ELKARTU
Argazkiak: Jessika GONZALEZ CUEVAS, Juanmari ZURUTUZA ZAPIRAIN
Itzultzailea: Koro GARMENDIA IARTZA
Versión original en español
Irisgarritasunaren arazoa izan da Elkartu (Gutxitasun Fisikoa duten Gipuzkoako Pertsonen Federazio Koordinatzailea) erakundeak jardunean daramatzan 30 urteetan eskuartean izan duen gai nagusietako bat. 1980an, Eusko Jaurlaritza aitzindaria izan zen arkitektura eta hirigintzako oztopoak ezabatzeko lehendabiziko Legea onartu zuenean; Elkartu, berriz, aurreko Legearen gabeziak ikusita, Irisgarritasunaren Legearen bultzatzaile eta prestatzaileetako bat izan da.
Azken egunotan oso maiz entzuten ari gara irisgarritasun planak, euren kostua, orain arteko egindako planak, etab.
Jada prestatuta edo prestatze bidean dauden irisgarritasunaren udal planen gaineko txostenaren arabera -txosten hau 2006ko otsailaren 21ean aurkeztu zuen Irisgarritasunaren Euskal Kontseiluak-, 2005eko abenduaren 31ra bitartean 117 Irisgarritasun Plan prestatu ziren EAEko udalerrietan (udalerrien %47an, biztanleen %81 hartzen dutela). Lurralde Historikoetako hiriburuek (Bilbok, Donostiak eta Gasteizek) dagoeneko badauzkate beren planak. Plan hauek 1998az geroztik egiten dira, eta 2002 eta 2004 urteen artean prestatu dira gehienak.
Dagoeneko ia 10 urte igaro dira 20/1997 Legea, abenduaren 4koa, Irisgarritasuna Sustatzekoa, indarrean sartu zenetik. Bere artikuluetako batek honela dio: (...) ”Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, Udalek eta gainerako erakunde publikoek lau urteko egitarauak egingo dituzte irisgarritasuna sustatzeko, hirialde, espazio publiko, eraikin, garraio eta informazio eta komunikazio sistemetara irisgarritasuna bermatu eta sustatzeko”. Oraingoz Udalei bakarrik eskatzen zaie irisgarritasun planak egitea, eta gutxi dira jada prest dauzkaten erakunde publikoak. Bestetik, denbora luzea igaro ohi da plan horietan jasotzen diren obrei hasiera eman arte; horregatik, zorroztasun handiagoz jokatu beharko litzateke, planak ez daitezen paper hutsean gelditu.
Lege honek duen arazo nagusia da ez direla bere esanak betetzen.
Gipuzkoan zorrotzagoak izan gara araudia aplikatzeko orduan, eta, ondorioz, nahiz eta irisgarritasunari buruz egiten diren azterlanetan Araba eta Bizkaiaren atzetik agertzen garen, Gipuzkoa oro har Araba eta Bizkaiaren aurretik doa Planak prestatzen eta hauetan jasotakoa aplikatzen -ikusi bestela Eusko Jaurlaritzak gipuzkoar lurraldean inbertitu duen dirutza, bai irisgarritasun planak prestatzeko, bai obrak gauzatzeko-.
Kasu askotan, udalerriak -txikiak batez ere- diru-laguntzak eskatzen aritu dira irisgarritasunerako obra zehatz batzuk egin ahal izateko, adibidez kultur etxean arrapala bat edota igogailu bat ipintzeko. Orain, ordea, Etxebizitza Sailak baldintza bat jartzen du obra hauetarako diru-laguntza emateko: obra hori baino lehenagotik, Irisgarritasun Plan bat egotea. Eta udalerri txiki askotan ez dago.
Oro har, esan daiteke oraindik Irisgarritasun Planik ez daukaten udalerri bakarrak udalerri txikiak direla.
Kontuan izan behar dugu oztopoak egoteak -fisikoak zein komunikaziozkoak- eragotzi egiten diela pertsonei normaltasunez jardutea. Ingurune fisikora (hirialdera, espazio publikora, eraikinetara, garraiobideetara) eta komunikazio sistemetara autonomoki iritsi ahal izatea oinarrizkoa da hiritar guztientzat, eta bereziki aldi baterako edo behin betiko mugikortasuna mugatuta daukatenentzat, komunikatzeko zailtasunak dituztenentzat eta bestelako edozein muga psikiko edo sentsorial daukatenentzat.
“Irisgarritasun hitza, gizakiaren oinarrizko hiru jarduerekin lotzen da: mugikortasunarekin, komunikazioarekin eta ulermenarekin. Guztiok izaten ditugu eragozpenak, nork bere ahalmen funtzional edo mentalen arabera, mugitzeko, komunikatzeko edo informatzeko gaitasunarekin, eta mezuak, jarraibideak, tresnak edo sistemak ulertzeko orduan [...]. Oztopo horien ondorioz, gizarte bazterketa, ezgaitasuna, estigmatizazioa eta kalte psikologikoak jasan ditzakete erasandako pertsonek. Gizarte bat ezgauza denean mugikortasun, komunikazio eta ulermenerako oztopoak kentzeko, gaitasunak murriztuta dauzkaten pertsonei zeinen arreta ezberdina eskaintzen dien ari da erakusten. Eta, alderantziz, irisgarritasunerako oztopoak kentzen joan ahala, aurrerapauso bat ematen dugu gizarte zuzenago bat lortzeko bidean”.
Helios aditu taldea (1995), Social Integration. Annual Report. Brusela.
Oraindik asko dago egiteke oztopo horiek guztiak gainditzeko, eta irisgarritasun eta diseinua denen esku izateko. Egokitzapen eta diseinu berezien beharrik gabe, ahalik eta jende gehienarentzat erabilgarriak diren produktu eta inguruak dira unibertsal deiturikoak.
Gutxitasun fisikoa daukaten pertsonei laguntza teknikoak jasotzeko edota oztopo arkitektonikoak kentzeko maila partikularrean ematen zaizkien diru-laguntzei dagokienez, komenigarria litzateke laguntza mota hauek guztiak gutxitasunaren arazoa azaldu orduko eskaintzea, gaur egun eskatzen diren "paper sorta" guztiak aurkeztu beharrik izan gabe.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |