Pero López de Ayalaren literatur obraEscuchar artículo - Artikulua entzun

Carlos MOTA PLACENCIA
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español

2
  Pero López de Ayala
Pero López de Ayala.
007an ospatzen da Pero López de Ayalaren (1332an jaioa) heriotzaren seigarren mendeurrena. Pero López de Ayala Aiarako eta Aguraingo jauna izan zen, Gaztelako kronista eta Kantzelari, eta XIV. mendeko azken hereneko eta XV. mende hasierako historiako aktore nabarmena.

On Perok jarduera politiko luze eta bizia izan zuen bere denboran, eta horrek aztarna sakona utzi zuen Ayala leinuak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Toledoko eta bestetako bizitza sozial eta ekonomikoan izan zuen eragin iraunkorrean. Baina, batez ere, Gaztelako tronuan Trastamara dinastia legitimatzeko hark egin zuen lanean, eta hogeita hamar urte baino gehiagoan Gaztelak Portugalekin, Frantziarekin, Ingalaterrarekin eta Aitasantutzarekin izan zituen harreman diplomatikoetan. Oihartzun handieneko egitateak bakarrik aipatu ditut, baina irismen unibertsaleko gertakariak izan ziren garai hartan, eta On Pero militar, enbaxadore, errege kontseilari edo gobernari gisa izan zen haien lekuko. Ondokoak egokitu zitzaizkion: Ehun Urteko Gerra, Frantziaren eta Ingalaterraren artean; Erdi Aroko izurrite okerrenaren (1348) ondorioak; Elizaren zisma; mugimendu espiritual berriren hedapena; juduen aurkako indarkeriaren gorakada, eta aipatzeak luze joko lukeen beste gertakari batzuk. Horiek guztiek nahigabe izugarritako garaitzat ikusarazten digute Erdi Aroa (irudi partziala, baina ez gezurrezkoa).

Autore gisa ere izan zen Ayala horren guztiaren lekuko. Haren literatur jarduera hobeto ulertzen da testuinguru horietan, nahiz eta ez bakarrik horietan. Ayalaren obra handinahia eta unibertsala da gaietan, eta gaiak moralak dira nagusiki. Haren obran bokazio intelektual indartsua sumatzen da. Adinean aurrera joanda zegoela hasten da bere emaitzarik onenak ematen. Iraun duen ia obra guztia haren bizitzako azken hogeita bost urtekoa da; esan dezadan, bidenabar, Ayala hirurogeita hamabost urterekin hil zela. Baliteke hark letrak ere landu izana berrogeita hamar urtera heldu aurretik, bereziki poesia. Edonola ere, argi dago adinak ez ziola iraupena urritu. Alderantziz.

Ohartarazi behar da ez zela On Pero izan literatur kezkak izan zituen lehena familian. Jadanik haren aitak, Fernán Pérez de Ayalak, kontakizun genealogiko bat idatzi zuen: Árbol de la casa de Ayala. Kantzelariak eta haren ondorengo batzuek jarraitu zuten hura osatzen. On Fernán izan zen Aiarako jaurerria birsortzearen eta sendotzearen protagonista nagusia. Bizitza espiritualaren eta arteen babesle handia ere bai. Berak sortu zuen Kexaako moja domingotarren komunitatea, familia panteoia baitzen hori, leinuaren dorretxearen ondoan. On Perok bikain jarraitu zion aitak hasitako bideari (harlanduz eginarazi zituen hilobiak eta egun Chicagon gordetzen den erretaula gotiko ikusgarria dira horren erakusgarri). On Fernánen aginduz, etorkizuneko kantzelariak maila handiko heziketa jaso zuen, ezohikoa haren estamentukoentzat, eta, garai hartan normala zenez, elizgizonen eskutik. Latina errotik ikastean oinarritzen zen hori. Kantzelariaren obra aztertuz gero, ondokoetan igartzen da heziketa hura: gai filosofiko, moral eta erlijiozko zehatzetan, iturrien hautaketan, baina baita ere formetan, estiloetan, hiztegian, presupostu eta orientazio intelektual bereziki kultuetan, nahiz eta aspaldidanik zeuden entseatuak erromantzez: Mester de Clerecia korronteko poeten —eta gero Hitako artzapezak indartutako— estetika, egitura konplexutasuna eta hizkuntza hauta; Gaztelako prosa historiografikoaren neurritasuna eta are hoztasuna, zeinaren konbentzioak Ayalak zuhurki bereganatu baitzituen.

Pedro López de Ayala Kantzelariaren hilobia
Pedro López de Ayala Kantzelariaren hilobia.

Hauek guztiak aurki daitezke guregana heldu den Pero López de Ayalaren obran: jatorrizko poesia, Pedro I.aren eta lehen Trastamaren kronikak (Enrique III.aren kronika osatu gabea barne, errege hori baino hil batzuk geroago hil baitzen gure protagonista) eta izaera desberdinetako hitz lauzko testuak. Azkeneko horiek itzulpenak edo berak egindako lanak dira gehienbat (antologiak, laburpenak…). Itzulpenetan oinarrituta egin zituen horiek, normala baitzen hori Erdi Aroan eta askoz geroago ere.

Maiz ohi denez, kartzelak eragin handia izan bide zuen Ayalaren literatur bokazioaren sorreran edo, bederen, joeran. On Pero egona zen jadanik ingelesen preso 1367an, Naiarako gudaldiaren ondoren, eta Aljubarrotako (Portugal) gudaldian hartu zuten preso berriro, 1385ean. Bi urte luze eman zituen giltzapean Óbidos-eko gazteluan, bera erosteko saria noiz bilduko zuten zain, eta esan behar da Gaztelako eta Frantziako erregeek lagundu zutela bilketan. Portugalgo kartzela horretan hasi zen Ayala Pero Menino-ren Livro de falcoaria liburua itzultzen eta egokitzen. Berak ehiza-hegaztiekin izandako bizipenen eta naturan ikusitako gauzen kontakizuna erantsi zion obrari, ezagutza ornitologikoak, albaitaritzakoak edo farmakologikoak baino gehiago, hiru gai horietaz ari baita hein handi batean jatorrizko obra. Ayalarenak Libro de caza de las aves hartu zuen izentzat, eta, denborarekin, gazteleraz gai horretaz idatzi den libururik hedatuenetako bat bihurtu zen.

Óbidosen asmatu zuen bere obra poetikoaren zati bat ere. Handik urte batzuetara, Rimado de palacio obran bildu zuen dena. Liburu nahasi baina egituratu bat da hori, eta, bertan, cuaderna vía erako ahapalditan, ondokoak datoz: kontzientzia azterketa bat eta aitortza, sakramenturako prestatzen zuten eskuliburuen arabera paratuak; gai moraletako eta erlijiozkotako konposizio batzuk; tratatu politiko edo printzeen eskola bat, eta satira zorrotz bat, fechos de palacio, non On Pedok, kontaketarako dituen dohainak agertzeaz gainera, modu bizian erakusten baititu gorteko eta inguruko nahiz gizarte estamentu goi zein baztertutako eguneroko miseriak. Joben Liburua-ri buruzko gogoeta luze batez amaitzen da liburua. Gregorio VII.a aita santuak Bibliako liburu horri buruz idatzitako iruzkin luzeak (Moralia in Job) eragin zuen gogoeta. Esan dezadan, bide batez, Ayalak itzuli egin zuela liburu hori ere, eta horren pasarte batzuk erabili zituela zenbait obratan.

Kantzelariak bizi zela argitaratu zuen Rimado de palacio liburuaren zati bat, baina badakigu bere azken urteetaraino aritu zela lanean obran. Poesiari eman zion duintasunaren agergarri da hori (poesia lantzen zahartzaroraino aritu izanak egiaztatzen du dioguna). Horrela, Ayalak testamentu poetiko moduko bat utzi zigun, eta sortuz joan zen munduaren ikuskera zorrotz, zuhur eta zenbaitetan umoretsuaren laburpen bat. Gaur egun ere, obra hori da, zalantzarik gabe, haren lanik ezagunena. Eta, halere, obra horixe izan zen ahaztuena XVI. mendearen eta XVIII. mende azkenaren artean.

Kronikei dagokienez, Ayala, lehen aipatu dugun bezala, prosalari neurritsu eta zorrotza da, oso ongi dokumentatua. Alderdikoia da ezinbestean, eta nahiz eta (zentzu hertsian) ez den urte batzuk geroago “kronista ofizial” deituko duten horietako bat, ez du idazten berak nahita, baizik eta gerra zibil baten ondoren birsortutako koroa baten zerbitzutan. Halere, saihestu egiten ditu nagusiaren aldeko gehiegizko berotasuna eta koipekeria. Idatzi zuen lehen kronikan, Crónica del Rey don Pedro y de su hermano el Rey don Enrique izenekoan, arazo korapilotsu bat konpondu behar izan zuen: tiranotzat zeukaten erregea (Petri I.a) uzkailtzea eta tronuan (nobleziaren zati handi batek modu interesatuan lagunduta) haren anaia Enrique II.a Trastamarakoa ipintzea legitimatu. Erresuma berean bi errege batera izatea ezinezkoa zen, eta da, teoria politikoan, baina horixe gertatu zen Gaztelan 1366 eta 1369 bitartean. Urte horietan, Ayalak, utzi Pedro I.a, eta Enrique II.a Trastamarakoaren alde egin zuen. Baina egiten duen kontakizuna ondorengotza gatazkatsu baten legitimazioa da, non bi fase ikusten baititu Alfonso XI.aren (Pedro eta Enriqueren aita) ondoren; ez da berak bandera berri bat hobetsi izanaren justifikazioa. Kronikaren generoaren konbentzioei jarraituz, Ayalak ezabatu egiten du bere burua kontakizunetik, baita berak zuzenean ikusi zituen gertakariez ari denean ere. Bestalde, kronika horrek bi idazketa izan zituen; badira alde batzuk bien artean, baina ez oso sakonak. Buruhauste gutxiagokoak —nahiz eta ez gutxiago ilunak— gertatzen dira hurrengo kronikak, hots, Juan I.aren eta Enrique III.aren erregealdienak. Hor, irtenbide bortxatu samar bat eman zitzaion gatazka dinastikoari, Enrique III.ari (Enrique II.aren biloba) Lancaster-eko Katalinarekin (Pedro I.aren biloba) ezkonarazita.

Ayalaren kronikak ezinbesteko erreferentzia izan dira kronikarientzat eta genealogistentzat. Irakurle ugari izan dituzte beste talde batzuetan ere, eta talde guztiak ez ziren historiografian interesatuak. Ayalaren kronikak asko banatu ziren eskuizkribu gisa XV. eta XVII. mendeen bitartean (eta inprimatuta, jadanik 1495ez gero).

Erresumako handiki eta kronista izan zen aldetik, zahartu arte bidaiatzen eta lanean aritu izanik, zalantzarik gabe On Perok idazkari eta kopiatzaile ugari izango zituen bere esanetara. Izan ere, kronikak idaztea erresumako kantzelaritzarekin, hor utzitako agiriekin eta horiekin zebiltzan funtzionarioekin lotutako lan bat izan zen beti. Sekula ez zen izan, beraz, lagun bakarraren lana, eta horrek azal litzake hein batean Ayalaren produkzio berantiarraren magnitude handiak. Sinesgarria da, esate baterako, leporatzen zaizkion itzulpen lan zail eta mardul batzuk (Moralia in Job, Décadas de Tito Livio, Caýda de príncipes de Boccaccio…) Kantzelariak sustatu edo gainbegiratu izana, baina ez berak bakarrik idatziak izatea. Zaila edo ezinezkoa da, ordea, Ayalak lan horietan zer parte izan zuen zehaztea. Eta ikusirik liburu horietako batzuek haren obra pertsonalean (Moraliak Rimadon, adibidez) izan zuten eragin sakona, zail da sinesten parte-hartze hori azalekoa izan zela, edo soilik izenburu edo pasarte batzuk kopiatu zituela. Pentsatzekoa da, beraz, Ayala erdi babesle erdi autore gisa arituko zela, beste garai batzuetan —eta distantzia alde batera utzita— Alfonso X.a Jakituna aritu zen bezala. Nolanahi ere, Ayalaren itzulpenek material ugari eskaini zieten irakurgai serioak (maiz itzulpenak) bilatzen zituzten laikoei, eta era horretako testuak ugaritzen hasi ziren XV. mendeko hogeigarren urteetatik aurrera. Aipagarriak dira gure protagonistak egindako bi bertsio: Tito Livio historialari erromatarraren Décadas (Pierre Bersuirek egindako frantsesezko itzulpenetik abiatuta, baina Ab urbe condita latinezko testua ahaztu gabe), edo Boccaccioren latinezko obra berantiar bat, De Casibus (Caýda de príncipes). Bi bertsio horien indarra edo balioa XVI. mendearen oso aurrera arte dago dokumentaturik. Ayala, bada, bere klasekoen aitzindaritzat aitortu zuten, eta, nolabait, haien hezitzailetzat.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 03-30 / 04-06