![]() | Harkaitz Cano Idazlea |
Urkiri SALABERRIA
Argazkiak: Karlos CORBELLA
Traducción al español
Harkaitz
Cano, Lasarten jaio zen 1975ko Abuztuan. Nahiz eta Zuzenbidea ikasi bere
ofizioa idazlea da, "zer bestela?". 2005eko Euskadi Literatur Saria
jaso du, "Belarraren ahoa" kontakizunagatik. Orain arte hainbat
liburu argitaratu ditu, hain zuzen, "Kea behelainopean" bezala.
Susa, 1994. (poesia), "Paulov-en txakurrak". Erein, 1994. (narrazio
hibridoa), "Radiobiografiak". Elkar, 1995. (ipuinak), "Beluna
jazz". Susa, 1996. (eleberria), "Telefono kaiolatua". Alberdania,
1997. (ipuinak), "Bizkarrean tatuaturiko mapak". Elkarlanean, 1998.
(ipuinak), "Pasaia blues". Susa, 1999. (eleberria), "Piano
gainean gosaltzen". Erein, 2000. (New Yorkeko kronikak), "Norbait
dabil sute-eskaileran". Susa, 2001. (poesia), "Enseres de Ortopedia
In?til", 2002 (ipuinak)... Ugaria dugu gazte honen uzta. Hamalau urterekin
garbi zeukan idazlea izango zela; hemezortzirekin, Lubaki Taldean hasi zen...
eta hemeretzirekin bere lehenengo liburua plazaratua zuen. Beste arte-humanismo-arloetan
aritu da kolaborazioak egiten, musika, zinea, marrazkia, argazkia... "aktibidade
multidisziplinarrak" oso gogoko ditu-eta.
Egun euritsua eta hotza aukeratu dugu elkarrizketarako. Aurkezpenak egin ondoren,
euria mara-mara dugula, toki baten bila gabiltza elkar-hizketa egiteko. Oso
gizon jatorra eta benetakoa dugu Harkaitz Cano. Lasaia, erreztasun guztiak
ematen dituen bakarretakoa. Azkenean, taberna batean aterpe aproposa bilatzen
dugu eta... polizoiak bagina bezala, kamarero batek sukaldearen ondoan dagoen
tokitxo bat uzten digu. Baita musikaren bolumena jaitsi ere. Hori bai, "
jabea agertzen denean"... Eta horrela aritu gara, beroak, lapiko soinuen
artean eta... jabea noiz etorriko zain!
Gidoitxo bat, galderekin, ekarri dut, baina, agian, jarraitzen dugu hasita genuen solasarekin, batzuetan solasaldiak galderak baino mamitsuagoak dira eta...
Bai, gehienetan. Beno, (hitz egiten ari ginen gaiari buruz)... bada halako zerbait; adibidez kritikoak, badira oso zine kritikari onak, analisia eta memoria oso zehatzak dituztenak, ez dakit zenbait pelikulen aktore, zuzendari, plano eta sekuentziarekin... gogoratzen direnak, baina gero, ez dira gai pelikula baten gidoia idazteko, film bat sortzeko. Memoriak aplastatzen du kreatibitatea eta alderantziz, beti etortzen zaigu burura poeta, genio ... sortzailearen despiste topiko hori.
Eta zure memoria...
Memoria txarra daukat. Ez da bereziki txarra-txarra, baina ezta ona ere.
Hizkuntza menperatzeko, errekurtso guztiak, nola egiten duzu orduan?
"Hombre!", baina hori da egun osoa horren gainean ari zarelako, hizkuntzaren gainean zaudelako. Ez da memoria, hainbeste, baizik eta erabilera.
Memoria historikoa?
Bai baina, justu zure buruari memoria lantzea derrigortzen diozulako daukazu memoria. Baina berez, ez daukazu; gabezi bat konpensatzeko da. Horregatik idazten dugu, edo "berridazten" dugu: pasa diren gauzak edo pasa ez direnak.
Idazten duzunean badaukazu atzera egiteko tekla hori sakatzea, eta geratzen zara oraindik ezer gertatu ez den momentu horretan... momentu hori oso interesgarria da.
Adibidez...
Horri buruz, "Belarraren ahoa"ren germena poeta poloniar bati esker sortu zen. Poeta honek Hitlerren lehenengo argazkia hartuta idazten zuen: "Austria eta Alemaniako mugan ume txiki bat jaio da, ume txiki bat jaio da inork ez daki zer izango den haunditzean, operako kantaria, alkatearen alabarekin ezkonduko ote da? Inork ez daki... sehaskan dago, txintxirrina eskuetan dauka, babero jantzia... aii ze ume polita!!, Hitlerren etxean entzuten da..." Eta, zein izan zen gero? Ume horrek ume guztien antza zeukan, eta zen inorrekin antzekoa... Horretarako balio du literaturak, oraindik ezer gertatu ez den une "anodino" batean kokatzeko.
Irakurrita dut "iceberg"-aren simila gustukoa duzula: Punta baino ez dugu ikusten eta ezer ez dela gertatzen ari ematen du, baina itsaspean dagoena ikusirik...
Hemingway-k erabiltzen zuen "iceberg" teoria hori; baina asko tranpeatu da, hau da, jende askok hori egiten duela esaten du: " Es que parece que no pasa nada, pero pasa..." baina gero errealitatean izotz "koxkor" flotanteak baino ez dira... Orain, beste simil politagoa daukat... glaziarrarena.
Glaziarra?
Bai, Rodrigo Fresanek zioena, glaziarra da kontundentea, sedimentatua eta poliki dihoana, baina badoa. Eraikin osoa ikusten duzu, ezkutua asko dago, baina agerian ere bai. Dena, jolasak dira...
Axola ez bazaizu, mintza gaitezen zutaz…
Ba, kasualitatez, hitzaldi bat prestatzen ari naiz: "Ama, jende normala ez da existitzen". Hori da, hain zuzen, Isabel Coixet-en pelikula baten eszena: kotxe batean ama eta alaba solasan agertzen dira eta amak alabari dio bere txikitako laguna jada ezkondu dela, etxe bat daukala eta bere senarra "perito agronomo" dela..., eta amak nahi duen bakarra bere alaba persona "normal" bat izatea dela. Orduan alaba, kokoteraino dagolea, kotxe geratzen du eta zera esaten dio: "Ama, jende normala ez da existitzen". Aparientzian, ia guztiok jende normala ematen dugu baina pixka bat eskarbatu eta neurotiko, sikopatak, etab. agertuko zaizkizu. Hori dena, nire buruz hitz egin nahi baduzu...
¡uff!? (irifarra)
Beno, hamalau urterekin aldatu ninduten eskolaz, Lasartetik Donostiara, Santo Tomas Lizeora. Lasarteko eskolan oso "silbestre"ak ginen, errekreoak mendian, zuhaitzen artean pasatzen nituen. Eta Donostiara etorri nintzenean..., oso anekdota dibertigarria daukat; ordurako nik idazten nuen, eta Lasarten ohitura genuen erramu ostoak ahoan eramaten; hara non, eskola berrian zegoen zuhaitz bakarra erramua zela... Ba, halako batean, lehenengo egunetan entzun nuen nere ikaskide batzuen artean nitaz ari zirela eta batak besteari zioen: "el de adelante mio, escribe y además come hierba", eta nere artean pentsatu nuen "kalekume hauek! ez dute ezberdintzen erramua eta belarra!!!"
Orduan txikitatik...
Bai, arrarotasun hori konturatzea, asumitzea eta harro
egotea prozesu bat da.
Gero, Lizeoan bertan irakurriarazi ziguten idazlan bat, gastelerazko klasean,
eta gaia izan zen "Recuerdos de un viejo trompetista", ni ez ninduen
inork ezagutzen eta klase osoa txaloka hasi zen.
Eta une horretan erabaki zenuen idazle izatea...
Beti esaten dut hori galdetzen didatenean, baina gezur bat da. Erabiltzen dudan gezur bat... Ba horiek dira nere "origenak" (irifarra)
Idaztea zer da zuretzat, terapia edo eskuzabaltasuna?
Ez bata, ez bestea. Terapia bihurtzen da, baina ez da lehendabiziko intentzioa. Konturatzen bazara, nerabe garenean ia guztiok idazten dugu, baina gero uzten diogu idazteari... jada ez dugu behar. Karlos Linazasorok esaten zuen: "hau galdera absurdoa! zergatik idaztea?... Ba, egin al daiteke beste ezer?". Hori da gure (idazleen) sentipena, arraroak direnak idazten ez dutenak dira, "zer egiten duzu, idazten ez baduzu?". Idaztea ez da sufrikari bat, nere gustuko jokozelai bat da.
Beste zerbaitetan gustura arituko zinen? Musika adibidez?
Musikan frakasatu nuen, eta horregatik neretzat musikariak arraza apartekoak dira, asko miresten ditut eta nere lagunik onenetakoak musikariak dira, asko gustatzen zait beraiekin gauzak egitea...
Imajinatu, Euskadiko Literatur saria irabazteak ilusio handia egin dit baina Xabier Muguruzak nere letra kantatzeak... biak parean jartzen ditut!
Marrazkia?
Enbidia ematen didate marrazkilariek... Azkenean zer geratzen zait?
Sormen hori, barnean dago eta modu batean edo bestean atera egin behar?
Nik uste dut norberaren izaeraren kontua dela. Ziur naiz idatziko ez banu beste nonbait egongo nintzela, baina epelago eta goibelago izango zen...
Zuzenbidea ikasi zenuen, zergatik?
Kasualitatez. Ez nuen uste erabaki inportantea zenik zein karrera ikastea. BUPean zientziak ikasi nituen, nere lagunak zientzietan ari zirelako... ez nuen lotzen ikasten nuena egiten ari nintzenarekin.
Agian Zuzenbidean lagunik ez neukalako edo, ez ninduten desanimatu egitera. Azken finean, nere hobby-a karrera ikastea zen, benetan serio zena idaztea zen. Etxean, hala ere, nere aitak Zuzenbidea ikasi zuen eta ez zuen nahi nik gauza bera ikastea...
Zure aitarena aipatu duzula...haritik tiraka jarraituko dut... Zure familia nolakoa da? Non bizi zara? Gurasoekin?...
Ez, bakarrik bizi naiz... beno ez, hanka bat nere etxean eta bestea nere neskalagunaren etxean, agian pixka bat eskizofrenikoa, elkarrekin bizi baina bi etxeetan...
Diotenez, egoerarik ideala bikote bat ondo moldatzeko eta irauteko...
Ez dakit zer esan, azkenean ez dakizulako non duzun zure alkandora beltza, hori da problema! (barreak). Familiari dagokionez, arreba bat daukat, ni baino zortzi urte gazteagoa eta talentu handikoa.
Zure lan mundura itzulita...: gure gizartean, dena hain txikia, legea, extra-plano bilatu eta azkar bukatu nahi dugula... ipunak arrakastatsuak izango dira.
Uf! Gizarte kontserbadore honetan zaila da ipuinak irakurtzea.
Jendea ohitu baldin bada elaberriaren erosotasunera, hau da, sartzen zara
eta bukatu arte ez duzu transbordorik egin behar, zaila izango da ipuinen
mundura ohitzera, askoz mugituagoak, transbordo askorekin eta horrek dakarren
deserotasunarekin.
Eta zer esanik ez poema liburu bat!
Behin esan zidaten, "nik nobela irautea nahi dut", eta Dixan konzentratu bost kilo ere... hori da pentsakera.
Ba egiatan, ni ipuinzalea naiz...
Eta literaturzaleok garenok ere bai. Baina oso gutxi gara. Enpirikoki frogatuta daukat, Durangoko azokan, adibidez, norbait nere liburu bat ikusi, portada gustukoa izan, hartu, kartera atera, ordaintzera joan... eta kontraportadan ikusten duenean "ipuinak", liburua utzi eta ez hartu. Jendeak nobela nahi du.
Arrisku gehiegi editoreentzat?
Merkatuan zaudela, badakizu zer den dagoena eta berrogei folioekin agertzen zarenean editore batengana... kontzientzia kargoarekin zoaz. Baina istorioa berrogei orrietan burutua bada, ezin duzu luzatu, zertarako?. Askoz gehiago disfrutatzen da eserialdi batean irakurtzen duzun istorio batekin! Nobela batean gauza asko barkatzen dira, ipuin batean, aldiz, ezer ez, inpekable izan behar da. Nobela latifundista, ipuina minifundista. Nobelak puntuaz irabazten du, ipuinak kao-z...
Zure lehenengo libururako, nola konbentzitu zenuen editorea?
Ez zidan lehenengoan argitaratu. COU ikasten ari nintzen eta poema liburu bat neukan, eta gora eta behera ibili nintzen, editoreengana joaten. Azkenean, Gorkak, Susako argitaletxekoak esan zidan, "bale, oso ondo, liburu hau ez dugu argitaratuko baina eginzak bat hobea eta hori bai...". Hala izan zen.
Ipuinekin bezala, saltoka ari gara... New-York: zer egin zenuen? zergatik? zertara?
Ba, karrera bukatu ondoren, 23 urterekin, nere bost urteko penitentzia bete ondoren, erabaki nuen urtebete neretzat izango nuela, bakarrik idazteko eta nere kaxa ibiltzeko. Etxetik urrun. Jakin nahi nuen zer zen benetan idazle lana, egunero eta horretaz dedikatua.
Oso bizitza bakarrekoa izan zen, ez neukan ia inorrekin harremanik. Urte "sabatiko-selbatiko". Neretzat izan zen heltzea sutan jartzea, nere espazioa neukan, jeikitzen nintzen eta ikusten nuena idazteko makina zen, idazteko makina mahai batean zegoen eta espazio berean zeuden ohea eta mahaia... egunero mahaiak esaten zidan:"Etorri, etorri lan egitera" . Banekien zer zen idaztea, baina ez intetsidade horrekin.
Eta egunero idaztea, posible da?
Orri txuriaren bertigoa... ez dut inoiz bizi. Ez baduzu zer idatzi egun batean, ba irakurri. Irakurtzea eta idaztea ariketa berbera da: Sistole eta diastole, bihotzaren mugimenduak dira. Xurgaketa eta jaurtiketa...
Inspirazioa?
Motibazioa.
Zertan sinesten duzu: Patua, magia, kasualitatea?
Badago zerbait, polita benetan. Unibertsoaren teoria bat: hemendik bi milloi urtera egongo gara berriz, zu eta biok elkarrizketa hau egiten, gauzatxo batzuk aldatuta, agian beste mahai batean...
Bukatzeko, derrigorrez galdetu behar dizudana, Euskadiko Literatur Saria?
Sariak istripuak dira. Hor gertatu dena kasualitate bat dela jakin behar duzu; justu momentu horretan, epamailak, bere uneko umorearekin, erabaki du zure liburua irabazlea izango dela.
Beste sarietan aurkezteko gogoa?
Ez. Sari honetan ez zara aurkezten. Hasierako erritual horiek, hiru kopiak egin, sobreetan sartu... egin nituen, eta batzuetan irabazi, beste batzuetan ez... oso polita zen baina, "sin más"... Literatura ez dago sarietan. Neretzat, saria idaztea da.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |