Iñaki MARTÍNEZ DE LUNA, Eusko Ikaskuntzaren Ikerlari Taldekoa
Traducción al español
Traduction au français
Eusko Ikaskuntzak aurkeztu berri du aurreko titulua daraman ikerketa lana. Sekulako esfortzua egin da azken hiru urteotan gaiaren inguruan eta unea iritsi da ondorioak ezagutzeko.
Zertan dira euskal nortasuna eta euskal kultura XXI. mendearen hasiera honetan? Zer eta nolakoa da euskal nortasuna herritarren iritziz? Zein eduki edo kontzeptu lotzen ditugu euskal kulturarekin? Euskal Autonomia Erkidego, Nafarroa Foru Komunitate eta Ipar Euskal Herriko biztanleek zenbateraino identifikatzen dute beren burua nortasun eta kultura horrekin? Gisa honetako hainbat galderatatik abiatu zen ikerketa hau duela hiru bat urte. Izan ere, nortasun kolektiboen osagaiak, nortasun desberdinak dituzten taldeen bizikidetza eta kulturen arteko harremanak gure gizartean gaurkotasun handiko gaiak dira azken urteotan. Hortaz, XXI. mendearen hasierako egoera identitario aldakor, nahasi eta interesgarri honetan, herritarren usteetan euskal nortasunak eta euskal kulturak zein paper betetzen duen aztertzeko nahiak bultzatu du eskuartean duzun lana.
Helburua beraz, Euskal Herriko1 biztanleek euskal nortasunari eta kulturari buruz dituzten pertzepzio, iritzi eta jarrerak aztertzea izan da. Gaiaren inguruan eginiko lehen hurbilpen bat da, baina zenbait alderdi sakontasunez, eta ikuspuntu desberdinetatik aztertu dituena, eta beraz, errealitatearen isla osatu xamarra eskaintzen duena.
Eusko Ikaskuntzaren eta Euskal Kultur Erakundearen arteko ikerlan honetan parte hartu duten milaka herritarren iritziak behin bilduta, aztertuta eta horiek guztiak erreferente teoriko zein ikertzaileen iragazki edo galbaheren bitartez interpretatu ondoren, honako ondorio laburtuak atera daitezke:
ONDORIO LABURTUAK
- Euskal Herriko gizartean egun dauden kultura eta nortasun adierak oso ezberdinak dira, edukiz eta euren esanahiez. Ezberdintasun horiek lurraldeetako berezitasunek, tradizioek, unibertso sinbolikoek, estatuek bultzaturiko akulturizazio/kulturizazioek, norberak egindako hautuek eta horien guztien nahasmenak eragindakoak dira. Eta izena eta izana loturik doazela kasu honetan baieztatuz, Euskal Herriaren gaineko definizio beretik hasten dira ezberdintasunak.
- Euskal kultura eta nortasunaz dauden adierak ere oso ikuspuntu kontzeptual ezberdinetan oinarritzen dira: primordialista (edo esentzialista), instrumentalista zein konstruktibistan, hain zuzen. Ikuspuntu kontrajarri horien banaketa sozial ezberdina nabarmentzen da, batez ere elkarrizketatuen lurraldetasun, jatorri eta euskaltasun/erdaltasun sentimenduaren arabera eraikia.
- Euskaltasunaren mendetako usadioekin batera, aspaldian gurean dauden edo gurera iritsi berriak zaizkigun erdaltasunaren hainbat elementu kultural eta identitario Euskal Herriko kultura eta nortasunean zeharo erroturik ditugu, gaur egun.
- Pluraltasun hori, alabaina, ez da soilik Euskal Herriko gizartearen berezko ezaugarria, gizarte garaikide guztietan agertzen baita. Kultura eta nortasun kolektiboaren ikuspuntutik begiratuta, beste gizarte edo erkidego garaikide batzuetatik Euskal Herria bereizten duena eraketa juridiko, administratibo edo politiko komunik ez izatean datza; alegia euskal lurralde, azpi-gizatalde eta azpi-kultur guztiak batzen dituen egitura formal edo ofizial partekaturik ez izatean, ezta horiek ekarriko luketen ezinbesteko eragin kultural eta identitariorik ere.
- Lurralde guztiek komun dutena euskaltasuna da, euskaltasunaren esparrutzat denek jotzen dituzten hainbat osagai, neurri ezberdinetan bada ere, Euskal Herriko leku guztietan agertzen dira eta.
- Hori ez ezik, inguruko auzo lurraldeekiko praxi eta sentimenduekin alderatuta, Euskal Herriko lurraldeen arteko eguneroko harreman-jarioa eta hurbiltasun sinbolikoa ere gailentzen da, neurri aipagarrietan, herritarren gehiengoarengan; lotura horiek ahulak eta hauskorrak izanagatik, errealak ere badira.
- Euskaltasunaren elementuen artetik euskara da ezinbesteko osagai edo erreferentea. Izan ere goraipatu, gaitzetsi —gutxi batzuen kasuan— nahiz indiferentzia adierazi arren, hizkuntza hori diskurtso mota guztietan egon da presente. Hortaz, euskararen inguruko hausnarketa bultzatzea eta adostasuna bilatzea ezinbestekoak dira ikuspuntu ezberdinak dituztenen arteko elkarbizitza ahalbidetzeko: asmo idealetatik hizkuntza egoera gordinera, nahiz aldeko jarrera sutsuetatik indiferentziazkoetara, kokapen guztiek behar dute integratu diskurtso berri batean, hizkuntza osasuntsu biziko bada.
- Euskal kultura eta nortasunaren gaineko diagnosian badago adostasun handia euskal eremu hori krisialdi, trantsizio eta, etorkizunari begira, bidegurutze batean dagoela esaterakoan. Euskal gatazka politikoa oztopo bat izan da egoera hori gainditzeko eta euskal kultura eta nortasun berri bat garatu, eraiki eta premia berrietara egokitzeko ahaleginetan; gatazka hori behin betiko gaindituz gero, aurrera egiteko aukera berriak irekiko lirateke.
- Euskal kultura eta nortasunak aurrera egingo badu malgutasunez jokatu beharra dago Euskal Herriaren barruko izaera eta ulerkera ezberdinekin; hau da, euskal kultura eta nortasunaren ideia malguagoa egin eta bere mugak zabaldu, horren adierak lekuan lekuko berezitasunak ere beregana ditzan. Era horretan egun dagoen euskal kultura eta nortasunaren inguruko erdigune/kanpoalde dikotomia gainditua litzateke. Onartu beharreko pluraltasun horretan kanpoko euskal herritarrek ere (euskal diasporak zein etorkinek) badute zer esanik.
- Horren ondorioz, nahasketa kulturala eta bitariko (edo askotariko) nortasunak gero eta zabalduagoak egongo dira gurean, gure kulturak eta nortasunak aberastuz. Horregatik, euskaltasunaren azpi-kulturan honezkero agertzen den jarrera malgua, eskua luzatuaren jarrera, sendotua eta zabaldu behar da, halaber, ohiko nortasun sendoekin batera sortzen ari diren nortasun malguak eta eguneroko erreferente kulturalak euskal kultura eta nortasunera biltzeko.
- Globalizazioaren garai honetan nazioarteko eraginak halabeharrezkoak dira eta horiek gure egiteko modu propioa garatzea da gakoa, horien aurrean era itxian jokatuz gero gureak egingo zuen eta.
- Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia berriek (IKT) euskal kultura eta nortasunaren eremua biziki astindu dute honezkero, aldi berean berau erronka zein aukera berrien eskura jarriz. Aurrerago ere, garapen horiek baliatu behar dira, ezinbestez, euskal eremu kultural eta identitarioa garatzeko eta eguneratzeko.
- Euskal gizarteak berezkoa duena galdu gabe irekitze prozesua burutuko badu, prozesu hori batez ere euskaltasunetik gidatu behar da, nahiz eta bestelako adierazpen kultural eta identitarioek ere euren lekua izan behar dutela gogo onez onartu. Azken buruan, tradizioaren zimenduen gainean eraiki behar da geroa, ez soilik kanpoko ezaugarrietatik edo zerotik hasita.
- Ikerketa honek agerian jarri du kultura pizgarri edo akuilu bat izan daitekeela euskal nortasunarentzat eta gizartearentzat berarentzat. Ikerketak ondorioztatu duenez, kulturak oinarri eta bide berriak proposatzen ditu, eta haiei esker euskal gizarteak bere garapena mugatu duten dinamikak gaindi ditzake.
Lan osoaren gainean jakiteko: http://www.eusko-ikaskuntza.org/eu/
1 Ikerketa eremua Euskal Herri osoa izan da, hau da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lurraldeak.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |