Euskal Hiria: Euskal Gizarte Sortzailea EraikitzenEscuchar artículo - Artikulua entzun

Igor CALZADA, Sormen Kapitala 2007 Udako Eskolaren Zuzendaria. MCCren Ikerketa Zentroko (MIK) Proiektu Zuzendaria/Ikertzaile Seniorra
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español

Igaro berria da hauteskunde-zaparrada. Zaparrada, zeren, iragarpenek tartekako zirimiri jario gutxiko bat agindu bazuten ere, guztiz bestelakoa gertatu baita. Gizarteak, jakina da, hitz egiten du noizean behin. Orain, entzutea, aztertzea eta diagnostikatzea dagokigu. Izan ere, lehen begiratuan, azterketa sakonetan eta epe laburrerako aliantzen kontuetan sartu gabe, gauza bat dago garbi: euskal gizarteak halako hoztasun bat ageri du politikarentzat oro har, eta, gehiago esango nuke, klase politikoarentzat bereziki; bestela esanda, gizarte hori aldaketa sakonak ari da eskatzen, bere burua gizarte gisa egituratzeko; ez soilik jarreran eta moduetan, baita edukian eta mamian ere. Europako gainerako gizarte aurreratuetan bezala, geuk ere ikuspegi berri batez jokatu behar dugu alor guztietan, Euskal Gizarte Sortzaile hori, Euskal Hiri hori, etorkizuneko Euskadi berri hori eraikitzeko.

Eta hori guztia, zergatik? Eta, zehatzago, zer aldaketa eskatzen ditu euskal gizarteak mamian eta moduetan? Hasteko, esan behar da Euskadi egoera onean dagoela errealitate ekonomiko eta sozial gisa. Inork ez du zalantzarik horretaz. Baina honako galdera hau egin behar diogu geure buruari orain: Zertan oinarritu behar dugu, hurrengo 20 urteko garapenerako? Galdera erraza, eta erantzun ugari izan ditzakeena.

Izan ere, ekarpen handi bat egin berri dugunean (azken hamarkadan, 90. hamarkadako birmoldaketa gogorren ondoren, eta batez ere azpiegitura gastuetan), badirudi orain beste helburu garbi bat dugula aurrean, hots, pertsonengan, proiektuetan eta gizartearen baliabide giltzarrietan dagoen Sormen Kapitala hori mobilizatzea eta lantzea. Horrexek aginduko du, hein handi batean, zenbaterainoko garapen ekonomikoa, kohesio soziala eta kultur demokratizazioa edukiko ditugun hurrengo bi hamarkadetan, horiexek baitira gizarte aurreratuak neurtzeko egungo parametroak. Modu sinpleagoan adierazita, sormenaren faktorean oinarritu behar dugu. Eta horrek esan nahi du, argi eta garbi, proiektuak eta jardunbideak aktibatu behar ditugula gizartearen, lanaren, ekonomiaren, artearen, zientziaren, kulturaren etab.en alor guztietan, pertsonek, taldeek, erkidegoek, enpresek, unibertsitateek, hiriek etab.ek beren sormen guztia heda dezaten, bai barrura begira (komunitatearen garapena), bai kanpora begira (nazioarteko elkarlan-sareak sortzea). Gauza sinplea ari gara esaten: sormenak presente egon behar du gure herriko pertsona guztien eguneroko bizitzan, lanean, aisialdian... Sormenak balio sozial, ekonomiko eta kultural izugarria du. Sormenak gizartea egituratzen laguntzen du. Izan ere, ezin dugu jarraitu iraganeko neurri eta tresna berak proposatzen. Funtsezkoa da Euskadirentzat sormena alor guztietan gizarteratzea.

Zehazki, hauxe izan zen Sormen Kapitala 2006 Udako Eskolako gai nagusia iaz, EHUko Udako Ikastaroen barruan. (http://www.elcapitalcreativo.org). Lan horren guztiaren emaitzatzat, Sormen Kapitala-Capital Creativo DVDa sortu eta koordinatu da. Datorren ekainaren 7an aurkeztuko da, 11:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena Zentroko areto nagusian egingo den ekitaldian. Lanaren egileetako batzuk izango dira bertan: Andoni Aduriz (munduko 7. sukaldaririk onena berriki izendatua, Mugaritz), Joxean Muñoz (Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren zuzendaria) eta Imanol Agote (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaria)

Izan ere, Euskadik jadanik diskurtso hori barneratzen hasi behar du, eta ekintzara pasatu, bere sormen kapitala lantzen eta hedatzen duela, Euskal Gizarte Sortzaile edo Euskal Hiri gisa eratzeko eta egituratzeko, beste herri eta eskualde batzuk egiten ari diren bezalaxe.

Zergatik? Bada, gizartea seinale batzuk igortzen ari delako han eta hemen. Aintzat hartu horiek, eta ekintza-politika publikoen norabidea aldatu behar da, baina baita ekimen pribatuena ere. Eta zein une hoberik gizartearen norabidea aldatzen hasteko, aldi politiko baten hasiera baino?

Errezeta edo ibilbide-orria erraza da:

Datorren legealdirako ekintza-politikak inplementatzea maila guztietan (udalerri, eskualde, herri), ikuspegi honekin:

a) Ekonomikoki, garapen ekonomikoa erraztuz, sektore ekonomiko berrietan jarduerak sustatuta (Euskadi Industrialetik Euskal Hirira igarotzeko).

b) Sozialki, gizartearen kohesioa bermatuz, dagoen aniztasun kulturala integratzen dela, zuzentasun sozialeko parametroekin eusten zaiola ongizateari, eta, gainera, erreferentzia izanda berrikuntza sozialean (osasuna, hezkuntza, zientzia, teknologia, hirugarren adina...), Ipar Europako herrien ereduari jarraiki.

c) Politikoki, baketze eta normalizazio politikoko prozesu bati ekinez, horren bidez pedagogia eta kultura berri bat sendotzen dela bizitza politikoan, eta herritarren parte-hartze handia izaki sistemaren osasun onaren agergarri nagusia.

d) Kulturalki, kultura aukeratuz Euskaditik Euskal Hiria eraikitzeko eta berrasmatzeko espaziotzat, eta horrek ekonomian eta gizarte mailan dakartzan ahalmen guztia eta ondorioak aitortuz. Horretarako, beharrezkoa da bertoko nortasun sendo eta ongi errotua fluxu kosmopolita etengabe batzuekin batera bizi dadin, horietatik aberats dadin. Horrek kultur nortasun ireki, anitz, moderno, kosmopolita eta, aldi berean, desberdin, berezko, bizi, erakargarri, berezi, tolerante, global/bertoko eta harro bat sortuko luke berez.

Horretarako, politika aktiboak inplementatu behar lirateke, beti ere sormen ekonomikoa (berrikuntza), sormen teknologikoa (zientzia) eta sormen artistikoa (kultura) nahastuta; zehazki:

a· hezkuntza-politikak (sormen mailako prestakuntza eta sentsibilizazioa),

b· enplegu-politikak (enplegu-iturri berriak eta lanbide berriak),

c· turismo-politikak (pertsona sortzaileak erakarri eta atxiki),

d· politika fiskalak (proiektu enpresarialak, artistikoak eta teknologikoak sustatu, arrisku-kapital formulen bidez),

e· sustapen ekonomikoko politikak (negozio berriak sortu jarduera berritzaileetan eta egungoak birmoldatuz),

f· gizarte-politikak (gizarte berrikuntza erraztu sektore garrantzitsu batzuetan, hots, osasunean, babesean, gizarte segurantzan...),

g· kultura-politikak (sormena pertsonen eguneroko bizitzan egon dadin, sormenak haien aisiari, lanari, erkidegoari, elkarte-bizitzari... eragin diezaien).

Horregatik, esandako guztiaren ildoan, aurten Sormen Kapitala 2007 Udako Eskola bat egin behar dugu (ikus http://www.lasociedadcreativa.org), 2006koaren jarraipentzat. Izenburu hauxe izango du: Egungo Gizarte Sortzailea Eraikitzen, eta aipatutako alderdi guztiak berraztertuko ditu. Udako Eskola hori uztailaren 23an, 24an eta 25ean egingo da, Donostiako Miramar jauregian. Lehen egunak izenburu hau izango du: Gizarte Sortzailea; bigarrenak: Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea, eta hirugarren eta azkenak: Euskal Hiria (Hiriak eta Sormena). Hizlarien artean, batez ere Ipar Europako herrietatik (Finlandia, Danimarka...) datozen aditu ugariak nabarmendu behar dira; espainiar estatutik ere badatoz adituak, Extremadurakoak; bereziki aipagarriak dira hizlari batzuk: Bernardo Atxaga eta Joseba Zulaika (Nevadako Uniberstsitatea, Reno, AEB). Izen-emateko epea zabalik dago (EHUko Udako Ikastaroak: 943 219511).

Horrekin guztiarekin, asmoa honakoa litzateke:

1) Lehenik, hausnarketa bat proposatu hasieran, nola Euskadik erreferentziatzat dauzkan herriak (Finlandia hainbestetan aipatua, baina baita Irlanda, Islandia eta, gugandik hurbilago, Extremadura ere. Bai, Extremadura esan dut) jadanik oso aurrean dauden Gizarte Sortzailearen bide horretan;

2) eta, bigarren, oroitarazi zuzendari eta kudeatzaile publikoei nahiz pribatuei errezeta bat dutela beren kudeaketa bat etor dadin gizartearen nahiarekin (gizarteak garapen ekonomikoa, kohesio soziala eta kulturaren demokratizazioa nahi ditu); errezeta hauxe da: ekintza-politikak aktibatzea eta garatzea, sormena ardatz dutela; ekintza-politika horiek pertsonen jardueren hiru alderdi hauek ere lotu behar dituzte, hots, sormen ekonomiko/enpresariala, sormen zientifiko/teknologikoa eta sormen kultural/artistikoa; horrela, ekonomiatik, gizarte-arlotik, kulturatik, hezkuntzatik, arlo fiskaletik, turismotik, lan-arlotik... guztiok batera arituta, herritarren parte-hartze presentzial eta birtual handiagoaz, gurea bezalako sare-gizarte batean, XXI. mendeko Euskal Hiria edo Euskal Gizarte Sortzailea egituratuko dugu.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 06 / 01-08