José Antonio AZPIAZU
Itzultzailea: Aita Patxi LASA
Versión original en español
“Aita Gurea”, nortasun baten adierazpena
Baldin badago lan bat Aita Patxi Madina ezagutzeko, hori “Gure Aita” da. Otoitz-eskari hau Oñatiko musikariaren irudiari lotua geratu da, “Gau ixila” Franz Guber-i erantsia geratu den bezala. Zenbait musika atal edertasun koroe batez jantziak jaiotzen dira, sorgin kutsu batez inguratuak. Lehenengo aldiz entzun duena -nahi den hizkuntzetan abestu- txundituta geratzen da hitz hutsen oinarriek luzatzen duten soinu albisteaz. Doinua, ustekabean otoitz-eskari bihurtzen da, eta hitzetik areagora garamatza, arteak gutxitan eraman genezakeen giro hartara.
Baina ez da herri sentiberatasunetik jasotzen zuen zerbait bakarrik. Musika kritikari ber-berak ere menperatuta geratu izan dira haren xalotasunaren haunditasunez, “haren xumetasun itzelgarri eta erlijio hauditasunez”, edo Patxi Esnaolak 1980an, ia 10 urte Madina hilez geroz “Aita Gurea”ri buruz idatzi zuen bezala: “egiazko otoitz izpiritual baten zirrara sorrerazten duen ozentasun haundiko orrialde goiargitsua”. Joxe Mari Gonzalez Bastidaren neurriko musikariek ez zeukaten okirik otoi-eskari hau entzuteak sortzen zien sentiberatasuna aitortzeko.
Oñatitik Argentinara Burgostik pasatuz
Madinaren aurren urteetaz ez dakigu gauza haundirik. Argentinara joan aurreko garaiaren berriak ere oso urriak dira. 1907ko urtarrilaren 29an jaio zen Oñatiko Zubillaga auzoko Txipitxaile baserrian, Jon Gurutz eta Rufina nekazari gurasoengandik.
XX mende haseran, Oñatiko baserritar seme batentzat aukerak oso murritzak ziren. Bere etxeko pasarte batek argi uzten digu geroagoko musika idazle ospetsuaren goizdaniko grina. Bizitza osoan berekin eraman zuen eta beretzat tresna baliosa izango zen piano bat bere aitak opari ziezaiokela lortu zuen Patxi gazteak.
Bere ikasturteetako bizitzaren berri gutxi dugu, baina pentsatzekoa da haren argitasun biziak asti eta abagunerik emango ziola musika ikasketetarako, oinarrizko tresnak bihurtu ziren organoa eta pianoa jotzen ikasi bait zuen, bai bere apaiz lanetarako eta bai musika eginkizunetarako tresna bikainak. Haren kultura zabal eta hainbat jakintzetarako jakinminak, teologia, filosofia eta gizabidezko beste hainbat gaietarikoak haurtzaro eta gaztaroko irakurketaz beteriko irudia aditzera ematen digu.
José María Beobideren diskoa. |
Oraindik oso gazte, hogeita bat urtez, “Ilargi bete” lanean, geroago Ordenako Abat Orokor izanen zen langile amorratu eta musikari fin zen Fernado Urkia Laterandar Kanonigoaren laguntzaile bezala saiatu zen. Madinak bere lehenbiziko musika maisu bezala aitortu zuen Urkiak, abestiaren hitzak idazten ditu, eta teologo gazteak musika ezartzen dio. Iruñako “Euskararen adiskideak” lehiaketara aurkeztu eta lehenengo saria irabazten dute. 1928. urtea zen. Hurrengo urtean Meza berria ematen du. 1932an Saltara bidali zuten, Ifarrargentinako ikastetxerik ospetsuenetako batera, Belgrano Ikastetxeko irakasle.
Salta eta Buenos Airesen artean igaro zen Madinaren bizitzaren arorik funtsezkoen bat. Ia mende laurden bat zehar, Argentinaz bat egin zen bitartean, gizon eta musikagile bezala heltzen joan zen, eta hezitzaile eta musikari bezala lan itzela egin zuen. Urte batzuk geroago, argentinarrek, euskal jatorrizkoek bereiziki, aitortuko zuten Madinarekin egiazko eta benetako oparia heldu zitzaiela. Izan ere, argentinar musikalari antologia batek ez dauka ezbairik argentinar musikagile haundienen zerrendan Madina sartzeko.
Saltak eta hango ikastetxeak xurgatu zituzten haren indarrik haundienak andesaldeko bere aurreneko egonaldian. Baina han ere nabari geratu zen bere musika duintasunaren seinalea. 1934an lortu zuen Saltako Elizbarruti Eukaristiko Eresi lehiaketaren lehenengo saria. Bere Euskalerriarekiko harremanak jakinaren gainean jartzen dute Gasteizko Elizbarrutian, hain zuzen ere 1936ko uztailean Oñatin ospatuko den Mariaren Kongresurako egingo den eresi ofizial ederrenari emango zaion lehiaketa bat zabalik dagoela. Lehiaketara aurkeztu eta irabazi egin zuen.
1939an, Madinak, oraindik oso gazte zela, adierazpen mezu sakonarengatik eta idazten den unearengatik, sinbolismoa darion meza bat sortu zuen. “Pro fide et Patria” idazburuaz, oinatiar musikariaren musika eta personal ibilbidea markatzen duen pentsamoldeen adierazpena islatzen duela esatera ausartzen naiz. Nahiz eta zazpi urte zeramatzan Argentinan eta ondorioz ez izan espainiar gudu zibil zorigaiztokoaren lekuko zuzena, haren euskaldun eta apaiz sentiberatasun fina atzerrituen uholdeak Argentinara iristen ikusiriko trajediak hunkiturik gera bide zen, haien aurpegietan nabaria bait zen porrotaren eta etsipenak markaturiko zigilua.
Saltako Polifoni Abesbatza 1928ko azaroaren 10ean sortu zen, musika kultur gose ziren talde baten kezkak eraginda. Oñatiko Laterandar Kanonigo Patxi Madina eta Rafael Anduaga ekintzaren buru bezala agertzen dira, eta mende erdi batez barreneko ibilaldian, 2.500 bat emanaldi eskainiz, nola telebista eta irratian hala zorte txarragoko jendaurrean, halanola zaharretxeetako aiton-amon eta haur umezurtzen babeslekuetan, espetxeetan, etabar. Honen errepertoriuma musikagile askoren zerrenda da, Victoriatik Bruckenera, Villalobosetik Piazzolara, eta, noski, Madina.
“Saski-Naski” eta Madinaren artearen eztanda
1946ean euskal artelarien presentziak Buenos Airesen urrats bereizi bat ematen du: “Saski-Naski” sortzen da. Koldo Mujika taldearen eragile nagusi eta zuzendariak, aurkezten du bazkide honen asmo nagusia:
“Bere lehenengo zizeldurak eman nahi dizkizuegun haur hau, idazten du, gure euskal bularren ditiak esnea emanikoa da, nahiz eta denbora eta tarteak haundiak izan, gure seme-maitasuna Ama Euzkadiren urrutiko mendien ezetasun orlegiaz betetzen jarrai nahi izan dugu. Beraz, “Saski-Naski”k, zuek gure herria ezagutzea nahi du; aurreneko atxikimenduaren aurreko ibilgailua eta ondorengo maitasunarena. Nola “saski nahasi” bat den, (“Saski Naski”k hori adierazten bait du) ikuskizun xumeetan emaniko abesti eta herri dantzak hurrenez-hurren jarri ditugu”.
Guduak desegin zuen izen bereko eta lehenago Donostian ari izan zenaren taldearen egitasmoak hauek bezain arriskutsu eta iraultzaileak ziren. Mujikak dioenez “elkar-laguntza hagitz eraginkorrei esker” helburua aurrera atera ahal izan zen, eta horien artean Madinarena azpimarratzen du, harek “egin bait ditu orkestrazioa, armoanizazioak eta irudiketa guztien musik konponketak eta, gainera, bere hiru partituren oparia egin digu”.
Luis Mallea. |
“Aita Madina, ongi hornituriko eta merezimenduzko Mujikaren kontseilaritzarekin agerraldi hauen arima izan zen”.
Argentina eta Euskalerriaren esker-ona
1950ko udaberrian bere jaioterri Oñatira joatean, herri honetan kontzertu haundi bat antolatu zen. Hain gogoangarri den San Inazioren egunez, uztailaren 31n, Mikel Goiaingeruaren parrokian “Kantu eta organo kontzertu bat” eratu zen, Julen Zelaiak zuzenduriko Schola Cantorum Sancta Caecilia-ren ardurapean, organoan berak sorturiko Sonata eta Fantasia bezalako lanak Madinak joz, halaber Jarnefel eta L. Vierne-nak. Kontzertuari amaiera emateko, elkarrekin ihardun zuten organoa eta abesbatzak, Handelen Mesiasen azken koruak interpretatuz. Bere herrirako ikustaldia aprobetxatuz, Udalak herriko seme aipatuari bertako folklore gaietan oinarrituriko lan bereizi bat idatz zezala eskatu zion. Madinak lanari ekin zion eta bere goiargiaren emaitz bezala urte bereko udazkenean “Oñati” deituraz sorturiko raptsodia eskaini zuen.
1956ean, Urte Jubilarra zenez, musika lehiaketa bat antolatu zen eta epaimahaiak lehenengo saria Patxi Eskuderori eman zion, eta “ohorezko aipamena” eskaini zion “Arantzazu” Madinaren lanari. Garai haietaz gero, oñinatiar musikagileak euskal musikaren kritika eta egunkarietan presentzia iraunkor bat lortzen du, batez ere bere sorkuntzek Iparrameriketan lorturiko arrakastarengatik. 1962an, Oñatin ospatu zen “Gipuzkoako II Abesbatz Jaialdia” zela eta oinatiar musikagilearen lanak Beethovenen artean sartzen dira eta Guridi bezalako euskal musikari konsakratuen tartean.
Nicanor Zabaleta Zala. |
Baina ez zen txikiagoa izan, ez eta gutxiagorik ere, Argentinak eskaini zion ezagupena andesaldeko eta bonaerenstar musikarekin lotura zuen Madinaren lan eskergarengatik. Agiriko ezagupide hau gainera etorri zitzaion, maila haundi batetan, lurralde hura utzi eta gero, 1955ean, Nueva Yorken bizi zela. Hain zuzen ere, “La flor de durazno” opera 1957an estrenatu zen. Ezbairik gabe aitor daiteke Hugo Wasten izen bereko eleberrian oinarrituriko eta Argentinan girotutako opera hau estrenatzeko apustua egin baldin bazuten bonaerestarrek, haien arteko musik giroetan musik atal hau hondoraino sartua zegoelako izan zen, “guztiz argentinar izaerakoa” zelako, aipaturiko lanaren antolakuntza eta egitasmoa onartu egin zituen.
Baina “La flor del Durazno”, Elena A. Zara ministrak onartu aurretik, arte zuzendaria, Kultur zuzendari orokorra, argentinar antzerki zuzendaria eta zenbait konposatzaile bezalako adituen sare estuaren begi kritikarietatik pasa behar izan zuen. Lanaren balioak berez balio behar zuen, bada Madina ez zen bere asmoak lortzeko areto-aurreak edo pasabideak egiten aritzen zen horietakoa. Eta inguramen haietan gutxiago, bai bazeramazkien urte pare bat Estatu Batuetan bizi zela. Argi berdea lortu ondoren, martxan jarri zen opera batek berekin daraman prestakizun nahaspilatsua, guztira 500 bat pertsonaz osatua, opera baten antolaketak berekin daramatzan arte zuzendariengandik eta lehenengo irudiengandik hasi eta aldagelen zaintzaile, antzoki eraketa, etabar. Orkestraren zuzendari Rainaldo Zambroni maisuak, estrenatzean bere sentikera agertu zuen: “Argentino antzokiak hain neurri ederreko aberri opera bat eta musik zentzuan hain aberatsa estrenatzean, oso pozik sentitzen naiz”, adierazten zuen antzeztearen berehalakoa zela eta. “Ziur nago argentinar opera honek jendartean lortuko duen arrakasta eta erantzunaz”.
Hau zen, ezbairik gabe, argentinar arimaren sentiberatsuna bereganatu zuen musikari eta euskal artegileari eginiko homenaldi haundia. Baina, “Flor de Durazno” ez zen izan Madina bi hamarkadaz onartu zuen lurralde honen txaloak irabazi izan zituen argentinar bereizgarrizko lan bakarra. “La cadena de oro”, Katamarkako istorio batean oinarritua eta herrialde hartako Valleko Amabirjinarenganako jaierari lotua, Albert Wolf maisuak zuzendu zuen. Lan honen emankizuna zela eta, Sebastián del Cerrok, agurra zirudion laudoriozko kazet lan zabal bat eskaini zion Madinari, musikaria Nueva Yorkera joateko maletak egiten ari zen garaia bait zen. Argentinar kutsurik gabeko beste zenbait lan, euskal kutsukoak bereiziki, Colón Antzokian, Buenos Airesko ikuskizunen Sancta Sanctorum-en estrenatuak izan ziren, Karlomagnoren Orreagako historiko porrotean oinarriturikoa, “Orreaga” euskal suitekin gertatu zen bezala. Musika atal hau Buenos Airesko Hiriburuko Orkestra Sinfonikoak estrenatu zuen 1954ko urriaren zazpian, Ferruccio Colusio zuzendari haundiaren gidaritzapean, eta beste Haydn, Lamuraglia eta Beethoven bezalakoen artean aurkeztua izatea merezi izan zuen.
Kualitatezko urratsa: Ifarrameriketako aro emankorra
Nueva Yorkeko bizi giroarekin guztiz bat egin zen Madina eta harek abagune eskuzabala eskaini zion berari. Bere adiskideek diotenez bereahala bat egin zen newyorkerar izakerarekin, guztiz humore ingelestarra zeukala esateraino beragatik. Baina honek ez du esan nahi bere burua erabat musikari eskaini zionik. Batez ere hasera garaietan gogor lan egin behar izan zuen zulotxoren bat irekitzeko, apaiz lanetan lasaitasun bat aurkitu arte. Ondo finkatu eta gero, parrokia lanek hainbat denbora kentzen zioten, bere gaitasunak ezagutzen zituztenak denbora alperrik galtzen ari zela pentsatzeraino. Bere musika gara zezala itxaro zutenek elizkizunetan organoa jotzen denbora gehiegi pasatzen zuela aurpegiratzen zioten.
Borondate hoberenekin eginiko salaketa hauek, zeuzkan abagunea eta eskenategirik hoberenak zirela uste zutenen kexuak ziren, bada Nueva Yorketik igarotzen zen munduko musikaren eskaintzarik hoberena. Espainiar artegilerik distiratsuenak Madinarengan ikusten zuten aipamenik onena, eta euskal musikagilearekin harremanetan jartzeko aukerak izan zituzten, berak zuzentzen bait zuen “La voz de América” hedapen haundiko irratsaioa. Madina eta Nueva Yorkera iristen ziren artegileak elkarren beharrean aurkitzen ziren eta han ezagutu zituen oinatiar musikalariak Espainiatik zihoazen operako artelaririk ospetsuenak. Musika munduan hain eragin haundia zeukan irratsaioaren egitamua bere esku edukitzean, hara heltzen zirenek ezin zuten galdu abagunerik gero eta ezagunagoa zen euskal musikariarekin harremanak izateko aukera.
1964ean, leku ezberdinetatik zetozen Madinaren musika lanei soilik eskainiriko kontzertu bat ospatu zen, bada euskal arima, argentinar eta ifarrametiketar musik lanak nahastu ziren bertan. Kontzertuaren ospakizuna Nueva Yorken eskaini zen Nazioarteko Erakusketa Azokaren barruan eman zen, eta gertakizun hau aprobetxatuz bertara joan ziren Oñatiko alkatea eta musikariaren osaba Dionisio Madina. Izen haundiko kontzertuen areto Tawn Hall-en bi zatitan banaturiko ekintza bat egitarautu zen. Lehenengo zatia Estatu Batuetan gehien interpretatua zen Aita Madinaren “Aita Gurearen” (The Lord’s Prayer-en) ingelesezko bertsioarekin hasten zen, bakarlari bezala Marisa del Pozok ziharduela. Bakarlari beronekin, ondoren “In memoriam of President Kennedy” interpretatu zen, eta hurrena “Urrezko katea”, (“La cadena de oro”) eta “Orreaga”. Bigarren zatian hiru espainiar abesti interpretatu ziren, “Endecha” eta “Salmo Ecuménico”k jarraitzen ziotela, den-dena argentinar Gerado Levy-ren zuzendaritzapean. Madina eta bere anaikideek ia bertan finkaturik zeuden parrrokia elkarteak gertakizunaren hedakuntza lanetan erabakior lagundu zuten. Partaideen arrakasta zen, beraz, bada anai-elkarteko osakide guztiek eskaini zuten ahal zuten guztia eta haren arrakaska berena bait litz ospatu eta gozatu zuten.
Nikanor Zabaletak munduan zehar zabaltzen du Madinaren izena
Madinak bere adiskide Nikanor Zabaletari eskaini zion konposaketa bat donostiar harpajole ospetsuaren errepertoriumean nahitaezko zatian bihurtu zen. Musikari biek Argentinan ezagutu zuten elkar, eta ezaupide hartatik jaio zen, Saltan bizi zen garaian, 1947an eginiko “Euskal sonata”, “Sonata Vasca” entzutetsua izan zen bien artean arte ezkontza magikoa sortu zuena. Nikanor Zabaletak Nueva Yorkeko Tawn Hall-en estrenatu zuen lan honek Madinagan harrotasuna sortzen zuen, eta pianorako moldatu zuen. Oinatiar musikaria Nueva Yorkera heldu eta gero, Nikanor Zabaletak newyorkiar Carnegie Hall-ean emaniko kontzertu batetan errepikatu zuen ereduzko atal hau, Bach eta Beethovenen lanen arteko protagonismoa erdibanatuz.
Nicanor Zabaleta Zala Txilen, 1945. |
Hiru hamarkadaz gain, Zabaletak sarritan bere kontzertuen bigarren zatiak arte ariketan bihurturiko zati harekin ireki ohi zituen, instrumentu eta sorginen arteko jolasean, harparen gaurko historiari iadanik loturiko musikal irudian. Madrileko De la Concordia Antzokian, 1960ko abenduaren seian, kontzertuaren bigarren zatia Allegro-kin hasten zen, Minuett-ek jarraitzen ziola eta “Euskal Sonata”ren hiru mugimenduak osatzen zuten Tocatta-z. Amaitzeko, esku egitarauetan zehazki adieraziz Madinak interpreteari eskainiriko atala zela.
Los Romero, musikari unibertsal baten zabaltzaileak
Nikanor Zabaletaren kasua Madinaren sorkuntz lanak jotzea oinarrizkoa izan baldin bazen oinatiar musikagilea ezagutzera emateko, ez zen gutxiagorako izan mundu guztian ezaguturiko “Los Romero” kitarjoleen harremana hauen eta Madinaren artean. Beren arteko lehen harremana jaio zenean, laukotea iadanik Estatu Batuetan finkaturiko talde guztiz ezaguna zen.
1970eko uztailaren 23an Madinaren karrera markatuko zuen gertakizun bat jazo zen. Kaliforniako “San Francisco Civic Auditorium”en aipaturiko kontzertua eskaintzen da, eta aurreikuste guztiak gainditu zituen danbada sortzen du, nahiz eta Los Romero-en ezaguturiko itzalean oinarriturik egon. Amerikar izakera, aurkezpen eta gorapenari lagundu zion profesionaltasunak ez ziren izan alperrikakoak, arrakasta entzutetsuan zerikusi haundia izan bait zuten. Gehigarri lez, Arthur Fiedler-ek zuzenduriko San Frantziskoko Orkestra Sinfonikak lagun egiten zien iadanik ospetsu ziren kitarjoleei. Zazpi mila pertsona hartzen zituen entzungela bete egin zen. Aldizkariek oihartzuna jarri zioten “World Premiere of ‘The Concierto Vasko’” edo musikal primeziari. Kritika lanean aurren aipamena Los Romero-ei dagokie, noski, “kitarren errege sendia” direla izendatuz, kontzertuarekin arrakasta distiragarria lortu bait zuten. Baina ondoren, haien arreta-lanerantz eta honen sortzailearentzat zuzentzen dute kritika. Euskal folklore usain gardena ezbairik gabe aitortzen dioten lana diztiratsutzat epaitzen dute. Kritikarien eritziz, interpreteak gai izan ziren “euskal usain kutsakorrez inguraturiko” Madinaren lan bikainarekin bat egiteko.
1972an Madina hil eta gero, Los Romero arduratu ziren haren lanak bizirik jarrai zezan. Haren heriotzaren ondoren, hilabete gutxi barru, New Jersey Simphony Orchestra-k lagundurik, eta une hartan Rodrigo, Bondon, Dogson eta Arnold, denak kitarra eta orkestrarako lanen sortzaileak, konposagile hauen sort-lanen garrantziaz mintzatu ziren. Mugimendu honi Madinak eskainiriko emaitzarik ezagunena bere “Euskal Kontzertua”, “Concierto Vasco” izan zen, baina haren adiskide kitarjoleek beren errepertoriumean “Concierto Flamenco” ere sartu zuten.
1974ko otsailaren hamahiruan “The Florida Times-Union”ek Los Romero-k jotako “Euskal Kontzertua”ren balioketa bat egiten du: “Euskal Kontzertua”, “El Concierto Vasco”, bereiziki haientzat idatzi zuen Aita Madinak, apaiz-konpasagile eta Euskalerriko musika garratzitsuaren nagusitasun haundikoak, Auñamendi Sartaldean, bere kultur ondare aberatsa zintzoki gordetzen duenak. Kontzertua entzulego gartsu baten txaloketa tinkoan ospatu zen, eta artistak beste bi aldiz lana ematera behartu zituen”.
Madinaren pertsona eta musikariari Los Romero-k zioten (eta dioten) mirespena garbi adierazten du, 1990eko urrian, haren iloba Juan Oleagari Pepek idatzitako gutunak: “Nik zure osabaren miresle haundia izaten jarraitzen dut, eta espero dut noizbait munduak ezagutuko eta aintzat hartuko duela”.
Kontzertu haundiak Euskal Herrian
Musikara eramaten diren gaiak euskal folklorearekin lotzen den garaia da: lekuko istorioak, Arantzazurekin zerikusia duten herrian oinarrituriko erlijiozko gaiak. 1957ko urtea magikoa bilakatzen da herriko talde haundiak mugitzera lortzen duelako, eta zuzperraldiak argigarriak bilakatzen dira, Madinaren musika emozio esnatzaile bihurtzen dela erakusten bait du. Oinatiar artista guztiz trebe agertu zen bere herrikideen sentimenduak, eta ez sentiberatasuna bereganatzean, eta haren lanak herri euskaldunak beti bere azal sentiberan eduki duen musika zuntza artez eta emozioz sakonduak izan ziren. Urte hartan Jose Maria Donostik, Donostiako kronikari ezagunak, irailaren 28an argitara emaniko kazet lan batean dioenez, Oñati besterik ez den ‘La villa señorial por excelencia’ra joanaldi bat egiten du, “Arantzazu: musika gertakari haundia” dela eta. Kazetariak, Oñatiko Udal eta herriak, konposagile berak zuzendurik Unibertsitateko patioan “Oñati” rapsodiaren emanaldiaz, zazpi urte lehenago oparitu zion omenaldi kontzertua gogoarazten du.
“Arantzazu”, abesbatz-sinfoniko poema, kronistak errepikatzen duenez, hegaldi haundiagoetarakoa da”, eta abesbatz eta orkestrarako hamabi kantutan banaturiko hirukoitza, Amabirjinaren agerkundearen istorioan goiarnasturikoa dela azpimarratzen du. Lehenengo zatiak gertakariak jazotzen diren eskenategiaren artzai giroa marrazten du, alderdien borroketan oinarrituriko bigarren zati borrokalariago eta ilunagoak jarraitzen dio, agerkundeko Amabirjin gaiari zuzenki eskainiriko hirugarren zati batez amaitzeko. Donosti, Madinarekin harremanetan jarri zen eta, organoan interpretaturik, lanaren zenbait pasarte entzun zituen, eta hortik ondorio hau atera bide zuen: “haren haserako artzai gaiek guztiz txunditu ninduten, haien freskura, xalotasun eta goiarnasarengatik”. Kazet lan amaieran, Donostik bere-bere omenaldia oparitzen die konposagile eta haren aberri txikiari. Donostiar musik kritikari batekin komentatuz Bergarako herriak antolatu zuen Verdi-ren “Requiem” egitarautzearen egokitasunari buruz: mintza bidea zen zaila izanen zela beste herri bat aurkitzea horrelako kalitatezko kontzertu bat antolatzeko gai izanen zenik. Bada “herri bitxi” hori Bergaraz lehiatzeko, eta “euskal jator goiarnas eta mamizko konposaketa, eta eraberean euskal egilearena, eta hori da estrenatuko duena. Herri hori Oñati da; lan hori, “Arantzazu”, eta egile hori, Madina”.
1958ko urriaren 30a, igandea, 11,45ean, Frantzisko Madinaren lanez, Donostiako Udalak babesturik, Donostiako Victoria Eugenia-n Berebiziko Kontzertu Haundia. Partaideak, Oñatiko Schola Cantorum “Santa Cecilia”, Donostiako “Stella Maris”, eta hiriburuko Sinfonik Orkestra, Jose M. Gonzalez Bastidaren gidaritzapean. Egitaraua: Orreaga, Seaska Utsa, Aita Gurea, Illeta eta Arantzazu.
Ondorioa? Ikus-entzulego aldetik, egunkariek diotenez ehundaka zaletu aretora sartu gabe geratu ziren sarrera-txartelik ez zegoelako. Abenduaren biko ”El Diario Vasco”k, Tristan de Easoren kronikan, lanaren ozentasun dotore eta txit ederreko arkitekturaz mintzo da, herriaren emozioetara heltzeko gaitasunezkoaz, harentzat izan bait zen lana idatzia. Nahiz eta ugariak diren llan bakoitzari eskainiriko goraipamenak, “Aita Gurea”ri buruz esandakoak dute goimaila, honen talde otoitz-eskariaren emoziozko aiurri gogarazpenezkoa, gezurrezko efektibismo guztietatik urrun “Arantzazu” poemari dagokionean esanahi haundiko orrialde baten aurrean aurkitzen gara” oharrazten du, edertasun bikaina gordetzen duten ikuspegiekin. Kontzertura joateko zorte eduki zuen ikus-entzulegoak “txalo beroz onartu zituen interpreta eta Aita Madina egilea, eta honek eskenategira igo izan behar izan zuen ikus-entzulegoaren omenaldia jasotzera”. Kazetariak ikus-entzulegoa poz-pozik atera zela kontzertutik aitortuz amaitzen du bere lana, Madinaren “merezzimendu huaundiko lanak” ezagutu, txalotu eta dastatzeko aukera izan zuela esanez. Egitarauan aldaketa txikitxo batzuk sartuz, eta arrakasta berdinez, kontzertua 1959an Bilboko Arriaga Antzokian berreman zen. Berriro Gonzalez Bastidak zuzendurik, baina oraingoan Bilboko sinfonikaren laguntzaz.
Madinaren herrikoitasunaren beste aurpegi bat: “zortzikote”entzat musika
Madinaren musika ia moeta guztietara heldu zen, orkestraketa sofistikatuenetatik abesbatz melodia herrikoietaraino. Musikaria gai zen arte korronte zorrotzenei erantzuteko eta herriaren eskariak onartzeko, baina maila xume eta ohiturazkoei erantzutea nahiagoko zuen. Berebat, modan zeuden joerei buruz ere ez zuen axolagabekeriaz jokatu, horietan ere estrabe-arte eskakizuna jaso egin zuen, abesti xume eta melodia ezagunei gaurkotasun aide bat emanez, erraztasunetatik iheska eta hirurogeigarren hamarkadaz gero oso modan jarri ziren herrietako jai eta lehiaketetarako idazten ziren abestien kalitatea eta armonizazioa hobetuz. Hainbat herrialdetako taldeak abestien artearen bitartez lehiaketatzen ziren, eta herri zaletasun haundia sortu zuten mugimenduaz ari naiz, noski, urte haietan ospetsu egin ziren “zortzikote”ei buruz.
Madina partaide izan zen era horretarako lehiaketa eta agerraldietarako zuzenduriko abestien maila jasotzen, mundu hartan beharrezko behartu ziren abesbatzen musika aberasten saiatuz, eta mende laurden baten zehar hain herri harrera ona eduki zuen musik ondasunaren barnean oinarrizkotzat bezala jo zuten taldeek. Normala den lez, Oñati eta bere zortzikotea lankide izan ziren, ez bakarrik beren interpretaketen kalitatez, sarritan Euskadiko txapela irabaziz, baita ere beren herrikide ospetsuak lehiaketa haietan nahitaezko izen bat Madinari esakain ziezaion lagunduz, beraientzat hainbat abesti idaztea lortuz, bada abesbatz talde guztiek haren sorkuntzetara jotzen zuten.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |