Eusko Ikaskuntzaren Euskal Estaturako Estatutu Orokorretik 75 urteraEscuchar artículo - Artikulua entzun

Javier RETEGUI AYASTUI, Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria
Traducción al español

Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos (EI-SEV) 1918an Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Diputazioen ekimenez sortu zenetik, Hego Euskal Herriko lau lurraldeak erakundeen aldetik egituratzeko eginkizunean inplikatu zen.

Eginkizun horretan Euskal Udal Administrazioaren Batzarra izan zen lehen urratsa. 1919an ehunka alkate, zinegotzi, udal idazkari, parlamentari eta diputatu bildu zituen Tokiko Administrazioaren oinarriak jartzeko, denek nahi zituzten foruak berriro ezartze eta egokitzearen aurrerapauso gisa. Urte horretan bertan hasi zen eztabaidatzen Autonomiari buruzko Kongresu baten antolaketaz, ordezkaritzarik zabalena bildu beharko zuena, nahiz eta Primo de Riveraren diktadura aldarrikatzeak zapuztu zuen ideia hura.

Diktadura amaiturik, 1930ean, Eusko Ikaskuntzak bildu egin zituen autonomiaren aldeko gogo biziak, ia gizarte sektore guztietatik heldu zitzaizkionak. Alderdien gaindiko bere jarreragatik, hausnarketaren alorrean borondate plural eta abangoardiakoen biltzailea izanik, beste ezein erakundek ez zuen berak adinako gaitasunik, ez eta legitimitate handiagorik, sentsibilitate guztiek onetsia izateko eta lurralde guztietan onar zitekeen estatutu baten aurreproiektua sortzeko. «Eusko Ikaskuntzaren mementua da, apolitikoa, inpartzialagoa eta, batez ere, eraginkorragoa den aldetik, oro har ospe onaren jabe delako eta alderdi guztien gainetik dagoelako» idatziko zuen orduan Javier de Landaburu, El Día Donostiako egunkariaren zuzendariak.

Modu horretara, Elkartearen baitako adituen Batzorde batek Euskal Estaturako Estatutu Orokorraren Aurreproiektua prestatu zuen, eta horren edizio originala erreproduzitzen dugu hemen facsimile bertsioan.

Idoia Estornes, garai horri buruzko azterlanik sakonenaren egileak egokiro esan du testu horretaz1: «Euskal bizitza kultural eta politikoaren pertsona ospetsuen lan neketsuaren emaitza izan zen, pertsona horiek elkarrekin harremanetan EI-SEVek trebeki jarri zituelarik, urte haietako euskal eta nafar klase politikoaren sail zabal baten baltzuango asmoei erantzungo zien aurreproiektu bat presta zezaten». Besteak beste, nabarmentzekoa da Eusko Ikaskuntzaren Aurreproiektuak asmatu egin zuela foru tradizioa eta federalismo modernoa adosten, eta hainbat arazori aurrea hartu ziela alde askotatik, bai eta denbora aurrera joan ahala gauzatuko ziren irtenbideak aurreratu zituela ere.

Argitaratu zenetik, 1931ko ekainaren 1ean, testu hura eredu eta erreferentzia izango zen ondoko proiektu asko eta askorentzat, hala nola EAJren Lizarrako Estatutua, Nafarroako Diputazioko Batzorde Kudeatzaile errepublikazalearen Euskal-Nafar Estaturako Estatutu Orokorra eta Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako Batzorde Kudeatzaileen Euskal-Nafar Estaturako Estatutu Orokorra, eta are Gorteetan onartu zuten 1936ko Estatutua ere.

Harrezkero 75 urte iraganik, gaur jadanik esan dezakegu Eusko Ikaskuntzaren Estatutua historiara pasa dela negoziazio eta elkar ulertzearen paradigma gisa, hura prestatu eta idatzi zutenen kalitate eta maila moralaren agergarri.

Hogeita hamarreko urteetako giro harekin zerikusi gutxi zuen testuinguru batean, baina filosofia berdina zuela, 2003an Eusko Ikaskuntzak Konstituzio proiektu bat aurkeztu zuen Europar Federazio baterako, eta hori izan zen Euskal Herritik eta Espainiatik Europar Batasunera aurkeztuko zen artikulu sail osoz hornituriko proposamen bakarra.

Euskal erkidegoen arteko egituratze eta bateratzeari laguntza ekartzea da gure Elkartearen sorrerako zereginetako bat, eta hori etengabe eguneratzen da iraganeko esperientziei buruzko gogoetak eginez, orainaren azterketaz eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko azterlan aitzindarien bidez. Gaur egun bereziki, ideia aurreratuak, paradigma berriak eta gure ahalmena katalizatuko duen jarrera proaktiboa eskatuko dituzten garaiei begira, sinetsita nago EI-SEVek, bere egoera berezia eta bere kideen bikaintasun maila direla eta, munta handiko ekarpen sozialak eskaintzen jarraitzen ahal duela.

Ideia hori bera aurkitzen dugu Julian Elorza, garaiko Elkarteko Lehendakariak 1931ko maiatzaren 31n Estatutuaren Erredakzio Batzordearen lanak amaitutzat ematerakoan esandako hitzetan: «Eusko Ikaskuntzak ez du inolako ikurrin politikorik jasotzen, bere lanen emaitza Herriari eskaini besterik ez du egiten, eta Herriak egoki iritziko dion moduan hartuko du hori».

Estatuto general del Estado Vasco pdf-an

1 ESTORNÉS ZUBIZARRETA, Idoia. La construcción de una nacionalidad vasca: el autonomismo de Eusko Ikaskuntza (1918-1931). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1990. 730 or.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/06/02-09