Birmoldaketa eta irismena: Zelan bihurtzen den museo bat kultur motore, jendearen bitartezEscuchar artículo - Artikulua entzun

Felícitas A. LORENZO, Euskal Herria Museoko Zuzendaria
Traducción al español

1991n, Euskal Herria museoa erakusketa klasikoarekin, Aldundiaren funtsetatik, dohaintzetatik, gordailuetatik eta erosketa berrietatik eskuratutako obra eta gauzekin inauguratu zen. XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako euskal artista askoren obra kopuru handia biltzea lortu zen, baita Euskal Herriko idiosinkrasia, paisaiak eta jendea zelakoa izan den eta den erakusten duten dokumentazioa, kartografia historikoa eta obra grafikoa.

  José Arrueren beiratearen zirriborroa
José Arrueren beiratearen zirriborroa.
Baliabideei dagokienez, Museoak azpiegitura eta kokapen onak zituen, sarrerako irisgarritasun oztopo batzuk eta erakusketa iragankorren aretoa konpontzea falta zen arren. Beste alde batetik, jauregiko zalditegiak zirenetatik gertu zegoen eraikina birgaitu eta lorategiei zentzua eman behar zitzaiela ikusten zen.

Ekipamendua 1991n inauguratu bazen, 1998rako zaharkitzen hasita zirudien jada: erakusketa iraunkorra ordenatua eta garbia zen, baina monotonoa ere bai, aretoz areto errepikatzen zen museografia edo erakusketa moduarekin, eta bi dimentsiotako obrekin beti. Kultur erkidego edo komunitate baten historia azaltzea zaila zen, oroitzapenerako ezer ez zegoelako eta, horrez gain, aretoetan ez zegoen azalpen panelik eta testuinguru edo inguramenduetan kokatzeko kartelik ere. Azken batean, oso kriptikoa zen segmentu askotako ikusleentzat, kultur turistentzat, eskolaumeentzat eta, oro har, bertoko eta kanpoko bisitarientzat. Bizkarra ematen zien erabiltzaileei, alegia.

Milurteko berriko museoek zerbitzu publikoaren kontzeptua berrikusarazten dute; ona eta ohoretsua dela automatikoki irabazi arren, sarritan ez baitira inolako zerbitzurik ematen ari. Are gehiago, zerbitzu publikoaren gaurko benetako esanahia bisitariei zerbitzua ematea, asko eta asko turistak dira, gainera; bisitari eta turistek gero eta zerbitzu gehiago eskatzen dizkigute, dibertsio gehiago eta irakaspen formal gutxiago. Eta kultura, jada, hezkuntzaren edukia baino gehiago hezteko metodoa da eta, jakina, museo batera sartzen diren edo erakusketa bat ikusten ari diren bakoitzean, erabiltzaileengan esperientzia aberats, sakon eta pertsonalizatuak sortzeko gai den bitartekoa.

Euskal Herria Museoaren errealitatea lehen esan duguna zen baina, hala ere, hasieratik ohartu ginen turistak ezin zirela museoari bizia emango zioten bakarrak izan. Bertoko jendea, ikusleak behar genituen, eta beraiek ere Euskal Herria Museoa beharko zuten, gure herriaren gizarte sarearen parte izateko eta herritarren kultur eta ekonomi maila igotzeko.

Bizkaia aretoa, lehenengo solairuan, birmoldaketaren aurretik
Bizkaia aretoa, lehenengo solairuan, birmoldaketaren aurretik.

Horregatik guztiarengatik, gure ikusleak aztertu behar genituela erabaki genuen: Nortzuk ziren, eta zer ikusi gura zuten, funtsezko galderak ziren ekipamendua eta zabalpena birdefinitzeko orduan. Beraz, 1999 eta 2003 artean, hiru bisitari mota desberdinen gaineko hiru azterlan egin genituen (ohikoak, lantzean behinekoak, eta potentzialak), museoaz zer espero zuten argitu eta Euskal Herria Museoaren transformaziorako plan estrategikoa egiten lagundu zigutenak.

Bisitarien azterlanek erakutsi ziguten gure bisitariaren perfila, funtsean, turista indibiduala, kulturaduna, ekonomikoki maila ertain-altukoa, eta kultura tradizionala ez ezik, euskal diaspora, gastronomia eta arte garaikidea ere ezagutu gura dituena dela. Zerbitzu gehiago ere eskatzen zituzten: denda, bisita gidatuak... baita interaktiboak ere. Toki askotatik etortzen ziren eta etortzen dira: %45 inguru euskal herritarrak dira, %30 penintsularen gainerako lurretatik eta %25 atzerritik.

Jesús Mª Lazkanoren Aduana
Jesús Mª Lazkanoren Aduana.

%18 soilik etortzen ziren taldetan. Hezkuntza mundutik ere informazio eskari ugari heltzen ari ziren gure museoaren eta jarduketen gainean, txikienentzat apropos izan zitezkeen jakiteko. %10 izango ziren, baina ez zuten berentzako zerbitzu egokirik aurkitzen bertan. Jakin bagenekien, beraz, horixe zela gure erronketako bat eta, alde horretatik, ez ginela gure bisitari eta ikusle mota eta kopuruen gorenera heldu.

Erabiltzaileengandik jaso genuen informazioa oso garrantzitsua izan zitzaigun gure helburu berriak enuntziatzeko:

Euskal Herria Museoak burutu duena bezalako transformazioa egitean, helmuga bisitariekin konektatzea izan da, ekipamenduak eskaintzen dituen aukeren berri zabaltzea. Eginkizunak didaktikoa izan behar du, funtsak erakutsi behar ditu museoak, eta jendearen jakintza aberasten lagundu, baina inor ezgai sentiarazi barik. Horretarako, onena, bisitariak beraiek inplikaraztea da.

Bizkaia aretoa birmoldaketaren ondoren
Bizkaia aretoa birmoldaketaren ondoren.

Jendea elkarrekintzaren bidez tarteratzea da Euskal Herria Museoaren oraingo estrategia eta, horretarako, bide desberdinetatik jo dugu:

3 urte iraun duen berriztapen eta handitze prozesuaren ostean, 2006ko maiatzaren 18an berrinauguratu zen museoa, jauregiaren eraikinean birbanatutako 800 obra baino gehiagorekin, erakusketa metro gehiagorekin eta erakusketa diskurtso berriarekin.

Zalditegi etxea zaharberritu ondoren gela didaktiko bezala erabiltzen da
Zalditegi etxea zaharberritu ondoren gela didaktiko bezala erabiltzen da.

Lehenagoko zalditegi etxea zaharberritu eta bulego eta gela didaktikoak atera ditugu; lorategiak, Europako Herrien Parkea, alegia, baliabide izatetik produktu izatera igaro da, tailer didaktikoetan sartu baitugu.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 11-30 / 12-07