Eustasio ETXEZARRETA
Traducción al español
Sarrera
Euskal elizbarrutietan euskararen erabilera nola doan jakin nahirik, azken urteotan beren azalpenak eginak dituzte Euskaltzaindiko Jagon Sailak eratutako Jardunaldietan hiru euskal elizbarrutitako ordezkariek: Baiona-Leskar-Oloroekoek lehenengo, 2002. urtean, Iruñeko eta Tuterako elizbarruti-ordezkariek ondoren, 2003. urtean, eta Gasteizkoek azkenik, 2004an.
Bilboko eta Donostiako elizbarrutien txanda izan da oraingoan, Euskaltzaindiak egindako azken Jagon Jardunaldietan. Txosten honetan Donostiako elizbarrutian euskararen erabilera nola ikusten den aztertzen dugu.
Txostenaren tituluan "gaur egun" esatean, gai honetan ibilbide bat egin behar izan dugula adierazi nahi da.1 Hain zuzen ere, hasiera hartako argitalpenak "gipuzkera osatua" esan izan zitzaion euskaran egin ziren; baina denbora joan ahala, euskara baturako ibilbidea egiten joan gara poliki-poliki.
Gai honi dagokionaz, ez dugu ahaztu behar orain berrogei urteko egoera eta giroa. Gure azterketa Vatikanoko II. Kontzilioa mugarri hartuta egiten dugu; izan ere, Elizaren liturgia herri-hizkuntzan egiteak izugarrizko itzulpen-lana ekarri zuen berekin. Itzulpen haiek eta beren argitalpenak hirurogeigarrengo hamarkadan hasi ziren eta ondorengo urteetan burutu.
Kontuan hartzekoak dira hainbat puntu: 1964an hasiak ziren gure elizbarrutian itzulpen-lanak; 1968an egin zuen Euskaltzaindiak Arantzazuko Biltzarra euskara batuari buruz; urteak behar izan ziren euskara batuaren oinarri zehatzak jartzeko; borroka eta haserre biziak izan ziren, baita eliz barruan ere, batuaren hasierako urratsak egin zirenean; bestalde, Elizak idatziz ematen zituen testu haiek ahoz esan eta belarriz jasotzekoak ziren, ez norberak irakurriz; behar-beharrezkoa zen oso egitura erraz eta garbia erabiltzea, besteak beste eliztarrak alfabetatu gabeak zirelako...
Hala ere, une hartan gure Elizaren jokabide honek euskara batuaren kontrakoa bazirudien ere, gauzak ez ziren egiaz horrela. Egia da eliz idazkietan erabiltzen zen euskararen ezaugarririk nabarmenena "H"-rik ez erabiltzea zela. "H"-aren kontua(guretzat behintzat) berria zelako eta polemika gogorra sortzen zuelako, mementuz alde batera utzi bazen ere, horrek ez zuen adierazi nahi Euskaltzaindiaren erabaki hori okertzat jotzen zenik, beste arrazoi batzuengatik une hartan erabiltzea oraindik ez zela komenigarri ikusten baizik. Hori egiaztatzen du argitalpenetan baturantzako bidea hartu izanak, onartu egin baitziren euskara batuaren beste ezaugarri gehienak: deklinabidea bere osoan, hiztegia neurri handi batean, baita aditz-jokorik gehienak ere, alde batera utzirik elizatarrentzat berriak eta arrotzak gertatzen zirenak.
Esandako guztiaren ondorio izan da, bidea samurtzen joan den heinean, euskara batua sartzen eta erabiltzen joan garela. Bidea samurtu esatean, euskara batuaren inguruko giroa erabat aldatzen joan zela esan nahi da: euskara batuaren nolakotasunak zehazten joan zirelako, hedabideetan pixkana-pixkana normaltzen joan zelako, argitalpenak gero eta gehiago euskara batuan egiten zirelako, hasierako borroka hura desagertu zelako, etab. Elizan bertan garrantzizko beste argitalpen batzuk azaldu ziren; batez ere, "Elizen Arteko Biblia", "Erlijio Kulturaren Bilduma" Biblia, Teologia, Moral... gaiez egindako bilduma, 25 liburukiz osatua, etab.
Horrela, azken hogei urteotan, euskara batuaren munduan sarturik dago gure Eliza; ez da inolako eragozpenik izan gure elizbarrutian eremu guztietako idazkietan euskara batua erabiltzeko, idazkia nori zuzendua dagoen kontuan izanik beti punta-puntako batua ez bada ere. Horrekin batera esan behar da, gure elizbarrutian euskaldunen eta erdaldun hutsen kopurua ikusirik, idazki ofizial eta erdi ofizial guztiak bi hizkuntzatan argitaratzen direla, hasi Gotzaindegiko Aldizkari Nagusitik eta WEB orriraino,2 liturgiarako euskara hutsean egin ohi den "Mintzo eta Kantu" aldizkaria, edota eskolarako eta katekesirako bikoizten diren eta euskara hutsean argitaratzen diren bideo-zintak izan ezik.
Ahozko euskara
Euskararen ahozko erabilera kopuruari eta kalitateari dagokienaz eliz erakundeetan zer-nolakoa den jakiteko, galdeketa bat egin dugu elizbarrutiko parrokietan, aurretik Iruñeko elizbarrutian egin zena baliatuz eta gure egoerara egokituz. Ez dugu hemen galdeketaren emaitzen berri zehatza emango, baina ikuspegi orokor bat eman dezakegu. Gipuzkoako 216 parrokiatatik %85aren erantzuna jaso dugu.
Larunbat eta igandeetako Mezei buruz galdera egiten zen, zenbat Meza ematen zen euskara hutsean, zenbat gaztelera hutsean edota elebiz. Eta azken puntu hau hobeto zehazteko, Mezako 8 atal desberdini buruz galdetzen zen, zein portzentajetan egiten diren euskaraz, gaztelaniaz edota elebiz.
Horrekin batera, beste galdera batzuk egiten ziren: nolakoa zen, alegia, euskararen erabilera beste sakramentu batzuen ospakizunean, parrokiako zigilu, menbrete, gutunazal, iragarki, errotulazio, etabarretan, maila desberdinetako katekesian, bilera pastoraletan, parrokiaren komunikabideetan, etab.
Bildu diren datuak nahiko esanguratsuak gertatzen dira. Hiruzpalau multzotan sailkatua azaltzen da elizbarrutia; alde batetik, Donostia hiria; hemen gazteleraz egiten da gehien; beste multzo batean, Donostia-Antiguoko artziprestaldea eta Irun, Eibar eta Bergara daude; hauetan elebiz egiten da gehien; hirugarren multzoan, Arrasate, Ordizia, Zumarraga, Zarautz, Tolosa eta Azpeitia daude; hauetan euskaraz egiten da gehien; eta azkenik, Errenteria kasu berezi bezala azaltzen da, neurri berdintsuan egiten baita hemen euskaraz, edota gazteleraz, eta zerbait gutxixeago elebiz.
Mezako zein zati egiten den gehiago euskaraz edota zein gehiago gazteleraz galderari buruz ikusten da, "Gure Aita" dela euskara hutsean gehien egiten dena; elebiz neurri berdintsuan egiten dira oharpenak, Jainkoaren herriaren eskariak, irakurgaiak, homilia eta Meza bukaerako oharrak. Azkenik kantuak ez dira inongo parrokiatan gaztelera hutsean abesten.
Zenbait kezka
Hori esanik, bada gure artean zenbait kezka ere. Bata, euskararen kalitateari buruzkoa da. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeak zuzentasuna, jatortasuna eta egokitasuna aipatzen ditu hizkuntz kalitateari buruz. Agian hobeto zaintzen dute apaizek euskararen jatortasuna eta egokitasuna, eta ez hain ondo zuzentasuna; izan ere, beren alfabetatze-maila ez da, gehienetan behintzat, behar den neurrian landua.
Zerbait esan nahi du euskarazko argitalpenak askoz urriagoak direla gaztelerazkoak baino. Bestalde, zailtasun berezia nabaritu ohi da batzarretan euskara behar litzatekeen neurrian erabiltzeko. Elizatik kanpo ere gizarteko edozein alorretan gertatzen den bezala, taldea euskaldunez eta erdaldunez eratua dagoenean, erdara nagusitu ohi da: nekagarri egiten delako elebitan aritzea, presioa nabaritzen delako...
Lagungarri izango da Euskaltzaindiaren aurrean egin dugun aurkezpen hau euskararen erabilera eta kalitatea zaintzen jarraitzeko Donostiako gure elizbarrutian.
1 Gai honi buruz egina dugu lehenago azalpen bat, Euskaltzaindiak 1978an Bergaran egindako VIII. Biltzarrean, Euskal Herriko Elizaren Jokabidea Euskarari buruz titulupean (ikus Euskara, 1978-2, 829-855. or.).
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |