Menchu Gal, aparteko artistaEscuchar artículo - Artikulua entzun

José Javier FERNÁNDEZ ALTUNA, arte kritikoa
Traducción al español

Emakumea, margolaria, figurazioa, modernitatea, abangoardia, gerra zibila, frankismoa, neofigurazioa... hitz guzti hauek, konbinatuak, emaitza desberdinak ematen badituzte ere, horietako batek izen eta abizen zehatzak ditu: Menchu Gal Orendain. Emakume hau, Irungo margolari figuratiboa Menchu Gal (Irun, 1918), Manuel Lekuona saria jaso duen bigarren emakumea baita, eta ez bakarrik bere izenean aipatu ditugun balore guztiak biltzeagatik, baizik eta gainera modu paregabean, askean, koherentean, ausartan eta apartazkoan lortzeagatik, nahiz eta aurrera egiteko orduan, bai artistikoki bai historikoki, baldintza gogorrak aurkitu zituen.

Emakumea izanik, gizonezkoek nagusitasuna zuten giro artistikoari aurre egiteaz gain, Menchu Gal margolari figuratiboak, abangoardia erradikalenek onespen guztiak jaso zituzten garaiari eta frankismoak nagusitasuna zuen testuinguru historiko bati aurre egin behar izan zien. Horregatik, Menchu Galetaz hitz egiteko orduan lehen lekuan paregabe hitza erabili dugunean kontzienteki egin dugu, bere margolanak eta ibilbide artistikoa ez direlako bakarrik askeak izan, baizik eta koherenteak ere eta, batez ere, ausartak.

Menchu Gal
Menchu Gal Orendain, 1975.

Historia eta artea garaikide izenaz ezagutzen dugun garaian, eta ondorioz, abangoardia izenekoak nagusiagoa izanik lengoaia artistiko berritzaileen eta iraultzaileen aldeko apustuak nabarmendu diren garai honetan, Menchu Gal jakin izan du ez bakarrik bere berezko ibilbide artistikoa egiten, arte garaikidearen hasierarekin batera hasten dena -inpresionismoarekin eta postinpresionismoarekin, gehienbat-, baita abangoardiaren zenbait ezaugarriak barneratu ere -fauvismotik hasiz espresionismoraino, baina baita kubismoaren edota abstrakzioaren zenbait ezaugarri hartuz ere-, amaieran leku desberdin eta berezi batera helduz, Menchu Gal berak soilik garatu ahal izan duena.

Ondorioz, onak diren artista guztiei gertatzen zaien bezala, Menchu Galek bere estiloan etapa eta aldaketa garrantzitsuak bizitu baditu ere, egungo egoerak ematen digun perspektibatik aztertuz, bere garapena guztiz koherentea izan dela onartu behar dugu, eta ezaugarri batzuk aldatzen joan badira ere, beste batzuk errepikatu egin dira, eta guzti horrek hain zaila definitzekoa den estiloa izenekoa sortu du.

Horrela, Menchu Galen lanean argi eta garbi nabarmentzen den lehen gauza figurazioaren aldeko apustua da. Baina Menchu Galek lantzen duen figurazioa ez da errealista, eta berez bere margolanetan ez dugu inoiz bere begiek ikusten dutenaren irudikapen zehatzik aurkituko, baizik eta aurrez duenaren sentsazioa. Horretarako, lehenengoz, errealitateaz jabetzen da, ikusitakoa subjektibatuz, eta ondoren, bere bizipen pertsonalak gehituz, lan berri bat sortzen du, gehienetan errealitatetik urrunduta dagoena baina bere izaerara hurbilduz, berak nahiago baitu deskribapen hutsean geratu baino iradokizunak proposatu, eta bere pintzeladen eta koloreen artean, bere buruaz hitz egin.

Menchu Gal
Menchu Gal.
Argazkia: Lore Agirrezabal.

Figurazioaren ondoren, Menchu Galen lanean nabarmenki azaltzen den bigarren ezaugarria kolorearen aldeko bere biziko apustua da, baina ez bakarrik erabiltzen dituen kolore tonuekiko, biziak, alaiak eta intentsuak, gehienbat, baizik eta koloreak nagusitasun osoa duelako margolanean, kolorea berak marrazkiaren ingurua antolatzen baitu, eta elkar fusionatuz, marrazkia bera desagertzen da. Menchu Galen trazua pintzelada zabal, aske eta urduri batean oinarritzen da, kulunkatzen diren mugimenduak osatuz, modu arin eta bigun batean biratuz eta, printzipioz behintzat, espontaneoka. Koloreekiko, bere ibilbidean garapen fase desberdinak ezagutu baditu ere, orokorrean, bere kolore gogokoenak orlegia, urdina eta gorria izan dira, bere tonu intentsuenetan eta alaienetan, beraien bitartez, gehienetan, bizitzarekiko poza igorriz.

Bere lanean nabarmendu beharreko hirugarren ezaugarri orokorra konposizioaren aurrean izan eta mantendu duen jarrera da. Bere hasieretatik eta bere ibilbidearen zehar, arlo honetan, bere jarrera ere originala izan da; parez pare irudiztatu badu ere bere konposizioetan ez da perspektibarik egoten eta, ondorioz, margolanaren elementu guztiak plano berean lerrokatzen direla ematen du, edo beste batzuetan, planoak nahastu egiten direla, distantziak nahasiz. Baina, ondorioz, ezaugarri horrek pentsarazi badezake ere, bere konposizioak antolamendurik gabeak direla, ez da horrela, konposizioarekiko bukaerako emaitza, alderantziz, beti oso antolatuta egoten baita, nahiz eta bere margolana askea eta dinamikoa izan; bere konposizioak beti dira kontzienteak eta aurrez prestatuak.

Azkenaldi honetan zehar Menchu Galen ekoizpena gutxiagotzen hasi bada ere, berak bere garapenarekin jarraitu du lasaitasun garai batetara heldu arte, margolan estatikoagoak sortuz, izpiritu bareago batek nagusitasuna izanik. Bai koloreak bai trazuak aurrekoak izaten jarraitzen badute ere, azken garai honetan, bere egungo ekoizpena ere hartuko lukeena, Menchu Galek bere estiloarekiko fideltasuna mantenduz, ikuspegi lasaiagoa, barnera bilduta eta introspektiboagoa eskaintzen du, nahiz eta hausnarketarako gaitasun bera bertan egon, hori izan baita bere ibilbideko beste ezaugarrietako bat, eta baita egin duen apustua bere lana figurazioarekin hainbestetan lotu den azalkeriatik eta apaingarritasunetik urruntzeko asmotan.

Obra de Menchu Gal
Pasajes. Menchu Gal Orendain. 1954.

Menchu Gal mota honetako artista izan da baina, gainera, emakumea izanik, horrek suposatu dion zailtasunekin, duen guztia lortu izan baitu bere emakume kondiziotik abiatuz. Horregatik, Eusko Ikaskuntzak antolatzen duen 2006ko Manuel Lekuona saria Menchu Gali emanez, ez dira soilik margolari baten lana eta ibilbidea eskertzen eta saritzen, aipatu dugun bezala, paregabea, askea, koherentea eta ausarta izan delako, baita hori guztia zailtasunez beteriko giro ezohiko eta kontrako batean lortu duen emakumea delako. Badira beste margolari eta emakume ere, meritu nahikoak bildu dituztenak honelako sari garrantzitsu bat jasotzeko, baina Menchu Galen apartekoa zera da, margolari eta emakume izan dela batera, eta honek arrakastaren meritua gehitzen du.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 05 / 04-11