Euskal Herria Museoaren eginkizuna eta funtsakEscuchar artículo - Artikulua entzun

Leire IRAZABAL BASABE, Euskal Herria Museoko teknikaria
Traducción al español

Euskal Herria Museoaren eginkizuna kokatuta dagoen foru eremu eta ingurunearen esangura historiko, politiko eta kulturala hautematen, ulertzen lagundu eta, aldi berean, Euskal Herria komunitate espiritualaren ezaugarriak azaltzea da. Era berean, jauregi barrokoa, gaurko Europako Herrien Parkea, inguratzen duten lorategiek bertoko lau ekosistemak berrekoizten ditu, bere luze-zabaleran: hariztia, pagadia, artadia eta erriberako basoak.

Museoak hiru solairu ditu: Beheko solairua Herriaren bizimodua baldintzatzen duen ingurune fisikoari buruzkoa da. Lehenengoan bilakaera historikoa eta oraingo konfigurazio politikoraino eraman gaituzten gertakariak aurkezten dira. Bigarrenean, kirola, folklorea, jaia, musika, dantza, sinesmenak eta mitoak, gure izaeraren hain adierazgarriak direnak jaso dira. Azkenik, atikoan museoaren erakusketa iraunkorra osatzeko erakusketa iragankorrak jarriko dira.

Beheko solairua:

Beheko solairuan museoko harrera eta informazio gunea dago. Bertan, bisitariari Museoko solairu bakoitzean zer dagoen aurkezten zaio. Euskal Herria Museoaren gaineko datu praktikoak ez ezik, eraikinaren beraren historiaren berri ere jaso da.

Sarrera nagusia zeharkatu ondoren, euskal lurraldearen jatorri geologikoaren eta lehenengo gizakien gaineko areto txikia aurkituko dugu, bereziki arte Paleolitikoa hartuta.

Euskal Herria Museoaren beheko solairuaren irudia
Euskal Herria Museoaren beheko solairuaren irudia.

Beheko solairuan, era berean, “Habitatari eta populaketa” gai dituen espazioa dago, hainbat baserri eta eliza maketarekin eta beren azalpenen panelekin. Gaia hobeto ulertzeko, “Lurraldea eta biztanleak” ikus-entzunezkoa ere ematen da, Euskal Herriaren bilakaera eta paisaia ugariak erakutsiz.

Azkenik, kartografiari buruzko aretoa daukagu, herri honetako mapa bilduma aberatsarekin, lurraldearen irudikapen grafikoan denboran izan duen garrantziaren erakusgarri.

Lehenengo solairua:

Lehenengo solairuan bilakaera historikoa eta oraingo konfigurazio politikoraino eraman gaituzten eta merkataritza eta kultura gizarteak sorrarazi dituzten gertakariak aurkezten dira.

Koadro, grabatu eta gainerako gauzen ikonografian gertakari historiko desberdinen protagonista izan diren paisaia, ikusmira eta pertsonaien erretratuak jaso dira.

Foru abolizioaren aretoaren irudia, lehen solairua
Foru abolizioaren aretoaren irudia, lehen solairua.

Ibilbidean aurrera joan ahala, ondoko espazio hauek zeharkatzen dira: “Historian sartzea” ikus-entzunezko multimediari buruzko eremua, Nafarroa, Iparraldea, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiaren konfigurazioen azalpenak emateko areto desberdinak. Jarraian, “Euskal Herria munduan” eremua aurkituko dugu, XIX: mendean arrazoi desberdinengatik emigratu zuten euskaldunen oroigarri. Solairu hori ixteko, Foru Abolizioari eta oraingo egoerari buruzko aretoa daukagu.

Bigarren solairua:

Hiru solairu iraunkorretan interaktiboena da hau. Ukipen pantailen, ikus-entzunezkoen eta aurikularren bidez, bisitariak hobeto ezagutuko ditu Euskal Herriko kultura eta folklorea. Solairu honetan aurkezten diren gaiak kirolarekin, folklorearekin, jaiarekin, musikarekin, dantzarekin, sinesmen eta mitoekin, euskararen eta gastronomiarekin lotuta daude.

Hasteko, herri kirolei buruzko atala daukagu; euskal pilotari garrantzi handia eman zaio horretan. Erakusketak berak ikus-entzunezko areto batera eramaten gaitu, non euskal kirol desberdinek sentiarazten dizkiguten soinu eta sentsazioek inguratzen gaituzten. Espazio honetatik irtetean, mitoak eta sinesmenak aurkituko ditugu. Ukipen pantaila baten bidez ipuinak eta kondairak, haur kantak aukeratu eta entzungo ditugu, eta asmakizunen jokoak ere egingo ditugu.

Ondoren, dantzak eta pastoralak ikusiko ditugu, Euskal Herri osoko dantzak aukeran eskainiko dizkigun ikus-entzunezkoarekin batera. Beste bi eremu ere badaude, herri musika eta musika akademikoa, musika tresna, entzuketa modulu eta panel argiztatuetan ageri diren euskal konpositore eta interpreteen irudien erakusketaz gozatzeko.

Herri musikaren aretoaren irudia. Bigarren solairua
Herri musikaren aretoaren irudia. Bigarren solairua.

Solairu honetan atal garrantzitsua eskaini zaio Euskal Herriko hizkuntzari, euskarari, bere historiari eta gramatikari, eta autore ezagunek hizkuntza zahar honetaz diotenari.

Amaitzeko, gure herriko gastronomiaren, sukaldaritzako produktu eta ohituren txokoa ere badago.

Atikoa:

Erakusketa iragankorretarako eta ekitaldi desberdinetarako aretoa.

Museoaren atikoaren irudia. Erakusketa aretoa
Museoaren atikoaren irudia. Erakusketa aretoa.

Erakusketa iragankorren egitaraua: 2007 - 2008:

 

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 11-30 / 12-07