Igor CALZADA MUJIKA, Soziologo eta Ikertzaile Seniorra MIKen (MCCko Ikerketa Zentrua)
Traducción al español
Egun, gure herrialdearen etorkizun ekonomiko eta soziala aurreikusten saiatzen diren analisi guztiek, amankomunean “berrikuntzaren” bidexidorra jorratzearen desioa dute txertaturik. Izan ere, ez dirudi beste aukerarik dagoenik, iraganean aldaketei aurre egiteko gaitasuna sarritan erakutsi duen gurea bezalako herrialde batentzat; industria birmoldaketaren garaian erantzun egokiekin aurrera eginez eta bide batez, punta-puntako eta nazioarte mailan erreferentzia diren enpresa taldeak kontsolidatuz, kooperatibak kasu.
Haatik, gaur egun guztiak garamatza berriro ere errotik asmatu behar dugunaren derrigorrezko ustera. Eta errealitatea, ezberdina da oso. Euskal gizarte eta ekonomia bateraturik, industria arotik industria osteko arora trantsizioa burutzen dihardu. Laburbilduz, erronka nagusia, gizarte eta ekonomia sortzaile baterantz lerrotu eta lehen urratsak ematen hastea litzateke. Guzti hau, europar testuinguru baten baitan, iparraldeko herrialde garatuak (Finlandia, Suedia, Islandia eta Irlanda gehituko nuke ere) behatuz etengabean; herrialde hauek baitira, aro sortzaile honen hiru ardatz egituratzaile ezinbestekoak elkartzen dituzten eredu paradigmatiko eta erreferentziazko errealitate garbienak: garapen ekonomiko iraunkorra, gizarte kohesioa eta kulturaren demokratizazioa uztartzen dituztenak.
Argazkia: Garikoitz Estornés. |
Beste modu batera esanda, gure benetako erronka (eta agian hain urrutikoa ez dena) “Euskal Hiria” edo “XXI. mendeko Euskal Sare Hiri Sortzailea” egituratzean datza.
Kontrara, zein da errealitatearen beste aurpegia? “Berrikuntza”rekin kontrajarria den zorigaiztoko hitza, maiz aipatzen den “deslokalizazioa” litzateke. Honela, ekoizpen jarduerak gune merkeagoetara lekualdatzearen prozesuak beregain enplegu lokalarengan duen eragin zuzenarekin bateraturik, mesfidantza, beldurra eta ziurgabetasuna sortzen du. Euskal ekonomiaren aurreikuspen guztiek, ekoizpen industrialaren pisu erlatiboaren apurka-apurkako gainbehera adierazten dute zerbitzuak sektorearen barruan dauden jardueren mesedetan. Zentzu honetan, jarduera ekonomiko berriak sustatzearen apustu garbia erantzun egokiena dirudi. Eta, I+G gastuaren hazkuntza, sektore teknologiko-zientifikoen bultzada (bioteknologiak, ikusentzunezkoak,…), berrikuntzarako azpiegituretan inbertsioak (enpresa-parkeak, berrikuntza guneak,…), langabeziaren beherakada (prekarietatea oraindik, zintzilikako ikasgaia izanik), etab. gizarte eta ekonomia sortzailearen bidean jartzen gaituzten neurriak dira.
Hala ere, Euskadin, ekonomia sortzailearen urrats hasiberrian egonik, neurri guzti hauek beharrezkoak dira, baina geroko garapen urratsetarako ez dira nahikoak huts-hutsean. Berrikuntza eta Sormenaren gaitasunak ez dira soilik azpiegitura eta ukiezinetan sustengatzen. Berrikuntzak beharrezko du, apurka apurka gizarte alor orotan Kultura Berritzaile bat ereiten joatea. Alegia, gure gizartearen baitan dugun Kapital Sortzailea kultibatu eta kontsolidatu behar dugu.
Sormena eta berrikuntza honela, Europar Batasuneko gizarte eta ekonomia aurreratuen indar eraldatzaile garrantzitsuenak dira. Globalizazioaren koordenatan egituratzen ari den mundu honetan, gure etorkizuna sortzeko gaitasunean oinarritzen da. Beraz, gizarteek bere baitan duten Kapital Sortzailea kontsolidatu behar dute derrigorrez. Honela defini genezake Kapital Sortzailea: Gizarte baten baitan dauden eragileak (pertsonak, taldeak, erakundeak, enpresak, unibertsitateak eta eskualdeak), berritzaile eta sortzaile bihurtarazteko, beharrezkoak diren aktibo konbinatu suspertzaile eta ahalbidetzaileak lirateke.
Deslokalizazioak gure herrialdearen egitura ekonomiko eta sozialerako dakartzan berehalako arriskuen aurrean, proposamen zehatza honakoa litzateke: Kapital Sortzailean euskarria duten aukera berriak ikuskatzen joatea (sektore ekonomiko, enpresa eta lanpostu berrietan islatuta). Honela bakarrik posible izanik, ekonomi, gizarte eta kultur alorrak bateratzen dituen garapen iraunkorraren benetako ardatz bat lortzea. Azken batean, helburua, Berrikuntza gure herrialdea egiteko/izateko/prestatzeko/gobernatzeko jakintza bezala ulertuz.
Sormena, giza jarduera bezala alor orotan aurki dezakegu. Jose Antonio Marinak aipatzen duen moduan, sormen teknologiko, zientifiko, ekonomiko, artistiko eta kulturala, estalki ezberdinez aurkeztu arren, erro berberekoak dira. Honela, (a) sormen ekonomiko, (b) zientifiko-teknologiko eta (c) artistiko-kulturalaren konbinaketa berri anitzak balioan jartzen dakien gizarte batek, bere Kapital Sortzailearen onurak jasoko ditu zuzenean eta berau kultibatzen egongo da etengabean. Ondorioz, Berrikuntzaren eragile aktiboak diren, Ekintzaile, Berritzaile eta Sortzaileak azaleratu daitezen habitat egoki bat atonduko du. Testuinguru honetan, erakunde, enpresa eta unibertsitateen rola eta egiteko nagusia, proaktiboa behar du izan, Berrikuntzaren eragile aktiboak, erakarriz, mantenduz, mobilizatuz, aktibatuz eta sustatuz. Honela soilik izango gara gai, herrialde bezala berezko Kapital Sortzaile bat kultibatu eta kontsolidatzeko. Gizarteko alor guztietan (Gazteria, Hezkuntza, Ekonomi Sustapena, Enplegua, Kultura, Turismoa, Ogasuna…), Kultura Berritzaile bat zabaltzen joan dadin, neurri eta politika integral konkretuak ahalbidetzea litzateke helburua.
Uda honetan, konkretuki uztailaren 6, 7 eta 8an, gai guzti hauen inguruan hausnarketa sakon bat egiteko gune ezin hobea bihurtu zen Donostiako Miramar Jauregia. Guzti hau, EHUko Udako Ikastaroen programaren barruan ospatu zen Kapital Sortzailearen Udako Ikastaroan jorratu baitzen. Bertan, nazioarteko nahiz bertako aditu zenbaitek hartu zuten parte: Geoff Mulgan (Berrikuntzan Tony Blair-ren asesorea), Agust Einarsson (Islandia), Simon Evans (Erresuma Batua), Andoni Aduriz (Mugaritz), Joxean Muñoz (Tabacalera), Imanol Agote (Foru Aldundia), Juan Diego (EiTB), Iñaki Etxaniz (Angulas Aguinaga)…
Agian honakoa, benetako momentua da, haize guztiak gure alde ditugula aprobetxatuz. Momentua, gure herrialdea testuinguru berri eta honen barruan fase berri baten hastapenean kokatzeko. Eta jakina, gure aurrean planteatzen zaigun esperantzaz betetako bakegintza eta normalkuntza abagune berri honek suposatzen duen aktibo garrantzitsuaz ere ari naiz. Honek ere ahalbidetu dezan, gure energia (denbora luzez nahas-mahas baten endredoan xahutua), modu egoki batean kanalizatua izan dadin, bere potentzialitate sortzaile guztia modu positiboan aprobetxatuz herrialde bat egituratzen joateko. Izan den Euskadi horretatik “Euskal Hirira” pasatzen joateko. “Euskal Hiria” (Bernardo Atxagak aipatua eta agian ez hain urruna),“XXI. mendeko Euskal Sare Hiri Sortzailea” bezala ulertzea proposatzen dudalarik hemen. Azken batean, herrialde bat, konektatua dagoen hiri handi baten moduan ulertua eta etengabe birsortzeko gaitasuna duena: batetik; herrialde/hiri abangoardista, modernoa, urbanoa, irekia, anitza, eta bestetik; tradizionala, berezkoa, benetakoa, ezberdina eta autentikoa den nortasuna uztartzen dituena.
Laburbilduz, “Euskal Hiria”, irekia eta munduarekin konektatua bezala, bere berezko nortasun milenaristaren izanarekin konsziente eta koherentea.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |