MUSEO DIOCESANO DE ARTE SACRO
Traducción al español
Gordetzen dituen funtsak
1997an
Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa sortzea hitzartu zuten Arabako Foru
Aldundiaren Kultura eta Euskara Sailak eta Gasteizko Elizbarrutiak, Andre
Maria Sortzez Garbiaren Katedral berrian, Elizbarrutiko eta Arabako Lurralde
Historikoko Arte eta Historia Ondarea zaindu eta zabaltzeko. Katedrala eraikin
neogotikoa da, 1907tik 1969ra bitartean egina. Bere girolan dago erakusketa
iraunkorra. Bi nabe zentrokidek osatzen duten zirkulu erdia da, eta bertan
eskultura garrantzitsuak eta Pariseko eta Madrileko Maumejean Etxeak egindako
beirategiak daude.
1999ko apiriletik dago bertan Museoa. Arkitektura proiektuak eraikinaz gozatzeko aukera ematen du, aretoak leku ireki gisa baitaude diseinatuak. Museoak 11 areto ditu, kapera moduan ezarriak, banaketa sistema arin baten bitartez.
Erakusketa iraunkorrak
Museoaren funtsek Arabako arte sakratua ordezkatzen dute eta Arabako Foru Aldunditik, Vitoria-Gasteizko Apezpikutzatik eta Elizbarrutiko parrokietatik jasoak dira.
Lanak bi irizpideren arabera daude kokatuak: bata, kronologikoa, estilo desberdinen bilakaera ikusteko modua ematen duena: Prerromanikoa, Erromanikoa, Gotikoa, Errenazimendua, Barrokoa...; bestea, didaktikoa, lehentasuna artelanak egiteko erabili diren material eta teknikei ematen diena. Horren emaitza bost atal dira: harria, enborra, taula, mihisea eta zilarra, liturgia izena eman zaion atal bereziaz gain.
HARRIA: 1. eta 2. aretoak hartzen ditu eta Prerromanikoari eta Erromanikoari dagokio. Atal honetan Arabako kristautasunaren arte adierazpen zaharrenetako batzuk ditugu; baita ehorzketa arloko elementuak (estelak, hilobiak) eta eskultura lanak dituzten arkitektura elementuak ere (kapitelak, leihateak, atariak, harburuak, mentsulak).
ENBORRA: 3. eta 4. aretoak hartzen ditu eta gehienbat zurezko enbor baten gainean egindako eskulturak biltzen ditu, irudigintza gotikoan erabiltzen zen oinarrian eginak, hain zuzen. Nabarmentzekoa da Haurrarekin dauden Ama Birjinen bilduma. Andre Mari motakoak dira. Horiekin batera, Kristo Gurutziltzatuaren eta Santuen irudiak daude. Tenplean egindako pintura gotikoa ere badago 4. aretoan.
TAULA: Atal honek 6. eta 7. aretoak hartzen ditu, eta horietan nabarmentzekoa da Errenazimenduko taula gaineko pintura. Bertan erakusten da flamenkoen ondarea (besteren artean Anberes edo Brujas-en eginiko triptikoak eta Ama Birjinen bost erlikitegi bustu), baina baita bertako lanak ere (taula gaineko pintura eta erretaulak).
MIHISEA. 8. eta 9. aretoak mihise gaineko pinturara daude emanak. Ibilbidea estilo manierista duen lan batekin hasten da (Grecoren San Frantsizko) eta italiar joerako margolan barroko batekin jarraitzen du (José de Ribera edo Luca Giordano). Espainiako eskolen ordezkari, besteak beste, Andre Maria Sortzez Garbiaren mihise hauek: Alonso Canorena eta Juan Carreño Mirandarena.
ZILARRA. 10. eta 11. aretoak zilargintzako piezek osatzen dituzte. Gehienak zilarra bezalako metal nobleetan eginak dira. Liturgiarako gauzen aparteko bilduma dago ikusgai (gurutzeak, ekisainduak, kopoiak, kalizak, pixideak, nabetak...), Erromanikotik hasi eta XX. mendea arteko arte estilo guztien ordezkari.
LITURGIA: 5. aretoa erlijio esparru baten irudikapena da: kapera batena. Bertan, liturgia ospakizun desberdinetan erabili izan diren objektuen sail oso bat dago ikusgai: aldarea mahai-zapi desberdinekin, ekisaindua, kaliza, kopoia, sakrak, bakemailea, erlikitegia, argimutilak...; XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako liturgiarako jantziak.
Bilduma iraunkorraz gain, Museoak aldi baterako erakusketak antolatzen ditu, elizbarrutiko elizetan dauden lan ezezagunak edo gutxi aztertutako lanak zabaltzeko. Elizabarrituko erlijio ondarean egindako ikerketen ondorio dira eta Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzuan tratatu ondoren jartzen dira erakusgai.
Bisita gidatuak. Informazio praktikoa
Bisita gidatuak eta lantegiak: Hitzordua eskatu
Argitalpenak: Museoaren gida, aldi baterako erakusketen katalogoak, liburuxka monografikoak, hezkuntza orriak, laminak eta posta-txartelak.
Sarrera dohainik
Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa
Katedral berria (Andre Maria Sortzez Garbia)
Cadena y Eleta, z/g
01008 VITORIA-GASTEIZ
Ordutegia:
Asteartetik ostiralera: 10:00 - 14:00 eta 16:00 - 18:30
Larunbatetan: 10:00-14:00
Igande eta jaiegunetan: 11:00-14:00
Astelehenetan: itxita
Harremanetarako telefonoa: 945150631
Helbide elektronikoa: museoartesacro@euskalnet.net
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |