FonAtari: euskal fonetikaren atariaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Alexander IRIBAR
Rosa Miren PAGOLA
Ana ELEJABEITIA
Traducción al español

Internetek gure munduko arlo guztietan gero eta garrantzi handiagoa duela ukaezina da. Sareen sarea urte gutxitan komunikabide unibertsal bihurtu da, eta halako egoerara iritsi gara non esan baitaiteke gaur egunean Interneten agertzen ez dena ez dela gure munduan. Jakina, euskara ere bada sarean era bitara: tresna gisara –euskaraz idatzitako orriak– eta gai gisara –euskarari eskainitako orriak–. Aipatutako orri guztien artean gutxi batzuk baino ez dira hizkuntzaren maila fonikoari zuzenduak daudenak. Zehatzago esanda, Interneteko orrietara joanez gero, batez ere, hizketa mota desberdinen laginak entzuteko aukera ematen duten entzunezko artxiboak dituzten orriak aurki daitezke. Beraz, Interneten euskararen maila fonikoaren zabalkunderako zein ikerketa zorrotzak egiteko baliagarria den tresna oso bat sortzea eta gaiaren inguruko oinarrizko erreferentziako ataria bihurtzeko asmoz sortu zen jarraian aipatzen den lana.

FonAtari, euskal fonetikaren ataria, Deustuko Unibertsitateko Fonetika Laborategian, 2001etik garatzen ari den eta zabalkunde zientifikoa bilatzen duen proiektua da. Lan hau Fonetiker taldeak egiten du eta kide hauek osatzen dute: Ana Elejabeitia, Alexander Iribar eta Rosa Miren Pagola ikerlariak eta Ion Berrocal eta Nerea Larreta laguntzaileak. Egitasmoak Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko Euskara Zuzendaritzaren babesa du.

FonAtariren asmo nagusia, fonetika mailan interesatua dagoen edozeinentzat, aditua izan edo ez, Interneten erreferente bihurtzea da. Ahalik eta erabiltzaile gehienengana iristeko, ataria lau hizkuntzatan dago: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa.

FonAtariren helburu orokorrak honako hauek dira:

· Interneten euskararen maila fonikoa ezagutzera emateko eta sakonki ikertzeko tresna erabilgarri bat eskaini eta, maila berean, oinarrizko erreferentzia bihurtu.

· Euskalkien aberastasunaren lekukoak gorde eta bitarteko egokien bidez zabaldu.

· Hizkuntzalaritzako material egokiak eskaini, bai ikerketa lanak egiteko, bai gizartean zabaltzeko (irakaskuntza ertainak, euskaltegiak, familia, e.a.).

Zehatzago azalduz, atariak honako hau bilatzen du:

Atarian dagoen materiala, ezin bestean, etengabe berritzen eta eguneratzen da. Bestalde, FonAtariko informazio guztia zenbait arlo nagusitan dago egitaratua eta arlo horietako bakoitzean hiru material mota aurki daitezke:

1. Deustuko Unibertsitateko Fonetikako Laborategian bertan sortutako materialak, laborategiko zerbitzarian daudenak.

2. Beste pertsona batzuek sortutako materialak eta Fonetikako Laborategiaren zerbitzarian daudenak. (Horrelakoetan, autoretza beti agertuko da)

3. Eta azkenik beste pertsona batzuek sortutako materialak eta beste zerbitzari batzuetan dauden orriekiko loturak.

FonAtariko edukia honako atal hauetan banatzen da:

Euskara

Sarrera bezala eskaintzen da lehenengo atal hau eta, bertan, euskarari buruzko informazio orokorra aurki daiteke. Izan ere, aurkezpen gisa, ondoren datozen euskararen maila fonikoari buruzko materialen lehenengo leihoa izan nahi du, inguru egokian kokatu ahal izateko. Zehatzago azalduz, honako informazioa dakar:

FonAtariren egileek atal bakoitzean idatzitako gidoi nagusia eskaintzen dute, grafikoez, mapez, lan osagarriez eta bibliografia osoaz aberastua.

Euskararen hotsak

Atal honetan euskalkietako hotsen deskripzio zehatza eta esperimentala aurkezten da. Azterketa akustikoa, audioa aukeratuz, edo artikulatorioa, bideoa aukeratuz, nahi duena ikus dezake.

Eskaintzen diren aukerak horrela jarrai daitezke: erabiltzaileak hasieran euskalkia hautatzen du eta jarraian, taulen bidez, aztertu nahi duen elementu fonikoa; ondoren, elementu hori daukan hitza agertzen da, inkesta linguistikoen bidez lekuko esanguratsuei hartutakoa, bere datu akustiko bereizgarriekin eta dagozkion analisi akustikoen (oszilograma, espektograma, pitch kurba eta transkripzio fonetikoa) grafika osoarekin.

Hemendik aurrera, erabiltzaileak bi aukera dauzka: euskalki horretako beste elementu bat aztertu edo, hasierako elementuarekin jarraituz, beste euskalkietako gertaerara igaro. Honela, ibilaldi osoa egin dezake euskalki guztietako soinu batetik bestera joanez.

Une honetan, iker taldea, euskararen hotsen deskripzio artikulatorioa azaltzeko, egindako bideo endostroboskopikoak FonAtarin argitaratzen hasi da. Arlo honen bitartez, erabiltzaileak euskararen elementu fonikoen artikulazioak sakonki aztertu ahal izango ditu.

Dokumentu basea

Atal honek euskararen maila fonikoaren inguruan argitaratu den guztia eskura jarri nahi du. Lekukoak emandako erantzun bakoitza fitxa bibliografiko oso batean bilduta dago eta erabiltzaileak bilaketak honako irizpideen arabera egin ditzake:

Esan beharrik ez dago, dokumentu basea aldizka berritzen dela.

Ahozko corpusak

FonAtarik euskararen grabazio bilduma aberatsa eskaintzen du, ahozko corpus desberdinetan banatua. Erregistroak irizpide hauen arabera jaso daitezke:

FonAtariko corpus bilduman dauden erregistroez gain, kanpoko ahozko corpusetara ere sartu daiteke informazio bila.

Erregistro bakoitza fitxa oso batekin aurkezten da. Fitxa honetan, besteak beste, soinuaz gain (wav edo mp3 formatuan, kasuaren arabera), dagokion transliterazio eta transkripzio fonetikoa aurki daitezke.

Bazkideak

FonAtariko atal honek euskararen maila fonikoaren adituen eta zaleen arteko topaleku izan nahi du. Erabiltzaileek atarian erregistratu ondoren foro baten parte har dezakete.

Berriak

Atal honetan bi sail nagusi eskaintzen dira: berriak eta loturak. Loturen sailean zerrenda aberatsa eta ordenatua dago, non euskararen maila fonikoari buruzko web orri guztiak biltzen diren. Bestalde, berriek aukeratutako gaia hurbiltzen diote erabiltzaileari: argitalpenak, biltzarrak, gertaerak... Nabarmentzekoa da, urte betetik hona, gutxi gorabehera, FonAtarik bere berriak biltzen diharduela.

Laburbilduz, esan daiteke FonAtarik, bost urtetako ibilbidean, euskarak bete gabe zeukan esparrua landu duela, fonetikari dagokiona hain zuzen ere. Horrelako produkturik ez duten hizkuntzentzat eredu bihurtu da, atari bakarrean batzen dituelako ikerketaren ondorioz sortu izan diren entzuteko erregistroen bildumak -fonetikoki transkribatuak-, ikerketen deskripzio esperimental zehatzak, iturri bibliografikoak mailaz maila sailkatuak eta aurkezpen teorikoak, besteak beste.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/02-24/03-03