Arantxa TAPIA OTAEGUI, Garraio eta Herri Lan Sailburuordea
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español
Gizarte-komunikazio lan handia egiten ari da Garraio Saila, euskal herritarrei egungo azpiegituraren berri emateko. Instituzio publikoekin, gizarte-erakundeekin (bereziki ekonomia- eta gizarte-eragileekin) eta komunikabideekin etengabe harremanetan gaude. Horretaz gain, hemendik gutxira, komunikazio interaktiboko kanal bat irekiko da herritarrekin harreman zuzena izateko.
Horri dagokionez, Euskal Trenbide Sare Berriaren kudeaketa politikoari eta sozialari buruzko Sailaren ideia aurkeztu nahi nuke, eta baita orain arte norabide horretan eman ditugun urratsak ere.
Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak onarturiko proiektua da Euskal Trenbide Sare Berriaren proiektua; eta Foru Aldundien, Estatuko Gobernuaren, Europako Batasunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal gehienen onespena ere badu. Hori dela eta, zilegitasun guztia du proiektuak.
Ikuspegi politikotik begiratuta, Eusko Legebiltzarreko ordezkarien % 80 alde du. Euskal Trenbide Sare Berria gauzatzeko lanak abian jartzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarraren % 80ak Eusko Jaurlaritzari. Gizartearen ikuspegitik begiratuta, Garraio eta Herri Lan Sailaren datuen arabera, euskal gizarteko gehiengo handi bat azpiegitura honen alde dago. Hain adostasun handia duten gai gutxi daude gure herrian. Etxe independente batek, era zientifikoan, egindako azterketa soziologiko batek ezagutzera ematen du euskal herritarrek, 0tik 10era, 7,35eko balioa ematen diotela ETSBa (Euskal Tranbide Sare Berria) gauzatzeko lanak hasteari.
Demokratikoki erabakitakoa geldiarazteko ez du balio behar azpiegitura horren gaineko gizarte-eztabaidak. Edonola ere, euskal gizarte guztia ordezkatzen duten instituzioek demokratikoki ezarritako norabidean sakontzeko, hobetzeko edo aurrera egiteko balio behar du. Nahiz eta proiektuaren aurka egoteko eskubidea duten, “Eztabaida” ez da talde eta erakunde jakin batzuen zerbitzura egon beharreko tresna. “Eztabaida” gizarte osoaren zerbitzura egon behar da, eta ez interes jakin batzuen zerbitzura.
Gizarte-komunikazio lan handia egiten ari da Garraio Saila, proiektuan sakontzeko eta aurrera egiteko, erakundeekin, instituzioekin eta euskal gizarteko hainbat herritarrekin komunikaziorako kanalak irekiz. Iritziak trukatzea, eginiko ekarpenen inguruan gogoeta egitea eta ondoren erabakiak hartzea da “Eztabaidaren” funtsa.
“Gizarte-eztabaidaren” ideiak, batzuek iritzi publikora eraman nahi dutenak, zilegitasun politikoa sistema instituzionaletik kanpo ezartzea du xede, eta, gure gizartean oso errespetagarriak eta beharrezkoak diren arren, instituzioen balio demokratikoa ordezkatzen ez duten foroetara eraman nahi dute.
Gauza bera gertatzen da herri-kontsultaren gaian. Euskal Autonomia Erkidego osoa ordezkatzen duten erakundeei dagokie Euskal Trenbide Sare Berria eraiki behar den erabakitzeko eskumena. Euskal Trenbide Sare Berriaren alde egin zuen Eusko Legebiltzarraren % 80k baino gehiagok (legebiltzarrean aukera politiko guztiak daude ordezkaturik). Euskal gizarteak eta Eusko Legebiltzarrak ezin dute onartu beste erabaki-subjekturik instituzionalizatzea. Besterik planteatzea, manipulatzea eta tresna demokratiko horri balioa kentzea da.
Prozesua geratzeko bitarteko gisa edo interes alderdikoiez eztabaida-kontzeptua erabiltzea, kultura politiko demokratikorik eta sistema demokratikoaren funtzionamenduari buruz ikuskerarik ez izatea da.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |