Xabi TXAKARTEGI, Lehen mailako pediatra. Gernikako anbulatorioa
Traducción al español
Sarrera
Lehen Arretan dihardugun Pediatrok argi daukagu datozen urteetan, etorkizunean oro har, gaixotasun fisikoak edo organikoak bezain garrantzitsuak izango direla umearen portaerakoak edo bere psikologiari lotutakoak. Hala adierazten du 2000. urtean burutu zen Haur Osasun eta Pediatriaren etorkizunari buruzko Delphi ikerketaren ondorioak, zeinetan hartu zuen parte Estatu guztiko pediatra askok: ume eta nerabeen Osasun Mental arazoak gehitu egingo dira 2001-2013 epean eta haiei buruzko ikerketa lerroek eduki behar dute lehentasuna, genetika, tumore eta infekzio berrien ikerketari buruzkoen aurretik.
Argazkia: Anita Patterson (abpphotos@yahoo.com) |
Osasun Mentaleko arazoak aipatzen ditugunean, betiko gaixotasun psikiatriko ez ezik, portaeraren asaldurak (hau da, ume normalek eskola, familia eta gizarte mailan erakus dezaketen portaera ez normalak), ikasteko arazoak eta eskola porrota, familia barneko distoziak … etab. nahi genituzke azpimarratu.
Azken urteetan, bestalde, umeen eta nerabeen asaldura bat atera da komunikabideetan beste batzuk baino indartsuago eta hau Arreta Galdu-Hiperaktibitate Asaldura da (AGHA) (Trastorno de Déficit de Atención-Hiperactividad edo TDA-H erdaraz). Egoera honek eragin desberdinak sortu ditu gizartean, familian eta eskola munduan: batzuei argia egin zaien bitartean eta bere seme edo ikasleen arazoak aditzen eta konpontzen lagundu dien bitartean, beste batzuk medikuen, komunikabideen, amerikanoen edo irakasleen asmakeria antzeman dute, beste moda bat beste era batera esanda, edo gizarte gaixo baten ondorioren bat, iragankorra izango dena eta, beraz, urte batzuetara hari buruz hitz egitea oso gutxi mereziko duena.
Zer da Arreta Galdu-Hiperaktibitate Asaldura?
AGHAa hiru osagaitan oinarritzen da: Arretaren galera, Hiperaktibitatea eta Oldakortasuna, baina Arreta Galdudun hutsa edo Hiperaktibitate-Oldakortasundun hutsak ere izan daitezke.
Argazkia: jpkwitter@hotmail.com |
Arazoaren jatorria garuneko gune batzuetako neuronen transmisioko arazo bat dela dirudi; esan genezake akats organiko batek eragindako asaldura funtzionala dela AGHAa. Beraz, familia giroak, gurasoen pertsonalitateak eta jokamoduak … etab. ez daukate zerikusi handirik arazoaren genesian, hau sortzekoa delako. Bestalde, entzimen azterketak, elektrofisiologikoak eta irudizkoak anormaltasunak erakus baditzakete ere, ez dira funtzionalak oraingoz eta diagnostikoa klinikoa izan behar da.
Zenbatetan agertzen da arazo hau
Arazo hau populazio pediatrikoaren %4-6k dauka. Beraz, asaldura psikiatriko ugariena da. Bizi guztirako iraun dezake AGHAak, sintomak, adina aurrera hala, kasu askotan ezkutatu edo gainditu egiten diren arren. Hiperaktibitatea adierazten dutenak dira gehien ezkutatzen diren sintomak, arreta galduari dagozkionek %60ean jarraitzen baitute helduaroan. Suposatzen da oinarrizko sintomek eta ondorioztatutakoek %40ean jarraitzen dutela arazoak sortzen helduengan. AGHAa gehiago agertu ohi da mutiletan nesketan baino, baina seguruenik gertatzen dena da neskek berezko aktibitate maila txikiagoa dutela mutilek baino, eta hiperaktibitatea erakusten duen emakumezkoa estalirik gera daitekeela gaur eguneko klase mistoetako eskolan.
Zein da ume hauen istorio naturala?
Kontatuko den bilakaera ez da arazodun guztiena, baina bai gerta daitekeena eta askotan gertatzen dena.
Argazkia: Anita Patterson (abpphotos@yahoo.com). |
AGHAdunak jaioeratik edo oso txikitatik erakusten du portaera oso aktiboa, batez ere Hiperaktibitate-Oldartasun osagaia duenean. Ume oso sinpatikoak izaten dira, geldiezinak askotan, leku edo gai batetik bestera etengabe aldatzen ari direnak eta besteek baino istripu gehiago pairatzen dutenak. Eskolaurrean sarritan altzatzen dira bere jarlekutik, hitzjarioa izaten dute sarritan eta lider txki batzuk moduan joka dezakete; dagoeneko izan dezakete arazoren bat ikas mailan. Eskola garaian maiz gertatzen dira ikasteko arazoak ume hauetan; beste aldetik, arreta mantentzeko bere ezintasun edo zailtasunaz jabetzen hasiak dira eta, gainera, konturatzen dira ezin dutela konpondu; adi egoteko esfortzu handiak egiten dituzte baina emaitzak urriak dira; lider garaia dagoeneko joan ohi da; bere portaerak ondorioak sor ditzake gurasoengan, etxeko harremanetan …; guzti honek norbere pertzepzioan sor dezake eragina, autoestima jaitsi eta antsietate edo depresiora bideratu. Nerabetasunean, aktibitate maila jaitsi egiten dute, baina arreta galduak jarraitu egiten du gehienetan eta arestiko arazoak (familia eta lagun artekoak, eskolakoak, psikikoak … etab. areagotu egiten dira); drogazaletasunean gehiago erortzen dira kideak baino, motor istripu gehiago pairatzen dituzte eta, oro har, gizarte aurkako portaera gehiago gertatzen da gizabanako hauetan.
AGHAren garrantzia
Beraz, oinarrizko 3 sintoma "arin" edo, itxuraz, garrantzigabekoek portaerako asaldura sakon eta kronikoak eragin ditzakete. Gaixotasun honen garrantzia, orduan, ondoko premisa hauetan dago:
Argazkia: Kenn Kiser (kennkiser@yahoo.com). |
1- Ume normaletan gertatzen da.
2- Asaldura bera ere normaltasunaren mugan dago.
3- Bere ondorioak larriak izan daitezke nerabe edo helduaroan.
4- Kontrola daiteke eta aurre egiteko tratamentua badago.
Nola, nork eta noiz daignostikatzen da AGHA?
Diagnostikoa istorio klinikoan eta balidatuta dauden test batzuetan finkatzen da. Istorio klinikoa gurasoekin egingo den elkarrizketan eta DSM-IV galdesortean oinarritzen da. Garrantzitsua da baita umearekin hitz egitea ere, berak nola bizi duen bere egoeraz eta nortasunaz jabetzeko. Miaketa fisikoa ere egin egin behar da, gehienetan ez bada agertzen anomalitaterik ere; gortasuna eta zentzumenen akatsak baztertu egin behar dira. Esan dugu lehen ez dagoela ikerketa berezirik, ez analisirik eta ezta imagina azterketarik ere (TAK, Erresonantzia etab.).
AGHAaren diagnostikorako, beste aldetik, derrigorrezkoa da honako baldintza hauek betetzea: sintomatologia 6 urte bete baino lehen hasita egon behar da, bere iraupena 6 hilebete baino gehiagokoa izan behar da, egun guztian azaldu, egun guztietan eta, gutxienez, bi ihardueretan (ez bakarrik eskolan, otorduan, etxean …, bi edo denetan baino).
Argazkia: Anita Patterson (abpphotos@yahoo.com). |
Diagnostikoa baieztatzeko (ala ez) irakasleak beteko dituen galdesortaz (Conners edo antzerakoak) baliotzen gara, baina azpimarratu egin behar da test bat ez dela diagnostikoa egiteko oinarriazko elementua, diagnostikoa finkatzeko laguntzailea baino.
Noiz egin daiteke diagnostikoa?. AGHAa asaldura kongenitoa denez gero, edozein momentutan egin daiteke, hainbat eta hobeto zenbat eta goizago egin. Lehenengo urteetan zaila da diagnostikoa, umearen garapenaren desbideraketa normalaz joka dezakeelako AGHAak, baina behin umeak 5-6 urteak bete, suma daitezke sintomak. Alarma emateko pertsona aproposena irakaslea da berak ikusten dituelako ondoen umeen portaeraren desbideraketak eta, batez ere, parekatu ditzakeelako gelako ume guztien portaerak. Gurasoek antzeman dezakete arazoa eta kontsultatu, beraiek soilik edo irakaslearekin batera. Pediatrak gutxitan pizten du alarma, AGHAadun umeek portaera normala erakutsi ohi dutelako egoera berrietan (kontsultan, esate baterako).
Nola egin daiteke ume hauen jarraipena? Ba ote du tratamendurik?
Eta zer egin daiteke ume batekin behin diagnostiko hau ipini eta gero. Bi bide dauzkagu arazoa konpontzen laguntzeko, bata bestearen ondoan joan behar direnak, alegia ez direnak kontrajarriak. Bata, tratamendu psikoterapeutikoa da, eskola eta familia mailan adimena eta portaera aldatzen lagunduko diona. Bestea, farmakologikoa da eta adimena mantentzen duen medikamentu baten erabileran datza. Frogatuta geratu da ikerketa askotan, bestalde, farmakoa dela gehien laguntzen duena pronostikoa hobetzen, alegia bi tratamendu bideak banan banan erabiliz gero farmakologiko hutsa psikoterapeutiko hutsa baino eraginkorragoa dela. Baina, esan dugun moduan, bi tratamendu lerroak jorratu behar dira emaitza egokiak jasotzeko. Ondo erabiliz gero bide biak, hobekuntza esanguratsua lortzen da %80ean beste, edozein beste asaldura neuripsikiatrikoan baino askoz ere gehiago.
Argazkia: Anita Patterson (abpphotos@yahoo.com). |
Orain arte idatzitakoarekin, ulerterraza da disziplinanitzeko jarraipenak duen garrantziaz jabetzeko. Alde batetik, familia lehenengo, eta gero ume edo gazte bera izan behar dira tratamenduaren jabe. Beste batetik, irakasleak eta eskolako laguntzako pertsonala dira umearen portaeraren eta ikasketen jarraipena egiteko aproposenak. Pediatra eta familia medikua dira tratamendu farmakologikoaren erantzuleak, dosiak egokitu edo bere aldameneko eraginak (oso arraroak) antzeman egingo dituztenak. Psikiatraren betebeharra ezinbestekoa izango da arazo psikiatrikoren bat (oldartasun arazoa, depresioa, etab.) dagoenean tratatzeko, edo gurasoei laguntzeko umearen portaerak familiarteko gatazkak, depresioa, antsietatea, gizartearekiko urruntzea, etab. eragiten dituenean. Gizarte laguntzako pertsonala ere beharrezkoa da egoera batzutan.
Edozein estamentu izan daiteke koordinatzaile jarraipen honetan, egokiak eskola laguntzako pertsonala edo pediatra badirudite ere. Estamentu bakoitzaren mugaz eta besteen garrantziaz jabetuz gero ez litzateke arazorik sortu behar.
Argazkia: Malinda Welte (mwelte2@hotmail.com). |
Baina, esan behar da oraindik oso urruti aurkitzen garela hori lortzeko, osasun eta eskolako pertsonala ez delako jabetu AGHAak duen garrantziaz. Ordua da esparru ezberdinetan elkarlanean hasteko, arazo honetan (ohizkoena delako, eta baita esker onenekoa ere), baina bai beste askotan ere.
Bibliografia
Zametkin AJ., Ernst M. Problems in the management of attention-deficit-hyperactivity disorder. N. Engl J Med 1999;340:40-46.
Zuri M, Ramchandanu P, Joughin C. Evidence and belief in ADHD. BMJ.2003;321:975.
Taylor E, Sergeant JA, Doefpner M, Gunning B, Overmeyer S, Mobius HJ, eisert HG. Clinical guidelines for hyperkinetic disorder. Eur Child Adolesc Psichiatry;7:184-200.
American Psychistric Association. Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders, Fourth Edition. Washington DC: American Psychiatric Association 1994:78-95.
MTA Cooperative Group. 14-month randomiced clinical trial of treatment strategies for attention-deficit/A hyperactivity disorder. The MTA Cooperative GroupMultimodal treatment study of children with ADHD. Arch Gen Psychiatry 1999;56:1073-1086.
Soutullo CA. Diagnóstico y tratamiento farmacológico del trastorno por déficit de atención e hiperactividad. Madicina Clínica. 2003;120,6:222-226.
Barkley RA. Attention-Deficit Hyperactivity Disorder. A handbook for diagnosis and treatment. 2.nd ed. The Guiford Press. New York, NY. 1998.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |