Arrisku-faktore psikosozialak ebaluatzeko metodologiakEscuchar artículo - Artikulua entzun

JUSTIZIA LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA SAILA
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español

Sarrera

Lan-psikopatologiak antolakuntzarekin, lanaren edukiarekin eta zereginaren burutzapenarekin zerikusia duten lan-baldintzen ondoriozko arrisku zehatz batzuek eragiten dituzte: arrisku psikosozialak esaten zaie, eta langilearen ongizatean zein osasunean izan dezakete eragina.

Inguruabar horien garrantziaz jabe gaitezen, OSALANek Euskadiko lan-osasunari eta lan-baldintzei buruz argitaratu berri duen inkestako datu batzuk azpimarratzea komeni da:

Argazkia  
Langileen % 43ren iritziz, beren zereginak arreta maila handia eskatzen die lanaldi erdian gutxienez. % 26,5ek, berriz, lanaldi erdian gutxienez lan-erritmo bizian dihardutela diote. Inkestan nabarmentzen diren beste faktore batzuk zereginaren gaineko kontrolik edo autonomiarik eza eta txandakako lana dira, besteak beste.

Zereginaren inguruabarrei dagokienez, ezarritako erritmoa (% 11) eta laneko monotonia (% 12) dira langileek gogaikarri deritzenetatik aipatuenetakoak.

Arrisku psikosozialek gero eta eragin handiagoa dute gure lan-erakunde pribatu zein publikoetan.

Arriskuok areagotzearen zioak honako inguruabar hauetan bilatu behar dira: lan-merkatuan izandako aldaketak; ekonomiaren “tertziarizazioa”; lan-kontratu eta -harremanetan izan diren aldaketak; ordutegi berriak, gero eta malguagoak, eta aisialdiaren eta lanaldiaren arteko bereizketa argirik eza; teknologia berriak eta lan egiteko era berriak; langileen ezaugarrien aldaketa: inmigrazioa, eta abar.

Bestalde, prebentzioaren arloan, tradizioz, segurtasun eta higienearekin loturiko arriskuei arrisku psikosozialei baino arreta handiagoa egin izanak ere badu zerikusirik arrisku horiek areagotzearekin, bai eta kalteari buruzko gizarte-ikusmolde berriek ere.

Osasunerako ondorioak

Arrisku-faktore psikosozialek gaixotasuna eragiten dute. Faktore horien eta euren ondorioen arteko kausazko lotura ezartzea zaila da oraindik, nahiz eta zailtasuna urrituz doan. Horrez gain, ondorioetan, osasun kontzeptu berria ere hartu behar da aintzat: gaixotasunik eza ez ezik: langilearen “ongizatea” ere bilatu behar da. Aho batez onartzen bide da arrisku-faktore psikosozialak estres-eragileak direla. Estresa, hau da, langileak lanaren eskariei aurre egiteko nozitzen duen ezintasuna, bitarteko urrats moduko bat da, hortik beste patologia batzuk edo organismoaren funtzionamendu-aldaketak etor daitezke eta.

Estres handiko lanek, hasieran, hautsi egiten dute langileen ongizate-egoera, eta maila hori denboran luzatuz gero, patologia fisiko zein psikikoak eragin ditzakete. Gainera, gizarte-patologia bat ere sortuko da, bai gizabanakoarengan, bai erakundean.

Ebidentzia zientifiko nahikoa dago lanean estres-maila altua jasaten duten langileek gaixotasun kardiobaskularrak –batez ere kardiopatia koronarioa (miokardio-infartua edo bihotzekoa)– izateko arrisku handiagoa dutela esateko, bai eta muskuluetako eta eskeletoko lesioak izateko arrisku handiagoa ere.

Estresa sorrarazten duten lanen beste ondorio ukaezin bat patologia psikikoak dira. Patologia horiek kausa anitzekoak dira. Arrisku-faktore psikosozialen eragina zehaztasunez neurtzeko azterketarik egin ez denez, zaila da kausaren eta efektuaren artean lotura argiak ezartzea.

Patologia psikikoetatik, lanarekin zuzenean lotzen den eta gure inguruan oso eragin garrantzitsua duen bat burnout edo errearen sindromea deritzona da. Lanaren definizioarekin berarekin loturik datorren eta ahidura emozionaleko aldi batez hasten den sindrome horrek, konponbidea aurkitu ezean, depresio larrira darama. Autonomia-falta edo laguntza sozialik eza dira gaixotasunaren agerpenarekin zerikusi handiena duten arriskuak.

Patologia horiek epidemia bihurtu dira sektore batzuetan. Egindako azterlan batzuen arabera, irakasle askoren ustez (% 40tik % 70era g.g.b.), lan estresagarria dute. 2003ko irakasleen bajen % 12tik % 24ra alterazio psikiatrikoengatik izan dira (zuzenekoak nahiz estaliak).

Arrisku psikosozialen eraginpean egoteak sorrarazten dituzten gaixotasun fisiko eta psikikoak ez ezik, arriskuok gizartean eta erakundean ere eragingo dute patologia.

Mendetasun-sortzaile diren portaerak ugaritzea da laneko estresaren beste ondorioetako bat. Portaera horiek familiaren desegituraketa, gizabanakoaren isolamendua eta gizarte mailako beste hamaika arazo eragin ditzakete.

Erakundean absentismo handiagoa eta istripu gehiago gertatuko dira, eta ondorioz, produktibitatea urritu eta lan-giroa narriatu egingo dira. Alegia, enpresak galdu egingo du eraginkortasuna. Baina, horrez gain, arrisku-faktore psikosozialak ugaritzea eta estresa areagotzea indarkeriazko portaerak azalarazten dituzten inguruabarrak dira. Indarkeria hori fisikoa izan daiteke –langilearen eta bezeroaren (erabiltzailearen) arteko harremanarekin lotua–, bai eta psikologikoa ere, enpresaren barruko harremanetan, normalean.

Jazarpen morala enpresaren zenbait ezaugarrirekin dago loturik. Ezaugarri horiek Europako Parlamentuaren 2001/2339 Ebazpenean deskribatu ziren jadanik: estresa, tentsio handiko lana, gehiegizko lehiakortasuna, enpleguaren egonkortasunik eza, kolokako lan-egoera, arazoak luzaroan konpondu gabe uzten dituen antolakuntza akastuna eta informazio urria aipatzen ditu jazarpen-portaeren eragiletzat.

Erakunde eta gizarte mailako arazo horiek guztiek ere, bereziki jazarpen moralak, gaixotasuna sortzen dute, edo sor dezakete, gizakiengan. Ohikoenak barne-herstura eta depresioa dira.

Oraindik bide luzea geratzen da irtenbideak aurkitu arte. Arriskuaren eraginpean egotearen eta ondorioen arteko loturak gero eta ebidentzia zientifiko handiagoa du. Hala ere, gizarte-segurantzari buruzko legerian, patologia horiek ez dira oraindik lanarekin loturikotzat hartzen. Lan-gaixotasunen zerrenda berria prestatzeko Europako gomendioak (2003/670/EE) II. eranskinean (lan-jatorria susmatzen zaien gaixotasunen zerrenda osagarrian) ere ez ditu aipatzen patologiok.

Jardunbidea

Arriskuon maiztasuna areagotu izanak eta prebentzio-agenteek eta gizarteak, oro har, langileen osasunari nolabaiteko arriskua dakarkiotelako kontzientzia hartu izanak zenbait ekimen garatzera bultzatu dituzte instituzio batzuk.

Europako Batzordeak segurtasun eta osasunaren gaineko estrategia bat prestatu du: (COM (2002) 118 final: Batzordearen Jakinarazpena. Nola egokitu gizartean eta lan arloan gertatutako aldaketetara: osasun eta segurtasunerako estrategia komunitario berri bat (2002-2006)). Beste gai batzuen gainean badihardu ere, txostenak aintzat hartzen ditu arrisku psikosozialak, eta aurre ere egiten die. Jabetu egin da gaixotasun berrien agerpenaz. Istripuen kopurua murriztu ez ezik, laneko ongizate orokorra ere lortu nahi du.

Ongizate orokor hori erdiesteko, laneko kalitatea areagotu egin behar da. Besteak beste, arrisku berriak aztertuz (arrisku kimikoak eta biologikoak, baina, baita, ergonomikoak, psikologikoak eta sozialak ere) eta arrisku sozialei (estresa, jazarpena, depresioa, barne-herstura, alkoholarekin edo drogekin loturikoak eta abar) aurrea hartuz.

Hori lortzeko tresnak prestakuntza, informazioa eta jagoletza dira. Honako hiru zutabe hauen erabilera sustatzen du estrategiak: araudiak hobetzea, arriskuak hautematen, ebaluatzen eta kontrolatzen laguntzeko tresna komunitarioak sortzea eta indarrean dagoen legeria aplikatzea, alegia, lan-ikuskaritzaren eginkizuna arrisku guztietara zabaltzea eta benetan diziplina anitzekoak diren prebentzio-zerbitzuak antolatzea.

Europako instituzioek beste ekimen batzuk ere garatu dituzte. Osasunaren eta Laneko Segurtasunaren aldeko Europako Astea estresari dedikatzea, 2002an; “jardunbide egokiak” eta txosten teknikoak argitaratzea; eta abar.

Lanaren Nazioarteko Erakundeak ere hainbat ekintza jarri ditu martxan. 2003an zerbitzuen sektoreko indarkeriari eta estresari buruz argitara emandako gomendio praktikoen bilduma azkenetako bat da, agian.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Laneko Segurtasun eta Osasunari buruzko 2003-2006 Plan Zuzentzaileak aintzat hartzen du gaixotasun berri horien eragina, eta jardunbide batzuk xedatzen ditu.

Jardunbideok honako xede hauekin daude loturik: arrisku berrien etorkizuna aurreikustea eta arriskuok jagotea, neurtzeko tresnak sortzea, eraginaren eta larritasunaren azterketak sustatzea, eta administrazioan bertan ekintzak bultzatzea. Bitarteko garrantzitsuenak ergonomiaren eta psikosoziologiaren gaineko prestakuntza hobetzea eta gidaliburuak argitaratzea dira.

Plan Zuzentzaileak jarduketa sektoriala proposatzen du, laneko jazarpen morala aztertzeko eta aurre egiteko estrategiak taxutzeari begira. Jarduketa hori OSALANen esku jarri da. Egindako zereginak 2004an argitaratutako Laneko jazarpen morala: ebaluazioa, prebentzioa eta esku-hartzea izenburuko lana zabaltzean, jazarpen moralari buruzko informazioa hobetzean? –Euskal Behatokian parte hartuz eta faktore psikosozialak oinarrizko eta gutxienezko datu-multzoan sartzeko proiektuaz–, eta jazarpen-salaketei erantzuteko zuzeneko esku-hartzean funtsatu dira, eta arriskuei aurrea hartzeko eta langileen osasuna sustatzeko eta babesteko helburua duen prozedura bat garatu da.

Horrela, gero eta eskari gehiagori erantzuteko asmoa dugu, arrisku psikosozialak identifikatzen eta ebaluatzen, prebentzio-neurriak taxutzen eta neurrion eraginkortasuna egiaztatzen lagunduko diguten metodoak inplikaturiko agente guztien eskueran jarriz.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/12/08-15