José Manuel GONZÁLEZ ARAMENDI, Kirurgia eta Medikuntzan Doktorea. Hezkuntza Fisiko eta Kirolean Aditua. Oreki Fundazioa
Traducción al español
Futbol zelaian dauden jokalariak, askotan, herrialde askoren osasun, hezkuntza eta jateko beharrak baino garestiagoak dira. Diruak, ikuskizunak, propagandak, kirol lehiaketak eta lehiaketarako prestakuntzak, kirolaren esentziaren, hau da, kirol espirituaren galera eragin dezakete.
Kirol ikuskizunari dagokionez garrantzitsuena helburua da, eta honek berau lortzeko erabili beharreko bitartekoak eta egin beharreko bidea baldintzatzen ditu. Kirolean, emaitzak eta lor litezkeen bestelako onurak, hala nola, dirua, fama eta loria, lortu nahiak, sarritan, “edozer” edo “beharrezkoa dena” egitera bultzatzen dute. Metodoari eta emaitzak lortzeko bide egokiari jaramonik ez egiteak, ezinbestean, kirolaren merkantilizazioa dakar, eta norbanakoak ez ezik, kirol taldeek, herriek, nazioek eta estatuek ere horretan parte hartzen dute.
Benetako kirolaren balioak
Gutako askok beste modu bateko kirola nahi dugu. Munduko haur eta gazte guztien
eskubidea den kirola, balorez betetako kirola. Bizitza eta ongizatearen parte
den kirola, geure buruarekin ditugun konpromisoak betetzeko eta ilusio, zein
esfortzuak partekatzeko bitarteko den kirola, pertsona oinarri duen kirola,
gizatiartzeko gaitasuna daukan kirola.
Kirol hori lortzeko, arau etikoak ez ezik, kanpoko arauak, hau da, kirol erakundeek
sortu eta onartutako arauak, ezinbestekoak dira. Alde batetik lehiaketak,
nahiz entrenamenduak ondo bidera daitezen, eta bestetik kirol-praktikaren
zentzua gal ez dadin. Kirolariok arau etikoak eta kanpoko arauak, biak, behar
ditugu. Ezin diogu kirolari gisa dugun konpromisoa ahaztu, kirolari izateari
utziko genioke eta.
Benetako kirolaren ondasun nagusiak oinarrian dituen balio etikoak dira. Izan ere, balio horiek guztion esku daude, ez dute inor baztertzen eta ez daude emaitzen edota sailkapenen menpe. Horretaz gain, betiko dira eta denboraren poderioz ez dute baliorik galtzen. Balio etikoekin beti irabazten dugu. Hori dela eta, altxor hau zaindu eta goratu behar dugu, eta kirolarekin oraindik gozatzen ez dutenei eskaini behar diegu, bereziki haur eta gazteei.
Baina kirol-balio, kirol-etika eta kiroltasunaren inguruko jarduna ez da jardun estatiko eta dotore gisa erabili behar. Egoera dinamikoa da eta etengabeko arreta eta analisia ez ezik, eguneroko praktika kontsekuentea eskatzen du; benetako konpromisoan oinarritu eta etengabe aurrera egitea, alegia.
Kirol-jarduerak kirola definitzen duten baloreak izan behar ditu oinarri. Eta balore horiek, kirolari, zein kirolarien laguntzaileoi, beti, etikoki zuzenak diren erantzunak eskatzen dizkigute. Erantzun horiek kirolariaren barruan jaio behar dute, inguruko eskakizunetatik aske, momentuak edo inguruak eragin gabe.
Errespetua
Kirolari eta kirol munduko pertsona gisa dugun konpromisoak, edonoiz eta edonon kirolari erabateko errespetua izatea exijitzen digu. Jarrera horrek, besterik ez bada ere, kirolaren arauak onar eta obedi ditzagula eskatzen du; eta zorrotzago jokatuz gero, momentuoro nobleak izatea, eta bide batez, kirolaren arauei balio handiagoa ematea.
Kirolak pertsonari on egiteko balio behar du. Onura fisikoak, gorputza zaintzeko; onura mentalak, osasun psikologikoa mantentzeko eta hobetzeko; eta onura sozialak, pertsonen sozializazio eta integrazio-prozesuak errazteko. Ideia hau abiapuntu gisa hartu behar genuke. Hortaz, min egiten duen kirola zilegi al da? Eta kirolariari kalte egiten diona? Hori kirola al da? Ez ote da kirol-espiriturik gabeko lehiaketa, edo lehiaketarako prestakuntza?
Kirol-jarduerak, onuragarria izango bada, gizakian oinarritu beharra dauka. Pertsonan zentratua egon behar du eta gizakiarenganako zein, kirolariarenganako errespetua ditu oinarri. Hortxe dago koska.
Errespetu kontzeptua praktikara eramatea
Kirolariak, edozein kirolarik, zuzen eta errespetuz tratatua izateko eskubidea du. Kirol-lagunek, aurkariek, entrenatzaileek, zuzendariek, komunikabideek, zein publikoak hala tratatu behar dute.
Kirolariok, beste kirolarien beharra daukagu, kirola mantenduko badugu; aurkarien beharra, jokatu eta geure burua probatuko badugu; helburu bateratuen beharra, lehiatuko badugu.
Entrenatzaileek, zuzendariek, laguntzaileek eta, besteak beste, ikusleek ere kirolarien beharra daukate, kirola euren artean izan eta kirolarekiko mantendu nahi duten lotura hori eten ez dadin.
Errespetuak edozein kirolari onartu eta baloratzea, berezitasunak aztertzea, onartzea eta toleranteak izatea eskatzen du. Kirolak sozializazio eta integrazio-prozesuak bultzatzeko gaitasuna du, baina horretarako ezinbestekoa da hain onak ez direnak, nahiz baldarrak ez mespretxatzea eta jarrera xenofoboak ez onartzea.
Kirolaria errespetatzeak kontuz ibiltzea eskatzen du. Biolentzia eta erasorik gabeko kirola, hau da, kirol segurua egiteko konpromisoa. Kirolariak beste kirolariei kalte egin diezaieketen ekintzak saihestu behar ditu. Eta ez hori bakarrik; kirolak segurua izateaz gain, ongizatea ekarri behar du eta batez ere haur, nahiz gazteei gizaki oso izatera iristen lagundu.
Baina kirolariarekiko errespetua ez da nahikoa. Kirolaria ez ezik, jokoa ere errespetatu behar da. Kirola errespetatzeak jokoa definitzen duten arauak onartzea eta betetzea eskatzen du; kirolariek eta kirolarientzat sortutako arauak betetzea. Kirola errespetatzeak ongi jokatzeko eta hobea izaten saiatzeko konpromisoa eskatzen du. Kirolari eta entrenatzaile guztiek, entrenamendu bakoitzean eta lehiaketa bakoitzean gero eta hobeak izaten, eta beren trebetasunak adierazten saiatu behar lukete. Hori bai, kirola jokoa dela ahaztu gabe; izan ere, kirolaren helbururik nagusienetarikoa ondo pasatzea da.
Kirolari gisa, geure burua errespetatu, geure buruarekin leial jokatu
Geure burua ere errespetatu behar dugu eta, horretarako, geure burua baloratu egin behar dugu, eta era berean, geure buruarekin leial jokatu. Horretaz gain, geure gorputza zaindu behar dugu, lehiaketaren balizko interesak lortu nahian osasuna eta segurtasuna arriskuan jarri gabe.
Geure buruarekiko errespetuak osotasun morala eta onestasuna eskatzen ditu. Hartutako konpromisoak eta emandako hitza bete behar ditugu. Kirolak, beraz, trebetasun fisikoez gain, adimen gaitasuna eta balio morala ere agirian uzten ditu.
Kirolaren inguruan lan egiten dugun guztiok kirolariari laguntzeko gaude. Entrenatzaile, prestatzaile, zuzendari, kirol mediku eta gainerakoek, ezin dugu kirolaria gure izena ezagutarazteko erabili. Ezin dugu, emaitza onak lortzearren, edonola jokatu. Hain onak ez diren jokalariak ezin ditugu hobetzeko aukerarik eman gabe baztertu. Eta ezin ditugu dopina eta tranpak onartu. Gure jokaerak erabat bestelakoa izan behar du.
Kirol-mediku naizen aldetik, nire lanbide berean dabiltzan bata zuriz jantzitako medikuei kirol ekintzetan gehiago parte har dezaten eskatu nahi nieke; kirolariaren bizitza zaindu behar dugu, bai kirol-bizitzan, bai ondoren. Gure lanak ahalik eta onena izan behar du.
Oreki Fundazioan lan horretan dihardugu. Kirolari, entrenatzaile eta besteak beste, gurasoentzako, Kode Etikoak sortu ditugu, beste elkarte batzuen printzipio-deklarazioen antzekoak. Baita Jardunbide Egokiaren Deklarazioa eta Konpromiso Kontratuak ere, kirol taldeek eta klubek izan beharreko jarrera etikoa adierazteko, eta kirolari eta kluben arteko hartuemanak etikoki bideratzeko.
Kirolariak eragile dopatzaile eta ezkorrak baztertzea aukera etikoa da. Besteok kirolaria dopin substantziak hartzera ez bultzatzea eta joko garbia, errespetua eta kirolaren baloreak sustatzea ere aukera etikoa da.
Nahiz eta gure indarra, gizabanako eta lan-talde gisa, mugatua izan, ildo honetatik jarraitu beharra daukagu. Ez daukagu gauzak dauden bezala jarraitzen uzterik. Ezin dugu egungo egoera besterik gabe onartu. Arazoari erantzun egokia eman behar diogu.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |