Antonio CASADO DA ROCHA, EHU/UPVko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saila
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español
XX. mendeko azken hiru hamarkadetan, iritzi publikoak arreta berezia jarri zien osasun arloko (medikuntza, erizaintza, farmazia) eta biziaren zientzietako (biologia, oro har, eta genetika, bereziki) arazo etiko berri batzuei. Bi arrazoigatik gertatu zen hori: diziplina horien garapen zientifikoagatik eta teknologikoagatik, eta, halaber, herritar espezializatu gabeek gero eta kezka handiagoa zeukatelako zientzialarien eta kudeatzaileen botere handiagatik. Ezjakinen matxinada horrek diziplina berria sorrarazi zuen AEBen: bioetika.
V. R. Potter-en (ikerkuntza onkologikoan ari zen biokimiko bat) argitalpen batean erabili zen lehen aldiz bioethics hitza (1970), biosferaren biziraupena ziurtatzea xede zuen biziraupenaren zientzia diziplinartekoa deskribatzeko. 1971n, Potterrek Bioethics: Bridge to the Future argitaratu zuen. Hor, bi kulturen, hots, zientzien eta letren arteko leizea salatu zuen, esanez horixe zela gizadiaren etorkizunerako arriskurik handiena. Arrisku hori saihesteko, etorkizuneranzko zubi bat eraikitzea proposatu zuen, hau da, bioetikaren diziplina sortzea, bi kultura horien arteko loturatzat. Geroago, Global Bioethicsen (1988), biologiaren eta ezagutza humanistikoen nahasketatzat definitu zuen bioetika, eta diziplinaren helburua hauxe omen zen: beharrezko lehentasun medikoak eta ingurumenezkoak ezarriko dituen zientzia bat eraikitzea, biziraupen onargarri bat erdiesteko.
Ez zen Potterren bioetika global hori nagusitu arlo akademikoan, baizik eta etika medikotzat jotako bioetika, eta, are egun ere, medikuntzaren praktikako arazo etikoak aipatu ohi dira, lehenik, diziplina horretaz aritzean. Etika medikoa ez da asmakari berria, medikuek arazo moralak dituztenetik eta haietaz hausnartzen dutenetik izan baita gutxienez, baina bioetikak bi mailatan gainditzen du gutxienez (Kuhse eta Singer, 3):
1. Bioetikaren esparrua ez da mugatzen harreman medikoaren (medikua-gaixoa, medikua-erizaina, etab.) gai etikoetara, baizik eta auzi filosofikoak ere ukitzen ditu: etikaren izaera, biziaren balioa, pertsonaren definizioa edota gizakien eta beste bizi-mota batzuen arteko harremana (hor, bioetikak ingurumen etika deritzanarekin egiten du bat, eta Potterren jatorrizko definiziora gatoz horrela berriro).
2. Bioetikak politika publikoak sortzea eta jarduera zientifikoaren kontrola ere hartzen ditu bere baitan, baina helburutzat ez du bakarrik profesionalentzako kode deontologiko edo agindu sorta bat garatzea eta ezartzea, baizik eta gainera hobeto ulertu nahi du jokoan dagoena.
Bioetikaren azterketa deskribatzailea da, diren arazoak aztertzen ditu, baina baita arauemailea ere: gomendioak ezarri nahi ditu izan behar duenaz edo egin behar denaz. Asmo horrek osasun lanbideetako kode deontologikoak osatu nahi ditu, motzegiak geratzen baitira arrazoi askorengatik sortzen diren arazo etiko gero eta ugariagoen aurrean (Gracia 1999, 20-27).:
1. Kultura iparramerikarra izan da aniztasunaren arazoari aurre egin behar izan dioen lehenengoetako bat. Bioetika, nolabait esateko, biziaren zientzietako esparruan sortutako gatazka etikoak konpontzeko saio gisa jaio zen. Hor, jakina, kredo moral zeharo desberdinak dituzten edo eduki ditzaketen pertsonek epaitzen dituzte egitateak. Horregatik, bioetika, maiz, etika zibil, sekular, pluralista, autonomo eta arrazionaltzat aurkezten da.
2. Baldintza mediko, sanitario eta sozial berriek agertoki tekniko berria sortu dute, aurrekoaren oso bestelakoa. Osasun alorreko profesionalei arazo moral ugari agertzen zaie, eta, horregatik, prestakuntza etiko sendoa behar dute. Ingeniaritza genetikoak edo laguntza bidezko ugalketa teknikek sekulako ahalmenak eskaintzen dituzte, eta, beste behin ere, galdetu beharra daukagu geure buruari ea teknikoki zuzena den oro etikoki ona ote den.
3. Sekulako transformazio teknologikoa izan da medikuntzan, eta botere publikoek modu jakin batean antolatu eta kudeatu dute osasun politika. Horrekin batera, osasun iraultza dakarren hirugarren faktore bat gertatu da: pazientearen jakinaren gaineko baimenaren beharra. Hau da, mediku-paziente harreman eredu paternalistatik pazientearen autonomiaren eredura igaro gara. Hor, pazientearena da azken erabakia, ezarri behar dioten tratamenduaz, eta ez adituarena, hots, medikuarena.
Honela defini dezakegu, bada, bioetika: medikuntzaren eta oro har biologiaren alderdi etikoak, eta era berean gizakiaren eta gainerako izaki bizien arteko harremanak aztertzen dituen diziplina. Lan-arlo oso zabala da. Beraz, arrazoi historikoengatik eta kontzeptualengatik, praktikoena azpidiziplina hauek ezartzea da:
1. Ikerketa zientifikoaren etika
2. Asistentziaren etika
3. Ingurumen etika
Ingurumen etikarentzat uzten dugu gizakiek (hurrengo belaunaldiek barne) ekosistemarekin duten harremana. Asistentziaren etika, berriz, honela defini dezakegu: zaintza eta asistentzia harremanetan zentratzen den bioetikaren zatia: etika klinikoak espazio soziosanitarioan daukan aplikazio eta hedapen bat, eta horrek osasuneko eta gizarte laneko profesionalen praktika profesionalean planteatzen diren auzi moralak hartzen ditu barne. Azken urteetan, Asistentziaren Etikako Batzorde (AEB) ugari sortu dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Diziplinarteko taldeak dira, eta, bioetikatik abiaturik, hausnartzen eta erabakiak hartzen laguntzen diete erakunde instituzionalari berari, profesionalei eta erabiltzaileei, asistentzia-harremanean sor daitezkeen gatazka etikoez. Harreman hori ez da gertatzen soilik osasun sisteman, baizik eta baita zerbitzu sozialetan eta hezkuntza sisteman ere, eta hauek sartzen dira hor: zaharren zaintzan aritzen diren erakundeak, minusbaliatuak, gizarteratzeko zailtasunak dituzten gazteak, etab. Batzordeak aholku-emaileak izaten dira normalean, gaiak aztertzeko eta aholku emateko sortuak, eta aipatu asistentziaren kalitatea hobetzea dute xede.
Ikerketaren etikak, asistentziaren etikak bezalaxe, Nuremberg-eko Kodean (1947) du jatorria. Kodeak dio jakinaren gaineko baimena behar-beharrezko baldintza dela -ez nahikoa, halere- gizakiekin egindako edozein ikerketa etikoki onargarrirako. Oraingoz, aski da esatea Nurembergeko Kodeak ez duela agiririk aipatzen. Jakinaren gaineko baimena ez da agiri bat, baizik eta prozesu bat, nahiz eta egia sinple hau erraz ahazten duten oraindik ikertzaileek eta klinikoek. Jakinaren gaineko baimenaren kontuak eztabaidagai dira oraindik ikerketa zientifikoaren etikan. Diziplina horrek Ikerketa Klinikoetarako Batzorde Etikoetan (IKBE/CEIC) du bere kide instituzionala.
Erreferentziak
Euskadiko IKBE/CEIC de Euskadi
GRACIA, D. (1999) “Planteamiento general de la bioética”. A. Couceiro (argt.), Bioética para clínicos, Madril, Triacastela; 19-35 or.
KUHSE, H. eta SINGER, P., argt. (1998) A Companion to Bioethics. Oxford, Blackwell, 2001.
POTTER, V. R. (1970) “Bioethics, science of survival”. Biology and medicine, 14: 127-53.
POTTER, V. R. (1971) Bioethics: Bridge to the Future. Englewood Cliffs, N.J., Prentice-Hall.
POTTER, V. R. (1988) Global Bioethics: Building on the Leopold Legacy. East Lansing, Michigan State University Press.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |