Maddi Irigoyen

Zientzilari eta euskaltzalea Parisen

"Gernika taldera, 68 urteetarik landa, hego Euskal Herriko gazte asko etorri ziren ; garai batean, hegoaldekoak iparraldekoak bezainbat ziren, ongi ginen Euskal Etxean"Escuchar artículo - Artikulua entzun

Lucien ETXEZAHARRETA
Traduction au français

Baionan sortua, 1946 urtean, gaurregun Parisen bizi da. Pariseko Ecole Centrale-n inginadore ikasketak burutu ondoren, Matematika Doktoratu bat jaso zuen eta Parise II eta VI Unibertsitateetan Maître de Conférences irakasle postuan dabil. Jaso zuen ere DEA titulu bat Espazioko Mekanika eta Astronomian.

Hirurogeiko urteen hamarkada geroztik, Pariseko Euskal Etxearen inguruko elkarteetan dabil, Duban kalean, lehendabizi, eta gaurregun Saint Ouen hirian. Ikasle elkarteetan ibili zen eta baita Gernika dantza eta kanta taldean. Honen abesbatza zuzendu zuen hogei urtez, 1981. urtea geroztik. Euskal Etxearen lehendakari orde egon zen ere etxe aldairaren denboran, 2005. urtea arte, oraindik ere honen Administrazio Kontseiluaren partaide delarik. Lokarria Komitearen sortzaileetarik izan zen; 1990 urtean, Parisen, euskal preso eta haien senideen laguntza humanitarioarentzako eta zenbait urtez honen lendakari egon zen.

Musika zale eta musikajole da ere. Jussieuko Unibertsitearen orkestaren kide da hogeitahamar urte hauetan, honen Lehendabiziko Biolina delarik.

Ezkondua da Michel Irigoyenekin, Saint Cloudeko Ecole Normale Supérieure delakoaren ikasle ohiarekin, gaur egun filosofia irakasle dena Baionako Bernat Etxepare Lizeoan. Seme bat du : Amadeo, 27 urtekoa eta Matematikan Agregazione bat lortu duena.

Irakasle eta ikertzaile

Matematikarako gustu hau eskolatik dator?

Ez zen bapatezko gauza izan. Lizeoan esaten den bezala “matematikan ona” nintzen eta ondorioz, nire irakasleek, amak ere, bide horretara bultzatu ninduten, garai berdinean musikan arras ona nintzen ere, baina norabide zientifikoak irabazi zuen. Beraz, Baccalauréat azterketaren bigarren partea lortu eta Classes Préparatoires delakoak egin nintuen, Mathématiques Supérieures eta Spéciales, konkurtsoak, oposizioak prestatzeko, lortu nuen Ecole Centrale. Oro har ildo batean egon naiz, zientziak eta matematika maite nintuen, bide horri jarraikio naiz.

Unibertsitateko irakasle posturaino...

Eskola Nagusi horren jarraiean DEA bat egin nuen, Diplome d’Etudes Approfondies bat, orduko cusus klasikoa, Hirugarren Zikloko Tesia batena. Gero, Matematikako Assistante postu batetarik Maître-Assistante, gaur egun Maître de Conférences deitzen den irakasle postua.

Maddi Irioyen

Unibertsitatean elkarrekin doatzin Irakaskuntza eta Azterketa funtzioak nola biltzen dituzu?

Unibertsitateko irakasle ia guztiak “irakasle ikertzaile” dira. Ondorioz, nere lanaren erdia irakastea da, bestea azterketen egitea. Ekonomia ikasle batzuei matematika klaseak ematen dizkiet eta ikerketa mailan Parise VI.eko talde batean naiz, Sistema Dinamiko eta Ekuazio Diferentzialen eremuan. Hor lana erraztua zaigu irakasle kide asko eremu hurbiletan lanean ari baitira eta talde koherenteak egiten baititugu.

Badu orai berrogei bat urte eremu horretan lan egiten duzula, hurbilketak berdinak al dira oraindik eta irakaskuntza aldatzen ari al da?

Irakaskuntza baino gehiago ikasleak dira aldatu. Asistente gazte nintzalarik, 1968 urteen inguruan, anfiteatroak eta Lan Talde Taldeak mugitzen ziren eta ihardokitzen zuten, dinamiko eta biziak ziren. Piskanaka, konturatzen naiz ikasle anfiak menperatuagoak direla ordutik ezberdinak diren zalantzazko denboretan. Ikasleak bestelakatu dira.

Matematiken irakaskuntzak beti edukin berdina al du, beti oinarrizko arazo berdinen inguruan?

Ditudan ekonomiako ikasleentzat irakaskuntzak ez dira hainbat kanbiatu. Programak doi bat, baina behar dituzten lanabesak globalki berdinak dira, salbu eta ordenagailuetazko resoluzio numerikoei dagokienez dena osoki. Gaur egungo irakaskuntzan ordenagailuak toki zentrala dauka.

Astronomian Matematikak parte hartze handia du.

Modu zentral batez. Eskola Handi hartan nintzelarik, maiz horretaz mintzo nintzen, Michel, gero ene senarra izango zenarekin, harek nau interesa piztu, batez ere Greko zaharren astronomiari buruzko jakintzetaz. Injinadore eskole horretatik atera ondoren, egia esan han ez nintzen hainbat gustura ibili, Unibertsitateari buruz itzuli nintzen DEA baten prestatzeko, gero Hirugarren Zikloko Tesia bat eta azkenik Estatu Tesia bat, Espazioko Mekanika eta Astronomiaren esparruan. Ikertu nuen bereziki deitzen den “Hiru Korpuen Arazoa”, hasieran berean Newtonek zehaztu zuena, Leibnizekin batera sortu zuelarik kalkulu diferentziala. Hori da hiru espazioko korpuen mugimenduaren deskribaketaren arazoa, Atrakzio Unibertsalaren Legearen arauera elkar erakartzen dutelarik. Hori da arazo bat “ezin integratuzkoa” dela probatu dena, beraz matematiken bidez ezin dena osoki konpondu, “Bi Korpuen” arazoarentzat egin zen bezala, Kepleren kasuan. Ene Tesian Hiru Korpuen arazo horretaz interesatu nintzen, Estatu tesian jarraitu nintzen ere, arazoari hurbilduz modu matematikago batean. Horrek, ondoren, Paris VI Unibertsitateko ikerketa talde batean sartzera eraman ninduen, eta bertan modu zabalago eta matematikazko batean lan egiten dut Sistema Dinamikoetaz, Ekuazio Diferentzialetaz modu orokorrean eta arazo batzuen ezin integratasunaz.

Badirudi, hala ere, gaurko kalkulu tresna poderetsuei esker zalantza eta zehaztasun eza asko konpondu direla: ba al dira oraindik segeretu asko zulatzekoak espazioko mugimendu horietan?

Dudarik gabe, argi da, duela berrogei urte ezin asmatuzkoak ziren gaurko kalkulu tresna izugarriek lagundu dutela, batez ere astronautikaren eremuan, anbizio handiko programa batzuen bideratzen eta numerikoki arazo batzuen soluzioen aurkitzen, matematikaz inoiz konpontzen jakingo ez ditugunak. Aplikazio hauen alde praktikoan, informatikazko eta kalkulu lanabesek ekartzen dituzte “ebidentzia numerikoak”, ia ziurtasunak soluzio batzuen izaiteaz eta formaz. Bainan demostraketa matematikoen planu zehatzean, arazoa osorik geratzen da. Bi gauza horiek badabiltza paraleloki, elkar laguntzen dute, baina bereiziak gelditzen dira.

Soluzio matematikorik ez izanez, aproximazioa aski zaizue beraz?

Aproximazio oso zehatza, guztiz baliagarria. Baina integratasun eza horren demostrazioa Henri Poincaré baten aurretik hasia zen. Honek, 19. mende ondarrean, matematikoki soluzioen aurkitzeko ezintasuna jarri zuen.

Euskal kulturaren etengabeko suspertzea

Euskal kulturaren munduarekin topatzeko, Parisek toki handia hartu du zure bizian, batez ere Pariseko Euskal Etxeak.

Euskal Herrian berean topatua nuen jadanik. Parisera joan nintzen nerabetasuna aintzintxoan, zeren eta familia arazo batzuengatik ama Parisera lan egitera joan izan behar baitzen. Bainan oporretan honera beti itzultzen nintzen eta beti kontaktua atxiki nuen. Urte batzuen buruan, Euskal Etxea ezagutu nuen eta hor, laster, sartu nintzen Gernika kanta eta dantza taldean. Bazen ere Batzorde Sozial bat eta herritar andana ezagutu nuen hor. Bazen ere ikasle talde bat Michel Irigoyenek, gero ene senar bilakatu zenak, eraiki eta animatzen zuena. Naturalki taldearen partaide bilakatu nintzen, hogeita hamar bat ikasle ginen, orduan talde aski dinamiko bat, aktibitateak bageniotuen, nola Hego Euskal Herrira buruz egiten genituen ikas bidaiak, Donostiako Unibertsitatera besteak beste, 60. hamarkadan. Talde horretan elkartasun lokarri indartsuak bagenituen.

Maddi Irigoyen

Gernika taldera, 68 urteetarik landa, hego Euskal Herriko gazte asko etorri ziren: Parisera zentorren, maiz soziologia ikasketak Nanterren egiteko, moda handia baitzen orduan. Garai batean, Gernikan, hegoaldekoak iparraldekoak bezainbat ziren. Garai horretaz oroitzapen onak ditut, ongi ginen Euskal Etxean, bereziki gazte talde horietan.

Orduan gertatu ziren topaketak errefuxiatu politikoekin, menturaz enfrentamenduak ere, nola iragan zen?

Aski ongi. Euskal Etxean, orduan, eta gaur oraindik, Gerra Zibileko errefuxiatuak baziren, gogoan ditudan Patxi Iturrioz edo Ramon Arresta bezalakoak, lehen belaunaldiko errefuxiatuak. Gero, 70 hamarkadan, pixkanaka, ETAko iheslariak etorri ziren, baina ez zen arazorik. Naturala zen Euskal Etxera etor zitezen eta bereziki parte har zezaten Gernikaren aktibitateetan. Giro ona zen zinez, gero, 70.etako azken urteetan edo 80.ekoetan ikusi zenetik oso ezberdina.

Pariseko euskal mundu horretan, baziren klanoak, taldeak, zuberotarrak, garaztarrak, Kostaldekoak... Talde horien artean nola egiten zen lotura, ala behexiak ziren eta behar ote zen ararteko lan bat egin?

Euskal Etxean, baziren, eta duela gutxi arte, azpi komunitateak. Adibidez, Gernika taldean, bagenituen kideak batzuek “espainolak” deitzen zituztenak. Euskal herri “barne alde sakonekoek” ez zituzten beti ondo preziatzen. Badaiteke horrengatik, 70. urteen erditsuan, dantza talde bat sortu zela, Gazteriak taldea, dantza benafartarrak baizik ematen ez zituena, benafartarrekin. Geroztik, taldeak errepertorioa handitua du eta jarraitzen da. Zuberotarrei dagokienez, bazen “Eskualduna” elkartea, elkarte zuberotar bat, Pariseko zaharrena funtsean, 1912 urtean sortu zena, mende hasiera horretan Parisera buruzko zuberotarren emigrazio handiaren ondorioz. Horiek ere azpi komunitate bat egiten zuten. Oraindik, uda bakoitz, bazkari bat antolatzen dute Euskal Herrian.

Pariseko Euskal Etxearen tokiz aldatzea, Pariseko 16. Auzotik, Duban karrikatik Saint Oueneraino ez zuten denek nahi hasiera batean, gaur egun aukera ona egin zela erran daiteke?

Aldaira horren egite gauza ona izan zen. Aspaldiko gogoa zen, zeren eta 90. urteetan, Pariseko toki eleganteenetako batean, Duban kalearen auzoek egiten genuen zarataz kexatzen hasiak baitziren, maiz arrazoi zuzenez. Duban kale horretan, egoitzaren jabeak ginen, 400 metro karratu zolan zituen eraikuntza bat zen, Passy auzoan, altxor handia zinez. Orduko lendakaria, Louis Domecq, Jacques Broca diruzaina eta Jean Marie Gezala lendakari ordeak bost egin ahalak obratu zituzten beste Euskal Etxe bati buruz. Berrogei bat eraikuntza bisitatu zituzten, Parisen eta inguru hurbilean. Aldiro, obren egiteko, bat edo bi milioi euroko diru mailegua egin beharra zen.

Azkenean Saint Ouen-eko aukera hori gertatu zen: material elektrikoa egiten zuen lantegi ohi bat, ez Parisen, baina oso gertu, 600 metrotan, 50 metrotan zuela Metro geltoki bat, toki praktikoa eta erraz heltzekoa. Hor, lehendabiziko Etxea salduz, erosketa egiten ahal genuen eta gainera egokitze obrak pagatu. Eremuia bikoizten ahal zen, bi sala handi baziren, askoz lo gela gehiago “biltokia”rentzat : hots, Parisera etortzen diren gazteentzako gelak, baldintza eroso eta merkeetan, ikasle gelen CROUSeko norma ofizialei egokituak. Bada ere barneko patio bat, bulego batzuk, Sustraiak-Erroak elkartearen euskarazko klaseetarako gelak. Toki oso egokia da. Hala ere, aldaira oso zaila izan da. Obrek luze iraun dute, festa batzuen bidez diru pixka bat sartu aurretik. Sekuritate Batzordeak ez zuen berehala baliatzeko baimenik eman eta obra berri batzu egin behar izan dira. Eta gero, pixkanaka, abiatu gara urte zail baten ondotik, ehun mila euroko defizita handi bat jasan ondoren.

Berriz hasi diren aktibitateetan, badira puntu indartsu batzu, festa batzu jendea biltzen dutenak urtean zehar, martxoko ohizko kermeza, Ihauteriak otsailean, “adinekoen” festa bat, 150 bat lagun biltzen dituena. Aurten, lehendabiziko aldiz, Nafarroaren Egun bat antolatu dugu, abenduan, arrakasta politarekin, Iruneko gaiteroak eta Jarauta 69koak etorri dira.

Pariseko Euskal Etxearen helburuetaz asko hitz egin da, “Kultur Zentru” batetaz mintzatu da, berdin ere Euskal herriaren “Enbaxada” batetaz... Geroari begira zer gogo duzue?

Beti hor dago kultur animazio zabal baten gogoa. Ohargarri da ere norabide batzu Euskal Etxearen partaide diren elkarte batzuen esku dela. Euskal Etxea, elkarte handi bat da, Zuzendaritzan partaide diren zazpi edo zortzi elkarte partaiderekin baina beren aktibitate propioak dituztenekin antolatua da. Adibidez, Sustraiak-Erroak bere lan berezia dauka, AEKk bezala klaseak bideratzen ditu, Euskal Herriko pertsona batzu gomitatzen. Kultur animazio horretan partaide da beraz, kanpotik, baina Euskal Etxearekin kolaboratuz. Ikuskizun batzu, dantza edo kantaren inguruan, Gazteriak elkarteak bere gain hartzen ditu, adibidez aurten, bere hogeita hamar urteen karietara eta folklore talde batzu ekarrarazi ditu. Gernikak bere aldetik abesbatza ingeles batekin hartu emanak baditu. Lokarriak urtarrilean Michel Berhocoirigoin gomitatu zuen Laborantza Ganbaraz hitz egiteko. Kultur animazio bat bada, beraz, erran nahi zabalean.

Lokarria Komitean konpromiso bat hartu duzu, ekintza humanitario baten bideratzea euskal preso eta senideen alde. Batzuek hori gaizki ikusi lukete. Horrengatik ez al duzu berdin arrisku bat hartu, animatzen zenituen taldeen zatikatzearena?

Berdin ez zen horrelako arriskurik: 80 hamarkadaren bukaeran horretaz mintzatu nintzen Euskal herrian adiskide batzuekin. Parisen, Euskal Etxearen inguruan zerbait antolatu nahi genuen sostengu horren inguruan. Bazen “Euskadi Komite” bat, ETAren aferetan inkulpatuak zirenen defentsarako, baina ez zen ezer Iparretarrak erakundearen presoentzako. Aukera horrekin zerbait antolatu nahi genuen. Azkenean, 1990.ean eraiki genuen. Hasieran Euskal Etxetik bereizia zen elkarte bat zen, baina, laister, sustengu festa batzuen antolatzen hasi ginen, Euskal Etxetik kanpo, gero, baimena eskatuz, barnean bat muntatu genuen eta dena ondo iragan zen. Gero, lehendabiziko aldiz, Euskadi Komitearekin Aberri Egun bat ospatu ginuen, 1991.eko apirilean. Orduko Euskal Etxearen apaiza, Marcel Tilhous-ek lagundu gintuen, esanez naturalki parte hartuko zuela. Horrek erakustera eman du batzuei, gertakari horren antolatzea posible zela. Hala ere bat edo bestek zioen “ez dela politikarik egiten” Euskal Etxean. Urte batzuez dena normaltasunean iragan da. Gero, Etxearen estatutuak aldatu eta, elkarte partaideak sortuz, galdatu dugu Lokarria hala kontsideratua izan zedin. Ongi etorria egin ziguten, bai beste elkarteek, bai Domecq lendakariak, gure ekitaldia ekintza sozialen kokatuz. Ez da instituzio arazorik gertatu, batzuek beren umore gaiztoa zokoetan azaltzen baldin badute ere. Baina uste dut holakorik ere badela Euskal Herrian...

Lokarriak besta batzu antolatzen ditu urtean zehar, folk musika taldeak edo beste gomitatuz. Sustengu apairuak ere muntatzen ditugu. Etekinak bidaltzen ditugu Errepresioaren Kontrako Komite, Ahaideak edo Lagundu elkarteei, sustengu hori zuzenean egiten dutenei. Igaz parte hartu ginuen Filipe Bidarteren askapen baldintzatuaren lortzeko, izenpetzeak bilduz. Iragan azaroan, firma horiek eskatzen ginituela, batzu oldartu zaizkigu. Hor gertatu zen arazo bat, baina geroztik gauzak leundu dira. Luzara etsaigo horretan direnak aldatzen ahal dira eta ulertzen ahal dute humanitarioa egiten delarik, politikoak bezala ikusten dituzten gai batzu hunkitzen direla. Euskal Etxean onartzen ditugu Jaurlaritzaren diru laguntza batzu, altabada hau gobernu abertzale bat da. Politikan ari gara diru laguntza hori onartuz? Horretaz eztabaida daiteke.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

ELKARRIZKETA
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/01/06-13