Arabako Arte Ederretako MuseoaEscuchar artículo - Artikulua entzun

MUSEO DE BELLAS ARTES
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español

1. Zer aurki dezakegu Museoan? Hura bisitatzeko arrazoiak

Museoak hiru sektore arkitektoniko berezitu ditu: eraikin nagusia, lehenagoko Augustin jauregia, 1912an eraikia; 60ko urteetan handitutako zatia; eta atxikitako beste eraikin bat, egin berria, Museorako sarbidea daukana hain zuzen. Museoa XVIII. eta XIX. mendeetako espainiar arteari dago eskainia, eta 1850-1950 aldiko euskal arteari ere bai. Arabako Foru Aldundiaren jabetzako obrak Prado Museoaren gordailu batzuk eta Fernando Amarika Fundazioaren beste batzuk daude bertan.

Erretratu eta paisaia ugariren bitartez erakusten da, batez ere, arte-bilduma espainiarra. Hor, ederki igartzen da nola igaro den pintura klasiko eta akademiko batetik erromantizismoaren saio espontaneoago edo irudimentsuagoetara, edo mugimendu errealistako autoreen posizio zuzenago eta objektiboagoetara. Bilakaera bera gertatzen da euskal artearen bilduman berrogeita hamarreko urteak arte, eta euskal kostunbrismoa ere deitzen den horretan beste joera batzuk ageri dira: inpresionismoa eta postinpresionismoa. Autoreek beren inguruko eta garaiko nekazaritza- eta industria-gizartearen lekukotasuna eskaintzen digute beren obraren bitartez.

2. Bitxitasun edo pieza preziatu bat nabarmendu, eta haren deskribapena

Museoak Ignacio Díaz Olano margolariaren obraren zati garrantzitsu bat dauka. Díaz Olano funtsezko irudia da Arabako pinturan. Genero guztiak landu zituen, baina gai kostunbristak zituen maiteen. Gainera, irakaskuntzarekin uztartu zuen pintura, eta artista talde handia sortu. Nabarmentzekoak ditu formatu handiko bi lan: El Restaurante (1987) eta Vuelta de la Romería del Calvario. Azken horretan, gizon eta emakume alai batzuk ageri dira, festatik etxera itzultzen, jantzi tipikoak soinean, pozik. Mugimendu eta kolore argitsuak dira nagusi.

Fernando Amarika margolari gasteiztarraren obra da Augustin jauregiko beste altxor handietako bat. Margolariaren izen bereko Fundazioak ekarri zuen. La ciudad con lluvia eta La ciudad con sol margolanak nabarmentzen dira. Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik margotu ziren, San Mikel elizatik zehazki. Aitzakia ederra, eguraldiaren eta argiaren zenbait efektu islatzeko, frantses inpresionistek jadanik egina zuten bezala.

Ezin ditugu ahaztu euskal pinturako pieza garrantzitsu batzuk ere. Honako artista hauek daude, besteak beste: Aurelio Arteta, Francisco Iturrino, Elías Salaverría, Juan Echevarría, Darío de Regoyos, Valentín eta Ramón Zubiaurre anaiak, Ignacio Zuloaga, Gustavo de Maeztu eta Pablo Uranga.

3. Aldi bateko erakusketak. Jadanik egindakoren bat nabarmendu. Laster ikusi ahal izango denaren aurrerapena

Arte Ederretako Museoak aldi bateko erakusketak egitea du helburu nagusietako bat, horiek zentroaren bizitza eta arabarren kultur eskaintza aberasten baitituzte. Ildo horretan, lanak era askotakoak dira: Prado Museoarekin elkarlanean egindako erakusketak, Carlos de Haes margolariarena adibidez, edo Museoaren beraren funtsekin eratutako erakusgaiak, Foru Aldundiak etengabe erosten dituen obrekin egiten den bi urtez behingo erakusketa esaterako. Zerrenda horretan, gauza berriak eta ez hain berriak ikus ditzakegu: Emakumearen irudia euskal artean, Goyaren grabatuekin egindako erakusketa, Pajarita arabar talde artistiko garrantzitsuaren pintura sorta, Lucarini-ren obraren eskultura-erakusketak, etab.

Udan zehar, Paisaiaren Pintura Araban erakusketa ari gara egiten, genero horretara egindako hurbilketa bat. Probintziako berrogeita hamar bat paisaia dira, jadanik hil diren arabar artistek margotuak.

4. Bisitariak. Zein da bisitarien profila? Jarduerak bisitariari egokituta daude?

Arabako Arte Ederretako Museoaren bisitari gehienak gure probintziatik eta Euskal Herriko gainerako lurraldeetatik datoz, baina gero eta bisitari gehiago ari dira heltzen inguruko probintzietatik eta atzerritik ere. Aipatzekoa da familien presentzia. Antzerki formako bisitak eta ipuin-kontaketak antolatzen dira horientzat asteburuetan. Haur eta ikasle ugari etortzen da, halaber. Tailerrak antolatzen zaizkie, adinaren eta irakasmailaren arabera, eta aldi bateko erakusketen edukiari egokituta. Beste alde batetik, eta modu iraunkorrean, bisita gidatuak eskaintzen dira, aurretik hitzarturik. Horrela, era zuzenean eta publiko mota bakoitzari egokituta erakusten dira edukiak.

5. Abian diren proiektuak

Bildumak ikertzea eta handitzea da orain lehentasunezko eta garrantzi handiko eginkizuna. Lehenik, bildumen hutsuneak eta premiak aztertu behar dira sakon, eta gero, ezarritako irizpideen arabera, erosketa-politika aktibo batez bete horiek; batik bat XIX. mendeko eta XX. mendearen lehen erdiko euskal artistei dagokienez egin behar da hori, eta berdin espainiar esparruko artistei dagokienez ere, Arabako Arte Ederretako Museoaren diskurtsoa eta nortasuna osatzeko eta ulertzeko lagungarri baldin badira.

Artisten obra eta bizitza ikertzen jarraitu behar da, etorkizunean erakusketa monografiko eta kolektiboak antolatzeko.

6. Zer eginkizun dago etorkizunerako?

Nire iritzian, gure etorkina faktore askoren mendean dago. Hauek dira faktore nagusiak: datozen urteetako borondate politikoa, berriki egindako Arabako Museoen Plan Zuzentzailean markatutako ildoak gauzatzea, eta museoen mapa berri bat iristeko beharrezko aldaketak pixkanaka aplikatzea.

7. Ditugun akatsak eta hutsuneak, eta nola konpon litezkeen

2000n eta 2001ean berritze eta egokitze garrantzitsua egin zen eraikinean, traba arkitektonikoak deuseztatzeko eta haren irisgarritasuna eta instalazioak, nahiz hango zirkulazioa hobetzeko. Hala ere, bistakoa da premia batzuk daudela oraindik Museoa XXI. mendeko eginkizunetara egokitzeko. Erakusketa programa hobe eta zabalago bat eskaintzeko, handitze espezifiko bat eraiki behar litzateke, bere sarrera duela, bertan aldi bateko erakusketak ipintzeko, eta Museoaren gainerakoaren martxa ez oztopatzeko. Kafetegi zerbitzua ere ipini beharko litzateke, daukagun lorategi eder bikainaren osagarri.

Bisitarientzako gune publikoei dagokienez, zaharkituta gelditutako espazio batzuk gaurkotzea komeni da, eta ikus-entzunezkoentzako eta hitzaldientzako gune zehatz bat eratzea, bitarteko eta teknologia egokiekin.

Bistakoak dira giza baliabide mailan ditugun hutsuneak ere. Langile-premiari erantzun behar zaio etorkizunean, museoak dituen arlo eta funtzio guztietan sail-organigrama bana garatuta eta aplikatuta, guztia programa ekonomiko egoki baten laguntzaz.

Azkenik, Arabako Arte Ederretako Museoaren web orri espezifikoa sortu behar da, eta dibulgazio-publizitate kanpainak egin behar dira, halaber, Museoaren jarduerak ezagutarazteko.

8. Bisita gidatuak. Informazio praktikoa

Arabako Arte Ederretako Museoa
Frai Frantzisko ibiltokia, 8
01007 Vitoria-Gasteiz
Tel.: 945 155 226 - 945 181 918
Fax: 945 181 919
e-posta: museobellasartes@alava.net

Ordutegia:

Asteartetik ostiralera: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30era.
Larunbatak: 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Igandeak eta jaiegunak: 11:00etatik 14:00etara.
Astelehenean, jaiegunetan izan ezik, itxita.
Sartzea doakoa da.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 07-27 / 09-07