagertu egin da eta horixe izan daiteke klima aldaketaren ezaugarrietako bat.

Bizi garen ingurunean seinale ugari ditugu eta horiexek bizi-sistema aldatu behar dugula argi eta garbi erakusten digute, Garapen Jasangarria esaten diogun bizitzeko era berriari helduz. Alde batetik, klima aldaketa dugu eta bestetik petrolio aroaren amaiera eta natura baliabideen etengabeko urradura. Horiexek dira ondoz ondoko seinale argiak.

Eusko Ikaskuntzak seinale horiek bildu egin ditu Garapen Jasangarriari buruzko hausnarketa sakonari ekitearren. Horrela, 120 adituk lanari ekin diote, bakoitzak bere arlo eta esparruari helduz, metodologia prospektiboaren bitartez zera aztertzeko: zer ari da gertatzen? eta zer eragina dauka aldaketak guregan?; jarraian bestelako aukerak aztertuko dituzte, esaterako, zer eta nola egingo dugu?

Lan-taldeak sei arlotan banatu dira: energia, garraioa, lurralde antolaketa, enpresa-dinamika, zergak eta gizartea. Bakoitzak, bere ikuspegiari helduz, gaiari lotutako ekarpenak burutu ditu, denek bestelako arloekin bat egiten dutelarik.

Bilboko Euskalduna Jauregian azaroaren 29, 30 eta abenduaren 1ean burutuko den XVI. Kongresuak izenburu hauxe izango du: Garapen Jasangarria: etorkizuna. Kongresuan aipatutako lan-taldeen ekarpenak batuko dira hiria, enpresa mundua eta erakundeen berrantolaketa ahalbidetzeko. Aldi berean, Gazteriaren Foroa eratuko da, bertan unibertsitateko hainbat ikaslek esku hartuko dutelarik gaia aztertuz, beraiek baitira etorkizuneko lekukoak.

Burutu den lan guztia eta Kongresua bera aintzat hartuz, argi dago beharrezkoa dela Garapen Jasangarriari buruzko azterketa burutzea hainbat ikuspegiei helduz, zeharkako azterketa burutuz alegia, laster hiriak ez baitira orain bezala antolatuko: eraikinak beste era batera gauzatuko dira, bestelako garraio bideak izango ditugu eta gizarte arazoak aldatu egingo dira.

Europak, Europako Batzordeak alegia, zentzu horretan agiriak eta jarraibideak kaleratzen ditu etengabe. Gaur egun Batzordearen erronka nagusia Garapen Jasangarria da, Ingurumenaren Babesa eta gizarte berdintasuna eta kohesioa ere kontuan hartuz, baina aldi berean oparotasun ekonomikoa eta nazioarteko akordioak betetzeko beharra ere aipatzen dira.

Ardatz nagusi horiek agerian utzi ostean, begi-bistan azaltzen zaigu non egingo duten bat ikerlanek, produktu berriek eta ekoizpen forma berriek, aparteko aukerak ahalbidetuz. Horrek guztiak zera eskatzen du: Euskal Herriak Garapen Jasangarriaren alde argi eta garbi egitea.

Zeharkako posizionamendua beharrezkoa da, gizarte eragile guztiak aintzat hartuz, hots, Jaurlaritza, bertako Sailak eta pertsona bakoitza. Horretarako, hainbat arlo kontuan hartuko dira: tokiko administrazioa, hezkuntza mundua, ekonomia arloa –honek ere Garapen Jasangarriarekin lotutako erabaki politikoak onartzen ikasi beharko duelarik, epe luzean ondorio positiboak izango baitute–, GKEak eta talde ekologistak eta ingurumenaren aldekoak, politika mundua, sindikatuak eta gizarteko bestelako taldeak.

Prozesu honetan aparteko garrantzia dute hedabideek eta komunikatzaileek, aldaketa honetan funtsezko papera izan baitezakete, Garapen Jasangarriaren alde Herri osoak eta bertako eragileek bideratutako ekimenak sustatuz. Hedabideek bestelako lantxoa izango dute, hau da, Garapen Jasangarria zer den eta zer eskatzen digun argi eta garbi eta modu pedagogikoan azaltzea. Horrela, gizarte osoak aldaketa beharrezkoa dela sumatuko du, ideia hori zirimiriak bezala toki guztietara eramanez.

Garapen Jasangarriaren benetako esanahia barne-muinetaraino sartzea guztiz funtsezkoa da; horrela, denok ikuspegi bateratua izanik, Garapen Jasangarriaz blai eginda bukatu dugu eta agian euriteak, urakanak eta bestelako hondamendiak xumeagoak izango dira, gure bizitzan zirimiria bakarrik izanik.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/11/04-11