Itziar ALKORTA, Zuzenbide Zibileko irakaslea EHU/UPV
Traducción al español
Biomedikuntzaren gaineko ikerketari buruzko legea onartu berri du Espainiako Parlamentuak. Azken aldian maiz izan dira hizpide hedabideetan ikerketa ildo horren aurkikuntzak. Biomedikuntzaren zeregin nagusia giza eritasunen diagnostikoa eta tratamendua hobetzea da, eta baita medikamentu eraginkorragoak lortzea ere. Zelula amen gaineko esperimentuak, esate baterako, egun sendaezinak diren endekapenezko zenbait gaixotasun ikertzeko lehengai baliotsuak dira zientziarentzat. Horrekin batera, biomedikuntzaren barruan kokatzen dira ere froga genetikoak, pertsonak etorkizunean izan ditzakeen gaixotasunak detektatzeko balio dutenak eta baita terapia genikoa ere, zeinak jatorri genetikoa duten eritasunak errotik desagerrarazteko aukera emango baitu.
Azken urteotan nabarmen hazi da Estatu mailan arlo honen gaineko ikerketa; hainbat zundaketek adierazten dute Estatuko komunitate zientifikoaren publikazio guztien erdia biomedikuntzari dagokiona dela. Horrenbestez, Espainiako Gobernuak erabaki du arlo honen gaineko apustua egitea, funts publikoak eskainiz, eta aldeko arauak emanez. Aspaldiko joera da berez. Izan ere, biomedikuntzaren gainean 70. hamarkadatik Espainian egin izan diren aldeko arauek (giza organoen transplantearen legea, lagundutako giza ugaltze tekniken gaineko arauak, medikamenduen eta entsegu klinikoen legeak, eta abar) zerikusi handia izan dute ikerketa arlo horrek erakutsi duen garapen ikusgarrian. Ezbairik gabe, aurtengo uztailaren 3an onartu den legeak lepo beretik du burua.
Etorkizunean gizateriaren hainbat gaixotasun sendabidean jarriko dituela agintzen duen ikerketa ildo hori bultzatzeko xede argiz, lege onartu berriak hartutako neurri garrantzitsuenak izan dira: osasun arloko profesionalen karreran ikerketari orain arte izan ez duen balioa ematea; eta gizakien, giza ehunen, nahiz giza enbrioien gainean egiten diren esperimentuei legezko babesa eskaintzea. Aldi berean, ikerketa horrek ekar ditzakeen arrisku eta ondorio kaltegarriei aurre egiteko neurriak hartu nahi izan dira ere. ikerketaren balizko onurak eta arriskuak orekatzeko beharra ikusi du, beraz, legeak. Izan ere, agindutako onurez gain, genetikaren eta biologia molekularraren gaineko esperimentuek arrisku handiak ekar baititzakete; ez bakarrik esperimentua jasaten duen gizakiarentzat, baita gizateria osoarentzat ere. Arriskuak askotarikoak izan daitezke, hala nola, ikerketa genetikoetara meneratzen denaren ezaugarri genetikoak agerian uzteko aukera (agerian gera daiteke, adibidez, pertsona horrek hainbat gaixotasun larri izateko duen joera). Informazio genetikoa esperimentuaren esparrutik kanpo zabalduko balitz, eragin kaltegarriak izan ditzake pertsona horren intimitatean eta baita bere gizarte bizitzan ere: lan bat aurkitzeko orduan zein segurua kontratatzeko orduan pertsona hori bere ezaugarri genetikoen ondorioz baztertzeko arriskua dago. Horrez gain, terapia genikoak nahiz zelula amen inplanteetan oinarritutako terapia esperimentalek biosegurtasun arazoak ekar ditzakete; ikerketa ildo hauek oso berriak izanik, oraindik ez baitakigu zein izan daitezkeen epe motzera zein luzera geneak eta zelula amak erabiltzearen albo-ondorioak.
Onartu berri den legeak, bestalde, Espaniako legedira egokitu nahi izan ditu azken urteotan indarreratu diren nazioarteko hainbat arau garrantzitsu. Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Kontseiluak, besteak beste, biomedikuntzaren gainean printzipio orokorrak ezartzen dituzten hainbat hitzarmen egin dituzte, denak ere kontuan hartu beharrekoak. Nazioarteko arau horiek egoteak ez du esan nahi ordea, Europako herrialde guztiak ados daudenik. Alemaniak eta Austriak, esate baterako, debekatu egin dituzte giza enbrioiaren gaineko ikerketak, horiek giza duintasuna urratzen dutelakoan. Aldiz, Belgikak, Suediak eta Erresuma Batuak enbrioiekin ikertzeko baimen zabalak eman dituzte. Espainian onartu berri den legeak azken herrialde horien ildoa jarraitu du eta horrekin legeria “baimenkorra” duten herrialdeen taldean sartu da.
Edukiari dagokionez, lau atal nagusitan banatua dago hizpide dugun araua: giza enbrioiaren ehun eta zelulen gaineko ikerketa, gizakien gaineko ikerketa, analisi genetikoak eta giza ehunen biltegiak (“biobanku” direlakoak). Eta lau atal horiez gain, sarrera nagusi bat ere badu, biomedikuntzaren gaineko ikerketaren printzipio orokor esanguratsuak ezartzen dituena, besteak beste, gizakion nortasun eta duintasunaren errespetua, intimitatearen babesa, esperimentuotan parte hartzen dutenei informazioa eman eta onarpena eskatzeko beharra eta ezaugarri genetikoen ondorioz inor baztertzeko debekua.
Giza enbrioien ehun eta zelulak erabiltzeari dagokionez, legeak debekatu egiten du ikerketara bakarrik bideratutako enbrioiak sortzea; baina zilegi da in vitro ernalkuntzaren bitartez erreprodukziorako sortutako enbrioi izoztuak ikerketara bideratzea, baldin eta horien gurasoek hartarako baimena ematen badute. Horrez gain, klonazio terapeutikoa ere onartzen da. Alegia, pertsonaren gorputzeko zelula bat hartzen dute ikertzaileek eta nukleorik gabeko giza obulu batean sartzen dute. Hortik sortutako zelula amak zenbait gaixotasunen gainean ikertzeko erabiltzen dira. Klonazio terapeutikoa onartzeko erabakiak hautsak harrotu ditu, izan ere, klonazio bitartez sortutako izakiak, emakume baten sabelean inplantatuz gero, garatzeko eta jaiotzeko potentzialitatea izan dezakeenez, askok uste du hori benetako enbrioi bat dela eta teknika hori baimentzeak enbrioiak ikerketarako bakarrik sortzeko debekua urratzen duela. Legeak, aldiz, Alejandrok Gordias-en korapiloarekin egindakoa eredu, erabaki du horrela sortatuko izakiari ez diogula enbrioi izena jarriko.
Klonazio terapeutikoaz ari garela, aipatu arazo etikoez gain, esperimentuak burutzeko arazo praktiko batekin topo egin dute ikertzaileek: obulu eskasiarekin, alegia. Obulu-ematea prozedura arriskutsua da emakumearen osasunarentzat eta, agi denez, emakume gutxi dago prest dohainik bere haziak ikerketa zientifikoari eskaintzeko. Hori dela eta, obuluak ematen dituzten emakumeei “ordain-ekonomikoa” eskaintzeko aukera irekitzen du arauak, aurretik erreprodukziorako haziak ematen dituzten emakumeekin egin legez. Ordainketa hori dohaintza emaileek jasandako kalteen konpentsaziotzat hartzen da eta ez saritzat. Hala ere, ikusi da aipatu “konpentsazioa” nahikoa izan dela orain arte zenbait emakume beren haziak erreprodukziorako ematera bultzatzeko. Litekeena da gainera, erreprodukziorako obuluak erabiltzeak dituen inplikazioak kontuan izanik, aukeran, emakumeek nahiago izatea obuluak ikerketarako erabil daitezen erreprodukziorako baino.
Legearen bigarren atalak gizakien gaineko prozedura inbasiboak arautzen ditu. Adibidez, ikerketarako hezur muineko likidoa hartzea; gibeleko, biriketako zein beste edozein barne organoetako biopsiak egitea, eta laginak hartzeko giza gorputzean “sartzea” eskatzen duen beste edozein prozedura. Laginak segurtasunez hartzeko behar diren bermeak arautzen dira, eta boluntarioak edozein motatako kalterik jasanez gero kalte horien ordaina jasotzeko eskubidea duela agintzen da. Halaber, arautzen dira adingabeen gain eta egoera berezietan dauden pertsonengan egindako esperimentuak, hala nola, haurdunak, edoskitzen ari diren emakumeak, eta horrelakoak.
Hirugarrenik, azterketa genetikoak arautzen ditu legeak. Azterketa horiek egin ahal izateko ezinbestekoa da pertsonaren onarpen informatua jasotzea. Ezin dira beraz, pertsonak jakin gabeko test genetikoak egin. Horrez gain, emaitzak isilpekoak izan behar dira. Ezin dira zabaldu, pertsonak horrela eskatuta ez bada. Are gehiago, azterketa genetikorako laginak eman zituenak berak erabaki dezake ez duela emaitza jakin nahi. Azkenik, test genetikoek duten arrisku larrienetako bat ekidite aldera, ezaugarri genetikoen ondorioz inor baztertzeko debekua ezartzen da.
Legeak arautzen duen beste atal nagusia biobankuei buruzkoa da. Biobankuak giza ehun eta zelulen biltegiak dira. Orain arte, ikertzaileek bere esku izaten zituzten lagin hauek, askotan segurtasun neurri eskaseko gordailuetan. Lege berriak laginak bildu eta biobankuak abian jartzeko eskakizun zorrotzak ezartzen ditu. Hala nola, biobankua sortzeak duen interesa frogatu beharko zaiei Erkidego bakoitzeko arduradunei, eta baimena emanez gero Espainiako Biobankuen Erregistroan inskribatu beharko dira. Lagina eman duena babesteko ere, hainbat neurri hartzen dira, hala nola, ezartzen da ehuna emateak doanekoa izan behar duela, onarpen informatua eman behar dela, lagina erretiratzeko eskubidea dagoela, eta abar.
Azkenik, lege honek ezartzen duen neurri garrantzitsuenetakoa biomedikuntzaren gaineko ikerketak onartu eta kontrolatuko dituzten organo berezituak sortzea izan da. Erkidego bakoitzean Ikerketarako Batzorde Etikoak sortu beharko dira, zeinak neurtu beharko duten aurkeztutako proiektuaren arduradunak duen gaitasuna, proiektuaren alderdi etiko eta metodologikoak egokiak ote diren eta hura aurrera eramateak ekar ditzakeen arrisku eta onuren balantzea orekatua ote den. Horrez gain, Espainiako Bioetika Batzordea sortzen du legeak, beste herrialde askotan dagoenaren antzekoa. Batzorde horrek aipatu Batzorde Etikoek baino eskumen zabalagoak izango ditu, hala nola, ikerketarako praktika egokien kodeak egitea, biomedikuntzaren gainean egiten den araudiaren gaineko iritzia ematea, gobernuak eskatutako informeak egitea, eta horrelakoak. Batzorde hori Estatuko Osasun eta Kontsumo Ministeritzaren menpe dago eta haren kide diziplina askotako adituak izango dira.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |