Mikel INSAUSTI MUGURUZA
Traducción al español
Jakina da gizakion aztarna ekologiko globala munduko ekosistema guztiak bermatu dezaketena baino handiagoa dela. Munduko ekosistema guztien jasapen ahalmena % 35 batez gainditzen dela estimatzen da gaur egun. Munduaren aberastasun ekologikoa "jaten" edo suntsitzen ari garela esan nahi du honek, batez ere garapen ekonomikoaren abiadurak eta honen ez-sostengarritasunak eragina.
Bestalde, kontsumo globalaren % 75-a munduko biztanle guztien %17-en eskuetan dago, gainontzeko kontsumo guztia (% 25) beste 5.000 milioi pertsonen artean banatuta dagoelarik. Ikuspegi etiko batetik, errekurtsoen banaketa munduan oso ezberdina da. Bestalde, garapen bidean dauden herrialdeak mendebaldeko kontsumoa parekatzen badute, planetak eztanda egingo du: Hiru planeta behar izango lirateke guztientzako errekurtsoak bermatzeko eta eragindako kutsadura xurgatzeko.
![]() |
Argazkia: Kenn Kiser (kennkiser@yahoo.com). |
Egun hauetan Asiako herrialdeetan zehar nabil, bertako errealitate soziala ezagutzen. Asian zehar mendebaldeko “garapen” eredua bizkor zabaltzen ari da: Vietnameko kaleetan milaka eta milaka motor dabiltza, jendea pozik dago, azken finean nork eduki zezakeen, duela hamar urte, motor propioa Vietnamen? Zer gertatuko da petrolioan oinarritutako garapen eredu hau Asian zehar zabaltzen bada? Jarraitu ahal dezakegu mendebaldeko biztanleok errekurtsoak kontsumitzen hauek infinituak balira bezala?
Galdera hauek oraindik ez dira serio hartzen mendebaldeko gobernuetan, eta gizarteak ez ditu oraindik bereak egin. Errazagoa da erantzun zaileko erronka hauek datozen belaunaldiei uztea. Teknologiak salbatuko gaituela askok sinisten dute, fanatismo erlijiosoa dirudien indarrarekin gainera.
![]() |
Argazkia: Clara (clarita1000@gmail.com). |
Azken hiru hamarkadetan ere nazioarte mailan hainbat itun eta akordio sinatu dira ingurugiroaren babespena bermatzeko, eta nazioen arteko elkarlana bultzatzeko. Aurrepausoak ematen ari dira arlo askotan: batzutan sektore pribatuak bultzatutako ekimenei esker, besteetan botere publikoak. Aurrerapauso hauen garrantzia ezin da gaitzetsi. Baina eraginkorrak izateko, iraunkortasunera jo nahi duten politika hauen abiadura zeharo arinagotu beharko litzateke. Posible al da hau?
Nire ustez, ikuspegi teknologiko eta politikoetan soilik oinarritutako erantzunak ez dira eraginkorrak izango. Azken-finean, XIX. mendean hasitako iraultza teknologiko eta industriala izan da Planetaren errekurtsoak modu “eraginkor” batean ustiatzea ahalegindu duena. Gaurko sistema politiko modernoek, bestalde, epe laburreko erantzunak bultzatzen ditu. Ditugun instituzio gehienak epe luzeko erronkei aurre egiteko ez dira gai.
Aurreko adierazpen hau ez du harritzekoa izan behar, gizartearena eta gizabanako gehienen baloreen islada bai dira. Nola sortuko dira instituzio eraginkorragoak, garapen materiala eta kontsumoan oinarritutako baloreak geroz eta indar handiagoa duten testuinguru batean?
![]() |
Argazkia: Daniel T. Yara (dantada4@yahoo.com). |
Ez gaitezen engainatu. Oso erreza da instituzioei eta gobernuei leporatzea iraunkortasunaren erronkei modu ez eraginkor batean egiten aritzea. Aldaketa posible eta eraginkor bakarra gizabanako bakoitzaren baitan dago. Automobilaren erabilerari uko egiten diogunean, agian garraio sistema publiko eta ez kutsatzaile baten oinarriak jarriko ditugu. Gure barneko hutsuneak gauza materialekin betetzen uzten dugunean, agian bizitza estilo berriak deskubrituko ditugu, eta instituzio berriak sortuko dira ondorioz.
Gizabanako bakoitzaren konpromisoa iraunkortasunarekiko lortzeke dagoen erronka zailena da. Baina politena izan daiteke ere bai. Zergatik? Zeren bide berri honi ekiten ez dugu zertan bakarrik egon behar. Nik sinetsi nahi dut iraunkortasun bide berrien bilaketan, gure bizitzetan zoriontasun handiagoa aurkituko dugula. Elkarrekin ikasi ahal izango ditugu “banatzeko” eta “elkartasunezko” bide berriak. Agian, osokoak izango gara gauza gutxiagorekin. Nolabait esateko, iraunkortasunerako bidea, sinpletasunaren bilaketarekin parekatuko nuke nik.
![]() |
Argazkia: Norbert (http://kinder-veranstaltung.de). |
Mundu Andinoan, Boliviako aymara kulturan, funtsezko gauzetara bueltatzeko prozesu honi pachakuti deitzen diote. Prozesu honetan “elkarbanatzeak eta afektuak indar berria hartuko dute”, Fernando Huanacuni mundu andinoaren ikastunaren hitzetan. Egutegi andinoaren arabera, azkeneko 2.000 urteetan indibidualismorako joerak nagusi izan dira. Fernandok dio garai berri baten atarian gaudela, non komunitatea eta elkartasuna nagusi izango diren.
Pachakutia edo nahi dugun bezala deitu, Fernandoren hitzek iraunkortasunaren erronka nagusiak ukitzen ditu. Munduko biztanle guztiak komunitate handi eta dibertsoa gara, errekurtso limitatuak dituen Planeta dugularik gure etxea. Gizakiaren iraupenaren gakoa errekurtso hauen banaketa justuan datza. Elkartasunez eta afektuz egiten badiogu bide honi, ez du zergatik prozesu mingarria izan behar. Ordea, errekurtso materialen limiteak aukera bat izan daiteke funtsezko gauzetara bueltatzeko eta bizitza osoagoak bizitzeko.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |