Energia berriztagarriak UsurbilenEscuchar artículo - Artikulua entzun

Xabier ESTEBAN, Kudeatzailea. Energia Berriztagarrien Gunea
Argazkiak: USURBILGO LANBIDE ESKOLA
Traducción al español

Usurbilgo Goi Mailako Lanbide Heziketako Berariazko Institutuak energia berriztagarrien sektoreko egoeraren azterketa zehatza gauzatu zuen 2001. eta 2002. urteetan zehar Euskadin. Ikerketaren oinarrizko helburuak ziren honako hauek ezagutzea: enpresen eta enpresetako teknikarien lanbide-prestakuntza, haien trebakuntza-beharrak, puntako teknologien egoera, natura-baliabide erabilgarriak eta gizartearen pertzepzioa, oro har, energia-iturri hauen inguruan.

Ondorioak argiak eta oso baikorrak izan ziren: etorkizun handiko sektorea zen, teknikoki heldua zenbait teknologiatan, lanpostu asko sortzeko gai zena eta ezinbestekoa ingurumenaren ikuspuntutik Kyotoko Protokoloko konpromisoak erdiesteko. Hala ere, gizartearentzat ia ezezaguna zen sektorea zen, trebakuntzaren aldetik hutsune handikoa, lanbide-prestakuntzarik gabekoa eta erakundeen laguntza txikia jasotzen zuena.

Lanean bi urte eman ondoren, Institutuak eraikin berri bat zabaldu zuen 2003ko urtarrilean, behar horiei guztiei erantzuna ematen saiatzeko helburuarekin: Energia Berriztagarrien Zentroa.

Helburuak

Zentroak proiektua garatzeko 4 helburu edo oinarrizko eremu ezarri zituen:

1- Trebakuntza: sektorearen garapen profesionalerako oinarria. Maila guztietan lantzen da, hasierako trebakuntza, etengabekoa eta lanerakoa. Trebatzen hasten ari diren gazteetatik hasi eta, birziklapenetik edo jarduneko profesionalen espezializaziotik pasatuta, azaleratzen ari den sektore batean interesatuak dauden langabetuetaraino.

2- Ekipamendua: profesionalak trebatzeko ezinbesteko osagarria. Jada finkatuta dauden teknologiekin lan egiten da, puntako ekipamenduekin eta beti benetako aplikazioekin benetako eragiketa-kondizioetan.

3- Dibulgazioa: beharrezkoa da energia berriztagarriei buruzkoak gizarteko eremu guztietara irits daitezen, hasi administraziotik eta ikastetxeetaraino, inplikatutako sektore profesional guztietatik pasatuta.

4- Aholkularitza teknikoa: pertsona fisiko eta juridikoei bideratutako zerbitzua, energia berriztagarrien baliabideak aprobetxatzeko proiektu bat abian jartzen dutenean behar duten informazioa eta laguntza tekniko guztia izan dezaten: teknologiak, aplikazioak, diru-laguntzak, instalazioak, mantentze-lanak, etab.

Energia berriztagarrien parkea

Teoria eta praktika uztartzea da Lanbide Heziketaren oinarria. Energia Berriztagarrien Zentroko gela eta tailerrek lehenengo helburua betetzeko balio dute eta eraikinaren kanpoaldean trebakuntza praktikorako balio duten instalazio eta ekipamenduak daude.

Egun, parkean 4 energia-iturri berriztagarri mota daude ordezkatuta:

- Eguzki-energia termikoa: Eguzkiaren erradiazioa eguzki-kolektoreen bidez aprobetxatzen da, besteak beste, etxeko, berogailuetako edo igerilekuetako ura berotzeko. 3 teknologia mota daude, kolektore lauetatik hasi eta huts-hodi modernoetaraino. Gaur egun, 25 m²-ko azalera hartzen du instalazioak, eta 1.300 litro ur bero metatzeko gai da.

- Eguzki-energia fotovoltaikoa: hau ere Eguzkiaren erradiazioa aprobetxatzean oinarritzen da; baina, oraingoan, korronte elektrikoa sortzeko, efektu fotovoltaikoaren bidez, siliziozko eguzki-paneletan batez ere. 2 instalazio mota daude: autonomoak –sortzen duten energia autokontsumorako erabiltzen da Zentroaren eraikinean– eta sarera konektatuak daudenak –sortzen duten energia elektrikoa operadore bati saltzen diote, 43 € zentimoan kilowatt-ordua–. Instalatutako potentzia osoa 9 kWp da sarera konektatutakoetan, eta 2 kWp autonomoetan.

- Energia eolikoa: haizearen indarra aprobetxatzea aerosorgailuen bitartez elektrizitatea sortzeko. Parkeak 3 makina ditu eta 17 kW-eko potentzia lortzen du guztira; ekoitzitakoa autokontsumorako erabiltzen da Zentroaren eraikinean.

- Energia geotermikoa: Instalazio bereziena da, eta Espainian ikastetxe batean kokatu den lehena. Sakontasun gutxira lurperatutako hodi-sistema baten bidez, lurrazalean metatutako beroa jasotzen da; gero, Zentroaren eraikineko barnealdera ponpatzen da bero hori; eta, azkenik, zoru erradiatzaile bidezko berokuntza-sistemaren bitartez beroa gela eta tailerretan banatzen da tenperatura baxuan. Instalazio hau gai da neguan 8 kW termiko hornitzeko.

Eguzki-instalazioen trebakuntza praktikoa burutzeko –laneko eta segurtasuneko kondizio errealetan, baina arriskurik gabe–, lurzoruaren mailan benetako teilatu bat jarri zen parkean 2005ean, .

Energia aurreztea eta eraginkortasunez erabiltzea

Zentroan oso argi genuen energia berriztagarriak egungo eta etorkizuneko errealitate zirela gaur egungo gizarteak energiaz hornitzeko, baina, aldi berean, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko politikak defendatu behar zituen.

Eredua emateko lehen pausoa eraikinaren Energia Ziurtagiria lortzea izan zen. Gaur egun borondatezko prozesu bat da, eta proba batzuen bidez eraikinaren portaera termikoa zehazten da eta kalifikazio energetikoa ematen. Energia Berriztagarrien Zentroaren kasuan B nota lortu zen; horrek esan nahi du neurri bertsuko ohiko eraikin batek baino % 40 gutxiago kontsumitzen duela; hau da, energia lortzeko energia-iturri berriztagarriak erabili beharrean ohiko argiztatze-, berotze-, isolamendu- eta arotzeria-sistemak dituen eraikin batek baino % 40 gutxiago behar duela.

Hurrengo pausoa, 2004an, Energia Aurrezteko eta Eraginkortasunez Erabiltzeko Gela diseinatzea izan zen, bisitariei ura eta energia aurrezten dituzten teknologiak erakusteko helburua duen 105 m2-ko eremua. Ikasgelako gaiak 6 familiatan zentratu ziren:

- Energia eta ura aurreztea: kanila eraginkorrak dituzten 4 konketaren bidez.

- Argitan aurreztea: ikasgelako argi guztien intentsitatea eta kontsumoa erregula daitezke, eta, gainera, 2 informazio-panel daude. Panel batean eraginkortasun handiko LED teknologia azaltzen da; bestean, berriz, etxeetan ohikoak diren luminariak, eta horien kontsumoa eta eraginkortasuna.

- Berokuntzan aurreztea: Gelak (eta eraikuntzak berak) zoru erradiatzaile bidezko berokuntza-sistema du. Sistema hori ohiko berogailu-sistema baino eraginkorragoa da eta energia gehiago aurrezten du. Horrez gain, eraginkortasun handiko leihoen erakusketa dago.

- Ibilgailu eraginkorrak: ibilgailu-industriaren azken berrikuntzak erakustea du helburu sail honek. Scooter elektriko bat dago ikusgai.

- Energia: bisitari gazteentzat egin da erakusketa hau. Energiaren oinarriak hobeto ulertzeko, bi teknologia daude: bizikleta bat, potentziaren eta energiaren artean dagoen aldea azaltzeko; eta turbina hidroelektriko bat, energia-transformazioaren printzipioa ulertzen laguntzeko.

- Beste teknologia batzuk: gune irekia eta bizia da, eta teknologia berriak (hidrogenoa, eguzki-sukaldeak...) azaltzea du helburu.

Hedapena

Dibulgazio-lana 2 motatako jardueren bidez egiten da: Batetik, Zentrora eta Parkera egiten diren bisita gidatuak daude, eta irailean hasi eta ekainaren bukaera arte egiten dira. Batez ere, Batxilergoko eta DBHko ikastetxeak aintzat hartuta antolatu dira; instalazioak eta funtzionamendua azaltzen dituen gida baten laguntzarekin egiten da ibilbidea. 2004. urtetik, Donostialdeko, Buruntzaldeko eta eskualdeko ikastetxe gehienek parte hartu dute kanpainetan.

Bestetik, profesionalentzako jardunaldi teknikoak eta administrazioko teknikoentzako eta publiko guztiarentzako dibulgazio-jardunaldiak daude, energia berriztagarrien eta energia aurreztearen eta eraginkortasunez erabiltzearen ingurukoak. Hizlariak lantzen diren alorretako adituak dira beti, eta jardunaldi guztien amaieran parte-hartzaileen arteko mahai-inguru bat egiten da. Gaur egun arte ez da horrelako ekintzarik egin, eta antolatutako hauek harrera ona izan dute; horren erakusgarri dira parte hartu duen jende pila, sektorean izan duen onespena eta komunikabideetan izandako oihartzuna.

Lankidetza-hitzarmenak

Egindako lanaren fruitu izan ziren zenbait erakunde eta entitaterekin sinatutako hitzarmenak; horiei esker, Institutuak administrazioarengan, sektoreko enpresengan eta gizartean duen eragina handitu dezake.

Alde batetik, lankidetza-akordio bat –bakarra Espainian– sinatu zen Eguzki Energiaren Ikerketa Zentroarekin –CENSOLAR–. Erakunde horrek ospea eta nazioarteko onespena ditu eguzki-energiaren ikerketan.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIKO Garapen Iraunkorreko departamentuak eta Institutuak beste esparru-hitzarmen bat sinatu zuten 2004an, energia aurreztea eta eraginkortasunez erabiltzea eta energia berriztagarriak sustatzeko eta dibulgatzeko gizartean. Hitzarmen horri esker egiten dira jardunaldi tekniko eta dibulgatzaileak eta bisita gidatuen kanpainak.

Azkenik, 2005. urtearen amaieran, USURBILgo udalarekin sinatu zen azken hitzarmena, berriztagarrien eta energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gaiaren inguruan udal-langileak aholkatzeko eta laguntza teknikoa emateko.

Etorkizuneko proiektuak

2005-06 ikasturtea bukatzen ari den honetan, Zentroa gogotsu ari da lanean 2006-07 ikasturteko trebakuntza- eta ekipamendu-proiektuetan.

- Energia hidroelektrikoa: Institutuko Mekanika Saileko irakasleek 50. hamarkadako turbina bat zaharberritu dute, eta parkeko beste ekipoekin batera jarriko da uraren indarra aprobetxatuz energia nola lortzen den erakusteko.

- Eraikinaren domotizazioa: Zentroaren eraikineko argiztatzeko, berotzeko eta klimatizatzeko ekipo guztiak automatizatu eta monitorizatu nahi dira, energia-kontsumoa optimizatzeko eta hobetzeko.

- Hidrogenozko pila: proiektu esanguratsuena. Foru Diputazioarekin eta CIDETEC ikerkuntza-zentroarekin elkarlanean, Aurrezteko Gelan hidrogenozko pila bat jarriko da martxan, gela bera eta zenbait etxetresna elektriko korronte elektrikoz hornitzeko. Helburua da teknologia-garapenaren egoera, etxean izan ditzakeen aplikazioak baloratzea eta energia berriztagarrietatik abiatuta hidrogenoa ekoizteko abiapuntu izateko balio izatea.

SOL y PAZ saria

Energia berriztagarrien alorrean Espainian ematen den sari ospetsuena jaso du Zentroak 2006. urtean, SOL y PAZ saria hezkuntza-lanari. 2003. urteaz geroztik egiten ari garen lanaren aitorpena da estatu mailan, eta bide beretik jarraitzeko energia eta ilusioa 'berriztatzen' ditu.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/09/22-29