Pirinioen iragazkortasunaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Rafael GIMÉNEZ CAPDEVILA, Pirinioetako Lan Elkarteko Azpiegitura eta Komunikazio Batzordeko Idazkaria
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español

Jadanik 1982an, Pirinioetako Lan Elkartea eratu zenean ezarri zen garraio azpiegitura mailan Pirinioak iragazkor bihurtzeko helburua, baina oraindik urrun da hori iristetik. Pirinioek ia hermetiko diraute pertsonen eta salgaien zirkulaziorako. Irun/Hendaiako eta la Jonquera/Le Perthuseko itsasertzeko bi igarobideen artean, hots, 400 kilometro baino gehiagoko mugan, ez da beste igarobide erosorik inguruko eskualdeetako biztanleentzat.

Bestalde, eta bereziki 1986an Espainia eta Portugal Europako Ekonomia Elkartean sartu zirenetik, Iberiar penintsularen eta Europako gainerakoaren arteko trafikoa haziz joan da etengabe, eta beldurra dago laster izango direla gainezka Pirinioen bi muturretako garraio azpiegiturak.

Zergatik bihurtu behar dira iragazkorrago Pirinioak? Lehenik eta behin, muga politikoa ahultzen laguntzeko, eta eskualde mugakideak elkarrekin batzeko, banatu beharrean, lankidetzan has daitezen, elkarri bizkarra emanda bizi ordez. Bigarren, iberiar herrietara doan edo haietatik datorren lurreko trafikoak Pirinioak igaro behar dituelako, eta herri horietako jarduera ekonomikoa trafiko horren eraginkortasunaren mende dagoelako gero eta gehiago.

Arazoak

Azken bi hamarkadetan, izugarri hazi da Pirinioak igarotzen dituzten salgaien joan-etorria; bolumena bikoiztu egin da sei urteka. Esate baterako, 2003an 101 milioi tonak igaro zuten muga errepidez, hau da, 19.300 kamioi igaro ziren egunero batez beste bi igarobideetatik alde batera edo bestera (1985ean, 4.000 inguru izan ziren). Trafiko hori ia guztia Pirinioen bi muturretako igarobideetatik igarotzen da ia erdibana. Baina mendiko igarobideak ere ez dira jadanik turistentzat eta bertako herritarrentzat bakarrik; gero eta kamioi trafiko handiagoa ikusten da haietan, eta oso esanguratsua da hori. Horrek kezka sortzen die bertako agintariei, mehatxua baitakusate hor beren bizi kalitatearentzat eta jarduera turistikoentzat.

Autobideek eta errepideek hartzen dituzte salgai eta bidaiari fluxu gero eta handiago horiek. Egungo trenbideek, aldiz, ozta-ozta atxikitzen dute beren trafiko bolumena, eta 2003an trenbide horietatik igaro ziren 4,3 milioi tonak lurrez egindako trukeen % 4 dira bakarrik. 1985ean, artean % 14,3 egiten zen trenbidez. Trenbideko garraioa errepidekoa bezain lehiakorra ez delako gertatu da merkatu galera hori. Gauza are okerrago bihurtzeko, zama aldaketa bat gehiago egitera behartzen du Iberiar penintsulako trenbide sare arrunta eta Europako Batasuneko herri gehienetakoa zabalera desberdinetakoak izateak, eta horrek moteldu eta garestitu egiten du trenbide garraioa.

Pirinioetan zehar, gero eta fluxu handiagoak dabiltza, baina horko errepide eta trenbide sareak ez dira aldatu funtsean azken 30 urtean, mendikatearen bi muturretan autobideak elkarrekin lotu zituztenetik. Tunel batzuk eraiki badituzte ere mendialdeko bide nagusietan, bide horien funtzionaltasuna oso mugatua da, ez baitute gaitasunik trafiko handiak onartzeko, eta, beraz, ezin dira izan alternatiba itsasertzeko korridoreentzat.

Proposamenak

Orain urte gutxi arte, Pirinioetan zeharreko komunikazioek sortutako arazoek ez zuten arretarik pizten estatuetako eta Europar Erkidegoko agintariengan, zeren azpiegiturek auto-pilaketa maila kezkagarririk gabe erantzuten baitzieten orduko trafiko handiei. Eta eskualdeen arteko harremanei dagokienez ere, mendialdeko igarobide nagusietan egindako hobetze zehatz batzuei esker, orain seguruago eta arinago ibiltzen dira autoak.

Halere, badirudi eredu hori agortzear dela, bai trafiko gero eta handiagoa hartzen jarraitzeko duen gaitasun mugatuagatik, bai bere iraunezintasun gero eta nabariagoagatik. Egungo gizarteak eskakizun handiagoak ditu bide segurtasun, energia kontsumo, atmosfera kutsadura (Kiotoko protokoloa bete beharra, besteak beste), zarata eta bazterren kalitate mailan. Horrek garraio sistemak birpentsatzera behartzen du. Hobetu egin behar dira sistema horiek; modu egokienak erabili, kasu bakoitzean.

Horregatik, Europako Batzordeak 2001ean garraioei buruz argitaratu zuen Liburu Zurian, Pirinioetan zeharreko komunikazioak europar agendan sartzen dira, Pirinioak iragazkor bihurtzeko gogoa ageri da. Baina helburu hori ez da lortuko errepide sarea osatuta soilik. Trenbidearen presentzia ere handitu behar da, Iberiar penintsulan trenbide zabalera estandarra ezartzen dela, eta Pirinioetan zehar beste korridore bat eraikita. Gainera, itsas linea berriak sortu behar dira, orain errepidea darabilten salgai fluxuetako batzuk erakartzeko. Azken finean, oreka berri bat lortu behar da garraio modu guztien artean, egun errepideak duen ia monopolioa hausteko, garraio modu horixe baita denetan iraunezinena.

Mugaz gaindiko lankidetza

Pirinioetako Lan Elkarteak funtsezko eginkizuna izan du gai hauetan, bai arazoaren transzendentziaren kontzientzia zabaltzeko, bai Espainiar zein Frantziar estatuei eta Europako erakundeei arazoa konpontzeko politika egokiak asmatzen laguntzeko.

Nola Europan zeharreko sareek eta haien lehentasunezko programek, hala estatuek, autonomia erkidegoek eta eskualdeek onartutako garraio azpiegituren planifikazio agiriek diote hobetu egin behar direla etengabe Pirinioetan zeharreko azpiegiturak, errepidezkoak nahiz trenbidezkoak; PLEk 1988an hartutako eta 2000n eguneratutako eskemak hautsi gabe, haatik.

2005eko urrian, Espainiar eta Frantses estatuetako ordezkari nagusiak Bartzelonan bildu ziren autonomia erkidegoetako eta muga eskualdeetako ordezkariekin, eta mugaz gaindiko garraio azpiegiturak guztien artean garatzeko plan bat hitzartu zuten. Lehen urrats garrantzitsu bat da, nahiz eta gauzatze erritmoa itxuraz geldo samarra izan. Izan ere, Pirinioetako muga ezabatzea, edo bederen arintzea, ez da egun batzuetako edo hil batzuetako lana, urte askotakoa edo hamarkadetakoa baizik. Beraz, hasi izana da garrantzitsua.

Bibliografia

Comunidad de Trabajo de los Pirineos (2001): Infraestructuras y transporte: un reto para los Pirineos.

Ministère de l’Équipement (2002): Atlas transpirenaico de transportes.

Ministerio de Fomento; Ministère de l’Équipement (2003): Observatorio hispano francés del tráfico en los Pirineos.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/09-29/10-06