Gaurko kultura eta fede erlijiosoen arteko arazoakEscuchar artículo - Artikulua entzun

Xabier ANDONEGI MENDIZABAL, Donostiako Erlijio Zientzietako Goi Ikastegiko Zuzendaria eta Irakaslea
Traducción al español

G aurko kultura esatean, hemen mendebaldean garaturik dugun kulturaz ari gara. Eta kultura deiturak gauza asko esan nahi dituen arren, guk, batez ere, pentsaera eta ohiturak esan nahi ditugu, hau da, gure giroan eratzen doazen pentsamendu eta ohitura berriak. Guzti horri modernitatea ondorengoa deitzen diote, ikerlari askok. Zeintzuk diren pentsamendu eta ohitura berria horiek? Beste gauza askorekin batera, bi gogoan hartuko ditugu, gaurko aniztasuna eta bakoitzaren borondatea gauza denen gainetik jartzea. Zer arazo sortzen dizkioten pentsamendu eta ohitu hauek, erlijioei? Erlijioek, giro honetan, ezaugarri batzuk hartzen dituztela, nahiko bereziak. Zeintzuk?

. Instituzioetatik kanpo garatzen ari den erlijio bat izatea... hau da, dogmatika aldetik oso flexiblea izatea (gauza batzuk sinesten dira baina beste asko ez), eta antolamendu aldetik oso irekia izatea (talde eta mugimendu era askotakoak).

. Erlijio subjetibista bat izatea... hau da, norberak aukeratzen du zer sinistu eta zer ez sinistu (orain balio duena ez da besteek esaten dutena, agintariak izanagatik, baizik, bakoitzaren iritzia).

. Erlijio pragmátiko bat izatea... hau da, orain eta hemen bakea, lasaitasuna, emozioa senti araziko didan erlijio bat nahi izatea (salbamena orain eta hemen nahi da, ez gerorako utzi).

. Erlijio esperimental bat izatea... hau da, afektibitateak, sentimenduak eta emozioak agintzen duten erlijio bat (zerbait gertatzea nahi dugu, zerbaitik ukitzea).

Baina, zein da arazoa? Arazoa “translazio fenomenoa” da. Zer esan nahi du honek? Instituzioetatik bakoitzaren borondaterako translazioaren fenomenoa gertatzen ari dela. Orain inportanteena ez dela Elizak edo beste Erlijio Instituzioek agintzen dutena, morala adibidez, edo dotrina naiz elizkizunak egite, ez. Orain inportanteena, bakoitzak aukeratzea dela; bakoitzak ikusiko du zer egiten duen, zer sinisten duen eta zer ospatzen duen (horrela sortzen den izugarrizko aniztasunarekin). Esan daiteke, transzendentziaren edo “Misterioaren” gertakaria, erlijio instituzioetatik kanpora ateratzen ari dela, eta bakoitzaren aukera bihurtu dela erabakigarri.

Zer egin kultura honetan, erlijioekin hau dena gertatzen ari dela?

Historikoki eta gaur ere, hiru era daude erlijioek eta gizartearen harremanak nola zuzendu behar diren ikusteko, baina bakoitzaren ondorioak oso ezberdinak dira. Ikus ditzagun.

Bata, fundamentalismoaren bidea da. Erlijioek beren aldetik eta gizartea beretik joatearen aldeko pentsamendua da, independentziarena, alegia, baina zeinek agindu behar duen da, sakoneko borroka. Bide hau ezkerretik (laizismoa) eta eskuinetik (moralismoa) planteatu izan da. Bi mundu bezala lirateke, bata erlijiosoa eta bestea laikoa, beren arau eta moduekin, beretarrentzat antolatua, mundu kultural propio bat, alegia. Non daude arazoak? Bi mundu propio izatetik sortzen direnak lirateke: bi kultura molde, bi ohitura era, bi pentsamendu tipo…, nolabait eskizofrenia sortzeko arriskua eta azken batean, gurea inposatu nahia (gerra mota bat).

Bestea, adaptazioaren bidea litzateke. Hemen, erlijioek, gizartearen bideetara moldatzea eskatuko litzateke. Gizarteak egia izango luke, edo gutxienez, adostu dugun legea, eta hau denok hartu dugun konpromisoa da, norma, eta hori izango genuke onartu beharrekoa. Beraz, bakoitzaren iritsien gainetik, eta hauek nolabait errespetatuz, denok egokitu egin beharko ginateke eredu baturagile horretara, norma horretara (republikanismoa deitu zaio Frantzian, baita konstituzionalismoa ere, gure artean). Non dago arazoa? Legearen boterea nagusitzen dela, Estatuak indartu, politikoak nagusitu eta gero, bakoitza bere elkarteetan murgiltzen dela, mundu sekretu edo pribatu batzuk sortuz (kristauen mundua, musulmanena, ateoena, masoiena, etab.).

Tarteko bide bat ere planteatzen zaigu, kolaborazioarena, eta hau, bereziki, Eliza katolikoan Vatikano II.en Kontzilioak eskaintzen duena litzateke, beste proposamen askorekin batera. Etika eta Elkar hizketa dira hemen oinarriak. Gizartea bat da, esaten da, (denok osatzen duguna), eta kultura eta erlijio ezberdinak errespetatuz, elkar hizketaren bidez, denok adostu behar dugu etika bateratu bat eskatzen da, giza duintasunean oinarritua eta gizakiaren eskubideak eredu bezala harturik izan beharko lukeena. Arazoa non dagoen? Denon artean gauza hauek adostean, hain zuzen, horretarako behar diren erakundeak eta bideak eratuz (Nazio Batuak, Herri Erakunde Zabalak, Erlijio eta Kulturen arteko Foroak), eta adosten dena, kapritxoa ez izatea, baizik giza duintasunari dagokiona (hau da etikaren ardatza).

Gauzak horrela, eta hirugarren bide honi jarraituz, guk orain, modernitate ondorena deituriko garai honetatik, erlijioek, zer ikasi dezaketen aztertuko dugu. Gero, gure historiari jarraituz (kristau tradizioari, bereziki), zer eman dezakegun adierazteko.

Modernitate ondorengo giro honetatik, ikasi al dezakegu ezer?

Bai, nola ez. Gaur ere eta kritika guztien erdian, gauza on asko daude eta ikasgai ugari elizarentzat eta erlijioentzat, kolaborazio giro batean ulertuz, bizitza. Besteen artean, agian hauek:

Sinboloa eta estetikaren garrantzia

Gaurko kulturak, zientzia eta teknikaren azpian beste zerbait nahi du, joandako urteetan galdu xamar egon den zerbait: imajinazio sinbolikoa, alegia.

Hau ezin dugu, guk ahaztu, zeren erlijio guztien oinarriko zerbaitetaz ari bai gara hemen, sinboloei buruz, errepresentazioei buruz, gure gurea dugun zerbaiti buruz. Baina, zoritxarrez, asko galdu dugu gai honetan. Gure imajinazioa eta ahalmena nahiko murriztu da. Freskura falta zaigu. “Ebokazioaren” indarra.

Gure kristautasuna, agian, hitz jario gehiegizkoa da, “berborreikoa”. Esplikazio asko behar izaten ditugu gauzak ulertu eta bizitzeko. Ez dugu sinboloen eta zeinuen mundua behar bezala ezagutzen, naiz erlijioa, berezko sinboloa den (zentzurik sakonenean).

Estetika sentsibilitate hau errekuperatzea, uste dut, oso beharrezkotzat eduki beharko genukeela. Gure ospakizunak kontu handiz egin. Ospatzen dugun hori indar handienarekin azaltzeko moduak bilatu. Abestiak bezala, gure kiñuak, elkartearenak, beste laguntzaileenak gehiago zaindu. Ez da erritualismoa, ez, baizik ebokabilitatea zaindu, egiten ari garenak zerbait misterikoa adierazten bai du, eta hori ez da edozelan egin behar.

Barne bizi kizunaren bidea

Gaurko kultura giroa sentimenduaren araberakoa da. Hori kontuan hartzen ez duen kristautasun edo erlijio bat ez da gaurkoa izango, eta ez du eraginkortasunik izango. Honek ez du esan nahi, sentimendu hutsei garrantzia eman behar zaienik, ez. Hori gauza arriskutsua dela ongi dakigu, denok ere.

Sentimenduek, barne bizi-kizun bezala ulertuta, eragin handiak izaten dituzte, zeren ukitua sentitu denari jarraitzaile izateko ez dio inork ezer esan beharrik, berak ongi daki zergatik den jarraitzaile, barne barnetik bai daki jakin. Arriskua subjektibismoarena da, hori bai, pribatizazioarena eta horrek erlijio bizi-kizuna murriztu egiten du. Beraz erne egon beharra dago, baina arrisku horrek ez du bere indar guztia ukatzen.

Eguneroko errealitatearen sakramentalizazioa

Jainkoaren presentzia non eta nola ematen den erakustea oso beharrezkoa den zerbait dugu. Gaurko kulturan, errealitatea, eguneroko bizitza, alegia, hori da gauza guztien lotura, hemendik kanpora ez dago ezer, dena hemen garatzen da, dena hemen bizitzen, dena hemen gozatzen.

Ikuspuntu hau, kristautasuna gainditzen duen zerbait da, baina badu ere bere erakutsia. Errealitatean aurkitu eta gozatu eta bizitu behar dugula, adibidez, Jainkoaren presentzia, gerorako utzi gabe, ikusten ez den ezkutuko amets baten antzera.

Jainkoa presentzia bat da, ez da fantasia bat, askotan irudikatzen dugun bezala, ez. Jainkoa errealitatea da. Errealitatea gainditzen duena, bai, baina errealitatea bera ere, ez fantasma bat. Jainkoa munduan, naturan, ekintzetan, gertakizunetan eta batez ere gizakiongan ematen zaigu, beraz, errealitatea bera da Jainkoaren sakramentu eta ez dugu mundutik inora joan beharrik Jainkoa aurkitzeko, baizik mundu honetan sakondu eta egunerokoan, bereziki. Horra hor gure lanik zailena. Benetako espiritualitatea.

Salbamenaren esperientzia zuzena

Gaurko kulturan salbamena ez da geroko bizitzarako usten den zerbait, ez. Salbamena hemen eta orain izan beharreko zerbait bezala bizi da gaur. Hemen eta orain gozatu, aurkitu, bizi, sumatu, sentitu beharreko zerbait bezala. Salbamena ikusi egin behar da: sendakuntzak direla, harmonizazioak, barneko bakea, oreka... Zerbaiterako izan behar da, baina orain eta hemen.

Egia da guzti honek, magiara eramak dezakeala, eta ez da horrelako gauza gutxi, gure artean: karta botatzaileak, horoskopoak, ufologoak... Baina hemen ere badago zer ikasirik.

Guk salbamena diogun hori, Jainkoarena den salbamen hori, adibidez, hemen eta orain, salbatuak gaudenon bizitzak, fede bizitzak, antz eman behar duela, eta ez teorian, ez, baizik benetan eta ikusteko moduan. Gure fedearen fruituak erakutsi egin behar bai ditugu. Fedeak zertan egiten digun on, erakutsi. Fedeak zertarako balio digun, erakutsi. Gure bizitzetan, askotan, ez bai da fedearen eraginik ikusten eta hori ere ez da normala.

Norberarengan oinarritutako sinistea

Gure gizartea anitza da, oso anitza, zergatik? Batez ere, kultura honetan pertsona delako gauza guztien neurria. Pertsonaren eskubideak, nahiak, asmoak, sentipenak, arrazoiak, izaerak markatuta utzi digute. Hortik datorkigu aniztasunaren estimua, balorazioa. Hau kontuan ez hartzea, itsukeria litzateke.

Gure gaurko erronka, borondatez, norberak nahita egindako elkarteak sortzearena da. Gure parrokiak, ez dira tradizio baten inguruan egingo, baizik pertsonen inguruan eta pertsonak gaur, aukera garbiak egiteko gai dira. Aukera hau egitea eskaini egin behar diegu.

Erronka, gure erronka, giroa sortzearena da, giro egoki bat, goxo bat, errespetagarria, askea, obligazio esturik gabea, aukeran, gustuan eta erantzukizunean oinarritua, gertukoa.

Eta zer da ahaztu ezin dugun eta eskaintzeko dugun tradizio hori?

Arrazoi kritikoaren balioa

Hau galdu behar ez dugun zerbait da. Fede xamur eta goxoaren ondoan, jarrera kritikoa, sentimendu hutsetan gelditu ez gaitezen. Modernitateak aberastasun asko ekarri dizkigu, eta horien artean, pentsamendu kritikoa, kontzientzia hesitua. Heziketarik gabeko fedea, fede ahula da, bere esperantzaren berri arrazoiak ematen ez dakiana, gaurko balio ez duena.

Gizarte konpromisoaren beharra

Modernitateak konpromisoa estrukturalki ulertu du, Kontzilio Vatikano II.enak “karitate politikoa” dion hori, eta ez da alde batera utzi beharreko gauza. Mundu honetako arazoak ez dira pertsonen erabakiaren araberakoak bakarrik, baizik ekonomia, politika eta kultura zerbait gehiago dira, orokorrago eta hori aldatu gabe ez dago gu eta inor aldatzerik.

Elkarte bizipenaren handitasuna

Modernitatea elkarte bizitzari loturik joan da: utopia komunitario baten testigu gara (liberalismoa, sozialismoa, komunismoa ideia horren garapen dira). Erlijioek ere bide hori hartu dute, naiz askotan uko egin elkarte izateari eta debozionalismoan erori. Gaur, benetako elkarte giroko inguruak sortu beharrean gaude eta hemen gizartea eta erlijioak asko dute batera egitekorik.

Tradizioaren balioa

Erlijio guztiek zera erakusten digute: gure izatea antzinako oinarrietan eraikitzen dela, tradizioan, memorian, denbora luzez hedatutako historian. Ez da tradizionalismoa, zeren hau segurtasun eta ulermen historiko itxi batera mugatzen bai da; baloratu behar duguna beste hau da: jasotako herentzia eta bizi-lotura.

Fede gauzarekin ez jolastea

Hau esperimentalismo axalekoen aurkako gogoeta da, eta kontuan hartu beharrekoa. Gure interpretazioak, interpretazio besterik ez direla ezin ahaztu, zeren askotan, asken hitz bezala erabiltzen bai dira, geure oraingo iritziak, balio osoa izango balute bezala, eta gauzak ez dira horrela izaten.

Bukaerakoak

Gaia bada, bi harietara eraman nahi izan dut. Bata erlijioen baitan gertatzen ari dena ikustera: instituzioetatik kanpo bakoitza ari garela geren erlijioak moldatzen eta horrek izugarrizko aniztasun erlijiosora garamatzala. Hemendik gauza asko ditugu ikasteko, etorkizunari begira.

Eta bestalde, erlijioek mundu berri batean ari direnez garatzen, mundu berri hau ongi ezagutu eta zer ikasi dezakegun pentsatu beharra dagoela beti ere, beste alderdi onak inondik ahaztu gabe, eta hau dena elkar hizketaren bidetik egin beharra dagoela, gizakiaren duintasuna denen gainetik jarriz, eta denok horretara bideratuz, bakoitza bere kultura eta bideetatik abiatuz.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/03/24-31