Animaliak izan eta babesteari buruzko Ordenantza EreduaEscuchar artículo - Artikulua entzun

EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartea
Traducción al español

EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak, zenbait Udaletako teknikariekin eta beste Instituzio batzuetako adituekin lankidetzan, hirietan animaliak izan eta babesteari buruzko Ordenantza Eredua garatu du, Euskadiko Udalei tresna berri bat eman eta euren funtzioa bete ahal izateko. Tokiko Gobernu bakoitzak bere udalerriko errealitatera egokitu beharko lukeen Ordenantza honen bitartez, animaliak izateko aukera araututa egongo da eta, gainera, animalia horien eta jabeen eskubide eta betebeharrak babestuta geratuko dira.

Herri eta hirietan animaliak izan eta babesteko aukera arautzeko beharrizana lehendik ere bazegoen, eta herritarrek zein tokiko erakundeek aspalditik eskatzen zieten hori eskumena zuten instituzioei. Animaliak babesteari buruzko urriaren 29ko 6/1993 Eusko Legebiltzarreko Legeak gutxieneko marko juridikoa sartu zuen, gizakien eta animalien arteko elkarbizitza arautzeko. Horretarako, osasun publikoaren zainketa eta osasunarekiko errespetua, defentsa eta babesa uztartu zituen, interes orokorrera egokitutako orekaren barruan eta Udalei funtzio garrantzitsuak emanez.

Argazkia: Phaedra
Argazkia: Phaedra (mommy2emjar@yahoo.com).

Lege hori indarrean sartu ostean, EUDELek Animaliak Izan eta Babesteko Aukera Arautzeko Ordenantza Ereduaren eredu bat egin zuen. Bertan jasotako erabakietara egokituta zegoen, eta helburua zen mota guztietako animaliekiko elkarbizitza, jabetza, erabilera, erakusketa eta komertzializazioa arautzea tokiko esparruan. Bestetik, arau-hausteen eta aplika daitezkeen zigorren ikuskapen, zainketa eta tipifikazioak finkatzen ziren.

Beste alde batetik, gai hori arautzeko prozesuari ekin zitzaion, bai lurralde mailan zein Estatu osoan. Prozesu hori, hein handi batean, animalia jakin batzuek zenbait pertsonari egindako erasoengatiko alarma sozialak bultzatu zuen.

Gauzak horrela, Arriskutsuak Izan Daitezkeen Animaliak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legeak baldintza zorrotzak ezarri zituen mota horretako animaliak izateko orduan. Baldintza horien artean zegoen aldez aurreko lizentzia bat lortzeko derrigortasuna.

Hasieran, Lege horren garapen legegile eza zela eta (garapen hori behar-beharrezkoa baita legea behar bezala aplikatzeko), Euskal Autonomia Erkidegoan arau zehatz bat onartu zen: Euskal Autonomia Erkidegoan Txakurrak Izatea Arautzen duen apirilaren 4ko 66/2000 Dekretua. Arau horrek, besteak beste, Animalia Arriskutsuen figura sartu zuen, animalia jakin batzuk izateari buruz zegoen ardura sozialari aurre egiteko. Hala ere, arau horren indarra oso zalantzan jarri zen, abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua argitaratu zenean. Dekretu horrek zehaztasun handiz mugatzen zuen aipatutako Legearen aplikazio esparrua, zati handi batean oinarrizkoa baita.

Arau sare horrek zailtasun handiak sortzen zituen interpretazio eta aplikazioan, eta EUDELek, Euskadiko Udalen izenean, agerian jarri zuen gai hori eskumena duten eta araudia garatzen ari diren Eusko Jaurlaritzako arduradunen aurrean. Azkenean, Euskadiko Autonomia Erkidegoan Txakurrak Izateari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretua argitaratu zen, erakundeen arteko talde tekniko batek egin eta adostuta, gai horretan eskumena duten hiru administrazio mailen presentziarekin. Dekretu horrek apirilaren 4ko 66/2000 Dekretua ordeztu zuen, eta testu bakarrean moldatu zuen arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregimen juridikoari buruzko Estatuko eta erkidegoko araudia, txakurrak izateko aukera orokorra xehetasun handiagoz finkatuz.

Arau horiek indarrean sartzearen ondorioz, bereziki txakurrak izateari buruzko erreferentziak dituzten Udal Ordenantzak eguneratu egin behar izan dira.

ANIMALIAK IZATEARI BURUZKO ORDENANTZA EREDUA

Lan hori errazteko, bere garaian EUDELek Animaliak Izateari buruz egindako Ordenantza Ereduaren eredua araudi horretara egokitu da, eta, gaur egun, Ordenantza hori interesa duten Udalei helarazteko moduan dago.

Bada, Ordenantza Ereduaren testu berriak adierazitako prozesu osoa eta animaliak izan eta babestean eragina duten beste arau batzuen egokitasuna jaso eta eguneratzen du, horiek udal ekintzaren esparrura moldatuz eta, horrela, animaliak izan eta babesteko aukera arautzea, kontrolatzea eta bertan esku hartzea ahalbidetzen duen tresna erabilgarri eta eraginkorra izateko.

Ordenantza ereduak lau Titulu, Xedapen Indargabetzaile bat eta Azken Xedapen bat dauka.

Argazkia: salle@jonesmark.com
Argazkia: salle@jonesmark.com.

I. Tituluak xedea, aplikazio esparrua eta zenbait definizio zehazten ditu, Ordenantzaren efektuetarako.

II. Tituluak animaliak edukitzeari buruzko araubide juridikoa arautzen du, oro har, animaliak izateari buruzko baldintzak zehaztuz: animalien jabeen betebeharrak, animaliak izateari buruzko zenbait mugapen, animalia abandonatu eta kaleko animalien aurrean kontuan hartu beharreko prozedurak, erasoetan zelan jokatu eta praktika debekatuak.

Gainera, II. tituluak, zenbait ataletan, txakurrei eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliei buruzko xedapen zehatzak jasotzen ditu.

III. Tituluak animaliekin erlazionatutako jarduerei egiten die erreferentzia, eta bereziki aipatzen ditu gune zoologikoak, erakusketak eta lehiaketak, eta animalia txikien kontsultategi, klinika eta ospitaleak.

Azkenik, IV. Tituluak Zehapen Erregimena arautzen du, arau-hausteak eta dagozkien zigorrak atalka banatuz, hautsitako arauaren arabera. Arau-haustetzat jotakoak modu horretan jasotzen dira Animaliak Babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legean, Arriskutsuak Izan Daitezkeen Animaliak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean, Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean, Euskadiko Osasunaren Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Ordenantzan bertan, tokiko gobernua modernizatzeko neurriei buruzko abenduaren 16ko 57/2003 Legeak ezarritakoaren arabera.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/02/03-10