Alvaro RABELLI
Traducción al español
Urte
literario hau beharbada ez da historiara pasako, ezpada Ramon
Pinilla getxotar idazleari Espainiako Narratiba Saria eman diotelako -gero
eta gehiago dira sari horren jabe diren euskal idazleak- baina bai egon behar
dugu seguru historia berehala literaturara igaroko dena. Aurtengo gertakaririk
garrantzitsuenak, literaturaz kanpokoa beronek, hau da, ETAren su-etenak,
ez ditu literaturaren bazterrak erabat harrotu, gure herriaren historia aldatu
badu ere. Hobeto esanda, ez du astirik izan, eta ez da ustekabean harrapatu
gaituelako -bazetorrela genekusan- baizik eta literaturak denbora behar du
historian eta gizartean izaten diren aldaketez gogoeta egiteko; funtsean,
literatura ere gogoeta delako, isla bat. Baina, aspaldian gatoz idazten bai
ETAz, bai une historiko honi lotutako aferez, eta hobe ez, identitateaz ere.
Ez da berria. Berria dena su-etena bezalako gertakariak uneari ematen dion
dimentsioa da, historikoa esango genuke, eta testuinguru honetan gaiari buruz
argitaratzen diren lanek ere beste dimentsio bat berenganatzen dute, horren
premiazko dugun katarsia egiten laguntzen dutela esatera ausartuko ginateke.
Ildo horretatik ekarri digu urteak Joseba Zulaika antropologoaren saioa, ETAren
hautsa (Alberdania),
unerik egokienean ekarri ere iraganaren katarsia egin eta etorkizunaren gogoeta
egiteko. Gogoeta kontakizun bihurtzen da Ardotxiren eleberrian, Mentxakaren
aitorpena (Elkar),
zeinak 70ko hamarkadan atxilo baten gorabeherak kontatzen baitizkigu. Eta
beste saio bat, Joseba Gabilondoren Nazioaren hondarrak (EHU), non
eta beste paradigma bat proposatzen digun orain arte nagusi izan den literatura
nazionalaren eskema zaharkitua gainditzeko. Horren aburuz, benetako euskal
literaturaren historia kontatzekotan, erdaraz idatzi izan duten eta idazten
duten hemengo idazleak ere kontuan hartu beharko genituzke. Boladan diren
kontzeptuak ez baditugu argi, horra hor Xabier
Arregiren Herri, hiria, nazioa. Zibilismoaren sustraiak (Pamiela).
Identitatea, gatazka, identitatearen gatazka eta antzeko gaiak ez dira liburu
hauetan agortzen, eta ez dira agortuko hurrengoetan ere; gehiago aipatzearren,
Joseba
Aurkenerenaren indigenismo xumea Iparraldean gaindi (Gero)
liburuan aipa genezake.
Ikusten
denez, gaiok saiakera eta narrazio liburuetan banatzen dira. Bestelako saiakerak
izan ditugu Manu
Lopez Gaseniren Literaturak umeei begiratu zienean (Pamiela),
ezinbestekoa ume eta gazte izeneko literaturaz jantzi nahi duenarentzat; eta
Iñaki Arranzen Hitza azti (Alberdania), euskaren berezko baliabideen
gainekoa eta Mendebaldearen mintzo mindua (Euskaltzaindia
/ BBK)
Joseba
Azkarragarena.
Iaz benetan urte ipuintsua izan bazen, honetaz ezin da gauza bera esan, genero horren argitalpen kopuru dezenteri eutsi arren. Iazko bilduma bik, Koldo Izagirren Sua nahi, Mr Churchill? (Susa) Eta Harkaitz Canoren Neguko zirkoa (Susa) bildumek bide arrakastatsua egiten segitu dute 2006an. Baina, ipuingintzak ondo merezitako saria erdietsi du Iban Zalduaren eskutik, aurtengo narratiba alorreko Euskadi Saria berarentzat izan baita, berarentzat eta iaz argitaratu zuen Etorkizuna (Erein) bildumarako. Beharbada, kritika ez da batera etorri liburu hau Zalduaren onena dela esatean, baina dudarik ez dago Iban Zalduaren ipuinek leku nagusia lortu dutela hamarkada honetako ipuingintzan, eta bide batez, jakina, gure garaiko narratiban. Azken urteetan ipuingintza gogor zetorren eta Zalduari emandako sari hau etorri da nabarmentzera, baita aitortzera ere, euskal ipuingintza garaikideak lortu duen maila. Badira ipuingintzaren plaza handira jauzi egin duten idazle berriak, Rafa Ugalde kasu. Gure gerretako heroiak (Elkar) dimoztarraren bigarren bilduma izanik ere, lan mamituagoa lortu du honetan eta leku bat egin dio ipuingile petoen artean. Petoa ere Laudioko Patxi Iturregi, Dioramak (Elkar) bilduma galtzarbean daukala itzuli dena, bere hirugarren ipuin bilduma. Iturregiren ipuin berriok, zertzelada labur eta eskematikoetan atonduta, bat datoz azken urteotan boladan dagoen ipuin biluzi mota horrekin. Eta benetako harribitxi bat, oraingo honetan itzulpenen alorrean, Leonid N. Andreiev-en Zazpi urkatuak narrazio bilduma. Andreiev Errusiako maisu handien artean dugu, Txejov eta Gorkiren pare, ipuingile aparta. Bere ipuinek XX. mendearen hasierako errusiar gizartearen krisia eta gizakiaren gogo-aldarterik ilunenak dakarzkigute.
Itzulpenek,
Durangon argitaratuko denaren zain, ezarri dute goia euskal letretan. Libururik
interesgarrienak. Ugari izan dira eta itzuli diren hainbat izenburu benetan
garrantzitsuak dira literatura unibertsalaren eremuan. Jules Renard-en Axenario
(Alberdania/Elkar), Pasqual Alapont-en Martaren infernua (Erein),
Nagib Mahfuz-en Mila eta bat gauen gauak (Txalaparta), Bertolt Brecht-en
Kaukasiar kreazko borobila (Artezblai), Eric-Emmanuel Schmitt-en
Ibrahim jauna eta Koranaren loreak (Erein), Lydia Flem-en Izua
(Alberdania), Irene Nemirovsky-ren Dantzaldia (Txalaparta),
Gianni Celati-ren Guizzardiren abenturak (Igela), Yasmina Reza-ren
Desolamendua (Igela), Groucho Marx-en Groucho eta ni (Meettok),
Dorothy Parkerren Hona hemen gu biok (Alberdania/Elkar), Paul Austerren
Brooklyngo erokeriak (Alberdania), Danilo Kis-en Hildakoen entziklopedia
(Alberdania/Elkar), Gianni Celati-ren Paradisuko almanaka (Igela),
Michael Morpurgo-ren Paeceful soldadua (Alberdania) eta Raymond Queneau-ren
Estilo-ariketak (Igela) izan dira aurten argitaratu diren itzulpenetako
batzuk. Zaila da aukeratzen liburu hauen artean, baina, irakurleen arreta
gehien erakarri dutenak Flem-en Izua eta Austerren Brooklyngo
erokeriak izan dira.
Euskal
narratibara itzuliz, esan beharrean gaude urtea joan zaiola gehiegi nabarmendu
gabe. Ez da egon beste liburuekiko aldea nabarmen ezarri duen libururik, ikusi
beharko dugu urte hondarrean, Durangon hain zuzen, zer gertatzen den, baina
ematen du azken urteetako joera garbia dela, izen handiek eleberririk argitaratzen
ez dutenean, generoa atzean gelditzen da. Narratibari gagozkionean, nagusiki
eleberriaz ari gara, baina, badira erraz sailkatzen ez diren lanak, horra
hor Juan
Luis Zabalaren Inon izatekotan (Susa) eta Karlos
Linazasororen Bestiarioa, Hilerrikoiak (Elkar) literatura koadernoak,
non eta gogoetak, ipuinak eta olerkiak ere nahasten dituzten. Fikzioa eta
saiakeraren artekoa dugu, kasu honetan zinema eta filosofia elkarlotzen dituena,
Fito Rodriguezen Kasandra Leihoan (Txalaparta). Hausnarketatik hurbil
ere dago Pablo
Sastreren Enpleguaren arbola (Susa) eleberria, lanak dakarren
morrontzaren gainean gogoeta egiten duena. Irati Jimenez, Bat, bi, Manchester
(Elkar), Zubikarai saria jaso duena; Peru Magdalena, Lile (Elkar),
Igartza saria; eta Karmele Jaio, Amaren eskuak (Elkar), Igartza saria,
ditugu argitaratzen hasi diren idazle berrien artean, emaitza ezberdinekin
argitaratu ere. Genero eleberria da gutxitan huts egiten duena, irakurle batzuen
artean behintzat, eta hori ondotxo daki Alberto
Ladron Aranak, beti interesgarriak diren Arotzaren eskuak (Elkar)
moduko thriller-egilea. Modako gai bat, teknologiak gure bizimoduan daukan
eraginaren berri jaso nahi duenak Patxi Zubizarretaren Txantxa. Quick
liburura baino ez du jo behar. Martxosoa eta gogorra, betiko legez, etorri
zaigu Paddy
Rekalde bere bigarren eleberrian, Ragga-ragga dator gaua (Susa).
Urteak ere utzi dizkigu Laura
Mintegiren Ecce homo (Txalaparta), berriro politikaren presentzia
nabarmentzen duena; eta Javi
Cilleroren Ero hiria (Alberdania), sarri ez, baina argitaratzen
dutenean, beti lan interesgarriak eskaintzen dizkiguten idazle bi. Eta urtero
utzi egiten ez duen bat, Xabier
Mendiguren Elizegi, Arima enkoniatuak (Elkar) liburuarekin.
Olerkigintza ere gorabehera gehiegirik gabe joan da. Urte hondarrean Sonia Gonzalezen Poema amiotikoak (Kutxa) eta Karlos Linazasororen Denbora aleak (Pamiela) izan genituen. Linazasororen lan poetikoa nabarmentzekoa da oso, une honetan gure olerkari moderno nagusia delarik. Aurten, berriz, besteak beste, argitalpenetan sendo abiatu diren olerkari bi nabarmendu beharko genituzke: Leire Bilbao, Ezkatak (Susa), eta Castillo Suarez, Bala hutsak (Elkar).
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |