BOINAS LA ENCARTADA KULTUR INGURUNEA FUNDAZIOA
Traducción al español
Punta-puntako fabrikatik turismo-eragilera
Fabrika Balmasedako hirigunetik kanpo kokatzen da, El Peñueco auzoan. Sorrera herriko indiano baten ekimenarekin bultzatu zen, Marcos Arena Bermejillo, Mexikotik aberastuta itzuli zena. 1892. urtean, Bilboko Santos López de Letona eta Domingo de Otaola industrialarien eta Balmasedako Martín Mendíaren eta Juan Bautista Hernándezen laguntzarekin, bere jaioterrian artilearen ehun-adarra, batez ere, txapelak egiteko fabrika eraikiko du.
Hasieran 500.000 pezetako kapitala ekarri zen, irin-errota zaharraren tokia aukeratu eta gure egunotara oinarri-oinarrian ukitu gabe iritsi den industriamultzoa eraiki zen.
Lantegia itxi arte ekoizpen-linea osoari eutsi zitzaion. Lehengaia gordina eskuratzen zuen eta horren irutea egiten zuen, ostean, txapelak (produktu nagusia) eta mantak egiteko. Azken linea horren ekoizpen-bizitza laburra izan zen. XX. mendearen lehenengo hamarkadetan inauguratu zen eta Gerra Zibilaren amaieran bertan behera utzi zen, beste artikulu batzuekin gertatu zen bezala, hala nola, bufandak eta buru-berokiak.
Goren aldian, fabrikan zuzenean 130 langile kontratatu ziren. Langile gehienak Balmasedakoak ziren, baina bazeuden Mena Aranekoak (Jijano eta Berron) ere. Hala ere, XX. mendearen hasieran giza mugimendua gertatu zen, espezialistak atzerritarrak baitziren (ingelesak, belgikarrak, frantziarrak, kataluniarrak, ehunindustriaren puntako herrikoak). Langileak, bereziki, gertu kokatuko herrikoak ziren, El Peñueco auzokoak barne, bigarren mailan garatutakoa.
Australiako artilearekin egindako Euskal txapela
Jatorri nahasia izan arren, gizartean txapelen erabiltzaile nagusiak, ziurrenik ere, artzainak izan ziren. Geroago, uniforme karlistaren osagaia izan zen -Zumalakarregi jenerala eredu hartuta- eta ostean, nazionalisten osagaia, Sabino Arana prototipo gisa hartuta. “Sustatzaile” horiekin, txapela gutxieneko batzuk erabiltzen bazuten ere, neurri handi batean, herriaren nortasun-ikurra bihurtu zen. Hala ere, langileez eta baserritarrez gain, sektore burgesak ere halakoa janzten hasi ziren.
La Encartadako instalazioetan artilea lantzeko prozesu osoa garatzen zen txapela osorik egin arte. Artilea irekigailuetan prestatu ondoren, kardatu, haritu eta harildu egiten da ehuna prestatu eta tindatzeko. Ehungailu zuzen mekanikoetan trikotatzen da, eta piezak tindatu ondoren, zuzenean lehorgailuan sartzen dira banaka eseki eta artaziekin berdintzeko. Geroago txapela arreta handiarekin bukatuko da.
Begirada atzera botatzen badugu, lehengaia, artilea, Salamancatik (merino artilea) eta Kataluniatik ekartzen zen. Hala ere, aurrera egin ahala, Australiatik soilik ekarri zen Katalunian barrena, Tarrasa eta Sabadelleko laborategietan analisi zehatzak eginda. Australiako merino artilea beste artilea baino leunagoa izateaz gain, kalitate handiagoa zuen, eta produktuaren akabera hobea eskaintzen zuen. Horrela, euskal txapela Australiako artilearekin egin da.
Lan baldintzak
Balmasedako fabrikaren beste ezaugarrietako bat bere laneskua da, emakumezkoena, hain zuzen. Izatez, kolektibo horrek %75 betetzen zuen, espezializatu gabea eta enpresan bertan prestatzen ziren. Emakumeok prestatzeko epea 4-6 hilabeteren artean kokatzen zen. Gehienak Balmasedakoak eta herri mugakideetakoak ziren, baina aurretik esan bezala, kanpotarren eta atzerritarren parte-hartzea ere izan genuen, batik bat, teknikariak, ehun-sektorearen puntako herrietako “maisu espezialisten” eskariarekin.
Hona hemen ezaugarri berezia: enpresan betetzen zuten lanbideak familiako kideen artean eskualdatzen ziren, lanbidearen belaunaldi-erreleboa izango balitz bezala. 1949. urtean lanaldia egunero 8 ordukoa zen, gehi aparteko bi ordurekin, bi txandetan banatuta: bata 6:00etatik 14:00etara eta bestea 14:00etatik 22:00etara. Zernahi gisaz, ekoizpen handiko urteetan, Gerra Zibilean, hain zuzen, hirugarren txanda abian jarri zen. Orokorrean, larunbatetan ere lan egiten zen.
Alokairuak baxuak ziren Balmasedan jadanik ezarritako gainerako sektoreekin alderatuta, horien artean, FEVE tailerrak edo beruna lantzen zuten lantegiak, baina ehun-industria osoarekin bat etorriz, azken kasu horretan ohikoa baitzen lanesku espezializatu gabearekin lan egitea. Hala eta guztiz ere, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko alokairuen ezberdintasuna handia zen. Beraz, azken horien kontratazioa dela-eta azken kostua jaisten zen, produktuak euren artean lehiakorragoak bihurtuz. Hori dela bide, 1933 eta 1943. urteetako eguneko alokairua hurrengoa izan zen, kategoria ezberdinak kontuan izanda:
1933 |
1943 |
Kardaria: 7.50 ptas. | Kardaria: 9 Ptas. |
Dutxularia: 3,50 Ptas. | Dutxularia: 6,30 Ptas. |
Ehulea (gizona): 7 Ptas. | Ehulea (gizona): 9 Ptas. |
Ehulea (emakumea): 4 Ptas. | Ehulea (emakumea): 6,30 Ptas. |
Bolatzailea: 6,50 Ptas. | Bolatzailea: 6,50 Ptas. |
Peoia: 9 Ptas. |
Azalpen-ildo modernoa fabrika museo batean
Boinas La Encartada fabrika 1892-1992 urte bitartean egon da irekita eta gaur egun Boinas La Encartada Museoan bilakatu da. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Balmasedako udalak, berebat, gure lurraldean turismo- eta kultura-eragile berria eskaini nahi dute, euskal bisitariari eta estatuko nahiz nazioarteko bisitariei begira. Hain zuzen ere, “tokian tokiko museoa” da.
Formatu horretaz baliatuta, antzinako industria-prozesuen ezagutzei eta hedapenei dagokienez agerian dauden eskaintza-kanal espezializatuenetan eta gero eta gehiago eskatzen direnetan sartu nahi da. Hori dela medio, ekoizpenaren eremu batekin edo batzuekin zerikusia duten makinen edo tresnen bildumetara jo beharrean, hala nola, teknika-museoak, meatze-museoak, trenbide-museoak, edota antzinako lanbideetako materialak, tresnak eta lekukotzak jasotzen dituzten museo etnografikoak, gaur egun enpresa-enklabe argia dugu -jatorrizkoa eta osoa- museo gisa eskaintzen dena, egitez gure egunotako azalpen-ildo modernoetan eta eskatutakoetan barneratuta. Boinas La Encartada museoa fabrika, etxebizitza eta inguruneaz osatutako multzoa da, hain zuzen monumentu gisa kalifikatutako multzoa. Bere ateak 2007ko urtarriletik dauzka zabalik berriz ere.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |