Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traducción al español
Pedro Ignacio de Barrutia aramaioar arrasatearraren “Actto para la Noche Buena” euskal antzokietara itzuli da, 1982an azken aldiz antzeztu zenetik. Okasio hartan Intxisu taldeak egin zuen eta oraingoan Arrasateko Doke Antzerki Talde arrasatearraren eskutik dator, Itziar Rekalde gasteiztarraren zuzendaritzapean.
Hego Euskal Herrian ezagututako euskarazko lehen antzerki obra honen testua eguneko baldintzetara egokitu behar izan da, egileak zerabilen euskarari begira ez ezik, baita obrak XVIII mendean islatzen zituen zenbait pertsonaien karakterizazioari ere. Publiko berrientzat ulergarriagoa gertatzeko Barrutiaren lanaren zenbait aspektu sakrifikatu dira. Esaterako, euskararen historiografia linguistikoan “Actto para la Noche Buena” –k adierazten duena aparkatu behar izan da, antzerki obraren mesedetan. Arkaismoak terminologia modernoago batek ordezkatu ditu, interesgarritzat jo izan den guztietan. Kasu batzuetan, ordea, Barrutiak idatzi bezala utzi da testua, euskaraz alfabetatutako egile haren esamoldeei eutsiz, iragan linguistiko desberdin eta aberatsaren testigantza bezala.
Obra originalari darion alderdi etnografikoa ere arindu da, guztiz galdu gabe. Garai berrietara aldatu dira zenbait eszena, oraingo errepresentazioetan antzinako kutsua ahalik eta urrunen gera dadin. Ez da berdina Barrutiaren testu originala egilearen sasoiko testuingurua kontuan izanda lasai irakurtzea edo, oraingo kasu honetan bezala, obraren muina XXI. mendeko publikoari helaraztea. Helburu desberdinetarako bide diferenteak dira, eta antzezpenak eguneraketa exijitzen zuen. Horrek ez du esan nahi orijinalaren xarma galdu denik. Barrutia oso egile modernoa izan zen bere garairako eta orduko antzerki teknikak ezagutzen zituen. Horregatik Doke Taldearen emaitzan gaurkotasunari eutsi ahal izan zaio, obraren egiturari esker.
Barrutiak alegoria erabili zuen maisuki, bere formazio erlijiosoa garbi utzirik, nahiz eta egileak bizimodu zibilean garatu zuen bere karrera. Eta jakina da alegoriaren bitartez publikoa doktrinatu nahi izaten zela. Horretarako Gabon gaueko pertsonaiak jarri zituen Barrutiak “lanean” baina horien inguruan beste asko ere, sinboliko eta abstraktuak eta orduko Arrasateko gizarte txikian ospetsu ziren banaka batzuk. Abstrakzio horiek ziren, XVIII. gizaldiko pentsamoldearentzat emakume eta gizonen ekintza higiarazten eta zuzentzen zutenak. Erdi Aroko antzerkiaren sustraietatik iristen zen Barrutiarengana estilo propioa.
Pedro Ignacio de Barrutiak, Arrasateko eskribaua XVIII. mendearen lehen erdiko zati handian, erresorte dramatikoak ezagutzen zituen. Eta alegoriaren bitartez pertsonaien psikologian eragiten du, beti helburu konkretu batekin: mezua -Jesusen jaiotzak gizakien salbamena adierazten du- garbi uzteko errepresentazioaren hartzaileentzat. Umorea eta seriotasuna uztartuz, gatazka metafisikoan bidea erakutsi nahian dihardu Barrutiak denbora osoan. Antzerki modeloak ahalbidetutako bitarteko guztiak jartzen ditu taula gainean.
Antzezpena herritarrek eurek burutzeko idatzi zuen Barrutiak, Erdi Aroko garaietan bezala. Bera ere ez da, noski, antzerkiko profesionala, ezta literaturakoa ere. Zaletasunak bultzatuta, nonbait, idatzi zuen “Actto para la Noche Buena”. Eta obra eszenifikatzeko arrasatear garaikideen laguntzaz baliatu ez ezik balizko publikoa ere herrikidea izango zela eduki zuen garbi egileak lehen hitzetatik. Nik ez dakit inoiz plazaratu ote zuen Barrutiak bere obra. Ez dut inoiz horren gaineko aztarnarik aurkitu, bila ibili arren. Antzez egitura harekin, aldiz, ez zitzaion samur egiten egileari obra beste nonbait aurkeztea.
Antzeztu ote zen ez badakigu ere, antzezteko asmoa bazuela igar daiteke obraren osotasunean. Koroa erabiltzen du sarritan, eta musika. Horrek guztiak gorputz luzea ematen dio lanari. Gaurko ikuspegitik aztertuta “Actto para la Noche Buena” antzezpena luzeegia gertatzen da. Denborak eta espazioak balio gutxi zuten sasoi haietan eta are gutxiago neurtzen ziren alegorien erabilpenean. Orijinalaren irakurketatik uler daiteke antzezleen eta ikusleen artean halako konplizitate zuzena ematen zela, nortzuk ziren nor antzematea espektakuluaren beste erakarpen bat balitz bezala.
Denboraren tratamendua ez zen, beraz, antzezpen berrian lantegi erreza, Barrutiaren idazkia bere osotasunean hartuz gero bizpahiru ordu iraun bailiteke emanaldia. Beraz, testua laburtu egin behar izan da. Laburpenak ezin zuen, ordea, obraren harian eraginik izan, egilearen mezua ulertuko bazen. Izan ere, obrako lau atalak denbora aldi desberdinetan ematen dira, Jesus jaio zeneko uneak errekreatuz baina baita unean unekoak ere. Eta ikusleari agian loturarik gabeko eszenak irudi dakizkiokeenak osotasun baten ezinbesteko zatiak dira.
Barrutia, egile bezala, idatzi zituen argumentuaren eta pertsonaien atzean
ezkutatzen da. Eta pertsonaien artean Barrutiak garaiko antzerkian ohikoak
zirenak hautatzen ditu bere obrarako. Eta, adibidez, barregarri bati ematen
dio betebehar garrantzi bat argumentuan, eszena desberdinen arteko lokarri
gisa darabilena. Edota morroi kritikoa, soldadu/pregoilari harroputza eta
beste batzuk, XV-XVIII. mendeetako antzez lanetan usu agertzen zirenak. Horiei
eustea beharrezkoa zen produkzio berrian, karakterizazioetan aldaketak eman
badira ere, jakina. Noizean behin obran zehar oharrak sartu zituen, eszenatokiak
nolakoa izan behar zuen eta antzezleak nola mugitu behar ziren adieraziz.
Baina hori guztia zail samar zen egokitzea oraingo antzerki eskemetan eta
aldakuntza eman da. Nolanahi ere, Doke-ko kideek Barrutiaren sentimendu eta
iritziak errespetatu egin dituzte antzezpen berrian.
Sabin Salaberri |
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |