Alegria Jauregia: nobleziaren egoitzatik eraikin publikoraEscuchar artículo - Artikulua entzun

Felícitas A. LORENZO, Euskal Herria Museoko Zuzendaria
Traducción al español

Euskal Herria museoaren egoitza 1733ko jauregi bikaina da, 1937ko Gerra Zibileko bonbardaketan salbatu zen Gernikaren zatikoa. Baina eraikinaren ibilbidea askoz zaharragoa da eta Euskal Herriko historiarekin oso lotuta dago.

XV. mendeko dorretxeko pareta
XV. mendeko dorretxeko pareta.

Hasiera batean, ertaroko dorrea izan zen, defentsa-funtzio argiak zituena. Bandoen borrokei loturiko gerra-tipologia horren hondakinak dira kareharri griseko harresiaren eta beronen zuloaren hondakinak, behe solairuko aretoetan ikus daitezkeenak. Haren izena Alegria zen. Haren jabeak Ibarguendarrak ziren, bertako familia noblekoak, Errege Katolikoak 1476an Gernikara Foruen zina egitera etorri zenean anfitrioi izan zituena. Familia honen garrantzia bermaturik dago: haren kideetako batek, Iñigo Ortiz Ibarguenek, Bizkaiko Foru Berria idatzi zuen 1526an, eta Karlos V. ari Valladoliden aurkeztu zion.

María Busturia Ibarguen 1647an Gernikako beste familia ospetsu batetiko Joan Mezetarekin ezkondu zen. Hori zela eta, etxeak Mezeta izan zuen izena XIX. mendera arte.

1717an, Adunetako Matxinada bezala ezagututako gizarte errebolta hasi zen. Borboiak euskal aduanak Ebroko lerrotik kostara eramaten saiatu ziren, eta, horrela, portuetatik sartzen ziren merkatugaiak garestitu egingo ziren. Urdaibaiko aldea bereziki ukitu zuten aldaketok, eta urte hartan matxinatuek dorrea eta bertako altzariak eta gauzakiak erre zituzen.

Erreboltaren ostean, haren jabeak, Joan Antonio Mezetak, 1724an akordioa sinatu zuen etxea berriro erikitzeko arpilatua zutenekin, eta badakigu 1733rako amaiturik zegoela. Hala ere, eraikina birgaitzeko gozamen berri ilustratuagoak behar izan ziren: gustu egoitza eta hirizkoagoei egokitu zitzaien. Higienea areagotu zen. Bao zabalagoak ireki ziren. Bolumena eta planta zabalagotu ziren. Azken batean, etxe modernoagoa egin zen.

XVIII. mendeko jauregiko loggia
XVIII. mendeko jauregiko loggia.

Eraikinak, 1733an bukatuak, Euskal Herriko ohiko jauregi barrokoaren forma hartu zuen: bolumen kubikoa, fatxadak hierarkizatzea, harlanduzko eta hareharrizko laneko fatxada nagusiari garrantzi handiagoa ematea, baoak zabaltzea eta sarrera nagusia molduratzea. Barrualdean ere guneak argi banatu eta finduta daude: behe solairuak, enkatxodunak, gurdietarako ezkaratza du, eta bertatik eskailera bat abiatzen da. Lehenengo solairua oin noblea da, egurrezko zoruak dituena. Bertan, bisitak hartzeko areto nagusia eta kapera daude.

Bigarrenak sartaldera haturik du loggia bere hiru arku handiekin. Beronek argi eta beroa ematen du. Bertara biltzen dira damak beren orratz-lanetarako eta solasaldietarako.

Goitegia, egun bisitatu ahal dena, zur berezizko egituraz estalirik dago. Eraikinaren simetria apur batez apurtu zen XX. mendearen hasieran, Allendesalazartar Montefuerteko kondeek,orduan Alegria jauregiaren jabeak zirenek, Gernikako Etxe Pintaturiko Gortazar eta Allendesalazartarren armarria jarri zutenean. Jauregia, familia horri atxiki zitzaiola eta, beste izen batez ezagutu da: Montefuerteko jauregia.

Euskal Herria Museoko lorategia
Euskal Herria Museoko lorategia.

Jauregi berriaren erremateak bertako lorategiak dira, giro berde, lasai eta atsegina ematen diotenak: bata, hurbilagoa, frantziar estilokoa eta estilo erromantikokoa; eta bestea, ingeles estilokoa, egun Europako Herrien Parkea bihurtua, Euskal Herriko ekosistemak kopiatzen dituena.

1982an Bizkaiko Aldundiak erosi zuen eta, tipologi elementurik garrantzitsuenak errespetaturik, historia sinbolikoarekin bat zetorren erabilera berrirako birgaitu zuen: Euskal Herria museoa, Alegria jauregia, jendeak gozamena hartzeko 1991n ireki zena.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 11-30 / 12-07