Jose Iriarte Zufiaurre, Altsasuko bertsolariaEscuchar artículo - Artikulua entzun

KIMA EUSKARA TALDEA
Traducción al español

Jose (Ramon) Iriarte Zufiaurre Altsasun jaio zen 1864ko martxoaren 9an. Maria Antonia Zufiaurre Mendiluze eta Diego Francisco Mazkiaran ziren Joseren gurasoak. Bera 7 seme-alabetan (Martin Francisco, Migel Francisco, Juana Francisca, Lorenzo, Maria Ramona eta Maria Concepción) zaharrena izan zen.

Trenbidea Altsasura iritsi zen urte berean jaio zen Jose. Trenak Altsasura aldaketa handiak ekarri zituen, besteak beste, industrializazioa, euskal eremuetatik kanpoko lehen pertsonen etorrera edo ideologia berriak. Horiek guztiak eta beste batzuk ezagutu zituen Josek.

Bere garaiko haurren modura, herriko eskolan gutxieneko hezkuntza jasoko zuen ziurrenik (Altsasuko epaitegiko agiri batean haren sinadura jasoa dago). Baina etxean lagundu beharko zuen ere.

Ez zen gizon garaia eta horrek soldadutza egitetik libratu zen 1884an. Hala ere, zenbait urtez erreserba moduko zerrenda batean izan zen. Garai hartan ohikoa zen soldadutzatik libratzeko norbaiti ordaintzea hark zerbitzu militarra egin zezan. Jose eta bere anai Martin Franciscok, aita lekuko zela, beste gazte bat ordezkatu zuten soldadutzako zerrendetan 1887an eta horregatik kobratu egin zuten. Ordurako Jose soldadutzatik libre zegoen eta pentsatzekoa anaia ere libre zegoela. Martin Francisco 1892ko abenduaren 24an Dominga Roldos Covancarekin ezkondu zen Argentinako Tres Arroyos hirian.

Jose Iriarte Zufiaurre Martina Uribe Mazkiaran altsasuarrarekin ezkondu zen (data eta toki zehaztugabean). Bikoteak 6 seme-alaba izan zituen, Maria Lorenza, Jacinta Francisca, Josefa, Francisca, Martin Francisco eta Migel (Josefa 14 hilabeterekin hil zen, Martin Francisco 7 hilabeterekin, Francisca 17 urterekin hil zen eta Migel nazien kontzentrazio eremu batean hil zen).

Jose Altsasun gizon ezaguna zen eta Ttotto deitzen zioten, hori zen bere izen txikia. Gitarra aldean zuela, bertsotan aritzen zen lagun artean, auzokoekin, bataio, jaunartze eta ezkontzetan. Gure gizona bertsotan lurra lantzen baino hobe moldatzen zen, dirudienez. Hori dela eta, Altsasuko Ameztia dermioan familiak zuen hespila edo larrea saldu zuela zioten Altsasun ezagunak ziren bertso batzuk. (Iruñeko jabetzaren erregistroan ez da salmentaren berri). Badirudi diru gutxi lortu zuela eta familiarekin buru hauste asko. Arrazoi horregatik, familiako giroa gaiztotu zelako, anaia bisitatu nahi zuelako edo beste arrazoiren batengatik, garai hartan modan zegoen moduan, Argentinarako bidea hartu zuen Josek.

Argentinan Joseren bizimodu eta ibilerei buruzko berri gutxi dago. Hala ere, bada gertaera baten berri Burunda aldean. Haren arabera Panpako rantxo batean egin zuen lan Jose Iriartek. Garai hartan bazen Urdiainen borroka greko erromatarreko borrokalari handi bat: Javier Otxoa. Behin Ameriketara borrokatzera joan eta Argentinan zela hainbestetan entzun zuen rantxo haietako bat ezagutzeko nahia agertu zuen. Joan ziren ba eta hara non, rantxoaren sarreran kartel hau ageri zen, Altsasuko Ttotto. Gitarra Jotzailea. Bere bertsolari sena, beraz, ez zuen Ameriketan galdu.

Antonio Zavala Echeverria  
Antonio Zavala Echeverria.
Josek Argentinara joateko arrazoiak zein diren ez dakigun moduan etxera itzultzeko arrazoiak ere ez dira ezagunak. 1926an Altsasun zen bueltan. Baina bere sorterrian nonbait ez zuen bizitokirik edo bizimodurik opatu eta Etxarri Aranatzera joan zen bizitzera. Han hil zen 1929ko apirilaren 23an.

Jose Iriarte Zufiaurre bere garaian gizon ezaguna izan zen Altsasun. Baina denborarekin bere oroimena ezabatzen joan zen jendearen memorian. Antonio Zavala ikertzaileak berreskuratu zuen bertsolaritzaren historiarako Jose Iriarte Zufiaurre. Ormaiztegiko Etxaburu baserriko Bixente Mujikak 1956an bertso paper bat eman zion Zavalari. Bertso berriak Joxe Iriarte’k jarriak izenburua zuen. Zortziko handian idatzitako 20 bertso horietan Argentinara egindako bidaiaren berri ematen du Joxek. Bordele eta Buenos Aires arteko bidaian gertatutakoak jasotzen da bertso paper horietan. Donostiako R. Altuna inprentatik atera zen bertso papera.

Antonio Zavalak Bosquejo de Historia del Bersolarismo (Donostia, 1964) eta Ameriketako bertsotan liburuetan eman zuen Jose Iriarte Zufiaurre eta bere bertsoen berri. Joseren berri ere Altsasun bazuten oraindik ere eta 1976ko festetako programan Enrike Zelaiak bertsolariaren berri ematen zuen artikulua argitaratu zuen.

Liburua

  Jose Iriarte Zufiaurre
Horiek guztiak kontutan izanda, berriki, Altsasuko Kima Euskara Taldeak Jose Iriarte Zufiaurre “Ttotto” bertsolaria eta bere garaiko Altsasu liburua argitaratu du. Liburuaren izenburuak garbi uzten duenez bi gai aztertzen dira liburu horretan: Tttotto bertsolariaren figura, alde batetik, eta bera bizi zen bitartean Altsasu nolakoa zen eman nahi dute ezagutzera. Lan dibulgatiboa da, beraz. Euskara talde bera, bestalde, 3 urte daramatza Altsasuko bertsolariaren izena duen bertso paper lehiaketa antolatzen.

Kima Euskara Taldeak (www.altsasukokima.com) liburua argitaratzeko zergatiak hauek izan dira: gaur egun bertsolaritza kultur adierazpen indartsua bihurtzen ari dela eta Altsasun bertsolari bat izan zela agertu nahia. Bertsolari horren figurak ere, aldi berean eta azaleko ohituren gainetik, bidea ematen diolako Altsasuren izaera euskaraduna lehen planora ekartzeko.

Ttotto bizi izan zen garaia garrantzitsua izan zen Altsasuko euskararen garapenean. Altsasuko euskal komunitateak orduan eman ziren aldaketak ezagutarazi nahi izan ditu Kimak. Are gehiago gaur egun Altsasu kultur komunitate asko bizi direnean. Guztiak errespetatuz premiazkoa iruditzen zaio Kimari euskarari behar duen tokia ematea. Are gehiago, garai batean ez bezala, hori egiteko kontzientzia eta zenbait tresna euskal komunitatearen esku daudenean.

Kima Euskara Taldeak Alfredo Alvaro Igoari proposatu zion lana aurrera eramatea eta bera izan da lan kolektibo horren koordinatzailea.

Argitalpena

5 atalez osatua dago. Lehenengoak efemeride sail baten bidez Jose Iriarte Zufiaurre bizi izan zen garaiko Altsasun pixka bat hobe ezagutu eta pertsonaia bere garai historikoan kokatzen laguntzen du. Atal hori, gainera, aldi hartako Altsasuko 35 bat argazki zaharrez ilustratuta dago. Atal horretan koordinatzaileak Patxi Goikoetxea Askorbe eta Amaia Oiarbide Goikoetxearen laguntza izan du.

Bigarren atala 1.864 eta 1.929 bitartean Altsasuko euskarak eta bertako euskal komunitateak bizi izan zuen garapenaren berri ematen du. Horretarako garai hartako historia soziolinguistiko moduko bat egin dute. Edozeinendako ikerketa sakonagoa egiteko oinarria ematen duena.

Hirugarren atalak Jose Iriarte Zufiaurreren berri ematen du. Liburuaren koordinatzaileak azaldu duenez bertsolariari buruzko datuak bilatzea oso zaila izan da. Horretan ahalegindu dira Alfredo bera, Patxi Goikoetxea Askorbe, Amaia Oiarbide Goikoetxea eta Jose Luis Artuch-ek, Argentinako Tres Arroyos hiriko euskal etxeko kidea. Bildutako datu horietan oinarrituta Joxe Iriarte Zufiaurreren berri ematen duen fikziozko kontakizuna prestatu du Alfredo Alvaro Igoak.

Javi Ziordia eta Alfredo Álvaro  
Javi Ziordia eta Alfredo Álvaro. Liburuaren aurkezpena
Kima Euskara Taldeak euskalkiarekiko duen kezka kontuan izanda, euskalkian eman da kapituluaren zati handiena. Jose Mari Arakama Imaz izan da arautu gabe dagoen euskalkia transkripzio fonetikotik gertu dagoen moduan eman duena, fideltasuna gordez.

Laugarren atalean Jose Iriarte Zufiaurreren bertsoen iruzkina egin du Josema Leitza Razkinek, Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak. Altsasuko bertsolariaren 20 bertsoko bertso papera besterik ez zaigu iritsi eta haien azterketa egiten du atal horretan arbizuarrak.

Azken atalean Rafael Blanco Arbek bertsolariak bere lan horretan darabilen euskara aztertzen du.

Liburuak bi gehigarri ditu. Batetik, Jose Iriarte Zufiaurreri buruzko informazioa biltzerakoan sortutako datuekin atondutako zuhaitz genealogikoa. Eta, bestetik, XX. mende hasieran hainbat ikertzailek bildutako kantuen bilduma. Hori gauzatzeko Enrike Zelaiaren laguntza estimagarria izan dugu.

Kima Euskara Taldeak liburuaren 500 kopia atera ditu eta www.altsasukokima.com web orriaren bidez erosi daitezke.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 03 / 09-16