Baleren BAKAIKOA, Ekonomiako Katedraduna
Traducción al español
Urruti geratu dira euskal ekonomiak, batik bat zaharkitutako industriak, jasan zituen urte gogorrak eta latzak. Jadanik hogeita hamar urte igaro dira euskal industriaren gainbehera hura hasi zela eta gora behera batzuk izan ostean, duela dozena bat urte hasi zen susperraldia nabarmentzen. Noiz arte? Gaur gaurkoz, oraindik, optimismorako aukera dagoela diote zenbait eragilek. Beraz, sinetsi egin beharko diegu, nahiz kezkatzeko arrazoiak egon, badauden, hala nola ekonomiaren zikloa, inflazio erlatiboa eurogunearekiko, euroaren garestitzea dolarrarekiko batik bat, eta abar.
Optimismorako datuen artean jakin behar da Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) izan zela iaz Espainiako estatuko hazkunde ekonomikoaren motorretako bat; izan ere, Barne Produktu Gordinaren (BPG), aurreko urtekoa bezalatsu, ehuneko 4,1 izan zen, autonomia erkidego guztien artean garaiena; EAErekin berdinduta, bakarrik, Murtzia, Kantabria eta Galizia zeuden. Horrexegatik, harrigarria egiten da EAE bezalako ekonomia garatu batek bera baino askoz gutxiago garatuta dauden erkidegoen hazkunde maila izatea, zailago egiten baita hazitzea. Nafarroak hazkunde tasa apalagoa izan zuen, hain zuzen, ehuneko 3,9, estatuko batezbestekoa adina.
Hazkunde honen zergatiak ugariak dira. Hasteko, berrikuntzaren premia jendarteratu egin da azken urte hauetan eta ekonomia eragileek ere bereganatu dute, enpresek bizirauteko osagai bezala etengabe berritu behar dutela. Honela, eginkizun honetan murgilduta daude enpresariak, langileak, agintariak zein unibertsitateak. Azken finean, eragile hauen guztien lankidetzaren emaitza bezala kontsidera daiteke etengabeko berrikuntza prozesua. Eta hortik hazkundearen zergatietako bat berrikuntza izatea
Berrikuntza prozesua hau ez da, bestalde, arazorik gabe ematen. Izan ere, berrikuntzaren ardatzetako bat ikerkuntza da eta EAEko Autonomia Estatutuak honela dioen arren, gobernu zentralak oraindik ez du transferitu, nahiz zenbait ikerketa gune berri eraikitzeko konpromisoa baduen. Baina eskuduntza hau edukitzeak autonomia eta ziurtasun handiagoa emango luke, neurri politiko puntualak noiz gauzatuko diren zain egoteak baino. Bestalde, Jaurlaritzak, gehienbat, enpresen ikerketak sustatzen ditu, ez hainbat unibertsitateak burutuko lituzkeen ikerketa estrategikoak.
Ikerketa eta Garapenean egiten gastu guztiak kontutan hartzen baditugu, bere portzentaia BPGrekiko 1,45ra heltzen da EAEn, oso urrun arlo askotan erreferentzia moduan hartu behar genituzkeen eskandinaviar estatuekin alderatuta: Suediak ehuneko 3,7, Finlandiak ehuneko 3,5.... Beraz, arlo honetan aurreratzen ari gara, eta nahiz estatukoaren gainetik egon, hala ere, 2000. urtean Lisboako Akordioan onartu ziren datuetatik nahiko urrun gaude oraindik, bertan gastu horiek ehuneko 3ra iristea ipini baitzen helburu gisa 2010. urtea baino lehenago. Lekutan gaude!
EAEko hazkunde paregabe hau esplikatzen duen beste faktore bat “jardungo populazio”aren gehikuntza da, aipatu Lisboako Akordioak eskatutakoari jarraitu behar baitzaio. Beraz, zenbat eta jende gehiago jardun lanean, orduan eta BPG handiagoa. Datuak zehaztuta, 2006ean jarduera tasa ehuneko 74ra igo zen eta langabezi tasa, aldiz, ehuneko 6,2ra jaitsi; oro har langile gehiago zegoen enplegatuta, nahiz enplegu askok, ehuneko 30 behin behineko kontratua izan.
Aberastasunaren banaketa
Euskal ekonomia hazi da, etengabe gainera azken urte hauetan, baina aberastasun hau banatzerakoan sortzen dira arazoak.
Kapitalismoaren “urrezko aroan”, 1945-1973 aldian, mendebaleko ekonomiak hazkunde paregabea ezagutu zuen eta beronen gainean zerga sistema aurrerakorra ipini zen, zeinak merkatuak gaizki banatzen zuen aberastasuna, zerga aurrerakorren bidez zuzentzen baitzen; ugazabek sarrera garaiak bazituzten, zergen bidez beren sarrera garbiak erdira edo gutxiagora urritzen ziren, sarrera apalagoak zituztenen egoera hobetzeko, zeharka bederen. Honela, oparotasuna jende guztientzat iristen zen, ongizatezko estatua horretarako eraiki baitzen.
Baina neoliberalismoaren teoriak indarrean sartzen hasi ziren heinean, “bakoitzari berea” oldartu zen eta boteretsuek eskuratutako guztia, beraientzat egiten zuten, eta ezer gutxi utzi partekatzeko. Honen guztiaren ondorioz, diferentzia ekonomikoak izugarri areagotu dira. Adibidez, duela hogeita hamar urte inguru, enpresa erraldoietako ugazaben sarrerak 50-60 aldiz handiagoak ziren langile arruntenekin alderatuta; gaur egun, aldea 500 aldiz izatera heldu da.
Urrutira joan gabe, aski ezaguna da zenbait bankutako zuzendariek 6-8 milioi eurotik gora eskuratzen dutela urtean eta, bien bitartean, “mileurista” deitzen zaienek, urtean 12-14 mila euro jasoko dituzte, nahiz hauetako gehienek formakuntza ona izan. Alde erraldoi hauek, 500-600 aldiz handiagoko soldatak, esplikatzen dituen teoria marginalistarik ez dago; hainbateko aldea al dago zuzendariak bankuak sortutako balioari egiten dion ekarpen marginal eta “mileurista” batek egiten dionaren artean?
Errentaren banaketan ematen diren alde hauen ondoriotako bat jendarteko ohiko kohesio desegitea dateke. Gutxiengoaren oparotasun paregabea alde batean eta bestean hilaren azkenera heltzeko arazoak. Mailegu hipotekarioa 50 urtera luzatu beharrak familia asko erdi aroko jopu bezala bihurtzen ditu bankuekiko. Ondorioz, geure arteko kontsumo mailak ezin izango da mantendu, sarreren zati handiagoa baitoa bankuetara. Eta noski, bankuen mozkinak badakigu nola igotzen diren urte batean bai eta hurrengoan gehiago.
Begibistakoa da alde ekonomikoak handitu egin direla herrialde guztietan eta Euskal Herrian ere ez gara batere atzean geratu. Izan ere, alde horiek murrizteko, hein batean bederen, errenten gaineko zergak daude eta berauek guztiek aurrekortasuna galdu dute. Hau egiaztatzeko PFEZen zerga taulak erreparatzea nahikoa da edo Sozietateen gaineko Zerga, zeinen zerga tasa, duela zenbait urte, ehuneko 35etik 32,6ra jaitsi zen eta orain 28an utzi nahi da.
Bestalde, geure inguruko herrialdeekin alderatzeko modua “presio fiskala” dugu, nahiz beronen definizioa erpin askotakoa den, baina hurbilketa bat egiteko baliagarria zaigu.
EAEren Autonomia Estatutua onetsi ostean, Itun Ekonomikoa indarrean jarri zen 1981ean. Ituna berreskuratu zenean, errenten gaineko zergak arautzeko ahalmena jaso zuten lau foru lurraldeek. Horrela, hasiera batean, “presio fiskala” estatukoa baino altuagoa zen; gero, laurogeita hamarreko urteetan zehar, “presio fiskal” hori estatukoarekin parekatu zen eta oraingo hamarkadan, estatukoaren azpitik ipini da. Guztiau dela eta, zerga zuzen hauek arindu egin dira eta beraz, ekitatea, berdintasuna, zaildu egin da.
Beste alde batetik ikusita, zergen murrizketek sarrera publikoak urritu egingo lituzkete jarduera ekonomikoa berdina mantenduko balitz. Baina azken urte hauetan ez da honela gertatu, ziklo ekonomikoaren gorakadan baikaude eta beraz, nahiz zerga apalagoak ordaindu, sarrera publikoek ez dute beherakadarik esperimentatu. Aldiz, zer gertatuko da ekonomia uzkurraldian sartzen denean?
Hego Euskal Herriko beste ezaugarri bat jendarte babeserako egiten diren gastu apaletan datza. Izan ere, gastu hauek EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren, ehuneko 19,2 eta ehuneko 17,5 dira; bien bitartean estatukoa ehuneko 19,7ra heltzen da eta Europako Batasuneko ohiko hamabost kideenak hartzen baditugu, ehuneko 28,3ra iristen da, EAEn baino 9 puntu gehiago. Suedian ehuneko 33,5 gastatzen da!
Gastu publiko garaiagoak egiteko “presio fiskala” handiagoa izan behar luke, baina arlo honetan jaramon neoliberalei egiten zaie, hauen ustetan zerga altuagoek jarduera ekonomikoa galgatu egiten baitute. Hau honela ez dela egiaztatzeko eskandinaviar herrialdeak daude, non “presio fiskala” BPGren ehuneko 50 inguru duten -EAEn ehuneko 30- eta hala ere garapen ekonomiko paregabea dute, ongizate estatuak bizirik irauten du eta jendarteko alde ekonomikoak, erlatiboki, nahiko apalak dira.
Gastu publikoa, oro har, ez da murriztu, bai ordea babes sozialerako egiten direnak eta horren ondorioa zenbait zerbitzutan ematen den narridura da. Adibidez, Osakidetzaren erantzukizunak handituz doaz eta gastuak ez dira nahikoak zerbitzuen kalitatea mantentzeko, baldin eta erakunde horretako profesionalen lan eskergari esker ez balitz. Izan ere, zerbitzu horien narriduren froga, sendagilea gaixoarekin 10 minutu baino gehiago egoteko arazotan datza, ebakuntzak egiteko txanda luze eta aspergarrietan, pediatren eta beste espezialduen behar izanetan eta abarretan. Jendea zahartuz doan heinean, arazo hauek areagotu egingo dira, neurri egokiak hartzen ez badira behintzat.
Erronkak
Etengabeko berrikuntza. Horretarako ikasleen prestakuntzari arreta handiagoa jarri behar zaio, batik bat unibertsitatean. Ez da nahikoa unibertsitate irakasle eta ikerlariek beraien curriculuma puztea, baizik eta ikasleei arreta gehiago jartzea egokiagoa izango litzateke, ezagutzaren hartzaile beraiek direlako eta hori, interes pertsonalak direla eta, gehienetan ahaztu egiten zaigu.
Lan publiko erraldoiak egiterakoan jendarteak parte hartzea bultzatu behar litzateke eta iritzi ezberdinak direnean erreferendum erabakigarriak burutu behar lirateke, ekonomia ere demokratizatu egin behar baita. Erraza da defendatzea euskaldunak jende heldua garela eta honelako erabakiak hartu behar direnean hiritzarrak saihestu egiten gaituzte. Beraz, geure ingurumenean hainbateko eragina izango duten proiektuen aurrean “goiean” hartutako erabakiak ezin ditugu barneratu besterik gabe, nahiz adituen babesa izan, jakin bai baitakigu, adituek noren interesak bermatzen dituzten.
Etengabeko berrikuntzaren bidez kanpo lehian geure eremua mantenduko genuke edo irabazi ere bai
Energiaren iturri ezberdinak garatzeaz gain, beronen kontsumoa murrizteko kontzientzia eskolatik hasita jendarteratu behar litzateke. Agintari politikoek, klima aldaketa dela eta aitorpen deigarriak egiten dituzte, baina gero berdin kontsumitzen jarraitzen dute.
Kutsadura eta naturarekiko inpaktu negatiboa gutxitzeko politika aktibo eraginkorrak diseinatu behar dira, horrela edozein herrialdek erakargarritasuna irabazten baitu. Geure aranetako ibaiak zenbat eta garbiagoak egon, orduan eta aisialdirako leku gehiago izango genituzke eta hori ekonomikoki positiboa da.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |