Europar Batasunaren hizkuntza-irizpideen kontraesanak (II-III)Escuchar artículo - Artikulua entzun

Itsaso EZENARRO
Traducción al español

2. Erromako Ituna: EB-ko hizkuntza-irizpideen jatorria

Napoleonek XIX. mendearen hasieran eta Hitlerrek XX. mendearen erdialdean uste izan zuten Europa batera zitekeela, nazio bakar baten hegemoniatik abiatuta. Aldiz, gaur egun Europa eraikitzeko ahaleginek oso bestelako planteamendua dute oinarrian.

XIX. mendean eta XX. mendearen lehenengo erdian Europa oso garrantzitsua izan zen mundu mailan; aldiz, II. Mundu Gerraren ostean, ahul geratuko da, eta, hain zuzen, ahultasun hori izango da Europa batuaren beharra justifikatzeko argudioetako bat.

Baina XX. mendean proposatutako batasun-ereduak muzin egingo dio estatu baten hegemoniari; aldiz, maila berean egongo diren estatu subiranoen arteko batasuna lortu nahi da. Batasun hori, hasiera batean, ekonomia arloan soilik proposatuko da, eta ekonomian emandako bateratze-urratsek gero eta konpromiso politiko solidarioagoak ekarriko dituztela pentsatzen da, azkenean Europa batuaren kontzientzia sortzeraino.

Hala, 1957an, Erromako Ituna sinatuta, Europako Ekonomi Elkartea sortu zen (EEE), soil-soilik helburu ekonomikoak zituela. EEEren ondorengo da Europar Batasuna (EB), eta haren planteamendu berari eutsi dio, alegia, batasun ekonomikoa izan du helburu nagusi. Bide horretatik, ekonomia-arloan urrats handiak egin dira, moneta bateratzeraino; aldiz, kulturaren eta hizkuntzaren arloko eskumena estatuari dagokio, eta erakundeak kontu handiz jardun du esparru horietan, estatuaren konpetentziak urratu gabe.

Dena den, EEEren sorreratik bertatik erabaki behar izan zituzten erakundearen hizkuntza-irizpideak, eta Europako erakundeen hizkuntza-erregimena Ministroen Kontseiluak aho batez ezarriko zuela xedatu zen Erromako Itunaren 217. artikuluan, betiere Justizia Auzitegiaren estatutuan jasotako xedapenen kontra egin gabe.

Agindu horri erantzunez, Ministroen Kontseiluaren lehenengo xedapenak, 1958ko apirilean onartutakoak, Europako Ekonomia Elkartean eta Energia Nuklearraren Europako Elkartean zein hizkuntza erabiliko diren zehazten du. Xedapen hori egokitu egin da erakundera kide berriak atxiki izan diren bakoitzean, betiere printzipio honi jarraituz: Estatu kide bakoitzaren hizkuntza ofizial guztiak erakundearen hizkuntza ofizial izango dira. Alegia, estatuen berdintasun juridikoaren printzipioarekin bat zetorren irizpidea aukeratu zen erakundearen hizkuntza ofizialak ezartzeko orduan ere.

Hasieran, sei kide zituen erakundeak: Frantzia, Alemania, Italia, Belgika, Herbeereak eta Luxenburgo. Lau ziren hizkuntza ofizialak: frantsesa, alemana, nederlandera eta italiera. Ondoren, 1973an, Britainia Handia, Irlanda eta Danimarka sartu ziren elkartean, eta orduan, gaelikoari estatus berezi bat eman ahal izateko, “lan-hizkuntza” terminoa sortu zen: gaelikoa hizkuntza ofiziala izango zen, baina ez lan-hizkuntza.

Izan ere, Irlandako gobernuak ez zuen gaelikoa lan-hizkuntza izan zedin eskatu, eta, ondorioz, bere erabilera bi kasutara mugatzen da: batetik, fundazio-itun guztiak gaelikora itzultzen dira (horregatik “Itun hizkuntza” ere esan izan zaio) eta itzulpena ofiziala da, hots, balio juridikoa du eta, bestetik, irlandarrek gaelikoa erabil dezakete Batasuneko instituzioetara zuzentzean, batez ere, Justizia Auzitegian.

Estatus bera egokitu zitzaion, geroago, luxenburgerari. Izan ere, Luxenburgo Batasunean sartu zenean alemana eta frantsesa ziren herrialdeko hizkuntza ofizialak, eta gerora luxenburgera gehitu zitzaionean, estatuak ez zuen eskatu hizkuntza ofiziala izatea.

EEE sortu zenetik ia mende erdi igaro den honetan, EBren hizkuntza-sistemak Ministroen Kontseiluaren lehenengo xedapenean oinarrituta jarraitzen du: zabalkunde guztietan, kide berrien hizkuntza ofizialak elkarteko hizkuntza ofizial eta lan-hizkuntza bihurtu dira. Erakunde baten lan-hizkuntzak zehaztea esan daiteke bere barne-funtzionamenduari eragiten dion auzia dela, baina Europar Batasunaren kasuan, hizkuntz aniztasunarekin duen konpromisoaren sinbolo bihurtu da, Europaren hizkuntz aniztasunaren sinbolo eta berme. Hizkuntz aniztasuna errespetatzea, eskubide baino gehiago, erakundeen jarduteko printzipioa da EBn. Elkarteak ez du hizkuntza-politikarako helburu zehatzik, eta hizkuntza ofizial guztiak lan-hizkuntzatzat hartzea bihurtu da politika horren elementurik garrantzitsuena.

Irizpide horri jarraituz, 2004ko maiatzetik, 25 estatu kide eta 20 hizkuntza ofizial eta lan-hizkuntza ditu Europar Batasunak: alemana, frantsesa, ingelesa, daniera, nederlandera, gaztelania, italiera, greziera, portugesa, suediera, eslovakiera, esloveniera, estoniera, hungariera, letoniera, lituaniera, poloniera, txekiera eta maltera. Alegia, hizkuntza horietara guztietara itzuli behar dira dokumentu guztiak, Europako Parlamentuan hizkuntza horiek guztiak erabil daitezke, hiritarrak hizkuntza horietako edozeinetan zuzen daitezke erakundeetara, eta erantzuna hizkuntza berean jasotzeko eskubidea dute.

XXI. mendean sartu garen honetan, beraz, EEEren sorreran bertan finkatutako irizpideari eusten zaio: Estatu kideen hizkuntza ofizialak ofizial dira EBn, eta, luxenburgeraren eta gaelikoaren kasuan izan ezik, hizkuntza ofizialak lan-hizkuntza dira. Bistan da, eleaniztasun integralaren eredu hori askoz arazotsuagoa da orain indarrean jarri zenean baino. Erakundearen sorreran, irizpide egokia izan zitekeen Europaren hizkuntz eta kultur aniztasuna islatzeko. Zabalkundearekin, ordea, gero eta konplexuagoa eta zentzugabeagoa da. Izan ere, gurean administrazioak bi lan-hizkuntza izateko zer-nolako zailtasunak dituen ikusita, posible ote erakunde batek hogei lan-hizkuntza izatea?

3. Hizkuntza ofizial guztiak lan hizkuntza ote?

XIX. mendean frantsesa zen nazioarteko harremanetan hizkuntza garrantzitsuena, eta EBn ere, lehenengo urteetan, frantsesa zen nagusi, honako arrazoi hauengatik:

1. Frantsesa zen diplomaziaren eta nazioarteko harremanen hizkuntza.

2. Mendebaldeko elite intelektualean zabalduen zegoen hizkuntza zen.

3. EBko erakundeak ezarri ziren hirietako hizkuntza zen: Brusela, Estrasburgo eta Luxenburgo.

II. Mundu Gerratik areagotu egin da, ordea, ingelesak nazioartean duen prestigioa, eta nazioarteko komunikazio-hizkuntza nagusi bihurtu da; halaber, areagotu egin da alemanaren presentzia ere.

Europar Batasunean hiru hizkuntza horiek dira nagusi: ahozko harremanen %80 hizkuntza horietan izaten dira. Ondoren, baina oso atzetik, gaztelania eta italiera daude.

Gauza bera gertatzen da maila idatzian ere: Batasunaren barruko prozesu administratibo gehienak ingelesez edo frantsesez abiatzen dira, nahiz eta amaieran hizkuntza guztietara itzuli. Ildo horretatik, bada datu esanguratsu bat: itzulpen-zerbitzuen sail espainiarrak lanen %80 ingelesetik eta frantsesetik egiten du. Nahiz eta printzipioz hizkuntza ofizial guztiak lan-hizkuntza diren, lan-hizkuntza nagusiak ingelesa eta frantsesa dira, ondoren alemana, eta, atzetik baina nahiko urrun, gaztelania eta italiera.

Dena den, indarrean dagoen irizpideari jarraituz, erakundeak egindako ahozko nahiz idatzizko ekintza oro hizkuntza ofizial guztietara itzuli behar da, eta horrek, bistan da, gastu ekonomiko handiak dakartza. Hona hemen datu esanguratsu batzuk:

-Hamabost estatu kiderekin, 1,5 milioi orri itzultzen ziren urtean; 25 herrialderekin, 2,4 milioi orri. Batzorde, Parlamentu eta Kontseilurako 4.000 pertsonak dihardute hizkuntza-zerbitzuan lanean, eta orain beste 2.000 hasiko dira.

-Zabalkundearekin egoera xelebreak ere sortu dira: malterako 135 itzultzaile-plaza atera dira, eta 40 hautagai soilik aurkeztu dira. Letonieran ere 82 hautagai baino ez daude 135 postutarako.

-Itzulpen-sistemak duen kostuaz gain, onartu behar da ez dela eraginkorra: gutxien erabiltzen diren hizkuntzetara oso berandu egiten dira itzulpenak.

Azken puntu horrek arrazoi garbi bat du: arestian azaldu bezala, hizkuntza ofizialak eta lan-hizkuntzak ez daude benetan parekatuta, ekuazio hori faltsua da. Izan ere, parekatze hori benetan gauzatu ahal izateko, elkarteko funtzionarioek hizkuntza guztiak erabiltzeko gai izan beharko lukete. Baina funtzionarioei, jatorrizko hizkuntzaz gain, beste bat jakitea besterik ez zaie eskatzen, eta gehienetan hizkuntza hori zabalduenetakoa izaten da. Hizkuntza-abanikoa mugatua da, beraz. Hasieratik bertatik konturatu ziren muga horretaz, eta erabaki zuten Batasuneko erakunde bakoitzak bere hizkuntza-araudia sortu behar zuela.

Funtsean, beraz, Batasunaren arabera hizkuntza ofizial guztiak lan-hizkuntza diren arren, egoera bestelakoa da: erakundeen erabakiak eta erabaki horien oinarri diren dokumentuak hizkuntza guztietara itzultzen dira; estatu nahiz hiritar guztiek erakundeekin harremanetan jartzeko ama-hizkuntza erabil dezakete; EBren funtzionamenduari buruzko informazio orokorra hizkuntza ofizial guztietan ematen da. Hortik kanpo, ordea, erakundeen eguneroko jardunean ingelesa eta frantsesa dira lan-hizkuntza, eta, maila apalagoan, baita alemana ere.

EBren zabalkundeak hizkuntza ofizialak eta lan-hizkuntzak identifikatzearen inguruko eztabaida indartuko du, irizpide hori EBk bakarrik duelako, gero eta bideraezinagoa delako, eta, gainera, ez delako betetzen. Horrez gain, bada beste arrazoi bat ere, erabakigarria ez den arren, guretzat oso garrantzitsua dena: itxuraz demokrazia linguistikoa oinarri duen irizpide horrek erabat baztertu eta zokoratu ditu hizkuntza ez-ofizialak.

Europar Batasunaren hizkuntza-irizpideen kontraesanak (I-III)

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/01/13-20