Juan Mari BELTRÁN ARGIÑENA, Herri Musikaren Txokoa. Ergoien. Oiartzun
Traducción al español
Lan egitetik joko eta festara. Ttinbilin-ttanbalan, ote jotzea, kirikoketa eta txalapartaren beste aldaera zaharrak.*
Giltz-hitzak: herri-musika, lan-erritmoa, musika-erritmoa, joko-erritmoa, festa, txalaparta, toberak, kirikoketa.
Zalantzarik gabe, denok ados egongo gara lan egitea jokoan eta festan aritzea baino gogorrago eta astunagoa dela esatean. Horregatik, lana samurtzea eta atseginago egitea izan da gizarteak nahi izan duena eta hori bilatzen saiatu da betidanik. Horrela, lana, jokoa eta festa uztartzea aspalditik erabilitako formula izan da. Hona adibide batzuk.
Herri kirolak (sega-probak, palankariak, harri jasotzaileak, idi probak, aizkolariak, arraunlariak, txingak, belar-zamak altxatzea, saskian patatak biltzea, eta horrelako beste zenbait euskal herri kirol) benetako lana egitean oinarritutako jokoak ditugu.
Auzolanean egindako lanak bukatzerakoan (sagardoa egitea, belarrak biltzea, gari jotzea, etxeko gailurra jartzea) lan-taldeko partaideen arteko festa eginez ospatzen da. Lana egiteak festa ekarriko du eta horrela, lana festaren bezpera bihurtzen da: bukatutakoan dibertituko dira, eta esperantza horretan lan egiteak bere alde gogorra galtzen du.
“Artazuriketak” izendatutako ekintza, euskal herri kulturan agertzen den ohitura ezagun eta zabalduenetakoa izan da. Negualdeko ilunabar luzetan, auzoetako gazte koadrilak elkartzen ziren baserri bateko artoa zuritzeko, hura bukatu eta segidan koadrilako beste baten baserrikoa egingo zuten. Gazteek, lan bilera haiek festa bilera bihurtzen zituzten. Lana egiten zen noski, baina horrekin batera kontu, kantu, joko eta dibertsiorako bestelakoak ere bai. R. M. Azkuek eta Aita Donostiak urte luzetan herriz herri egindako informazio bilketa lanean, “artazuriketa” zirelako gazte bilera haietan ematen ziren kantu, dantza eta joko asko bildu zituzten.
Artazuriketen ondotik, artaburuak aletzea izaten zen taldean egiten zen baserrietako beste lanetako bat. Kasu honetan ere, lan bilerak festa bilera bihurtzen ziren eta horren adibide bat Azkue eta A. Donostiaren kantutegietan, Euskal Herri zabalean agertzen diren “Almute-dantza”k dira. Aleak neurtzeko erabiltzen zuten zurezko almutea lan-tresna izatetik joko eta dantzarako tresna izatera pasatzen zen hauetan.
Lana egiterakoan, lana bera joko bihurtzea izan da beste joera bat. Gurdiarekin garraiatzen dabiltzala, ardatza eta gurpilen hotsa, zarata zena, musika bihurtzen da. Orduak errazago pasatzen dira zarata hori agoantatu ordez, gure kantuetarako lagungarri erabiltzen badugu eta berarekin jokoan aritzen bagara.
Batzuetan, adibidez “ote jotzea” eta “sagarra jotzean” lan erritmo hotsarekin jokatuz, erritmo jokoak eginez, lana, jokoa eta musika bat eginik agertzen zaizkigu. Lan tresnak musika egiteko soinu-tresna bihurtzen dira “kirikoketa”, “toberak” eta “ttinbilin ttanbalan” joaldietan. Musika egitea dute helburu bakarra “txalaparta” jotzerakoan, baina lan egitearen inguruan jotzen dute.
Askotan galdetzen da gizarteak noiztik egiten duen musika eta nondik edo nola sortu zen arte eta espresiobide hau. Askotan entzuten dugu halaber, oinez ibiltzearen erritmoa, bihotzaren taupadak, oihukatzea, besoetan edo sehaskan umeari lo har arazteko erritmo lasaigarri eta gorputzaren atal ezberdinak mugi arazteko lelo erritmikoak izan direla musika sortzearen abiapuntuetako batzuk. Lan-erritmoetan ematen diren zenbait erritmo formulatan agertzen dira era berean musikaren beste zenbait hastapen. Guk, oraingo honetan hori aztertu nahi dugu txalaparta eta Euskal Herriko antzeko joera-ohituratan oinarriturik.
Musikaren kasuan bezala, askotan entzuten ditugu txalapartari buruz honako galderak: nondik, noiztik eta nola sortu zen soinu-tresna bitxi hori? Abisu-deiak egiteko tresna edo musika jotzeko tresna izan da? edo bi funtzio hauek eta beste batzuk bete dituena? Hori guztia eta gehiago argitu eta jakin nahi izaten da.
Musika eta txalaparta, edo txalaparta eta musika aztertzen saiatu gara, lan honen izenburuak aipatzen duen gaia jorratuz.
Txalapartarengan, eta hotsa eraginez egiten diren antzeko joera eta ohitura sinpleagoetan, ongi ikusten dira elkarren arteko loturak, eta izan daitezkeela fenomeno baten garapen maila ezberdinak. Honekin ez dugu esan nahi hemen agertuko diren bezala gertatu denik, ez eta erlazio edo harreman zuzena izan dutenik ere, baina bai, izenburuak adierazten duen bezala, lan egitetik joko edo festa egitera eta lan erritmoa osatzetik musika egitera, mailaz maila, garapena garbi agertzen zaigula:
1.- LANA
Bakarkako lanetan joleak lan horrek behar duen erritmo egokia jarraitzen du bere lana antolatuz eta indarrak neurtuz. Pagotxa eta arbia jotzen, denek batera jotzen dute lan-taldearen erritmoa jarraituz, arraunean berdin, baina inongo jokorik egin gabe.
2.- LANA ETA JOKO ERRITMIKOA
Lan batzuetan, talde lana egin ahal izateko, bi edo hiruren arteko koordinazioa eta erritmo jokoak beharrezkoak dira eta besterik gabe, inongo helburu musikalik gabe egiten dira. Halakoetan esate baterako: idaurrekin gari edo babarrun jotze lanetan, borrarekin egiten diren egur lanetan, ingudean egiten diren burdin lanetan,…
3.- LANA-JOKOA-MUSIKA: OTE-JOTZEA, SAGARRA-JOTZEA
Lana egiten da, helburu nagusia hori da. Lana egiterakoan, joleen arteko jokoa ematen da. Nahita egindako hots-erritmo jokoa da. Beraz, oinarrizko musikaren osagaiak agertzen dira. Lana, jokoa eta musika batera ekintza berean. Lan tresnak, era berean soinu-tresna dira, eta langileak, hori izateaz gain, musika-joleak dira. Hemen kokatzen ditugu “ote-jotze” lanak eta “sagarra-jotze”ko zenbait tokitan txandaka joaz egiten ziren jokoak ere.
Hiruko “ote-jotzea” (Arg. JM Beltran). |
4.- LAN TRESNAK – MUSIKA: KIRIKOKETA, TOBERAK, TTINBILIN TTANBALAN
Lan mota batzuetan, lana bukatu ondoren, auzolanaren bukaera ospatzeko, festa txikiak egiten ziren. Hauetan musika berezia eta berezkoa egiten zen eta musika honetan lanaren erreferentziak agertzen dira. Esate baterako: etxe berriaren estruktura egiterakoan harginek ematen zituzten “Ttinbilin ttanbalan” joaldietan, horretarako hauen lan-tresnak erabiliz. “Kirikoketa” jotzerakoan berdin. Tolareko ohola eta sagarra jotzeko mazak edo pisoiak erabiltzen dira hots-tresnatzat edo bestela esanda, bi kasu hauetan lan tresnak dira erabilitako soinu-tresnak. “Toberak” jotzerakoan lanerako erabilitako palankak eta burdin agak erabili izan dira.
Kirikoketa (Arizkun). |
5.- MUSIKA LAN EGITEAREN INGURUAN: TXALAPARTA, TOBERAK
“Kirikoketa” eta “ttinbilin ttanbalan” kasuetan gertatzen den bezala, “txalaparta”, auzolanean edo taldean egiten den lanarekin loturik agertzen zaigu. Askotan txalaparta joleak aurretik sagarra jotzen aritutakoak izaten ziren. Gehienetan txalaparta jotzeko, hau lana egiten den tolaretik gertu jartzen zuten eta soinu-tresna osatzeko batzuetan bertatik hartutako ohola ikusten dugu, baina jotzeko ez dira lan-tresnak erabiltzen baizik eta txalaparta jotzeko propio egindako makilak. Jotzeko garaian, bi joleen artean jarritako eskema erritmikoetan jokoak eta inprobisaketak egiten dira. Beraz, beraien saioetan txalapartariek “musika bizia” egitea dute helburu bakarra. Antzeko joaldiak egiten omen ziren karea egiterakoan, karobi inguruan “toberak” jotzerakoan.
Aztertu ditugun joera hauetan agertzen den erabateko musika egiteko bide horretan, hor ikusten dugu politonalitate eta polikromia joko eta aldaerak egiteko, txalapartari buruzko dokumentazio zaharrean agertzen den ohol bat baino gehiago erabiltzea, Lesakako hiru palankaren erabilpena eta “ttinbilin ttanbalan” jotzeko bi. Zuaznabartarrek eta Goikoetxeatarrek ohol bakarra erabiltzen zuten eta efekto hori ohol bakarraren alde ezberdinetan joaz lortzen zuten, modu horretan harmoniko ezberdinak azalaraziz.
Ramon eta Asentsio Goikoetxea (Arg. JM Beltran). |
Beraz, beldurrik gabe esan dezakegu lanaren erritmoa izan dela musikaren hastapen, iturburu eta eragileetako bat. Hasieran lana, hau bere hots erritmoarekin, gero lana egin baina erritmo jokoa eginez eta joko hori musika bihurtuz. Hau da hemen aipatutako ekintza eta ohituratan agertzen den lotura, joera eta garapen nabarmena.
Txalaparta eta bere tankerako joeretan argi eta garbi antzematen da garapen “bide” hori eta lan erritmoa eta musikaren artean muga jartzea oso zaila edo ezinezkoa dela.
*
1987az geroztik, “HERNANI” Musika Eskola Publikoko Ttakun
ttan ttakun txalaparta taldeak antolatutarik, urtero, “Txalaparta Festa”
jardunaldiak ospatu izan dira Hernanin. Horrela, 1999ko maiatzak 13, 14, 15
eta 16an “XIII. TXALAPARTA FESTA” ospatu zen. Idazlan hau, jardunaldi
horietako lehen egunean (maiatzak 13) egin zen hitzaldirako prestatu zen.
Lan hori 2001. urteko Eusko Ikaskuntza Folklore Saileko “Jentilbaratz”
aldizkariko 7. zenbakian argitaratu zen.
Geroago, 2003. urtean, Euskadi-Aquitaniaren arteko Lankidetzarako Fondoaren
2001. urteko deialdian Hegoaldeko “Herri Musikaren Txokoa” eta
Iparraldeko “F3C” elkarteek aurkeztu zuten “Txalaparta”
izeneko egitasmorako, aurretik idatzitakoa informazio eta datu gehiago eskainiz
berregin zen eta Iparraldeko nahiz Hegoaldeko txalaparta eskoletarako prestatutako
hastapeneko 100 ariketa erritmiko ezberdinekin osatu. Hori da 2003. urtean
Herri Musikaren Txokoak bere Herri Musika Bilduman 3. zenbakian argitaratutako
liburua. Hemen agertzen
dena horren aurkezpen eta laburpen bat besterik ez da. Beraz, informazio gehiago
behar duen horrek badaki liburu horretan aurkituko duela.
Artículos relacionados publicados en Euskonews:
Txalaparta (Imanol Olaizola Etxeberria)
Un posible origen de la txalaparta (Antxon Aguirre Sorondo)
Txalaparta (Juan Mari Beltrán Argiñena)
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |