Bokazio kolektiboa euskal gizartearentzatEscuchar artículo - Artikulua entzun

Javier RETEGUI AYASTUI, Eusko Ikaskuntza/Sociedad de Estudios Vascos Elkarteko Lehendakaria
Itzultzailea: Luis MANTEROLA
Versión original en español
Traduction au français
English translation

Aro berri baten atarian gaude. Mundu garaikideak ezaugarri izan dituen bizimoduen eta kultura moten ordez, beste batzuk ari dira nagusitzen egunez egun, gure begien aurrean. «Iragana eta etorkizuna azkenean elkarri galdetzen eta erantzuten hasten dira beti, orainaren gainetik», zioen Gonzague de Reynold historialari europeistak. Bere izateaz eta denboran zehar noraezean ibili izanaz ohartu eta hori guztia bideratzeko prest dagoenean, orduan jabetzen da gizartea bere geroaz.

Egungo garai honetan, egiturazko aldaketa sakonak ari gara ikusten, eta baita paradoxa izugarriak ere. Batetik, jakinduria eta ezagutza inoiz ez bezala ari dira orokortzen; bestetik, kultur eta ekonomia-garapenaren arteko hesia gero eta handiagoa da eskualde aberatsen eta pobreen artean. Merkatuak globalizatzen ari dira. Kapital-fluxu librea aberastasun-iturri bihurtu da, baina era berean, kezka ere sorrarazi du, inongo lurralde-sustrairik eta kontrol sozialik gabeko botere berri gero eta garrantzitsuagoak direla eta. Industria-ekonomia, bi mendetan jaun eta jabe izandakoa, indarra galtzen hasi da, zientzian eta teknologietan oinarritutako industriondoko ekonomiaren aurrean. Bistakoa da baliabide naturalen erabilera masiboan oinarritutako aurrerapen-ereduari eusterik ez dagoela, eta ezinbestekoa dela paradigma-aldaketari ekitea, horretarako prestatuta ez gauden arren. Estatu-nazioen eragina gero eta txikiagoa da, eta estatuez gaineko eta azpiko entitateena, aldiz, gero eta handiagoa, baina norberekoikeria nazionalak eta erlijio-integrismoak bakea lortzeko mehatxu bihurtu dira berriz, historian zehar hamaika aldiz gertatu den bezala. Bestalde, gizarte-egitura aberastu egin da emakumearen integrazio aktiboaren ondorioz, berdintasunaren bidean aurrerapauso garrantzitsuak eman dira eta. Esanak esan, ordea, gizarte aberatsak ziztu bizian ari dira zahartzen, eta horrek demografia-desegonkortasunari ireki dizkio ateak.

Gure gizarte-arkitekturaren mende luzetako euskarriak errotik astindu dituzten aldaketa ugarietako batzuk dira aurreko guztiak. Buru irekia eta gauzak egiteko gogoa izanik, aro berri baten hastapenetan gaudela onartu behar dugu, eta orain arte kulturaren, ideologiaren, ekonomiaren eta gizartearen alorrean ekinean egondako estereotipo asko hutsaldu eta zaharkituta geratuko direla. Ez dago erantzun erreflexurik ematerik: berritu egin behar dugu, eta egungo eta etorkizuneko beharrei aurrea hartzeko moduko ereduak diseinatu. “Epe eratzaile” baten aurrean gaude, eta egoera horrek eskatzen duen jarrera intelektuala hartu behar dugu.

Hizpide izan dudan trantsizio-munduak erronka garrantzitsuak ezarri dizkio euskal gizarteari, baina ustekabeko aukerak ere bai. Estatuen ohiko egituretatik at dauden beste esparruen sorrerak Euskal Herri-Vasconia berria eratzeko gonbitea dakarkigu: geografiari dagokionez irekia, eta kulturari dagokionez egungo ezaugarrietara egokitua. Bi ezaugarri bereizgarri izango lituzke: lurraldetasun aniztasuna, batetik, eta biztanleen atxikimendu mota konplexuak, bestetik. Demografiaren eta migrazioen ezaugarri berriak direla eta, premiazkoa da integrazio-eremu malguak sortzea, biztanleria multzo batzuk kulturalki baztertuta eta gizartean marjinatuta egon ez daitezen. Kulturan sakontzea eta euskara hizkuntza bateratzaile gisa berreskuratzea funtsezko ardatzak dira, asmo oneko jende guztiari bizikidetza- eta pertenentzia-proiektu batean sarbidea emateko. Denak barne hartuko dituen euskaltasun horretan, Euskal Herriko lurraldeetako biztanleen sentimendu anitzak islatu eta identitate ugarien arteko bizikidetza sustatuko da.

Aldaketa-logika berari jarraiki, lankidetza-guneak irudikatu behar ditugu ekonomiaren alorrean, eta gizarte-garapenerako esparruak finkatu, ohiko mugak gaindituz. Ildo horretan, bete-betean uste dugu nazioarteko eskualde zabalago baten ardatz izateko oinarri sendoak dituela Vasconiak. Euroeskualde Atlantikoa helburu erreala da, lortzeko modukoa. Dena den, horretarako, gure produkzio-ehunaren hedadura bilakatzeko eta indar politiko eta sozialen adostasunean oinarritutako apustua tinko errotzeko gai izan behar dugu.

Adierazi bezala, kultur eta gizarte-komunitatea izan behar dugu, baina horrez gain, gure balioak islatu egin behar ditugu ezinbestean. Heldu da, beraz, gure etorkizuna eraikitzeko funtsezkoa iruditzen zaidan hirugarren alderdiaz mintzatzeko unea. Euskaldunena betidanik oso herri solidarioa izan garela uste dut, eta alderdi hori sakonago jorratu behar dugula iruditzen zait. Gizakia anbizioak eta gutiziak lortzeko bitartekotzat hartzen duten ikuspegi utilitaristak aurrez aurre ditugula, etikari gogotik heldu eta gizakia «gauza guztien neurria» dela aldarrikatu behar dugu, klasiko hark zioen bezala.

Helburu hori lortzeko gogoak natura-ingurunean ere izan behar du oihartzuna, gizakia ez baita naturaren jabea, erabiltzaile hutsa baizik. Hurrengo hamarkadetan, espezie iraunkorra dela erakutsi beharko du gizateriak. Berebiziko erronka da, sekulakoa, ezbairik gabe, eta gaur bertan hasi behar dugu erantzunak bilatzen. Eusko Ikaskuntzak Garapen Iraunkorrerako Diziplina Askotariko Proiektu Berezia jarri zuen abian 2003an. Ekonomia, gizarte, enpresa eta unibertsitateen alorreko 300 lagunek baino gehiagok hartu dute parte proiektuan. Horren guztiaren emaitza ekintza-plan argi eta zehatza izan da, gure herrian zentzuzko aurrerapen orekatua lortzea helburu duena.

Esperientzia onuragarri hori lehen aipatutako gaiekin zerikusia duten gogoeta-eremu batzuetan erabil daitekeela uste dut. Honako hauek dira aipatutako eremuak: eskualdeen lehiakortasuna, mundu-ordena berria: demografia, inmigrazioa eta hiritartasuna; kulturan sakontzea eta alor hori hedatzea.

Euskal komunitateetan «bokazio kolektiboa» sortzen laguntzea Eusko Ikaskuntzaren xedea izan da hasiera-hasieratik. Hau da, borondateak uztartzeko ahalegina bere gain hartu zuen, arazoak gainditzeko eta aurrerapen orokorra lortzeko nahiak eraginda. Gaur egun, beste inoiz baino gehiago, euskal gizartean sortutako erronketan partaidetza aktiboa izatea gure betebeharra dela uste dugu, eta halaber, eginahalak egin behar ditugula Euskal Herria-Vasconiak XXI.eko abangordian kokaturik jarraitu dezan. Ildo horretan, mendeurrena betetzear duen erakunde honek hiru mila bazkide baino gehiago ditu, eta guztiok jardungo dugu lanean, euskal gizarte zibila bere etorkizunaz jabe dadin.

Eusko Ikaskuntza: Bokazio kolektiboa / Vocación colectiva” txostenaren testu osoa

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 07 / 06-13