Mikel NAVARRO ARANTZEGI, Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren zuzendari akademikoa
Traducción al español
Joan den mendeko erdialdean ekonomialariak eta politikariak enpresa eta korporazio handiez arduratzen ziren batez ere. Baina 70eko hamarkadaz geroztik enpresa txiki eta ertainen garrantziaz jabetzen joan ziren: Berrikitan, beste urrats bat eman dute eta haien arreta behinena enpresa berrien sorreran eta ekintzailetasunean jarri da, ekintzailetasun horrek berrikuntzan, ekonomi hazkundean eta enpleguan, besteak beste, izan dezakeen eraginagatik.
Ekintzailetasun aldetik, herri anglosaxoniarretan bezain ongi ez bada ere, Euskal Autonomi Erkidegoa (EAE) garapen ekonomiko bertsuko herri europarren parean dago. Erdi mailako posizio hori, ekintzailetasunari lotuta dauden bi alderditan EAEk duen posizio kontrajarriaren fruitua da: oro har, gutxi dira EAEn abian jartzen diren ekimen berriak; baina abian jartzen diren ekimen horiek, beste herrietan baino luzaroago bizirauten dute eta gutxiagotan porrot egiten dute.
Herri bakoitzeko ekintzailetasuna herri horretako inguruneak, besteak beste, baldintzapeturik dago. Hots, ekintzailetasun horretan herri horretan dauden azpiegiturek (fisiko, komertzial eta zerbitzukoak), Administrazioaren politika eta programek, finantza-bideek, teknologia transferitzeko bideek, hezkuntza-sistemak, arau sozial eta kulturalek eta merkatuko irekitasunak eragiten dute. Zein da, inguruneko alderdi horien egoera EAEn?
Inguruneko alderdi horietaz balorazio bat izateko, Global Entrepreneurship Monitor (GEM) proiektuaren barruan 40 herri edo erregio baino gehiagoko adituak elkarrizketatuak izan dira. EAEren aldetik nazioarteko proiektu horretan parte hartu duena eta adituak elkarrizketatzen aritu dena Eusko Ikaskuntzako ikerlari-talde bat izan da. Elkarrizketatutako adituen erantzunen arabera, inguruneko ia alderdi guztietan EAE nahiko ongi baloratuta agertzen da: ia item guztietan 10 lurralde hoberenen taldean aurkitzen da. Balorazio hoberena jasotzen duten EAEko inguruneko atalak azpiegiturekin eta Administrazioen politika eta egitarauekin zerikusia dutenak dira. Aldiz, EAEn okerren dabiltzan inguruneko alorrak heziketa eta merkatuaren irekitasuna dira. Hain zuzen ere, EAEn ahulezia nabaria dagoen ekimen berrien abian jartzearekin loturarik handiena duten inguruneko alorrak.
Adituen balorazioa hau entzuterakoan hainbat jende harritu egiten da, EAEko hezkuntza sistema nahiko ona dela entzun izan dutelako. Ez al dago kontraesanik entrepreneurshipi buruzko adituek emandako balorazioaren eta EAEko hezkuntza sistema orokorraz dagoen hautemate edo pertzepzioaren artean?
Ekintzailetasunari buruzko azterketek ez dute esaten EAEko hezkuntza sistemak ikasleei programaturik dauden edukiak (matematika, historia, fisika, etab.) gaizki ematen dituenik. Ezta urrik eman ere. Baina entrepreneurshipeko adituen ustez, hezkuntza sistema ez da behar hainbat arduratzen ikasleengan hainbat balore garatzen (enpresa-izpiritua, sormena, norberaren ekimenak, autosufizientzia, arriskuak hartzeko ausardia...) eta ezta enpresaren sorrerarekin lotuta dauden hainbat jakite transmititzen (merkatu-ekonomia baten hastapenak, enpresa bat sortzeko pausuak...).
Laburbilduz, EAEn ekintzailetasuna gehien galarazten duten inguruneko alorrak hezkuntza eta trebakuntza eta arau sozial eta kulturaletan dira. Horietan gaude gaizkien beste herrien aldean. Dena den, itxaropen pixka bat emateko, esan dezagun gure agintariak horretaz konturatzen hasi direla eta ahulezia horren kontra hainbat neurri hartzen hasiak direla. Hain zuzen ere, GEM proiektuak EAErako egindako lehenengo txostenetik laster, urrian, agertzera doanera hobekuntza nabari bat sumatzen da EAEko adituek alor honi ematen dioten balorazioetan.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |