Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Argazkiak: Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Traducción al español
Udalaitzek 1092 metro ditu eta kareharrizko mendia da. Gipuzkoa eta Bizkaia aldetik igo daiteke tontorrera. Ibilbide honetan Gipuzkoa izango dugu abiapuntu, Arrasate hain zuzen ere. Etengabe ari da aldatzen mendiaren itxura. Izan ere Kanpantzarreko harrobitik behin eta berriz harria ateratzen dute eta etorkizun ez urruti batean Abiadura Handiko Trena bertatik igarotzeko proiektua aurrera doa. Mendiaren edertasunaz gozatzeko aukera bikaina da urteko sasoi guztietan, eta baita uda honetan ere.
Arrasatetik irtengo gara Udalaitz edo Udalatx bezala ezaguna den mendirantz. 1092 metroko garaiera duen tontorrera iristeko, aurrena herriko Monterron parkera gerturatu eta XVII. mendean eraikitako jauregia ikusteko aukera edukiko dugu. Parkera igo eta gure ibilbidea hasi aurretik eszenatokiaren bi alboetako zuhaitzei so eginez gero, urte piloa duten bi sekuoia ikus ditzakegu; beraien berezitasuna: Euskal Herriko zuhaitz berezien artean sailkatu dituztela.
Behin lorategi izan zen parkeak paseo berri batera garamatza, eta handik Gorostiza auzoraino joango gara. Zubi bat zeharkatzen dugun bitartean kareharriz osatutako eta Arrasatetik mila bat metrotara dagoen gure helmuga ikustatuko dugu. Bidean aurrera jarraituz Gorostiza auzoa eskuinaldetik zeharkatu eta Udala auzunerantz abiatuko gara. Bidean gure ezkerretara utziko dugu Sorkunde Amabirjinaren komentua. Iparralderantz garamatzan pinudi gazte batetik igarotzen den bidexkak eroso bihurtuko du gure ibilbidea. Aurrera egin eta ahuntzain baten txabolarekin egingo dugu topo: bide onetik goazen seinale. Ehunka urte dituen artadi baten itzalaren babesean egingo dugu Udalaraino geratzen zaigun bidea. (45 minutu)
Berriro ekingo diogu gure bideari; aurretik baina, kantinplorak beteko ditugu iturrian. Lehenik eta behin Udalaitzera igotzeko ohikoena den bidetik egingo dugu aurrera. Hamar bat minutura guztiz berriztatutako borda zahar batekin egingo dugu topo. Hemen erabakiko dugu gure ibilbidearen zailtasun maila.
Zuzenean gailurrera
Bide hau gogorragoa da. Hasitako bide argitik aurrera egingo dugu eta haizeak, elurrak eta beroak bihurritutako arteak eta zenbait pago aurkituko ditugu gorantz egin ahala. Geroz eta aldapatsuagoa egingo da bidezidorra eta azken esfortzuan kareharrizko horma ederrek babestutako mendiko larre batek Udalaitzeko gurutze handiraino eramango gaitu. Gurutze txikia aurkitzeko, garai batean monjeen monasterioa izan zenaren hondarrak igaro eta horien atzera joango gara. Esaten dutenaren arabera, III. mendean Zaragozako apezpiku San Valero toki horretan hil zen. Kobazulo bat dago oso gertu eta eguzkitik babesteko eta ura hartzeko toki paregabea da.
Mendiaren tontorrera iritsi gara dagoeneko (1h45´). Paisaia ederrarekin egingo dugu topo segidan. Iparraldean Oiz, Bizkaiko eta Gipuzkoako kosta; hegoaldean Gurutzeberri, Gasteizko mendiak, eta San Lorentzo urrutira. Sartaldean Mariren etxea, Anboto, eta horren atzealdean Gorbeia. Ekialdean berriz, Aizkorri, Aralar eta Aiako Harriak ikustatzeko aukera izango dugu.
Tontorrean gaudela bertako faunaz gozatzeko aukera izango dugu. Hegazti mota pila bat topa daitezke Udalaitz inguruan. Besteak beste, belatxingak, belatzak, saiak... Gainera, Araotzetik habia egitera joandako sai-zuriak begiztatzeko parada izango dugu zorteko baldin bagabiltza.
Aurrera egin eta eguraldia ona baldin bada gailurretatik joango gara. Kontuan hartu bidea hasierakoa baino estuagoa bihurtu dela hemen eta batzuetan harri solteekin egingo dugula topo. Horrek adi-adi jarriko gaitu goiko kobazulotik igarotzen garen bitartean. Iparraldeko mendi-hegalean egongo gara dagoeneko eta Bizkaia aldera begiratuta Durangaldea aurkituko dugu. Ekialde-mendebalde norabidean jarraituko dugu, beti ere bide estuari arreta eskainiz eta Gongeta tokira iritsiko gara.
Hemendik iparraldeko norabidea hartu eta behinola ustiatzen ziren burdin meategietara iritsiko gara. Pikotxa eta pala erabiltzen zituzten beharginek arroilak eta harpeak egiteko. Horien arrastoak aurki daitezke gaur egun ere. Ipar-ekialderantz hartu eta meategietatik ateratako materiala eramaten zuten bagoitxoentzako bidetik jaitsiko gara Santa Luzia ermitarantz. (3h).
Bidea erraztu egingo da eta paisaia ikusgarria aurkituko dugu bertan: pago, gaztainondo, astigar, laritz eta gorostiek mendiaren iparraldeko horma bertikalaren kolore zuri grisaxkarekin kontrastatzen dute.
Kanpantzarreraino iritsiko gara bide horretatik (3h15´). Bertako harrobi ikusgarriaren aldamenetik igaroko gara eta Santutxo ingururaino jaitsi. Ondoren, San Balerio baseliza bisitatzeko aukera izango dugu Meatzerreka auzoan; bertan batzartzen ziren meategietako langileak. 1434.urtekoa da baselizaren lehen aipamen dokumentatua.
Bidean behera eginez Arrasatera itzuliko gara errepide nagusitik (3h45´).
Ibilaldi lasaiagoa
Udalaitzen magalean aurkitu dugun borda berrituaren azpialdetik bide bat irteten da; artadi baten gainetik egingo dugu ibilaldia. Hori jarraituta mendiko larre bateraino iritsiko gara. Bertan ohikoa da ahuntz, ardi eta behorrekin topo egitea. Ekialde-mendebalde norabidetik jarraituta galbiderik gabe Gongetaraino joango gara, bide errez eta garbi batetik. Bidexka hau arte, artzi eta gurbez osatutako baso baten azpitik igaroko da. Bidearen amaieran paisaia ederra aurkituko dugu, bere oinetan Lurgorriko meategiak aurkituko ditugularik.
Behin Gongetara iritsi eta aurreko ibilbidearekin egingo dugu bat; bertan bide berdina jarraituko dugu Arrasateraino.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |