Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traducción al español
Homeroren Iliasena guztiz itzuli zuenean - gogoratu Tournain bukatu zituela aurreneko zazpi kantak- liburu gisa argitaratzea otu zitzaion baina ez zuen laguntzarik lortu. Hori horrela, bere kabuz egitea erabaki zuen. Rafael Moneo ikasle ohiari eskatu zion liburua bere irudi eta marrazkiz apaintzea eta 1956ko maiatzean kaleratu zen liburu hura. “Azkenik irten zan nire adimeneko lehen semea. Iliasena, merezi zuen, bada, Homerek eta euskarak” idatzi zidan behin. Eta liburuaren hitz aurrean honela irakur daiteke: “Gaur, erabat, euzkera´k apaingarri berria jantzi du ta zeiñen ederki dagokion, gero! Euzkera, ba, gerkera bezaiñ zarra, gerkera bezaiñ agurgarria duzu. Ta euzkera ta biyek aldi antxiñakoak diranez askotan asmo bateko ta gogo berdiñeko ageri dira”.
Nicolás Ormaechea Pellejero "Orixe". |
Baina Gaizka ez zen kikildu Mitxelenaren iritzi eta isekarekin. “Nire aierua zera da, ausaz, aurrea hartu niola Mitxelenari ustekabeko lan horrekin” esan zidan bere biografian. Egia da, nolanahi ere, lehen Zaitegiren Platon, Sofokles, Euripides eta beste klasiko batzuen itzulpenekin gertatu bezala, euskal gizartea ez zegoela Homeroren irakurgaietarako. Barandiaranek, ordea, horretan ere Zaitegiren kasta gogorrekoa, azken hatsa eman arte - eta mende erdi bat igaro zen Iliasena kaleratu eta Gaizkaren heriotza gertatu arte- bere itzulpenekin eta greziar zein erromatar filosofoen obren ikerketarekin jarraitu zuen, “merkatuak” zer eskatzen zuen eta bere eskaintzari zer jaramon egiten zion ezagutzeak bost axola ziolarik.
“Iliasena”-k, berriz, kanporako ateak ireki zizkion Gaizkari, Alemaniarako gonbitea jaso baitzuen 1964an eta Mainzen egon zen denboralditxo batez. Israeli buruzko ikerketak egiteko aprobetxatu zuen. Horretaz lan egiten jarraitu nahi zuela eta Konpainiari egin zion eskabidea Alemanian geratzeko baina ezetza jaso zuen. Temati bere jarreran, Innsbruckera aldatzeko lizentzia eskatu zuen eta, haren buru gogortasunaz jabetuta nonbait, Ignazioren armadako buruzagiek amore eman zuten. Innsbrucken hiru urtez aritu zen Gaizka, besteak beste, heberkera eta akadierazko2 gramatikak ikasten.
Revista Internacional de Estudios Vascos (RIEV). |
Euskal Herrirako bidea hartu zuen 1967an. Irakaskintza zuen helburu berria, Donostiako jesuiten ikastetxean. Euskararekin segitzeko aukera handiagotu zitzaion baina, gehien bat, dantzaren munduko lanari heldu zion, gogoz. Euskal Dantzarien Biltzarra bihurtu zen bere bigarren aterpe-lekua, bertatik irradiatu baitzuen indarra, euskal dantzen gaineko teorizazioan. Benetan lan mardul eta bikaina burutu zuena.
Iztuetaren obra ikertu zuen maisuki eta bere jarraitzailerik zintzoentzat zeukan bere burua Barandiaranek. “Gure tradizio koreografikoari eutsi behar diogu, desagertzeko zorian egon daitezkeen dantzak zainduz, Iztuetaren denboretatik asko galdu dira eta” zioen bere biografian. Folkloreari eskainitako esfortzuak nolabaiteko errekonozimenduak ekarri zizkion Gaizkari, euskal esparrukoak ez ezik europar mailakoak ere bereganatu zituela. IFMC (International Folk Music Council) deritzan erakundeak, adibidez, formalki gonbidatu zuen Gaizka kide bezala sartzera. Eta baita berak onartu ere. Hortik etorri zitzaion Euskal Herriko folklorea Mac Millan argitaletxeak argitaratzen zuen munduko bilduman sartzeko enkargua: idazlana burutu zuen Gaizkak.
“Basque Music” izenburupean, azalpen orokor bat egin zuen Barandiaranek Mac Millan argitaletxearen “The new Grove Dictionary of music and musicians” izeneko liburuan: ezaugarri nagusiak, dantzak eta instrumentuak. Euskal Herriko herrialde desberdinetatik egindako ikerketak euskal musikari buruzko ideia orokorra ematen dio irakurleari. Bestalde, Estatu Batuetako Indianako Bloomingtongo Unibertsitatetik jaso zuen gonbitea bertako “member” izateko, musika eta folklorearen arloan. Orduan hasi zen “Ethnomusicology” deritzan aldizkariarekin lankidetzan. “English Folk Music Society”-k ere Gaizkaren lankidetza eskuratu nahi izan zuen... baina kasu horretan alperrik gertatu zen Konpainia berriz ere oztopoak jartzen hasi baitzen, eta Donostiako Ikastetxeko irakasleari obedientziaren zina gogorarazi zioten... Eta donostiar gazteentzako gerkerako irakasle on bat irabazten zen bitartean nazioarteko folkloreari buruzko goi ikerlari eta aditu bat sakrifikatzen zuten jesuitek. Zenbat halako gure Konpainiaren historian!
Ordurako Gaizkak hiru liburu argitaratu zituen Auñamendi bilduman: Danzas de Euskalerri I, II eta III tomoak, 1963 eta 1969 urteetan kaleratuta. 1980an, titulu berdinarekin tomo berri bat atera zuen. Hiru hizkuntzatan idatzia, bakoitzari zati berezia ematen dio. Liburua, aurrekoak bezala, bere osotasunean Markiegi Olazabal sendiari eskaini zion, hau da umetan euskalgintzarako garra piztu zion abadearen senitartekoei. Liburu berri horren lehen atala, ordea, Arrasaten fusilatutako hiru apaizei eskaini zien. “Folklore Vasco: su meta” titulupean honela idatzi zuen: “Nuestra meta es simplemente que el Pueblo y Nacion Vasca mantengan en vigor su herencia popular. Euskalerri debe perfeccionar su identidad y su personalidad ante los demás pueblos, como éstos deben asimismo por imperativo de la naturaleza misma llegar al cénit de su personalidad propia...”.
“Oinekin ere egiten da aberria” esan zidan behin, dantzak ikasten, ulertzen, interpretatzen eta irakasten zergatik ziharduen galdetu nionean. Durangoko urteetatik bere baitan bizirik zirauen zaletasunean ehundu zuen Gaizkak bere teorizaziorik funtsezkoena, egiazko autoritate bat bihurtuta folklore gaietan. Beraren ustez —ziostan argi eta garbi— aberriaren gaineko ezagupideak naturatik, historiatik, filosofiatik, ohituretatik eta gizarte arazoak aztertzeko diren pentsamolde desberdinetatik datoz. Baina baita —azpimarratzen zuen— dantzaren urratsetatik ere eta — pede libero pulsanda tellus— hau da, oinak gogoz lur gaina zapaltzen, behetik bihotzera eta adimenera igotzen da pertsonen hatsa. Honela idatzi zuen Gaizkak dantzen gaineko ikerketa lan baten amaieran:
Dantza! Dantza Herria! Dantza Euskalerria. |
Bizkaia, Gipuzkoa Araba, Naparroa, Laburdi, Zuberoa, Dantza! Herri osoa. |
Anboto eta Haizkorri Gorbea ta Txindoki Aralar, Orimendi Dantza! Orain da beti! |
Azken urteotako bere ekoizpen berezia, lehen aipatu dudan erbesteratze moraletik gauzatua, Gaizkaren kultura ibilaldiaren islapen adierazgarria dugu. Klasikoen gaineko ikerkuntzatik hasita, gerkerazko zein laterazko testuetan oinarritua, filosofiaren alorrean hain murritza den euskarazko eremua aberastuz. Aristoteles izan zuen, batez ere, Gaizkak ardatza: “Aristotel´en Adierazkuntzaz” Gaur eguneko filosofoei buruzko kritika zentratuan ere aritu zen, luze aritu gainera, “Filosofika” eta “Gauzaki Izaki Gizaki”3 liburuki marduletan egiazta daitekeen moduan: Heidegger, Kiekegaard, Jaspers, Sartre eta beste filosofo handiekin. Zer esan, berriz, Israelgo mitologiaz eta izaeraz ezagutzen zuenari buruz? Maitemindua zegoen, zeharo, hebraieraz eta Israelgo kulturaz. Horra hor, adibide gisa, “Yahweren Irazkuntza ta heberkel Mitologia” “Ezker-eskumia: Israel´en Kultur Oiñarria” edota “Zuhaitz gurgarriak Israelen” bere lan interesgarriak.
Jarraian irakurriko ditudan esaerak Karmele Barandiarani zor dizkiogu, Gaizkaren loba, hain zuzen. Bere osabaren karta astrala egin ondoren idatzi zituen, artean Gaizka bizi zela. Zuzen zuzenean noa mamira, aditzaren denborak aldatuz iragana adierazteko:
“Dantza eta musikarako Gaizkaren zaletasuna intuizio, irudimen, ontasun eta sentsibilitatez zegoen apaindua eta komunikatzaile bezala lehen mailakoa gertatu zen.
Bere izaera apartak erlijio, mistizismo eta filosofiarekiko gaitasun bereziak eta horiek agertzeko behar inperatiboa eman zizkion. Herria ere bereziki eta sutsu maite izan zuen. Herriarekiko sentimenduak ozenki eta aho betez adierazteko premia sentitzen zuen.
Mentalki zabala, aurrerakoia zen Gaizka, teknologia berri eta zientzi ikerketen hartzaile ona; ideia edo esangura ziztu bizian harrapatzen duten horietakoa genuen. Bere burua beti erne edukitzen zuen. Pentsalari orijinala, berezia, librea, edozein motatako loturarik gabea eta lotura horren kontrakoa, analista kritiko eta sakona. Komunikatzaile ona genuen, hizlari nekaezina, eta argudioduna izateaz gain kementsu eta indartsu adierazten zuen berea. Idazteko gaitasun berezia eskaini zion naturak.
Afektiboki askea zen eta askatasun hori babesteko mugak jartzen bazekien. Afektibitate osoa lanerako eta entusiasmoz sartzen zen horretan; zertxobait geratzen bazitzaion eskaintzeko naturari eta animaliei egiten zien4. Beste maila batean humanista bezala liberatzen zuen arimaren behar afektiboa.
Gure barneko gozamen adierazgarri bezala hartzen den Venus planetaren antzera, Gaizkak ere bide luze eta bakartia egin behar izan zuen. Helburu argia jarrita, mailaka-mailaka, kostata eta aurrean aurkitu zituen haizeen kontra, muga guztien aurka joan behar izan zuen bere barneko deiari erantzuna emateko”.5
Nik uste dut bikain islatzen digutela aurreko hitz horiek Gaizka Barandiaranen nortasuna. Nik, Karmeleren eta bere sendiaren baimenarekin, sendiko beste nolakotasun pare bat gehituko nioke hain deskribapen zehatzari: apaltasuna eta eskuzabaltasuna. Gaizkari 2005eko maiatzaren 15ean Gipuzkoako Diputazioaren Jauregian omenaldi bero bat eskaini zioten Euskal Herriko Txistularien Elkarteak eta Euskal Dantzarien Biltzarrak. Bertan hitzaldiño bat egokitu zitzaidan ematea eta nire orduko hitzetan, batez ere, apaltasuna eta eskuzabaltasuna azpimarratu nituen, horiexek izan baitziren gure adiskidearen zehazkizunik nabarienak. Seguru nago, sendiko ikurra dela.
Amaitu behar dut gaurko hitzalditxo hau. Ene ustez, Gaizkarekin estilo aurrerakoi, kultu, euskaldun, berritzaile eta sentikorra gozatu genuen, berak jorratutako esparru guztietan. Hortxe daude bere testuak frogatzeko. Ez dut gaurko mintzaldi hau lanen zerrenda bat bihurtu nahi izan. Horretarako daude bibliografiak. Barandiaran maite izan nuen eta berak ere sentimendu berberarekin ordaindu zidan. Sarritan komentatu dudan bezala, sekulako ohorea izan da niretzat Iokin Zaitegik eta Gaizka Barandiaranek ni euren laguntzat hartzea. Bizitzak eskainitako oparirik ederrenetakoa izan da hori.
Horregatik gaurkoari azken puntua ipini aurretik, zilegi bekit Iokinek Gaizkari eskainitako “Omer´i” olerkiaren zati bat gogoratzea, “Barandiaran Xalbador S.J “Ilia´rena” euskeratu digun euskal idazle bikainari biotzez”6 hitzak nire egiten ditudalarik. Zaitegik Homerori zuzendutakoak Gaizkari aplikatzen dizkiot. Gaur, Gaizka, lehen apalarekin geratzen naiz. Edukiko dugu beta gainerakoetaz elkarrekin hausnartzeko:
Olerti ederraren guraso iatorra, biotzondo andidun irakasle, agur! Biotz begietan zaut, agure bizkorra ereinotz-burestunez bekokia makur. |
Egun handira arte Gaizka!
1 Michelena, L. “Egan” 1956 (3-4 zenbakiak) 102-105 orr.
2 Akadiera kontzeptuan, babiloniera, asiriera eta abar sartzen dira.
3 Ikerketa lan honekin Andima Ibiñagabetia Saria irabazi zuen. 2Mensajero” 1989.
4 Tournain, espainierazko literaturako klase batean “La mosca” gaia hartuta testu bat idatzi behar izan zuen. Irakasleak honako oharra jarri zuen idazkiaren amaieran: “Está bien. Es Vd. observador. Yo creo que vale para naturalista. Observaciones como éstas las tenía, graciosísimas, nuestro Granada. ¡Por algo se empieza! ¡A ver si alcanza con el tiempo al ilustre Fray Luis!
5 “Gaizka Barandiaran. Bere bizitza eta lanak” 1997. Josemari Velez de Mendizabal. 79-81 orr.
6 “Berriz ere goldaketan” 1962. 53 orr.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |