José María RODRÍGUEZ IBABE, CEIT y Tecnun, Donostia
M.A. FLOREZ ESNAL, Zumaiako Institutua
Traducción al español
Europar Batasunaren garapen teknologiko eta ekonomikoaren alderdi garrantzitsuenetariko bat material metalikoen ekoizpena izan da. Sektore horrek gorabehera asko jasan ditu eta orain ere, aldaketa garrantzitsuen aurrean dago, enpresen bategite eta talde industrial handien sorreratik hasita, maila handiko berrikuntza teknologikoetara arte.
Duela hamarkada gutxi arte, material metalikoen ekoizpenei buruz mintzatzean burdinazko aleazioak eta, bereziki, altzairuak hartzen ziren kontuan. Orain ere, altzairuak metal ekoiztuena izaten jarraitzen du, munduko urteko produkzioa 1150 milioi tonatik gorakoa izanik. Hurrengo taldea, distantzia handi batera, aluminio aleazioez osatua dago. XX. mende hasieran aluminioaren produkzioa mila tonara iristen ez bazen ere, mende bukaeran kopurua 35 milioitik gorakoa zen. Gauza bera esan daiteke gainontzeko aleazio metalikoei buruz, gehienak XX. mendean zehar garatu dira.
Bigarren Mundu-Gerra amaitu ondoren, altzairuaren industria europarra, neurri handi batean, nazionalizatua izan zen. Sektore publikoak kontrolatutako merkatua asetzeko hazkundea bultzatu zen, ekoizleentzat produktibitatea helburu nagusia ez zen bitartean. 70. hamarkadaren krisialdi energetikoaren ondorioz, hazkunde ekonomikoan oinarritutako eredu hori amaitzear zegoen. Bat-batean, ekoizpen ahalmen gehiegizkoa zegoen eta era berean, instalakuntza teknologikoak zaharkituta zeuden.
Egoera larria ikusita, Europar Batasunak zenbait neurri hartu zituen, ekoizpen-ahalmena jaitsiaraziz eta enpresen ahalbide ekonomikoa bilatuz. Horren ondorioz, 1975 eta 2000. urte bitartean, garai hartan Europar Batasuna osatzen zuten 15 estatuen artean siderurgiako langileak 850.000tik 280.000raino jaitsi ziren, eta bitartean langile bakoitzeko ekoizpena 3,4 aldiz igo zen1. Ekoizpen-igoera hori martxan jarritako berrikuntza teknologikoei esker lortu zen.
Egoera berri hori egokitzat har zitekeen. “Errentagarritasuna”, “mozkinak”, eta “ekoiztutako produktuaren kalitatea” bezalako kontzeptuak beharrezkoak ziren, baina ez nahikoak sortzen ari ziren joko arau berrietan. “Ekoizpen jasangarriaren” kontzeptuak, Europar Batasuneko helburu bezala zabalduz joan den heinean, aldaketa nagusia ekarri du. Kalitatezko produktu edo material bat prezio lehiakorretan ekoiztea orain ez da nahikoa, “garapen jasangarriaren” inguruan dauden betebeharrak ere kontuan hartu behar dira.
Inguru honetan Kiotoko protokoloa aintzat hartu behar da. Protokolo horrek sortzen dituen berrikuntzen artean, CO2 gas isuriaren murrizketa dago, material metalikoen, beiren, zementuen eta antzeko materialen kasuetan oso gai garrantzitsua izanik.
Japonia altzairu ekoizpen handienetarikoa da, bere industria munduko modernoena eta lehiakorrena baita. Estatu horretako altzairu-industriaren jarduera CO2 gasaren isuri osoaren %13-17aren iturri da. Nahiz eta bere industria puntakoa izan, zenbait azterketaren ondorioz, teknologi berriak erabiliz eta prozesuen eraginkortasun energetikoa hobetuz, datozen 20 urteotan emisio horiek %10-20 murritz daitezkeela aurresan da2. Europaren egoera ere antzekoa da. Administrazioak zergen bitartez ezar ditzakeen kargen tamainak kontuan harturik, murrizketa horiek lortzen ez baldin badira, enpresen deslokalizazioa gerta liteke, permisiboagoak izan daitezkeen beste herrietara mugituz edo bestela, aplikazio askotarako ordezko materialak aukeratuko dira altzairuen industria kolokan jarriz.
Altzairuari buruz esandakoa ere beste metal-motei zabal daiteke3. Aluminioaren kasuan, adibidez, metala bauxita mineraletik ekoiztea da prozesuaren puntu ilunena garapen jasangarriaren ikuspuntutik. Prozesu horretan energia asko kontsumitzen denez, aluminio primarioaren ekoizpena, hau da, mineraletik lortutakoa, energia merkea edo negutegi efektua sortzen ez duten energi iturriak dituzten herrietan kokatzen da nagusiki. Europaren kasuan, Norvegian (energia hidraulikoa) eta Frantzian (energia nuklearra) aurkitzen da produkzio erdia.
Kasu honetan ere, aluminioa birziklatzen denean, egoera goitik behera aldatzen da. Txatarrean oinarritutako ekoizpenak mineralean oinarritutako energiaren %5a bakarrik behar du. Gaur egun, bide horretatik ekoizten da Europak behar duen aluminio herena. Hala ere, oraingoz material birziklatuaren kalitatea ez da nahikoa maila handiko aluminio aleazioak lortzeko.
Etorkizunean izango diren aldaketa teknologikoek, ekoizpen jasangarriaren ildotik etorritako erronka berriei erantzutea edukiko dute helburu, beti ere baliagarritasun ekonomikoaren iritziak ahaztu gabe. Bi betebehar hauek elkar lotuz eta Europar Batasunaren gizartearen ezaugarriak kontuan harturik, berrikuntza teknologiko multzo berri bat martxan jarri beharko litzateke. Bertan, alde batetik, kontsumo energetikoaren eta CO2 gasaren murrizketak eta bestetik, portaera hobeak edukiko dituzten material metalikoen garapena izango dira helburu nagusiak.
1 J.F. den Hertog eta C. Mari, “Gestion del cambio y recursos humanos”, Eurofer, 2000.
2 D. Gielen eta Y. Moriguchi, Energy Policy, 30, 2002, 849-863.
3 S. Ramakrishnan eta P. Koltun, Resources, Conservation and Recycling, 42, 2004, 49-64.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |