Unión Cerrajera S.A, ehun urteko aberastasuna (II/II)Escuchar artículo - Artikulua entzun

Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traducción al español

Unión Cerrajera S.A sortzen da. 1906-1956 bigarren zikloa

Enpresa desberdinetako akziodunek burutu beharreko bileren ostean, marko bateko ondoko baldintza hauek ezarri ziren: a) enpresa biak desagertuko ziren eta Unión Cerrajera izeneko berri bat sortuko zen. b) “Vergarajauregui, Resusta y Cia”-k sei kide izango zituen enpresa berriko administrazio kontseiluan c) presidentea Cándido Gaytan de Ayala izango zen d) Kudeatzaile nagusia Jose María Resusta eta bere ordez Toribio Agirre e) Enpresa berriaren kapitala sei milioi pezeta izango zen. “Vergarajauregui, Resusta y Cia”- bere ondare osoa ematen zuen enpresa berrirako eta ordain gisa kapital berriaren bost milioi pezeta jasoko zuen, titulutan; “La Cerrajera Guipuzcoana”-k, berriz, milioi bat pezeta, baita titulutan ere f) pertsonal administratiboak berean jarraituko zuen.

Bi Kontseiluek aurreko baldintzak onartu ondoren, 1906ko ekainaren 22an, Maro Aguinaga Baronaren notarioaren aurrean, Unión Cerrajera sortu zen. Akziodunen jatorria %50 Arrasatekoa zen; %10 Oñati; %10 Aretxabaleta, Bergara eta Eibar; eta gainerakoa Azpeitia, Azkoitia, Usurbil, Donostia, Araba (Ozaeta, Ganboa Langara) eta Nafarroa.

Tailerrak, handienak, Zaldibarrekoak ziren, 22.000 metro karraturekin horietako erdia eraikinekin. Bergarako instalazioek 10.000 metro okupatzen zuten eta Zigarrolakoek 2.000.

Aldaketak eman ziren aginte egituran eta 1911an Toribio Agirre izan zen hautatua zuzendari. Lehendakari gisa Jose Joaquin Zayas aukeratu zuten. Integrazio bertikalagoa eta bizkaitar siderurgiarako independentzia lortu nahian Bergaran labe garaiak instalatzea erabaki zen. Eta lehena 1918an inauguratu zuten. Unión Cerrajera siderometalurgiako sektorean sartzen zen, beraz.

Sarrailgintzari zegokionez, enpresarik handiena bihurtu zen espainiar estatuan. Esportazioak ere aurki hartu zuen garrantzia salmentetan eta batez ere hegoamerikar merkatura heltzen ziren arrasatear produktuak 1912rako. Langile kopuruari dagokionez, 1915ean Arrasate eta Bergara artean 800 ziren; 192an 1.600, eta horiei etxeetan lan egiten zutenak gehitu behar ziren; 1933an, 1.500, eta horietatik 1.233 Arrasaten eta horietakoak 212 emakumeak ziren.

Arrasaten, sarrailak eta beste lanabesak ez ezik, trenbiderako torloju eta tira-ondoak (1909), bimetalak (altzairuzko xaflak latonaz edo kobrez estalita, 1933), Bergman hodia (1939),... proiektu batzuk ere izan ziren garai haietan idazteko makinak fabrikatzeko (Remington eta Unbderwood, 1932-1936), plantxa elektrikoak (Westinghouse, 1947), traktoreak (Fergusson 1947) eta abar.

Trenaren garrantzia. Berrogeita hamar urtetako beste ziklo bat (tartekatua)

“The Anglo Vasco Navarro Railway Ltd” enpresa sortu zuten 1899an Gasteizen, besteak beste arabar hiriburua Deba Goienako herriekin lotzeko. Obrak Arlaban gainera iritsi bezain laster amaitu ziren, konpainiak porrot egin baitzuen.

Unión Cerrajera-ren produktuak merkataratu ahal izateko biderik aproposenetakoa trena zitekeela ikusita, Unión Cerrajerak modu propioz bultzatu nahi izan zuen trenbidearen zabaltze lana. Estatuak ezer ez zuela egiten ikusita, trenbideko zati baten kostua Unión Cerrajera-k bere gain hartzea erabaki zuen 1912an. Garbi dago, enpresarentzat zeharo garrantzitsua zela Arrasate eta Bergarako bere lantegietako produktuak kanpora ateratzea garraio kostu txikiago eta zerbitzu moderno batekin. Era berean, behar zituen lehen gaiak ekartzeko ere trenak buruhauste franko ken ziezazkiokeen.

Baina 1913an Gobernuak bere gain hartu zuen trenbidearen proiektua eta 1916ko urriaren 4an Gatzaga Eskoriatza tartea inauguratu zen. Zailena eginda zegoen. Hurrengo fasea 1917ko abenduaren 22an ireki zen, Arrasateraino. Azkenik, Bergara eta Mekolaldeko loturak eta, oro har, Gasteiz Mekolalde bidea 1919ko urriaren 12an inauguratu zen.

Energia/Laguntza sozialak/kooperatiba, etxeak...

Ur jauzietan oinarritzen zen lehen lehenik burdin oletako energiaren hornidura. Unión Cerrajerak bazuen bere presa, Etxaluzen, eta handik malato baten bitartez forjako lehen lantegiraino heltzen zen ura.

Baina Deba ibaiaren gora beherak kontuan izanda, eta Bergara zein Arrasateko instalazioak handitzen ari zirela ikusita, Oñatiko Biain y Cia. Konpainiarekin argindarra erosteko kontratua zuen eta 1911an erabaki zuen haiei eskaintza bat egitea Ubao, Tokillo, Lamiategi, Jaturabe eta Olateko ur jauziak erosteko. Horrela egin zen eta Olate bilakatu zen Gipuzkoako bigarren zentral hidroelektrikoa. Leintz bailara eta Oñatirako argi indarra banatzen zuen.

Langile adinduentzat eta gaixoentzat laguntza sozialak ezarri zituen Unión Cerrajerak 1917an. Geroago, 1932 inguruan,. Laguntzak normatibizatu egin ziren eta diru kopuruz handitu ere. 1933an, berriz, Pentsioetako Kutxa (caja de pensiones) sortu zuen, une larriak (gaisotasuna, heriotza...) pasatzen ari ziren langileentzat eta beren senitartekoentzat. Gero HETRUC etorriko da, gerra ostean, seguritate sozialeko erregimen pribatuko lehendabizikoetako eredua espainiar estatuan, nonbait.

Bestalde, langileen premiak nolabait arintzeko, 1916an lehen kooperatiba sortu zen. Ultramarino denda bat ireki zen, eta pertsonalak berak kudeatzen zuen. Enpresak lokalak jartzen zituen, pertsonalaren soldatak, argi indarra, mantenua eta abar. Sendi bakoitzak koaderno bat zeukan eta bertan apuntatzen ziren bakoitzak eramaten zituen gaiak. Gero, kintzena kobratzean, kitatu egiten zen zorra. Formula horrek 1941era arte iraun zuen, data horretan Ekonomatoa bihurtu zelarik, formula antzerakoa erabiliz.

Primo de Riveraren diktadura garaian (1923-1930; Directorio Militar (1923-25) eta Directorio Civil (1925-30)) “etxe merkeak” (casas baratas) eraikitzeko kanpaina izan zen Espainiako enpresetako langileentzat. Union Cerrajerak ere erosi zituen terreno batzuk, Maalan, eta 18 etxe eraiki zituen, oraindik hortxe ikus daitezkeenak. Edozeinek esan dezake benetan erabaki ederra izan zela.

Belaunaldi berriek Lagun Aro, Eskola Politeknikoa, Eroski, eta abarrez entzun dute. Ez lukete ahaztu beharko, berrogeita hamar urte lehenago Hetruc, UCEM-en Ultramarinoak eta Escuela de Aprendices ere izan zela.

Escuela de Aprendices

Lan Eskola bat edukitzeko asmoak 1908ko maiatzaren 8ko bilera batean islatu zuen Unión Cerrajeraren kontseiluak, Alfredo Lafitteren “eskola partikularra” sortzeko asmoa azaltzen denean, “kontramaisuak eta sekzioetako buruak” hezteko. Marrazkigintza lineala, matematika eta teknologia mekanikoa erakusten ziren.

Toribio Agirrek bultzada berri bat eman zion 1911an. Baina 1939ra arte itxoin behar izan zen (saialdi batzuk izan ziren, besteak beste Orejarena 1933an) Escuela de Aprendices sortu arte. Urte hartako urriaren 1enean inauguratu zen Eskola eta, 14 eta 18 urte bitarteko ikasleak hartzen zituen. Hori bai, ikasleak enpresako langileen semeak ziren.

Esan behar da, ikasleak eskolara sartu eta seguritate sozialean apuntatzen zituen Unión cerrajerak. Horrezaz gain, bigarren ikasturtetik tailerretan egiten zuten lanaren ordainez eskuz jasotzen zuten soldata erdia eta beste erdia Aurrezki Kutxara sartzen zitzaien. Ezaguna den moduan., Eskola hartatik igaro ziren berrogeita hamar urtez arrasatear industria azpiegituran argi bereziz jardun duten pertsona asko eta asko.

Edozeinek esan lezake, garai berriei begira: Dena zegoen inbentatuta aspaldi.

1956-2006 Hirugarren zikloa

Unión Cerrajeraren gainbeheraren abiapuntua nik 1956an jarri izan dut sarritan. Ene ustez, enpresaren garai hartako agintariek ez zuten malgutasunez jokatzerik jakin izan. Enpresa barruan langileen sektore batek zenbait urte lehenago zuzendaritzari planteatutakoa ez zen onartu. Kudeaketa berri baten oinarria jarri nahian, langileek enpresaren erabakietan esku hartu ahal izatea eta kapitalean parte hartzea eskatu zen. Ezetza borobila zen. Zauria irekita zegoen. Eta langile baliotsu batzuek euren bizimodu eta norabide profesionalerako modelo berrien bila hasi ziren. Aurki kooperatiben mugimenduari ekingo zioten.

Eta horrekin UCEMen deskapitalizazioa hasi zen, bi motatakoa:

a) Giza deskapitalizazioa: teknikorik onenek alde egin zuten kooperatibetarantz

b) Finantza deskapitalizazioa: Enpresaren ahultasunak kapital merkatuetako atzera egitea ekarri zuen.

Unión Cerrajeraren galera jarraikia, azken berrogeita hamar urteotan, hein handi batean, kooperatiben osasun onari esker konpentsatu ahal izan da. Arrasatek ez du pairatu bere gizartean krisi larririk, beste lurralde batzuetan gertatu den moduan (Sestao, Hernani eta abar). 1985 eta 1995 bitartean 500 baino lanpostu gehiago galdu ziren Arrasateko Unión Cerajeran, horietako asko zeharo traumatikoak. Horren hutsunea inguruko lantegiek estali ahal izan dute.

Orain krisi berri baten aurrean gaude! Nola konponduko da? Nola egin ahal izango dio aurre Arrasateko azpiegitura industrialak etorkizun hurbilari? Esperantzari leiho bat ireki behar zaio, nahiz eta neurriak oso gogorrak izango direla badakigun. Globalizazioaren garroek ito egingo gaituzte ekonomikoki, ez badugu garaiz erabaki sakonik hartzen. Gure gizartea – Arrasate- ongizateko koordenada desberdinetan bizitzera egokitu beharko da.

XX mendeko Arrasateko lehen iraultza industriala 1906an eman zen. Handik berrogeita hamar urtetara bigarrena aldarrikatu zen. Zein da dagokigun hurrengoa? Bete betean berean gaudelakoan nago. Guri dagokigunez, ez dakit Garaia izeneko planteamendutik etorriko ote den edota beste nonbaitetik, baina igaro da kutsu kapitalista hutsez enpresak kudeatzeko zikloa; igaro da 1956ko kutsu kooperatibistaz enpresak kudeatzeko zikloa eta zerbait ASMATU behar da, pobreziak harrapa ez gaitzan eta bizi kalitatean hobetzeko (parametro ekonomizistetan soilik neurtzen ez dena) solidaritate, justizia eta askatasuneko klabetan.

Unión Cerrajera S.A, ehun urteko aberastasuna (I/II)

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/07/14-21