Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Argazkiak: Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Traducción al español
Jesus Moreno arrasatearra da. Bizitza gehiena bertan igaro arren, Gerra Zibil garaian alde batetik bestera ibili zen bere familiarekin. Bere bizipenei buruz hitz egin digu, oroitzapenek dakarten min kutsuarekin.
Arrasateko Iturriotz kalean jaio zen duela 79 urte Jesus Moreno eta bertan bizi izan zen Gerra Zibila hasi zen artean. Bere aita Justo Loiola Batailoian sartu zen. Orduan Jesus Elorrio aldera joan zen Irene ama eta hiru anai-arrabekin batera 1936ko ekain inguruan. Ez zen garai lasaia izan. “Egoera berotu egin zen Elorrion geundela. Intxorta menditik esaterako, kanoikadaka hasi ziren eta plaza erdira ere egin zuten tiro”, gogoratzen du. “Beldurtu egin ginen guztiok eta amak Durangorako bidean jarri gintuen. Ordurako familian bat gehiago ginen, Imanol anaia bertan jaio zen eta”.
“Doña Rosa Matutek hartu gintuen bere etxean. Nik asko maite nituen etxe hartako guztiak, bai Rosa bera eta baita etxeko gaztea, Antonio ere”. Baina Durangon ere pairatu zuen gerraren eragina. “1937ko martxoaren 31a zen. Euskarazko dotrinara joaten ginen Durangon; horren aurretik meza egoten zen elizan. Egun batean gure txandaren zain geunden nire arreba, Jose Ramon Bolinaga Txori eta Markinako lagun bat. Hamar minutu falta ziren dotrinarako kanpaiak joka hasi zirenean. Gizon batek arreba eta biok eskutik heldu eta leku seguru batera eraman gintuen. Izugarria izan zen, han ikusi genituen astoak tripak kanpoan zituztela, esaterako. Gainera, eliza guztia erori zen eta ez zen inor bizirik atera. Gutxigatik libratu ginen”, aitortzen du.
Atsaldian berriz be bonbardeoa, Anbototik, biplano bat aurretik “el abuelo”, eta segidan beste zazpi abioi bonbak berriz bota eta buelta
Etxera itzuli zirenean ez zen giro. “Etxeko mutikoa, Antonio, mezetara
joana zen eta ez zegoen bere berririk, inork ez zekien ezer. Gogoan dut gauez
joan ginela kanposantura eta han topatu genuen beste ehunka hildakorekin batera.
Hamar urteko mutikoa nintzen orduan eta ez zidaten gorpua ikusten utzi”.
Egoera haren aurrean Mañaria aldera joan zen familia osoa. Bertan pinudi
batean ezkutatu behar izan ziren hegazkinek tiro egiten zietelako. Orduan,
beraien fardelak hartu eta kamioi batean Gernikara joan ziren. Gauez egin
zuten bidaia. Lasaitasunak, baina, ez zuen askorik iraun. Bi egunen buruan,
1937ko apirilaren 26an, bonbardeaketa suertatu zen. “Kea zen nagusi
Gernikan, dena beltzituta zegoen”.
Bakarrik gelditu nitzuan, pinu haundi baten azpixen etzan nitzuan, eta bonbak ondoan jausten, pelota bat bezela saltoka ibili nitzuan eta dena odola lurrian, eskuetan, hanketan, buruan
Beraien ondasun apurrak hartu eta bidaiari ekin zioten berriz ere. “Bilbo lehendabizi, Villaverde de Trucio (Karrantza) gero. Bertan sei hilabete egin genituen. Egun batean arratsaldez marmita hartu eta esnea eramaten ari nintzela soldaduekin elkartu nintzen. Hegazkinak tiroka hasi ziren eta etzin egin behar izan nintzen orduan. Odola igarri nuen burutik behera. Ordutik, metraila dut buruan”, esan digu Jesusek. Karrantzatik Santanderrera, Cabezon de la Sal gero eta handik Santanderrera itzuli ziren.
Alfonso Gorroñogoitia kooperatibistaren aita gobernuan zebilen lanean eta estatutik irten ahal izateko paperak lortu zituzten berari esker. Elice Marie itsasontzian untziratu eta hiru egun bertan igaro ondoren Bordelera iritsi ziren. “Gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko gazta eta ogia ematen ziguten; umeei berriz, esne kondentsatua. Bordelera iritsi ginenean medikuak genituen zain; besteak beste, ea zorririk geneukan begiratu ziguten”.
Ez
ziren arrasatear bakarrak Frantziako txoko hartan. “Ezagun askorekin
egin genuen topo eta pozgarria izan zen”. Montélimarrera egin
zuten ondoren, Frantziako gerlako kuartel batera. “Zirrara eragiten
zuen tokiak. Izan ere, urkak, aulki elektrikoak, afusilatzeko hormak... aurki
zitezkeen bertan. Gainera ostegunetan ezik, zaintzaileek ez ziguten irteten
uzten, arratsaldeko lauetatik seietara”.
Kubara joateko aukera izan zuen Moreno familiak, ahaide bat bertan zutelako. Baina azkenean Euskal Herrira itzuli ziren. 1938.urtea zen trenera igo zirenean. Irunera iritsi eta miaketa sakonak sofritu zituzten. Une gogorra izan zen Jesusentzat, “ama ere biluztu zuten bertan goardiek”. Izeba Sabina zuten zai eta berarekin batera trenez iritsi ziren Arrasatera. Jendez lepo aurkitu zuten tren geltokia gerrarengatik erbesteratu eta herrira itzuli zirenek. “Falangista asko zegoen orduan Arrasaten. Etxerako bidean España si, Rusia no oihuak egin zizkiguten”, gogoratzen du Jesusek.
Ez ginduen hartzen inun be gorrixak gitzelako, eta hamabi lagun jaten eta amandria bakarrik lanian
“Hamahiru pertsona bizi ginen Maala kaleako etxe batean eta bakarrak egiten zuen lan, amandreak hain zuzen ere. Gorriak ginen orduan eta oso zail geneukan lana bilatzea edo eskolara joatea”. Eskolan hasi zeneko garaia ere ez du goxoki oroitzen. “Cara al Sol abestu behar genuen sartu eta irteterakoan, eta ukatzekotan jo egiten gintuzten. Zenbat egur jaso ote nuen nik!”. Hamabi urterekin, baina, eskola utzi eta mandatari bezala hasi zen lanean.
Bestalde,
Arrasatera itzultzeagatik ama koartelean aurkeztu behar zen astero bere seme-alabekin
batera. Senarrarengatik galdetzen zioten eta Irenek ideiarik ez zeukala erantzuten
zuenean “zenbat kide hilko zizkigun zure senarrak!”, esaten ziotela
du gogoan arrasatearrak. “Eta ezin erantzun, bakarrik entzun egin behar”.
Gerra Zibilak Jesus gizondu egin zuen. “Danetik tokatu zait: neba zaharrena nintzen, aita kanpoan zen eta beraz etxeko gizon bihurtu nintzen”. Nahiago izango zuen, baina, horrelako bizipenik izan ez balu.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |