NEO PI-R inbentarioaren euskararako egokitzapenaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Nekane BALLUERKA LASA
Itziar ALONSO-ARBIOL
Arantxa GOROSTIAGA MANTEROLA
Mikel HARANBURU OIHARBIDE
Traducción al español

ZERGATIK EGOKITU?

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) hizkuntzaren normalizazioa eskuratzen jarraitzeko Eusko Jaurlaritzak bultzatutako plan estrategikoa da. Plan horrek Euskal Erkidego Autonomoko bizilagunen hizkuntza eskubideak ziurtatu nahi ditu. Eskubide horien artean oinarrizkoenetakoa da Euskal Administrazioetako lanpostuetarako lehiaketa bi hizkuntza ofizialetan burutu ahal izatea. Horregatik, sarbide-probak euskaraz zein gazteleraz egin ahal izatea ziurtatu behar du Administrazioak.

Proba horietan nortasunaren ebaluazioa ere egiten da, beste alderdi batzuen ebaluazioarekin batera. Nortasuna eredu desberdinetatik azter daitekeen arren, Bost Faktore Handien ikuspegia nagusitzen ari da azken urteetan. Gazteleraz tresna bat baino gehiago badaude ere, euskaraz oraindik ez dago Bost Faktore Handien arabera nortasuna ebaluatzeko proba balidaturik.

Nortasuna Bost Faktore Handien ikuspegitik ebaluatzeko erabiltzen den tresna garrantzitsuenetako bat NEO PI-R (Revised Neo Personality Inventory, Costa eta McCrae, 1992) da. NEO-PI-R tresna berria da nortasunaren ebaluazio psikologikoaren eremuan, eta tresna hori sostengatzen duen Bost Faktore Handien teoria ere halaxe da. Bost Faktore Handiei buruzko ikerketen gorakada, XX. mendeko azken hamarkadan gertatu da. Horrela, inbentario hau dagoeneko mundu zabaleko 36 kultura ezberdinetara egokitu da (McCrae, 2002).

Nortasunaren ebaluazioa, lan eremuko hautapen prozesuekin ez ezik, eskolako ebaluazio eta orientazio-zerbitzuekin, psikologia kliniko eta psikiatriarekin eta osasunaren psikologiarekin ere loturik agertzen da. Eskolako errendimendua azaltzeko, eskolako ikasketetan hartu beharreko orientazioa aholkatzeko, psikologia klinikoaren edo psikiatriaren arloko nahasteak azaltzeko nortasunaren profila ezagutu behar izaten da sarri, eta horretarako baliabide ezin hobea da Bost Faktore Handien ikuspegia, eta bereziki NEO PI-R inbentarioa.

Jakina denez, edozein proba psikologikoren balioa bere ezaugarri psikometrikoen egokitasunean datza. Baina, proba psikologiko bat hizkuntza batera egokitzeko eta baremo arauemaileak eraiki ahal izateko prozesu linguistiko eta psikometriko estandarizatua jarraitu behar da. Horrela eraikitzen badira bakarrik emango digute baremo horiek pertsona bakoitzaren datuak berari dagokion populazioaren beste partaideen datuekin alderatzeko erreferentea.

Hau guztia kontuan harturik, NEO PI-R moduko tresnak euskaraz izateak bultzada handia emango lioke hizkuntza normalizazioari. Azken batean, NEO PI-Rren euskararako egokitzapenak edozein euskaldunek bere ama hizkuntzan eta berari dagokion taldearen arabera ebaluatua izateko duen eskubidea bermatzen du.

ZERTARAKO EGOKITU?

NEO PI-R inbentarioaren erabilpen esparruei dagokienez, aipatzekoa da administrazioetako zein beste enpresa batzuetako lanpostuetarako langileak hautatzeko tresna honek izan dezakeen erabilgarritasuna.

Modu berean, hezkuntzaren eta haurren bokazio orientazioaren eremuan ere tresna oso baliagarria da. Hain zuzen ere, bokazio interesak nortasunarekin, eta bereziki nortasunaren faktore jakin batzuekin oso erlazionatuak daude (Costa, McCrae eta Holland, 1984). NEO PI-R-ren eskaletan lortutako emaitzak bokazio interesen eskaletan lortutako puntuazioen osagarriak izan daitezke. Esate baterako, pertsona batek salmentan lan egiteko interes handia agertu arren, ez genuke lanpostu horretarako aholkatuko, Bost Faktore Handien arabera barnerakoia dela ikusiko bagenu.

NEO PI-R eta antzeko ebaluazio tresnak hezkuntzaren munduan oso baliagarriak izanik ere, eta azterketen arabera Euskal Erkidego Autonomoko ikastetxe ez-unibertsitarioetan nagusi den hizkuntza euskara izanik ere, oso gutxi dira euskarara egokituak dauden test psikologikoak, eta ondorenez gutxieneko berme metodologiko batez balia ditzakegunak (Isasi, Balluerka eta Gorostiaga, 2000). Kasu askotan, ikastetxeetako hizkuntza politika dela eta, edo haurrek euskaraz hobeto ulertzen dutelako, psikologo askok ebaluazio psikologikorako ad-hoc itzulpenak egiten dituzte gaztelaniatik, haurrek hobeto uler dezaten, baina erabilitako testek gaztelaniaz bereizgarri psikometriko egokiak badituzte ere, ez da berdin gertatzen euskarazko itzulpenarekin (Isasi, Balluerka eta Gorostiaga, 2000). Gertaera honek ebaluazio psikologikoen kalitatea ez ezik, beste profesionalek eta populazio orokorrak tresna hauei eta ebaluazio psikologikoari ematen dieten sinesgarritasuna ere murriztu egiten du. Horregatik, ezinbestekoa deritzogu arlo psikoedukatiboan erabilienak eta beharrezkoenak diren ebaluazio-tresnen egokitzapen zorrotz eta sistematikoa emango duten ikerketak egiteari.

Era berean, psikologia klinikoaren eta psikiatriaren eremuan ere tresna oso baliagarria gertatzen ari da NEO PI-R-a. Nortasunaren bereizgarriak garrantzitsuak dira nahasteen diagnostikorako eta NEO PI-R-ak bereizgarri horiek objektiboki neurtzen ditu. Bost Faktore Handien eta Nortasunaren nahasteen arteko lotura ikerketa askotan nabarmendu da (Widiger eta Costa, 1994, 2002; Clark, Livesley eta Morey, 1997). Bost Handien gisako nortasunaren ezaugarrien taxonomiak nortasunaren nahasteak sailkatzeko bide alternatibo moduan erabil daitezke (De Miguel eta Pelechano, 2000).

Aipatutako eremuetarako ez ezik, osasunaren psikologiaren arloko eraikuntza ezberdinak ulertzeko ere baliagarria gertatzen ari da Bost Faktoreen eredua. Eredu honek informazio osagarria eman dezake beste eskala batzuen esanahia ulertzeko. Honela, adibidez, nortasunaren profilean agertzen duten neurotizismo mailaren arabera modu ezberdinean interpreta daitezke pazientearen kexuak.

EGOKITZAPENAREN FASEAK ETA PARTEHARTZAILEAK

Euskararako egokitzapeneko prozesuan bi fase daude: fase pilotua, dagoeneko burutua; eta fase esperimentala, oraindik bukatu gabea. Jarraian zehazten dira bi aldi hauetan orain arte lortutako kopuru totalak eta parte hartu duten erakundeak:

- Fase pilotuan, Antigua Luberri BHIko eta EHUko ikasleek eta Errenteria, Hernani, Irun, Tolosa, Oiartzun eta Donostiako udaletxeetako pertsonek hartu dute parte (250 pertsona inguruk).

- Fase esperimentalean, orain arte ondoren aipatzen diren ikastetxe eta erakundeetako 800 lagun inguruk hartu dute parte.

AURRERA BEGIRA

Oraindik beste 1600 bat pertsonari aplikatu behar zaizkie galdekizunak. Jasotzen den informazioa guztiz konfidentziala da; galdekizunak betetzen dituen pertsonaren identitatea klabe baten atzean gordetzen da.

- Galdekizun hauek betetzeko prest dauden pertsonak behar ditugu.

- Prest daudenek helbide hauetara dei egin edo idatz dezakete:

- NEO PI-R egunak antolatuko ditugu, ordu eta toki jakinetan testak bete ahal izateko.

Erreferentzia bibliografikoak

Clark, L.A., Livesley, W.J. eta Morey, L. (1997). Personality disorder assessment: The challenge of construct validity. Journal of Personality Disorders, 11, 205-231.

Costa, P.T. Jr. eta McCrae, R.R. (1992). Revised NEO Personality Inventory (NEO-PI-R) and NEO Five-Factor Inventory (NEO-FFI) professional manual. Odessa, FL: Psychological Assessment Resources Inc.

Costa,P.T., McCrae,R.R eta Holland, J.L. (1984). Personality and vocational interests in an adult sample. Journal of Applied Psychology, 69(3), 390-400.

De Miguel, A. eta Pelechano, V. (2000). Estructura de personalidad y trastornos de personalidad: correlatos de personalidad de los trastornos de personalidad definidos por clasificación de consenso. Psicologemas, 14(27-28), 1-210.

Isasi, X., Balluerka, N. eta Gorostiaga, A. (2000). La utilización de instrumentos de medida en situaciones de contacto de lenguas y culturas: una reflexión metodológica. Psicothema, 12(Supl 2), 305-310.

McCrae, R. R. (2002). NEO-PI-R data from 36 cultures: Further intercultural comparisons. Non: R. R. McCrae (arg.), The Five Factor model of personality across cultures. International and cultural psychology series (105-125 orr.). New York, NY: Kluwer Academic/Plenum Publishers.

Widiger, T.A. eta Costa, P.T. (1994). Personality and personality disorders. Journal of Abnormal psychology, 103, 78-91.

Widiger, T.A. eta Costa, P.T. (2002). Five-factor model personality disorder research. Non: P.T. Costa eta T.A. Widiger (arg.). Personality disorders and the five factor model of personality (59-88 orr.). Washington, DC: American Psychological Association.

Oharra: Artikulu honetan aurkezten ditugun datuak “Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Gipuzkoa Sarea” (OF863/2004) programaren esparruan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batasun Europearrak (FEDER) finantzatutako ikerketa baten zati dira.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/11/04-11