Babeletik Mendekostera Bizkaitik zehar: Euskararen erabilerarako irizpideakEscuchar artículo - Artikulua entzun

Angel Mari UNZUETA
Traducción al español

Elizak, beste edozein elkartek bezala, bere helburuaren arabera eratzen ditu bere irizpide eta jokabideak. Labur esanda, Jesukristoren Berriona zabaltzeak justifikatzen ditu kristau elkartearen aukerak eta ekimenak. Vatikanoko II. Kontzilioak hitz gutxitan laburbildu zuen Eliza zer eta zertarako den: “Jainkoarekin estu-estu batzearen eta gizadi osoaren batasunaren sakramentu bezalakoa edo ezaugarri eta tresna da Kristorengan” (Lumen gentium Konstituzioa 1).

Batasuna agertzea eta eragitea da eliz elkartearen zeregin nagusia, beraz, hasieratik gehiago. Hala idatzi zien Paulo apostoluak Efesoko elkartea osatzen zuten erdaindu eta erdaingabeei, judu eta jentilei: “Bat egin ditu berak [Kristok] bi herriak, bereizten zituen etsaigoaren hesia deseginez” (Ef 2,14). Batasungile izatean betetzen du Elizak bere bokazioa. Hizkuntzari dagokionetik, liturgiarako bat bakarra ofizialtzat harturik betetzen izan duela bere zeregina uste izan du luzaroan. Katekesian, sermoietan eta beste hainbat arlotan herri hizkuntzak erabili arren, latina zen Elizaren hizkuntza bateratzailea.

Liturgia. Gure Aita-ren testu bateratua
Liturgia. Gure Aita-ren testu bateratua. 1969. urtea.

Biblian bertan datorren sinbologia erabiliz, Babelen sakabanaketarako izan zena Mendekostez harmoniarako gertatzen da: batean elkar ulertu ezina, bestean elkartasuna. Elizaren sorrera Mendekoste egunean kokatzen da, hain zuzen. Harrez gero, Eliza nola edo hala, nekez, borondate onez, sarritan huts eginez, elkartasunaren zerbitzua betetzen, hau da, Babeletik Mendekosterako bidea egiten ahalegindu da. Bere pentsaera eta joera gaurkotuz, hizkuntza guztien ofizialtasuna aldarrikatu zuen 1963.eko abenduaren 4an, Kontzilioak liturgiari buruzko konstituzioa argitara eman zuen egunean.

Bizkaiko elkarteak oso eliztar desberdinez osaturik daude nolabaiteko proportzioan, bai hizkuntzaren erabilera aldetik, bai hizkuntzari buruzko sentiera aldetik. Hori horrela, bistan da hizkuntz politika egoki batek izan dezakeen eragin onuragarria Eliza eta gizarte osoaren elkartasun eta bake bidean. Horren jakitun daude Euskal Herriko elizbarrutiak: hizkuntzarena ez da batez ere barne arazoa, baizik eta herritar guztien onerako erabili eta bideratu behar den gaia.

Bilboko elizbarrutian indarrean dauden argibide ofizialak eta eliz ekintza nagusietan agertzen diren irizpideak eta arazoak aipatu aurretik, honetan edozein erakundek kontutan izan beharko luken helburu hau aipatzea komeni da: euskara maitagarri egin behar zaie sekula ikasi eta erabili nahi ez edo ezin dutenei. Bestela, komunikazioa itxi egiten da eta hori akabua litzateke komunika-bide izateko sortua den edozein hizkuntzarentzat. Helburu hau sen onak ematen du edozein teologiak baino lehen.

Argibide ofizialak

Pastoral Kontseiluak hala proposaturik, gotzainak ondorengo argibideok jarri zituen indarrean elizbarrutirako 2002. urteko martxoaren 1ean:

1. Katekesian, batez ere erlijiozko sena esnatzen den fasean familiak duen garrantzia dela eta, eskolako irizpideari besterik gabe jarraitu beharrean, aintzakotzat hartuko da etxeko hizkuntza.

2. Liturgian, Kontzilioak esandakoari jarraituz, eliztarren partaidetza osoa bultzatuko da eta Jainko herria liturgiaren egile bezala hartuko da. Toki bakoitzeko hizkuntz pluraltasuna jaso behar da elizkizunean. Hizkuntza baten alde egiteak ez du esan nahi bestea galarazi behar denik.

3. Elizbarruti osorako informazioa euskaraz eta erdaraz emango da. Inguruko txikiagoetarako berri ematean ere, hizkuntza biak erabiliko dira, tokian tokiko egoera soziolinguistikoari ahalik eta egokien jarraituz.

4. Terminologia bateratua eta Euskaltzaindiak onartutako idazkera erabiliko da.

Euskaltzaindiako kideak
Euskaltzaindiako kideak, D. Resurrección María de Azkue buru dutela, Eusko Ikaskuntzako saloi batetan. Zutik: Nicolás de Ormaechea “Orixe”, Elissalde (?), Severo Altube, Julio de Urquijo eta P. Olabide. Azpian: Eguzkitza, Bonifacio Echegaray, Azkue eta Georges Lacombe.

Arloz

Katekesia

Bi arazo agertzen dira batez ere arlo honetan: lehenengoa, euskararen ezagutzak eta erabilerak proportzio desberdina dutela umeen artean eta katekisten artean. Hau da, eskabidea eskaintza baino zabalagoa da. Tarte hau gutxitzeko ez da nahikoa euskaraz egitea; sinestedun izan behar da, eta, erreleboa dela eta, arazo handiak ditu Elizak une honetan.

Beste arazoa goiko lehen argibidean agertu da: katekesiaren hasieran, batez ere gurasoek nolabaiteko erlijio ardura dutenean, eskolako eredua ez da besterik gabe egokiena. Guraso askoren irizpidea eskolakoa da: D ereduan dabilen umeari katekesia ere euskaraz dagokio. Baina fedearen transmisioa bideratzeko, askoz ere inportanteagoa da etxeko hizkuntza.

Liturgia

Vatikanoko II.ak, liturgiarako hizkuntza guztien duintasuna eta balioa onartuz, euskara ere hizkuntza ofizial egin zuen Elizan. Kontzilioaren oinarria edo abiapuntua hauxe zen: “fededun guztiak liturgi ospakizunetan oso-osoan, ohartuki eta era aktiboan esku hartzera zuzentzea”. Hori bultzatzen duena onuragarria da eta hori oztopatzen duena, kaltegarria.

Irizpidea edo helburua honetan hauxe da: ahalik eta euskararik gehien erabili, elkartearen egoera linguistikoaren arabera. Elkartea konkretua da, hau da, elizkizun batean biltzen dena. Bada zerbait euskara hutsean egiterik? Elizkizuna bakarra denean (hileta, ezkontza, bataioak, igandeko Meza bakarra), ez da erraza, gehienetan partaide denak euskaradunak ez baitira izaten. Eskaintza zabalagoa denean (parrokia handietan gehienbat), hizkuntza egoeraren arabera edo euskararen aldeko aukera egitearren, Meza bat eskaintzen da euskaraz.

Formazioa

Eliz ekintzetan edo pastoraltzan dihardutenen formazioa gehienbat erdaraz egiten da, euskaldunek ere parte batez teologiazko gaiak erabiltzean eragozpen dezenteak izaten dituelako. Honen iturri bat honetan dago: euskaraz sortu eta landutako kontzeptu eta material larregirik ez dago. Behin maila batera helduz gero, itzulpena da nagusi. Teologia ikasleen kopurua ere oso apala izanik, bai Seminarioan eta bai Fakultateetan euskaraz taldetxo bat biltzea ia ezinezko egiten da.

Beste era bateko galdera da, zenbateraino den beharrezkoa euskara abade edo eliz arduradun izateko Bizkaian. Baloratu egiten da, dudarik gabe, baina ez da erabakigarria edo kasu guztietan ezinbestekoa. Gotzainaren erreleboa izan zenean, esaterako, Elizbarrutiko Pastoral Kontseiluak ez zuen euskaraz egitearena irizpide derrigorrekoen artean jarri, baizik eta garrantzitsuen artean.

  Bibliaren irudi bat
Bibliaren irudi bat.

Informazioa

Elizbarrutiko zerbitzu nagusietatik ateratzen den informazioa hizkuntza bietan joaten da ia hutsik gabe. Eskualde edo herrietan ahoz edo idatziz zabaltzen den informazioan euskara gutxi erabiltzen da oro har. Proportzioa gehienetan euskararen kaltetan doa. Honen arrazoiak era askotakoak izan daitezke: nork euskaratu ez dagoela, ardurarik eza edo sormen falta.

Itzulpenak

Elizan erabiltzen den euskara idatzia itzulpena da neurri handi batean. Testu ofizialak (biblikoak alde batera utzita) latinetik edo gazteleratik euskaratuta daude gehienbat. Dena den, itzulpen onak duen kreazio alderdia azpimarratu behar da. Liturgiarako euskaraz egin diren itzulpen ofizialetan froga daiteke argi eta garbi hori.

Baina eguneroko eliz bizitzan arazo dezenteak sortzen dira itzulpenak egitean, bizkor, zehatz eta askatasunez joka dezaken itzultzaile askorik ez dagoelako. Hainbat lankide eta pastoralgile daude Elizan euskaraz oso ondo egiteko gai. Baina zerbait argitara eman behar denean, nekez ausartzen dira euskaraz jartzera, edo alfabetaturik gabe daudelako (hainbat euskaldun zahar) edo erraztasunik ez dutelako (hainbat euskaldun berri).

Bizkaiera ala batua?

Kasu bakoitzean erabakigarria zera da: norentzat den jakitea. Gauza laburretan (lemak, tituluak, kontsignak edo antzerakoak), batua erabiltzera joten da. Alfabetaturik daudenentzat euskara batua erabiltzen da gehienetan, beti ez bada ere. Formazio teologikorako, esaterako, euskara batua erabiltzen da. Liturgiarako oharrak eta parrokietara bidaltzen den informazioa bizkaieraz doa. Esan bezala, hartzailea epaile.

Amaitzeko

Orain artekoa bi puntutan laburbil daiteke:

· Hartzaileek erabakitzen dute Elizan euskararen eta beste edozein hizkuntzaren erabilera: zenbat, noiz, nola eta zein eratakoa.

· Elkarte osoa (elizbarruti, parrokia, elkarte txiki zein komentu) izan behar da kontutan irizpideak eta erabilera zehaztean.

 

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/03/03-10