Bidai bat EuskoSareraEscuchar artículo - Artikulua entzun

José María RODRÍGUEZ IBABE
Traducción al español

Duela hilabete batzuk, lan kontua zela eta, Argentinan EuskoSareko bulego nagusiak bisitatzeko eta ezagutzeko aukera izan genuen. Han erakunde horren babesean antolatzen diren ekintzei buruzko informazio zuzena jaso genuen. Era berean, Eusko Ikaskuntzari esker Buenos Airesen eta San Nicolas hirian bi hitzaldi emateko aukera izan genuen. Lehenengo kasuan, hitzaldia “Euskaltzaleak” elkartean antolatu zen, aukeratutako gaia ondokoa izanik: “Ciencia y Euskera”. Bigarren hitzaldia San Nicolaseko Euskal Etxearen babesarekin Federación de Comercio e Industria erakundeak duen aretoan izan zen, gaia guztiz desberdina izanik: “Las relaciones entre el mundo de la empresa y la actividad investigadora en centros tecnológicos y universidades: la experiencia vasca”.

Bi hitzaldien gaiak oso desberdinak izatean, zuzendutako entzule potentzialen ezaugarriak ere guztiz ezberdinak izan beharko ziren. Hori dela eta, kasu batean euskal nortasunarekin betidanik harreman estua eduki duen erakundea aukeratu zen bitartean (Buenos Aireseko Euskaltzaleak), bestean ohiko euskal zirkuitutik kanpo dagoen elkarte bat hautatu zen (San Nicolaseko Federación de Comercio e Industria hain zuzen ere). Bi kasuetan antolaketaren abiapuntua Eusko Ikaskuntza izan zen.

Lan inguruan izaten diren bidaiak oso epe laburrean antolatzen direnez, aurreko guztia nahikoa denbora mugatuan adostu zen. Hau da, neurri handi batean, aipatutako hitzaldiak aurrera eramatea oso zaila gertatuko zitzaigun EuskoSare bezalako programa baten babesik gabe. Esperientzia horretan oinarrituta, EuskoSareren inguruan zenbait hausnarketa egiteko aukera izan dugu. Horietariko batzuk ondorengo lerroetan adieraziko ditugu.

EuskoSare, Eusko Ikaskuntzaren babesean sortutako programa, horrela definitzen da argitaratutako informazioan: “munduko euskaldunei eta euskaldunen lagun guztiei zuzendutako parte hartze eta elkarkidetzan oinarritutako sarea”. Definizio hori, Euskal Herri barnetik nahiko ikuspuntu berezitik har liteke, askotan gure artean diaspora irudi sasi folkloriko eta beste garaiko gizarte baten eredu iruditzen zaigulako. Horrez gain, pertsona arrunt batentzat diaspora erakunde publikoek noizbehinka kaleratzen duten gai bat izan liteke, besterik gabe.

Aldiz, errealitatea gertutik ikusiz gero, beste iritziak sortzen dira. Hasiera batean, harridura nagusitzen da diaspora horren partaideek Euskal Herriarekin loturak mantentzeko eta indartzeko hartzen duten lana, denbora eta honetara bideratzen duten dirua ikusiz. Lehenengo fase hori gainditu ondoren, diaspora osatzen duten partaideentzat jatorri euskalduna lantzeak sentimenduen arloan duen garrantziaz hasten gara jabetzen. Portaera hau urte askotan zehar, aldaketa ziklikoekin, mantendu dela susma dezakegu. Hala ere, etorkizunari begira, sentimendu hori mantentzea nahikoa denentz galdetzeari ekiten diogu eta era berean, belaunaldi berrientzat arbaso euskaldunak urruti samar geldituko ez ote diren iruditzen zaigu.

Garai batean balore hori nahikoa izango zen Euskal Herriak munduan zehar zabalduta dagoen diasporarekin harremanak estutzeko eta horretarako behar ziren baliabideak jartzeko. Gure ustez, ikuspuntu tradizional honetara mugatzen da Euskal Herriko biztanle askorentzat diasporaren esanahia gaur egun.

Hala ere, azken urteotan globalizazio eta herrien arteko harreman-zabaltzearen ondorioz, gizartea sakonki aldatzen ari da. Testuinguru berri horretan, diasporarekin lan daitekeen erlazioa goitibehera berrikusi beharko genuke.

Arlo tradizionalari eutsiz eta berau indartuz (eta testuinguru honetan, diasporaren kohesioaren ikuspuntutik, folkloreak duen garrantziaz oraindik ez gara guztiz jabetu, nire ustez), bide berriak bilatu behar ditugu gizarte modernoak dituen gaurko erronkei erantzuna emateko. San Nicolasen emandako hitzaldia eta ondoren izan ziren elkarrizketak horren adibide izan daitezke. Kasu horretan, ikerketa aplikatuaren inguruan Euskal Herrian garatu den esperientzia oso baliagarria izan liteke hango biztanleentzat. Han, Bilbo inguruan 80 eta 90. hamarkadetan gertatu zen bezala, siderurgiaren eta ohiko industriaren krisialdiak hiriaren ekonomian eragin oso negatiboa eduki du. Eta esperientzia hori transmititzeko bertako Euskal Etxearen partehartzea funtsezkoa izan zen.

Aurreko adibidean ikus daitekeenez, gaur egun diasporarekin ditugun harremanak ez genituzke sentimenduekin eta nortasunarekin lotuta dauden betiko gaietara bakarrik mugatu beharko. Elkarrizketa batean San Nicolaseko Euskal Etxeko lehendakaria den Damian Cebeyk adierazi zuenez, haiek bertako gizarteari lagundu nahi diote Euskal Herriko zenbait esperientzia interesgarri transmitituz. Hori dena, berak azpimarratu zuenez, betiko nortasuna galdu gabe.

Beste erara esanda, harreman horiek indartzean Europan kokatzen den herri txiki eta nahikoa aurreratu baten esperientzia beste herrietara bidera daiteke. Eta hor euskal diaspora oso lagungarria izan daiteke. Bideratze hori aurrera eramateko, EuskoSare programa tresna baliagarria eta beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Erronka hau ez da erraza, baina euskal diasporaren ezaugarriak XXI. Mendeko baldintzetara egokitzeko eta horrela bere iraupena ziurtatzeko bide bakarra dela deritzot.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 04 / 06-13